EAJrekin EGINIKO INOLAKO AKORDIOK EZ GAITU EUSKAL HERRIAREN ERABAKITZEKO ESKUBIDERA HURBILDUKO

Kurtsoa hastearekin batera, EAErako Estatus Politikoa Berriaren eztabaida izan da alderdi politiko guztietako buruen hizpide nagusia. Eztabaida horrek Euskal Herriko langile eta gazteentzat berebiziko garrantzia duen auzia planteatzen du: zein dira askapen nazional eta sozialerako bidea, programa eta estrategia?

Eskuinarekin kolaboratzearen porrota

EHBilduko zuzendaritzako kideek argi utzi dute independentziarako eta subiranotasunerako bidea, ezinbestean, alderdi nazionalista guztien batasunetik pasatu behar duela, izan eskuinekoak izan ezkerrekoak. Beraien arabera, hori da bide posible bakarra, eta pixkanaka egin behar da, etapa errealistetan eta behar diren adina etapetan. Lehen urratsa gutxieneko akordio bat bilatzea da. Horretarako, legegintzaldi honetan EAJrekin posizioak hurbildu dira, EAErako estatus politiko berri baten inguruan akordio batera iristeko. Estatus politiko berrirako proposamena egitean, Ezker Abertzaleak lehen aldiz planteatu du Espainiako konstituzioa marko gisa, EAEtik abiatuz Estatu konfederatu bat eratzea, euskal nazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortu ditzan eta Estatu espainiarrarekin berdinetik berdinerako tratua izan dezan.

Maiatzaren 23an EAJk eta EHBilduk Estatutu Politiko berriaren alde bozkatu zuten Eusko Lege Biltzarrean. Egun berean, arratsaldean EAJk Rajoyren gobernuaren aurrekontuak babestu zituen, 155a indarrean zela. EAJk argi utzi zituen bere asmoak.

Arnaldo Otegik behin baino gehiagotan esan du estatus berriaren inguruko akordio hori historikoa dela: “Azken 40 urtetan ez da inoiz horrelako akordiorik egon herrialde honetako bi familia abertzale handien artean”. Abuztuaren 27an Radio Euskadirako eginiko elkarrizketa batean, Arnaldo Otegik planteatzen zuen eskuin eta ezker euskaldunak Estatuko politikei heldu behar diela subiranotasuna berreskuratzeko eta horretan prest daudela EAJren Gobernua babesteko. “Hor bai, begi bistan dago egoera berezi batean egongo ginela neurri bereziak eskatuko lituzkeena eta, batez ere, ardura berezia denon aldetik”. Irailaren 8an Gernikako arbolaren aurrean berriz eskatu zien eragile politikoei eta baita eragile sozial eta sindikalei erantzukizunez eta eskuzabaltasunez jokatzeko.

Arnaldo Otegik planteatzen du bi familia abertzale handi daudela, bata eskuinekoa eta bestea ezkerrekoa. Baina ez du azaltzen horrek esan nahi duena, hau da, EAJren klaseko izaera eta horrek dituen inplikazioak. Hor dago gakoa eta hor datza akordioaren benetako izaeraren koska.

Radio Euskadirako elkarrizketan horrela laburbiltzen zuen akordioaren edukia: “Nazio bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta eskubidea dugula nahikoa botere politiko edukitzeko jendearen arazoei aurre egiteko. Zein dira jendearen arazoak? Ba, uda honetan ikusi ditugunak… Migrazioa, eraso sexistak, jendearen bizitzetan segurantza falta, ez daude lan baldintza duinak eta lan munduaren prekarizazio kezkagarri bat dagoela… Nola egin aurre arazo hauei? Botere soberanoarekin, hau da, egin nahi ditugun politikak hemen erabakitzea baimentzen duten instrumentuekin”.

EHBilduko koordinatzaile nagusiak subiranotasunak helburu praktiko bat duela planteatzen du: jendearen arazoak konpontzea. Baina argi baino argiago dago EAJ dela Euskal Herrian “jendeari”, langile klaseari, arazo horiek sortu izanaren arduradun nagusia. Murrizketa sozialen eta pribatizazioen politikak aplikatu ditu, lan erreforma Euskal Herrian, enplegu prekarioa… etengabe egon da euskal patronalaren interesen zerbitzura.

