“Feminismoa, pentsionistak eta Altsasuko kasua izan dira gizartea esnatzeko modu bat eta esateko sistemari: honaino”
Altsasuko gazteen kasua eta egin diren mobilizazio erraldoiak borroka ikur bihurtu dira. Milaka eta milaka izan gara auziperatuak askatzeko eta muntaia polizialekin amaitzeko aldarrikatu dugunak, zuzenean salatuz sistemaren zerbitzura dagoen aparatu judizial hau. Ezker Iraultzaileko kideak borroka honetan laguntze aldera nazioarte mailako elkartasun kanpaina bat jarri dugu abian.
Bel Pozuetarekin eta Amaia Amilibiarekin egon gara elkar hizketan, espetxean dauden Adur eta Jon Anderren amak. Gure eskerrik eta babesik beroena bidali nahi diegu hemendik beraiei, gazteei eta senitarteko zein lagun guztiei, muntaia honen aurkako borrokan.
Ezker iraultzailea.- Bi urte baino gehiago igaro dira 2016ko udazken hartatik. Nola ikusten dituzue orain gertakari horiek eta bizitako ibilbidea?
Bel.- Oso urruti. Hainbeste gauza gertatu dira... Tsunami bat bezalakoa izan da. Etorri da, gure gainetik pasa da eta eraman gaitu. Sentsazioa ezer kontrolatu ezinarena izan da. Eta, nahiz eta ezin kontrolatu, erantzun behar duzula. Ezin garela etxean gelditu, ezin dugula pasatzen utzi eta aurre egin behar diogula.
Amaia.- Min askorekin. Zaplazteko ederra jaso genuen. Hor ibili ginen burua altxa nahian, lan asko eginez. Ditxosozko gau horren ondorioz gure bizitzak arras aldatu dira.
Bel.- Izugarri.
Amaia.- Orduz geroztik mila ordu pasatzen ditugu bilerak direla, gestioak direla…. .
EI. Nola igaro da prozesu judizial guztia?
A.- Oso gogorra. Hasieran, maila juridikoan, esaten genuena zen hori ez zela terrorismo kasu bat eta beraz, auzia Nafarroan egin behar zela instrukzioa. Nafarroako auzitegiak arrazoia eman zigun, baina Gorenak esan zuen “baliteke” delitu terroristak egotea eta ate hori zabalik utzi zuen. Horregatik epaitu da kasua azkenean Auzitegi Nazionalean.
Gure seme alaben eskubideak behin baino gehiagotan zapalduak izan dira. Konstituzioak eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak epaile naturalerako eskubidea babesten dute; baina gure kasuan ez dugu eskubide hori eduki, ezta beste hainbat ere, errugabetasun-presuntzioarena, adibidez.
Gau hartan jazo zenaz haratago eraman da kasua, gaueko gertakaria ez da garrantzitsuena izan. Hasieratik aurkeztu nahi izan ditugu frogak eta testiguak, baina behin baino gehiagotan ukatu dizkigute. Proba asko daude agenteen eta haien bikotekideen bertsioa kolokan jartzen dituztenak. ,.
B.- Bai. Nik uste dut salbuespenezko kasua izan dela. Beraiek horrela bihurtu dute eta ibilbide osoa horrela izan da. Nola erantzun zuten medioek, nola erantzun zuten politikariek eta nola egon den hor beti Guardia Zibila, toki eta momentu guztietan beraien azken hitza ematen, eta lehenengoa ere. Eta nola eraman gintuzten Auzitegi Nazionalera, salbuespeneko epaitegi bat. Zer jaso behar genuen hortik? Salbuespeneko erantzuna. Nahiz eta terrorismoaren gaia kendu, gero jarri zuten epaia izugarrizko zigorra izan zen. 13 urte, ikaragarria da.
EI.- Zergatik muntaia hau?
