Urtarrilaren 12an denok Bilbo eta Baionara

Kaleko borroka da bide bakarra!

Pedro Sanchezen gobernuak ez ikusiarena egiten jarraitzen du euskal presoek eta beren senitarteko eta lagunek jasaten duten egoera larriaren aurrean. Gobernura iritsi zenetik bere politika hitz eta keinu epeletan oinarritu da, diskurtso aurrerakoixeagoa iruditu nahian, funtsean ezer ez aldatzeko. Horrela izan da hezkuntzan eta osasungintzan, murrizketa sozialetan, errefuxiatuekin, memoria historikoan, lan erreformetan, pentsioetan, Catalunyarekin (egindako adierazpenek eta Bartzelonan Ministroen Kontseilua egitearen probokazioak erakusten duten bezala)… eta horrela da baita ere espetxe politiketan.

Euskal presoak ez daude PSOEren ez EAJren agendetan. Egun 260 preso daude Estatu espainiar eta frantseseko kartzeletan. 150 baino gehiago etxetik 600km baino gehiagotara dago. Ekainetik egon diren lekualdatzeek zenbait gerturatze ekarri dituzte, baina ez dira inolaz ere nahikoa eskubideen zapalkuntza sistematiko honi erantzuteko. Ez dago inolako gradu bilakaerarik eta kondena osoa lehen graduan betetzen dute. Zeharkatu beharreko kilometro izugarriez, istripuez edo baita jasandako erasoez gain, 113 adingabeko daude beren ama, aita edota biak preso dituztenak. Horietako hiru kartzelan bizi dira amaren alboan.

Estatu frantsesak azken hilabeteetan hainbat preso gerturatu ditu. Baina egin ditu beste lekualdatze batzuk ere Euskal Herritik 900 km baino gehiagotara edota Estatu espainiarrari presoak entregatu dizkio kondenak biderkatuz. Estatu espainiarrean, Pedro Sánchezek hasiera batean egin zituen adierazpenak praktikan ezerezean geratu dira. Grande Marlaska ministroak oso argi utzi zuen, ez dira lekualdatze kolektiboak egongo. Euskal presoek duten izaera politikoa ukatzeko premisatik abiatzen da. Aldiz, zigortzeko eta umiliatzeko ahal duten guztia egiteko izan denean bai, orduan kolektiboki tratatuak izan dira.

EAJak ere jarrera ziniko berbera izaten jarraitzen du. Abenduan Urkullu lehendakariak EHBilduko buruzagiei leporatzen zien, aurrekontuetako itunarekin urruntzeagatik, “nahiago dutela pankartaren atzean egoten jarraitu”. Mespretxu hau beren politika kapitalisten aurka mobilizatu garen milioika pertsonen aurka zuzentzen zen, argi utzi baitugu ez ditugula onartuko. Presoen aldeko manifestazio masibo bat dagoenean, politikari burges hauek instituzioetako ordezkari gisa ateratzeko aprobetxatzen dute eta sinestarazi nahi digute eraginkorrak direnak beren adierazpenak eta gobernu zentralarekin eginiko bilerak direla. Mobilizazioa mespretxatzen dute, baina ez dira egoera larri honetaz akordatzen manifestazioen ondoren ez bada. Ez da ahaztu behar EAJak orain dela 30 urte PSOErekin batera dispertsio politikak martxan jarri eta txalotu zituela. Arzallusek berak esaterako azpimarratzen zuen dispertsioak ez dituela giza eskubideak urratzen.

Noski. Hain zuzen ere egun ditugun eskubide guztiak kaleko borrokaren bidez lortu ditugu, pankarten atzean eta hori da presoak etxera ekartzeko bide bakarra. Dispertsio eta errepresio politiken aurkako borroka 78ko erregimenaren, murrizketa eta austeritatearen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka bera da. Egun argi eta garbi ikus daiteke hori Euskal Herrian eta Catalunyan. Soilik gazteriaren eta langile klasearen borroka iraultzailearekin azpiratuko dugu zapalkuntza orroekin amaitzeko borrokatzen dugunok sistematikoki erreprimitzen gaituen sistema hau.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.