Euskal Herria Sozialista aldizkariaren inguruan biltzen garenok argi dugu langileok eta ikasleok egindako egunkaria behar dugula, eta asmo horrekin ateratzen dugu bi hilez behin gure aldizkaria. Ondoko lerroetan langile mugimenduan langileon prentsa beregainak duen garrantziaz atera dugun harpidetza orria dakargu. Egin zaitez Euskal Herria Sozialistaren harpidedun eta zabaldu aldizkaria zure inguruan!

Egin zaitez harpidedun!

Babestu langile prentsa!

Zabaldu euskal herria sozialista zure inguruan!!!

Zer da langile prentsa eta zertarako behar dugu?

Langile prentsa langileek langileentzat egindako prentsa da. Burgesiak eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu bere interesak inposatu eta iritzi publikoa kontrolatzeko, eta komunikabideak gizartearen gehiengoa engainatzen eta manipulatzen saiatzeko tresnak besterik ez dira. Prentsa burgesak bere burua “independentzetzat” aurkezten badu ere, interes kapitalistekin erabat loturik dago, kapitalisten menpe dago eta hauexek dira ildo politikoa zehazten dutenak.

Horregatik, behar objektiboa da langileek, klase zapalduak, kapitalisten hatzaparretatik beregaina den berezko prentsa izatea: langile prentsa, alegia. Gure prentsak ez die kapitalisten interes indibidualei erantzuten, langile klasearen interesei erantzuten die. Langile prentsa askapen sozialerako tresna da, langileen tribuna. Gure arazoak aurkeztu eta hauei irtenbidea eskaintzeko erabiltzen dugun tresna da.

Burgesia ez da gai krisi kapitalista honen arrazoiak azaltzeko, eta ezin dio gizartearen gehiengoari alternatibarik eskaini. Aldiz, langile prentsan xehetasunez beteriko analisiak, azalpen zehatzak eta alternatiba argi eta garbiak aurkituko dituzu.

Euskal Herria Sozialista-ren garrantzia

Euskal Herria Sozialista aldizkari marxista 2006. urtean jaio zen kapitalismoaren aurka borrokatzeko, eta hauxe da Euskal Herrian bi hilabetez behin erregularki euskaraz ateratzen den aldizkari marxista iraultzaile bakarra. Bihilabetekariaz gain, maiztasun handiagoz eguneratzen dugun gure webgunean ere (http://www.euskalherriasozialista.net) edonoren eskura daude artikuluak, analisiak, etab. Facebook eta Twitter sare sozialetan era aurki gaitzakezue.

Gure aldizkarian zein web orrian gazte eta langileok bizi dugun miseriaren, langabeziaren eta era guztietako murrizketa sozial eta demokratikoen aurka alternatiba sozialista eraikitzearen beharra azaltzeaz gain, sakonki aztertzen ditugu kontu teorikoak ikuspuntu marxista erabiliz. Euskal Herria Sozialista-ren inguruan biltzen garen marxistontzat teoria iraultzailea bezain garrantzitsua da praktika iraultzailea; hori dela eta, tarte bat dugu teoria marxistarentzat, hala nola, etengabeko iraultzaren teoriarentzat. Historia ere bertatik ikasteko eta ondorioak ateratzeko dago, horregatik, beste atal bat langile klasearentzako garrantzi handikoak diren gertakari historikoen azterketa eta analisiari eskaintzei diogu. Bizi dugun garai hau mundu mailan ere gatazkatsua denez, beharrezkoa iruditzen zaigu mundu mailako gertakarien analisiak ere egitea, besteak beste, herrialde arabiarretako iraultzena, iraultza bolivartarrarena, Kuba eta Txinako kasuena, etab. Ez hori bakarrik, gure web orrian CAF, Gamesa, Arcellor-Mittal eta beste hainbat gatazkei buruzko informazioa aurki dezakezu, hauetarako atera dugun eskuorriarekin eta gure alternatibarekin. Ezinbestekoa da Euskal Herri osoan dauden gatazkak ezagutzera ematea, salatzea eta irtenbide argiak eskaintzea.

Burgesia borrokaren eta sakrifizioaren bidez lortu ziren konkista guztiak, bata bestearen atzetik, kentzen ari zaigun garai honetan, beharrezkoa da borroka altxamendu sozialerantz orientatzea. Horretarako, ezinbestekoa da kapitalismoarekin hautsiko duen estrategia politiko iraultzaile konkretua eta alternatiba sozialista. Eta zintzoki uste dugu Euskal Herria Sozialistak alternatiba eta estrategia hori eskaintzen dituela.

Hori guztiagatik, gure aldizkaria Euskal Herriko marxista iraultzaileen bilgunea izatea nahi du.

Lagundu diruz langile prentsa!!!

Euskal Herria Sozialista langileek langileentzat egindako bihilabetekaria da; beraz, langileengandik datorren finantzazioa behar du; ez gaude diru-laguntzen eta enpresa kapitalisten iragarkien menpe. Modu militantean saltzen dugu industria guneetan, fabrika garrantzitsuenetan, manifestazio eta mobilizazioetan… Hau da, langileak dauden lekuetan saltzen dugu.  

Hazten jarraitzeko, gure ideiak zabaltzen eta gure alternatiba ezagutzera ematen jarraitzeko, beharrezkoa da Euskal Herriko langileek gure aldizkaria babestea.

 Egin zaitez harpidedun!!! Babestu langile prentsa!!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.