B.- Faktore ezberdinak elkartu dira. Alde batetik, planteamendu politikoa, nondik gatozen eta zein planteamendu politiko zegoen Euskal Herrian. Batzuk urte askotan zehar ETA erabili dute hor fokalizatzeko noren aurka joan eta hainbat politika justifikatzeko. Eta politikoki hemen badago aldaketa gobernua. Lau urte hautetan, ez dakit ze neurritakoa, baina aldaketa eman da. UPN, PP eta PSOEk gure kasua beraien aurka joateko erabili dute. Argi eta garbi. Faktore horiek guztiak batu eta Estatu espainiarrean dagoen politikarekin lotzen duzu eta gure kasua bihurtzen da kasu bat eredugarria. Esateko “kontuz zer egiten duzun, begira zer gerta daitekeen”.
A.- Aitzakia bat behar zuten hainbat gauzetarako. Ez dugu ahaztu behar garai hartan PP gutxiengoan zegola, bigarren aldia zen hauteskundeak egin zirela eta hirugarrenez ere hitz egiten zen... Egun haietan Altsasuko gertaerek sekulako tokia hartu zuten komunikabideetan. Rajoyk berak txio bat egin zuen “hau ez da horrela geldituko” esanez. Arreta beste norabait bideratu nahi zen. Oso gogorra da ama batentzat gure semeak honen erdian panpin batzuk direla ikustea. Beti esan izan dugu ez dugula heriorik ez martirik nahi. Eta orain ez dakit zer garen…
Bizi izan dugun garai historikoaren koletazo bat ere izan da. ETArik gabe eta Kataluniarik gabe, zertaz hitz egingo dute politikariek? Denok dakigu badaudela mila arazo hitz egiteko eta konpontzeko, baina beti da errazagoa guztiaren errua nazionalismoei eta eraso faltsuei egoztea.
EI.- Kaleetan mobilizazio historikoak egin dira. Nola baloratzen duzue jasotako babesa?
B.- Izugarria. Izugarria. Jaso dugun babesa, indarra, energia eta maitasuna eta jasotzen ari garena. Bi urtez, eta hala ere izugarria izaten jarraitzen du. Hor jarraitu behar dugu.
A.- Eta zein jende jatorra ezagutzen ari garen. Oso ezkerreko jendea… Horrek gozatu du gure mina. Lagundu egin digu. Baina fiskaltzarentzat hori da ihes egiteko arriskurako beste bat argumentu bat: injustizia handi honen aurrean jasotzen ari garen elkartasuna. Ikaragarria da. Fiskaltzaren arabera hori da motibo bat kartzelan egon behar dutela berresteko, nahiz eta ez duten inolako aurrekaririk.
B.- Gure kasuak gizartearen aktibazio sozial izugarria ere suposatu du. Feminismoa, pentsionistak eta Altsasuko kasua izan da gizartea esnatzeko modu bat eta esateko sistemari, honaino. Gazte askok ez dute bizi izan beste garaietako mobilizazioak eta kontzientzia soziala, eta honekin askok ezagutu dute arrazoi bat altxatzeko. Eta ikusi dute beren aiton amonak, gurasoak eta denak elkarrekin joan direla manifestaziora. Hortik ere beren hausnarketak eta ondorioak aterako dituzte.
EI.- Nola dago egun egoera eta nola planteatzen duzue aurrera egitea?
A.- Fiskalak eskatu du terrorismo delitua egoztea gure semei. Nahiz eta epaiak hori baztertu duen, fiskalak errekurritu egin du.
B.- Guk ere errekurritu dugu epaia, eta helegite horren erantzunaren zain gaude. Baina hor ere, hiru kidetatik bik harreman zuzena dute Guardia Zibilekin. Orduan esaten dugu ez dagoela objektibitatea bermatzeko aukerarik. Badakigu ez dutela helegitea onartuko, eta hori argituko denean guk jarraituko dugu bide judizialetik, berriro Gorena, Konstituzionala, Europa…
Bitartean gure semeak kartzelan jarraitzen dute. Hori ere argi eta garbi ari gara salatzen, geroz eta ozenago. Prebentziozko espetxea erabiltzen ari dira modu maltzur batean, zigorra handiagotzeko. Katalandarrekin bezala. Berdin berdin. Alde batetik prozesu judizialak luzatzen eta bestetik prebentziozko espetxea luzatzen.
Orain bildu eta elkartu behar gara. Gu gurasoak gara eta badago plataforma ere, gurekin batera lan ikaragarria egiten duela. Definitu behar dugu perspektiba, helburuak erabaki eta nola aurrera egiten dugun ikusi.