PPren eta 155aren bloke monarkikoaren errepresioa garaitzeko beharrezkoa da sozialismoaren aldeko masen borroka iraultzailea indartzea!

Urtarrilaren 13an, Bilboko kaleek manifestazio izugarri jendetsu baten irudia utzi ziguten. 100 mila pertsona inguru bertaratu ziren Estatu espainiarrari zein frantsesari dispertsio politiken amaiera  eskatzeko. Mobilizazioa hasi baino ordu bete lehenago, prest ziren antolakuntzako 600 boluntario baino gehiago eta jendetza ikaragarria batzen hasi zen ibilaldi guztian zehar, masiboki borroka finantzatzen lagunduaz, karterak poltsetan husten, rifak erosten, etab.

Euri artean irten zen manifestazioa, astebururo milaka kilometrotako bidaiak egiten dituzten  dozena bat mirentxin furgoneta buruan zituela. Furgoneten atzean ehun bat “motxiladun haur”, guraso zein senide presoak dituzten haur eta nerabeak. Aurtengo udazkenean izan diren ekitaldi eta mobilizazioetan kolektibo honek jasaten duen sufrimendu gordina azaleratzeko ahalegina egin da, eta pasa den larunbatean ere hitza hartu zuten manifestazio amaieran. Ondoren presoen senitartekoak eta manifestazioko pankarta joan ziren “Prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea” lemapean. Ibilbidean zehar hainbat lelo, aldarrikapen eta kantu entzun ziren, horien artean azpimarratzekoa Euskal presoak  etxera, amnistia osoa.

Manifestazioak zenbait alderdi eta sindikatuen atxikimendua eta parte hartzea izan zuen. Horien artean, EHBildu, ELA, LAB, ESK, Udalbiltza eta baita Elkarrekin Podemoseko agintari batzuk ere, eta norbanako gisa, Nagua Alba eta Lander Martinez esaterako. Pankartaren atzean Kataluniako ANCko zuzendaritzako kide den Xavi Sanchez ere bertan zegoen, Jordi Sanchez preso politikoaren anaia. Amaierako hitzetan zati bat katalanez egin zen, preso politikoen babesa helarazteko.

Egun horretan bertan Estatu frantsesak presoak Euskal Herriko inguruetako kartzeletara gerturatzen hasiko zela adierazi zuen. Horrek, noski, aurrerapauso garrantzitsua adierazten du, borrokaren bidez lortu den garaipen bat, ehundaka pertsonen bizitzak aldatuko dituena, nahiz eta ez den nahikoa preso horiek jada etxean egon behar bailukete. Hala ere, PPren gobernuak horren aurrean beste alde batera begiratu du eta ez du inolako asmorik erakusten bere politikekin atzera egiteko. Oinarrizko giza eskubideak urratzen jarraitzeko asmoa du presoen dispertsioa eta errepresioa garaikur moduan mantentzeko, ezker independentistaren eta borrokatzen duen ezkerraren aurkako mehatxu gisa. Azken hiru hilabeteetan Katalunian bizi izan diren gertaerek agerian utzi dute PPren gobernua -Ciudadanos eta PSOEren babesarekin- eta Estatu espainiarreko aparatua prest daudela frankismo garaiko errepresio basatiena erabiltzeko kaleko mobilizazioaren aurka, eta 78ko erregimena edo klase kapitalistaren pribilegioak desafiatzen dituen edozein ekintzaren aurrean.

Dispertsioa, torturak eta preso politikoak

Euskal Herrian, PPren nahiz PSOEren gobernuek estatu-aparatuarekin batera gauzaturiko errepresioa ez da berria. “Dena ETA da” akusazioa behin eta berriz erabili da komodin gisa alderdiak ilegalizatzeko, bi egunkari ixteko, mugimendu sozialak kriminalizatzeko, ekintzaileak atxilotu eta torturatzeko eta abar luzea. Nahiz eta 6 urte pasa diren ETAren behin betiko su etenetik eta 8 hilabete arma gabetzetik, erreakzioarentzat “dena ETA da” komodina izaten da erabiliena. Azken aldian gainera, Euskal Herritik kanpora esportatzen ere hasi dira etxe kaleratzeen aurkako gisako mugimendu sozialen aurka, ekintzaileen aurka, titiriteroen, twiteroen, raperoen… aurka, eta orain baita katalanen aurka ere!

Egun 303 euskal preso daude. Gehiengoa Estatu espainiarreko eta frantseseko kartzeletan daude sakabanatuak, %80a baino gehiago etxetik 400km baino urrunago. 13 preso daude gaitz larriekin, eta soilik 2 daude Euskal Herriko kartzeletan eta 3 espetxealdi arinduan. Ibon Iparragirre VHI gaixotasuna azken fasean duen presoa Alcala Mecotik Arrasateko Aita Menni zentrora lekualdatzea, eta ez etxeratzeak beste behin erakusten du euskal presoak eta beren senide zein lagunek jasaten duten krudeltasuna. Bidaien zigor ekonomikoa, asteburuko bidaia luzeak, errepideko istripuen arriskua… Oinarrizkoenak diren giza eskubideak urratuz, argi dago espainiar gobernuak dispertsio politika mendeku gisa eta beren ustezko garaipenaren erakusgarri gisa erabili nahi duela.

