Bota ditzagun arduradun polizialak, politikoak eta judizialak!
Iñigo Cabacas Ertzaintzak Athletic eta Schalke 04 taldeetako zaleen aurka jaurtitako pilotakada batek hil zuen 2012ko apirilaren 5ean, Bilboko Maria Díaz de Haro kalean. Heriotza honek baditu arduradun politikoak: PSE, orduko Eusko Jaurlaritzaren buru zena, eta PNV, frogak garbitzen lagundu eta Jorge Aldekoa Bilboko polizia etxeko burua mailaz igotzeagatik. Bera izan zen Iñigoren bizitzarekin bukatu zuen agindu hilgarria eman zuena: “Entren en el callejón con todo lo que tenemos, entren en la Herriko”. Aldekoak, Rodolfo Aresek, Estefanía Beltrán de Herediak eta beste batzuk auzipetuen aulkian egon beharko lukete.
Jorge Aldekoak dimisioa eman du, agindua eman zuena bera dela erakusten duen epaia ezagutu ondoren, nahiz eta istiluen aurkako ertzainek irratiz esan zuten dena bare zegoela. Hala ere, Jorge Aldekoa tematu zen, eta motiborik gabeko karga indiskriminatuari ekin zioten. Jendez gainezka zegoen kale itsu horretan, tiroen artean, gomazko bala batek 28 urteko Iñigo Cabacas jo eta handik 4 egunera Basurtoko Ospitalean hil egin zen. Tiroa jaso zuen une berean, Iñigo pilotakaden ondorioz nerbio krisi batek jota zegoen neska bat babesten saiatzen ari zen.
Auzipetuen aulkian, eta eskatutakoaren kontra, ez ditugu ikusi ez agindua eman zuen burua, ezta bera babestu zuten politikoak eta eragileak ere. Fiskaltzak ez zuen deliturik ikusi Iñigoren heriotzan; Manu eta Fina gurasoen, senideen eta lagunen aurkako iraina da hori. Fiskaltzaren ustez, akatsa saihestezin bat, istripu bat baino ez zen izan. Baina ez. Tirokatu egin zuten, buruan jo eta erail egin zuten inongo arrazoirik gabeko ekintza polizial batean.
Joan zen azaroaren 28an, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak eman zuen epaian, bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zion ertzain bati. Gainerako bost ertzainak absolbitu egin zituen. Epaiak dio ezin izan dutela egilea zigortu “okerreko ikerketa poliziala” dela medio, nahiz eta une hartan 40 ertzain izan Maria Díaz de Haro kalean: ez ziren neurriak hartu “aztarnak bildu, frogak jaso eta hiriko hornigarrietan eginiko kalteak” antzemateko edo erabilitako eskopetak eta munizioa ikertzeko. Aldiz, Ertzaintzak frogak ezkutatzen zituen bitartean, Iñigo Cabacasen senideak eta lagunak ikertu zituen: nortzuk ziren, haien harremanak… “Nos han investigado uno a uno para ver quiénes somos” aitortu zuten. Dena dela, kontu bat argi geratu da: Eusko Jaurlaritzaren, PSEko Zuzendaritzaren, Roberto Aresen eta EAJren babes politikorik gabe, Ertzaintzaren ekintza hura ezinezkoa izanen zen.
Handik gutxira, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru izendatu zuten, nork eta , Estefania Beltran de Herediak, 2012ko abenduan Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren Barne kontseilari izendatu zuenak.
Epaiketa lotsagarri honek erakusten du, Euskal Herrian ere, justiziak boteretsuen alde egiten duela. Burgesiak interes berezia du Ertzaintzaren ahalmen errepresiboa eta inpunitatea bere horretan izateko, epaileak eta PSE eta EAJko politikariak lagun.
Azken asteotan Nafarroan ere basakeria polizialaren irudiak ikusi ahal izan ditugu. Polizia Nazionalak eta Gero Bai-ren esanetara dagoen Foru Poliziak Huerta de Peralta langileak eta Maravillas gaztetxeko kideak gogorki erreprimitu dituzte. Haien eskubideen alde eta kaleratzeen aurkako borrokan ari diren langileak kolpeka eraso dituzte, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten nagusi xenofobo eta esplotatzaileen interesak ederki babestuz. Maravillas gaztetxea ixteko, Iruñeko Alde Zaharra polizialki okupatu dute, protesten aurka karga indiskriminatuak eginez. Foruzain bat ikusi ahal izan dugu Iñigo erail zuten arma berbera erabiliz, balkoi batetik heltzeak jotzen ari ziren auzokideei tiro egiten.
Ez dago aldaketaren aldeko gobernurik eskuinarekin. EAEn eta Nafarroan, EAJk langileen aurkako eraso eta errepresio politika bera aurrera darama. Ezkerreko erakundeek -EHBildu, Podemos/Ahal Dugu…- bertan behera utzi behar dituzte EAJrekiko hitzarmenak eta itunak, Huertas de Peralta langileen eta Maravillaseko gazteen indarra eta erabakimenean oinarri hartuta. Egiazko aldaketa, kapitalisten interesei aurre egiteko, langileen eta gazteen borrokaren eskutik iritsiko da.
Langile klaseak, gehiengo sindikalak eta ezker iraultzaileak uste osoa jarri behar dute gure indarretan, gure mobilizazio ahalmenean eta gizarte hau eraldatzeko borrokan. Iñigo Cabacasen auzian ikusi bezala, herri presioak bakarrik lortu du erailketa poliziala agerian jartzea.