EAJri arazo horiek konpontzea interesatzen bazaio, zergatik nahiago izan zuen gobernua PSErekin osatu gutxiengoan, EHBilduren planteamendu ekonomikoak ez zirela bideragarriak argudiatuz? Zergatik onartu ditu EAEko aurrekontuak bi aldiz PP eta PSEren bozkekin, eta beste bitan Rajoyren gobernukoak? Urte hauetan behin eta berriz atera gara kalera EAJk aplikatu dituen politiken aurka. Badakigu oso ondo zein alderdi den: Heziberrirena, murrizketa sozialena, pribatizazioena, AHT eta Erraustegiarena, ustelkeriarena eta ate birakariena.

Hori da euskal eskuinaren alderdi izateak esan nahi duena. Euskal burgesia handiaren erakunde politikoa da, bere interesen babesle leiala. Ezker Abertzaleko buruek publikoki aurpegiratu beharko liokete hori guztia, are gehiago EAJk eskua eskainiko balio. Baina horren ordez, beraiek dira eskua eskaintzen diotenak.

EAJ alderdi independentista al da?

Kurtso hasieran EAJren buruzagi batzuk independentistak direla esanez atera dira, baina ohartarazi dute frenua bota behar dela. Urkulluk dio: “EAJko kide gisa, ados nago egin denarekin; lehendakari eta arduradun instituzional gisa, euskal gizarte pluralaren gehiengo bat ordezkatzen saiatzeko ardura duena, gizartearen osotasunaren onura begiratu behar dut”.

Urkulluk argi utzi du bere helburua orain Madrilen bideragarritasuna eta ibilbidea edukiko duen testu bat egitea dela, eta horregatik akordioa “zabaldu” egin behar dela dio, hau da, diluitu bere gobernuko sozioak kontentatzeko. Gasteizko parlamentuan 5 jurista izendatu dituzte, alderdi bakoitzak bat. Tartean da PPko Jaime Ignacio del Burgo, beste askoren artean Nafarroa eta EAE banaturik egotearen erantzule nagusietako bat. “Aditu” horien lana, printzipioz, datorren urteko ekainerako Euskal Herriko erabakitzeko eskubidea konstituzio barnean kokatzea litzake.

Zein interes du EAJk estatus politiko berri honetan? Ez da inolaz ere, asko esanagatik, erabakitzeko eskubidea. Buruzagi guztiak erabak ados daude, EAJk ez duela alde bakarreko biderik hartuko pentsatzean. Beraiek bai, ondo ikasi dute Catalunyako esperientziatik, eta ez dute errepikatu nahi klase dominatzailearentzat ekarri duen desastre hori.

EAJk hainbat interes ditu jokoarekin jarraitzeko. Alde batetik, irudi publikoa eta propaganda dago, beste auzietatik begirada kentzen duena. Bestalde, interesatu lekieke konpetentzien transferentziak eta estatu-boterearen banaketa, ez jendearen arazoak konpontzeko, konpetentzia horietatik negozioa egiteko baizik. Baina badago interesatzen zaion beste gauza bat, ez dena inolako huskeria. Ezker Abertzalea domestikatzea da, oposizioa isilaraztea, bere hanka azpian lotzea eta, Arnaldo Otegik dioen bezala, ardura maila berezia eduki dadila desmobiliza dezaten eta  EAJren aurka doan edozein borroka isilarazi dezaten edota murrizketen gobernu batera sar daitezen.

Arduratsu eskuinarekin?

Ezker Abertzalea ez dela nahikoa indartsua Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta gizartearen eraldaketa sozialista lortzeko esatea erabat oker dagoen planteamendua da. Ikuspegi hori sortzen da politika instituzioen lau pareten artean itxirik ikusten denean. Langile klasearen indarra gutxiestera eta konfiantzarik ez izatera eramaten du. Ezker Abertzalearen zuzendaritzak programa iraultzaile bat defendatuko balu, EAJri mozorroa kentzetik hasiko litzake, Gasteizetik, Madriletik edo Bruselatik datozen austeritate politiken aurkako borroka gogorra antolatuz; langile klasea eta gazteria inspiratuko lituzke saltzen ez den eta benetako alternatiba osatzen duen erakunde demokratiko, borrokalari eta iraultzaile baten eredua emanez. Euskal Herriko langile klaseak eta gazteriak badaukate nahikoa indar autodeterminazio eskubidea lortzeko eta politika kapitalistekin amaitzeko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.