EHUko Kriminologia Institutuak Eusko Jaurlaritzaren eskariz tortura kasuen inguruko txosten bat argitaratu berri du. Bertan zenbatu diren 4.115 kasuek, bide ofizialetatik, aurrez soberan ezaguna zen errealitate bat egiaztatu besterik ez du egiten: inkomunikazioak tortura basatien praktika sistematikoa esan nahi izan du eta izaten jarraitzen du. Frogatu den bezala, kasu askotan tortura hauek erakunde armatuarekin zerikusirik ez zutenen aurka ere erabili dira. Informe honek, kasu guztiak zenbatzera ez dela iristen onartuz, tortura praktikak %69an kolpeak, %25ean asfixia eta %22an sexu abusuak izan direla azaltzen du.

Baina txosten honek Eusko Jaurlaritza zuritzea helburu bazuen ere, Ertzaintzari egotzitako 310 kasu eta udaltzainen 4 kasu ere biltzen ditu. Noski EAJk zuzenduriko Ertzaintzak funtsezko papera jokatu duela Euskal Herrian eman den errepresioan. Dispertsio politikak EAJak babestuak eta bultzatuak izan ziren, atxiloketak eta torturak beti eman dira bere konplizitatearekin. Alderdien legearen aurka zegoela esan bazuen ere, Ertzaintza izan zen hori gauzatzeko arduraduna eta EAJ bertatik eskainuak lapurtzen hoberen atera zena. Polizia kargak, jipoiak manifestariei edota adibidez Ertzaintza buru izendatzea Iñigo Cabacas erail zuen operazioa zuzendu zuena… mugimenduak aski ezaguna du errealitate hori. EAJ, ekintzetan beti izan da errepresioaren defendatzailerik sutsuena. Keinu hipokritekin eskuak garbitzen saiatzen bada ere, inoiz ez du zalantzarik egin bere interesak eragozten dituen mobilizazio baten aurka errepresio handiena erabiltzeko.

PP buru duen estatu aparatua ez dago prest Euskal Herrian azken hamarkadetan finkatu dituen errepresio politiketan atzera pausorik egiteko. Badaki beharrezko izango zaizkiola hazten ari den mobilizazio sozialaren aurka, Euskal Herrian nahiz kanpoan. Sektore atzerakoietatik alderdien legea egokitzea planteatu da alderdi independentisten aurka aplikatu ahal izateko. Modu berean ohartarazi zaigu 155a EAEn edo Nafarroan erabiliko dutela beharrezkoa izanez gero. Alderdien legeak, 155ak edota Mozal legeak erabat agerian uzten dute Estatu espainiarraren eta alderdi konstituzionalisten deriba autoritarioa. Baina, bestalde, klase dominatzaileak langile eta gazteek kaleetan izan dezaketen indarrari dion beldurra ere erakusten du. Katalunian erreakzioak masen mugimendu baketsu baten aurka egin behar izanak zentzu honetan salto kualitatibo bat ematera eraman du. Jordiak eta Consellersak epaitzeko erabili diren sedizio eta errebolta delitua edo gorroto delituak formulatuak izan dira zuzenean edozein ezkerreko militante edo ekintzaileren aurka erabiltzeko, eta 78ko erregimenaren aurka protestatzea bururatzen zaion edonorren aurka erabiltzeko. Baina hori ez da aplikatzen noski faxisten aurka. Horiei inpunitate osoa ematen zaie polizia gorputzen barnean eta banda antolatuetan nahi dutena esan eta egiteko, langile mugimendua, emigratzaileak edota homosexualak seinalatu, mehatxatu, jipoitu, erail, etab. egiteko.

Katalunian urriaren 1ak ebidentzian utzi zuen indar errepresiboek duten inpotentzia milaka pertsonek modu baketsuan beren erabakitzeko eskubidea defendatzeko erabaki tinkoaren aurrean. Baina gainera, ikusi ahal izan dugu nola errepresioak mugimendua sakabanatu eta beldurtzetik urrun elkartu eta indartu egin duela. Beste momentu historiko batzuetan eman den bezala, masa mugimenduaren aurka erabiltzen den errepresioak iraultza elikatu du. Horregatik, errepresioaren aurkako borroka ezin da bereizi sistema hau eraldatzeko borrokatik. Ez da giza eskubide auzi bat soilik, haratago doa. Ez dago aurpegi gizatiarreko kapitalismorik. Klase dominatzailea sistema kapitalistaren aurkako masen altxamenduari aurre egiteko prestatzen ari da, baina egiten dutena eginda ere, ez dira gai izango programa eta antolakuntza iraultzaile batekin armaturik dagoen langile klasea geldiarazteko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.