Soilik borrokaren bidez
amaituko dugu murrizketekin eta austeritatearekin!
Aurtengo lehen sei hilabetean euskal herritarren %71ak protesta sozial batean parte hartu du. Pentsionistak, emakumeak, Navaleko langileak, borrokan dauden sektore feminizatuetako emakume langileak… urte guztian zehar kalean egindako mobilizazioak izan dira; eta kontuan behar dira, baita ere, noski, EHko eta Catalunyako presoen, Altsasuko gazteen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko manifestazio jendetsuak.
Bizkaiako pentsionistek nabarmendu duten bezala, “orain arte lorturiko guztia mobilizazioari eta presioari esker izan da”. Borrokek lortu zuten Rajoyren gobernua eraistea, non EAJk kaleko presioaren baitan bere bozka aldatu zuen. Hala ere, kaleak gehiago mugitzen diren heinean, ezkerreko buruzagiek konfiantza gutxiago agertzen dute masen indarrean eta gizartea eraldatzean, eta gehiago eusten diote bulego eta instituzioetan negoziatzeari, bide guztietatik sistema hau salbatu nahi dutenekin.
PSOE-Podemosen aurrekontuen ituna
2019ko aurrekontuen akordioa sinatzean, Podemoseko zuzendaritzak pauso erabakigarria eman du PSOErekin duen koalizio jarraian, 78ko erregimen politikoaren taulara moldatuz eta alde batera utziz ekintzetan 2014an jaio zenean aldarrikatu zuen hausturazko programa. Pablo Iglesiasek karterarik gabeko ministroaren papera hartu du bere gain, PSOErekin itunduriko aurrekontuak aurrera ateratzeko, bake soziala bermatzearen eta borroka guztiak maila instituzionalera bideratzearen truke. PSOEren politikak errazteko Iglesiasek eta Urkulluk izan zuten bilerak argi erakusten du hori.
Akordioaren neurri esanguratsuena gutxieneko soldata hileko 900 eurora igotzea izan da. Aurrerapausoa da abiapuntua nola zegoen kontuan hartuz gero, eta milioi eta erdi langile izango dira igoera jasoko dutenak. Baina kontuan izan behar dira alokairuen, elektrizitatearen eta bestelako oinarrizko produktuen prezioen igoerek ere neurri honen eragina murrizten dutela. Pentsioen, etxebizitzen, etab. inguruan iragarritako beste neurriek ez diete kalean planteatu ditugun aldarrikapenei erantzuten eta ez dute konpontzen, inolaz ere, milaka familiek egun jasaten duten egoera lazgarria, enpresarioen irabazien igoera ikaragarriaren aurrean.
Esanguratsua da oso Podemosek eta PSOEk uko egin izana Zapatero eta Rajoyren gobernuek onarturiko kontrarreformak indargabetzeari. Lan erreformak, pentsioenak, osasungintzaren eta hezkuntzaren pribatizazioak, LOMCE edo Mozal Legea mantendu egiten dira eta soilik “horiek aldatzean aurrera egitea” planteatu da.
EAJren aurrekontu neoliberalak
EAJk azkenera arte babestu zuen Mariano Rajoyren gobernua; eta EAEn ere PPrengan babestu da eta hori egiten jarraituko du patronalari gehien interesatzen zaizkion politiketan, foru aldundietan eta udaletan. Nabarmentzekoa da hezkuntzaren aldeko akordioa aurrera ateratzeko LOMCEren PPrengan aurkitu duela babesa, beste behin langile, guraso eta ikasle sindikatu eta erakunde guztiak aurka dituenean.
Halere, udal, foru eta Europako hauteskundeak gertu egonik, EAJ EHBilduri eta Elkarrekin Podemosi keinuak egiten dabil, bake soziala ziurtatzeko helburuarekin. Euskal eskuinaren alderdiak bere aurrekontuak aurrera ateratzeko ezkerraren babesa bilatu behar izatea, ez da bere indarraren erakusgarri, ahultasunarena baizik.
PSErekin gobernatzen duen EAJk gutxienez talde parlamentario baten abstentzioa behar du bere aurrekontuak aurrera ateratzeko. PPk EAJrekin distantziak markatu dituenean, Elkarrekin Podemoseko eta EHBilduko zuzendaritzak EAJrekin biltzeko prest agertu dira politika sozialetan erreformaren bat aterako ote dioten, aurrekontu neoliberalak onartzearen truke. Elkarrekin Podemosek bere babesari jarri dion prezioa 1.500 milioi dira. EHBilduk berriz 420 milioi eskatu ditu bere bi diputaturen abstentzioarekin aurrera egin dezaten: 350 milioi pentsio baxuenak osatzeko eta 70 milioi enplegua eta genero berdintasuna sustatuko duten planetarako. Nahiz eta azken horrekin bestelako asmoa egon, patronalaren subentzioetara bideratuko lirateke.
EHBilduko zuzendaritzak EAJri estatu politikak eta herri akordioak eskatzen dizkion bitartean, honek beti baldintza berdinarekin erantzuten dio: ezkerreko aldarrikapenak albo batera utz ditzala, “errealismoarekin joka dezala” eta jokoaren arauak eta kapitalaren Europaren aginduak onar ditzala. Egibarrek botatzen dionean EHBilduri izu politikoa duela EAJrekin akordioetara iristeko, jakin badaki ezker abertzaleko oinarri langilea ez dagoela prest murrizketen aurrean amore emateko. Beraien estrategia zuzendaritzarik gabe uztea da.
Ezker Iraultzailetik gure egiten dugu pentsionisten, emakumeen eta ikasleen mobilizazioetako leloa: “zeinahi dagoela ere gobernuan, eskubideak defendatu egiten dira”. Sistemaren oinarriak aldatzeko borrokatzen dutenen alboan, mobilizazioa zabalduz eta alternatiba iraultzaile bat altxatuz amaituko dugu murrizketa eta austeritatearekin.