Abuztuaren 17an goizaldeko 5ak aldera, Nafarroako Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak Iruñeko Maravillas gaztetxea desalojatu zuten, Geroa Bai-ren eta Nafarroako Gobernuaren aginduz. Desalojoan poliziak erabilitako errepresioak eta indarkeriak hainbat zauritu utzi zituen eta zenbait gazte identifikatu zituzten. Ez zen inolaz ere modu baketsuan egin, Geroa Baik esan bezala.
Gazteen eta herritarren erantzuna, ordea, irmoa eta eredugarria izan da. Mobilizazio baten ostean gaztetxea berriro irekitzea lortu zuten egun berean eta horren ondoren Geroa Baik desalojoa eteten zuela adierazi zuen. Ez iritziz aldatu zuelako. Benetako aldaketa baten alde egiten duten gazteek jasotako babesaren aurrean, bere burua atzera egitera beharturik ikusi zuelako baizik.
2017ko udazkenean zabaldu zituen bere ateak Iruñeko alde zaharreko gaztetxe berriak. Helburua hiriari aisi eta kultura alternatiboa eskaintzea zen. Aldi motz honetan, gobernuaren jabetzan 20 urte luzez hutsik egon den jauregia berpiztu dute gazteek euren lanaren bidez, eta hirira zabaldu dute autogestioan eta antolakuntzan oinarritu den gune honen ekinbidea.
Maravillas gaztetxearen aurkako eraso honek gogora ekartzen ditu UPNren aginduz Iruñeko Jai Alai gaztetxea hustu zuteneko irudiak. Edonola ere, ez da aurreneko aldia EAJk (Geroa Bai Nafarroan) gazteek eraikitako gune autogestionatuen aurka egiten duena. Horren adibide dira, besteak bestek, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza eta Etxarri gaztetxeak, hurrenez hurren 2011n eta 2016an hustuak, joan den urtean Gasteizko Errekaleor auzoaren aurkako erasoa, etab. Argi dago eskuinari (euskaldunari zein espainiarrari) ez zaiola interesatzen gazteek, langileen seme-alabek, kapitalismoak eskaintzen duen aisi kirtenaren aurrean alternatibak eraikitzea eta aldaketaren alde antolatzea eta ekitea.
Eskuinak aitzakia berbera erabili ohi du gaztetxeak desalojatzeko. Beti sortzen dira proiektu berriak urte luzez albo batera utzi diren eraikinetan gaztetxe bat sortzen den momentutik aurrera. Kasu honetan, Geroa Baik demagogiaz oroimen historikoa erabili nahi izan du, desalojoari mozorro aurrerakoia ezartzeko. Bertan oroimenaren institutu bat egiteko plana plazaratu du. Gazte eta langileontzat hain sentikorra eta garrantzitsua den auzi bat erabili nahi izan du, zalantzak sortzeko eta gaztetxea defentsarik gabe uzteko. Inor gutxi engainatu du ordea.
Jakina da institutu horrek egun ez duela inolako proiektu konkreturik, ezta aurrekonturik ere. Geroa Baiko buruek ondo dakite honelako proiektu baten tartean ere hauteskundeak daudela. Argi dago desalojoaren erabakiak EAJren bestelako interes politikoak ezkutatzen dituela. Mugimendu sozialen aurka gogor jokatzen dakiela erakusteko modua izan da, datorren hauteskundeetara begira, aliantza politikak zabaltzeko, batez ere PSNri begira. EAEn eroso gobernatu ohi du PSErekin.
Geroa Baik bere horretan jarraitzen du, eta desalojoa planteatzen du irtenbide bakar gisa. Iruñeko udalean UPN eta PSNrekin bozkatu du gaztetxea desalojatzearen alde. Nafarroako EHBilduk, Podemosek, Orain Mugituzek eta Ezkerra-Izquierdak ezin dute inolako konfiantzarik izan EAJak zuzentzen duen Geroa Bairengan. Ezker Iraultzailetik Maravillas gaztetxeari babesik handiena helarazi nahi diegu. Gaztetxearen aldeko borroka ezkerreko politiken eta benetako eraldaketa baten aldeko defentsa da.