Elkarrekin Podemoseko zuzendaritzak –Ezker Anitzaren kontrako bozkekin- EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bozketan bederatzi abstentzioa errazteko konpromezua hartu du abenduaren 27an horiek onar daitezen. Hasieran 350 milioi partida sozialetarako eskatzen bazituzten ere, Podemosen zuzendaritza 201,5 milioi euro negoziatzearekin konformatu da -11,774 milioi euroko aurrekontuaren %1,7a negoziatu du babesa emateko-. Hauetatik, 88,90 milioi baino ez dira izango 2020rako. Gainerakoa 2024ra arteko kreditu konpromezuak dira.

EJA-PSEren aurrekontuak salbatzeko akordio hau akats izugarria da. Ez du izpirik ere aldatzen aurreko urteetan onartutako aurrekontuen eskuineko izaera, eta jeltzaleei aurpegia garbitzeko besterik ez du balio, “aurrerakoi” itxurak egiteko darabilten kanpaina indartzeko alegia. Orain dela urte bat, Lander Martínez erakunde morearen buruak zioen, Elkarrekin Podemos ez zegoela merkealdian, ezta “Black Friday”an ere, eta “ez zirela EAJren makulua izango, horretarako dagoeneko Alderdi Sozialista eta EH Bildu baitaude”. EAJri ez ziotela aurrekontuen onespena oparituko esan zuten, aurreko urteetan Alderdi Popularrarekin itundutakoen kalkoa zirelako. Hitz horiek ordea haizeak eraman ditu.

Eskuineko aurrekontuak ezkerraren sinadurarekin

Hitzartutako neurrien artean sonatuenetarikoa feminismorako eta indarkeria matxistaren kontra bideratuko dituzten 9,5 milioi euroak izan dira. Oso literatura politarekin aurkezten dute. “Zaintzaren demokratizazioa”, “berdintasunean eta indarkeriarik gabeko bizitzetan formatzea”, edo “heziketa afektibo sexualeko programa bat ezartzea haur, lehen eta bigarren hezkuntzan”. Baina praktikan ez dago emakume langileen bizitza benetan alda dezakeen neurri zehatz bakar bat ere.

Akordioak genero indarkeria biktimentzako arreta hobetzeaz hitz egiten du, baita soldata-arrakalari aurre egiteari buruz ere, baina ez du ezer esaten EAJ-PSEak pribatizatutako zerbitzu publikoak berriro publiko egitearen inguruan, langile horien muturreko prekaritate baldintzak eragin dituena: etxez-etxeko laguntza zerbitzua, erresidentziak edota polizia-etxeen garbitasuneko langileak adibide batzuk baino ez dira.

“Hezkuntza-programari” dagokionean ere, ez du planteatzen ikasgeletan matxismoari eta homofobiari aurre egin diezaiokeen heziketa sexualeko derrigorrezko ikasgai bat. Ezta hitzik ere EAEn heziketa pribatu-itundutako enpresariei oparitzen zaion diru publiko guztia erretiratzeaz –Estatu mailan handiena den komunitatea-, hots, Eliza katolikoaren hierarkiari oparitzen zaiona, bere ideia atzerakoiak ikasgeletan heda ditzaten.

Klima larrialdiari aurre egitera bideraturiko aurrekontua (112 milioiri) da beste puntu interesgarrietako bat. “Fracking proiektu gasistikoak ixteko konpromisoa” ezartzen da bertan, baina errealitatea oso bestelakoa da. Joan den azaroaren 29an, Trantsizio Ekologikoko ministro den Teresa Riberak, Gasteizeko Armentia-2 putzuaren zundaketa lanetarako argi berdea eman zuen. Eusko Jaurlaritzaren proiektu hori SESHA enpresa publikoak eman nahi du aurrera. Beste partida batzuk auto elektrikoak edo eguzki-plakak finantzatzera joango dira. Enpresariek bi eskuekin hartuko dituzten laguntzak izango dira negozio “ekologiko” berriarekin aberasten jarraitzeko. Hori bai, AHTaren lanen edo Zubietako errauskailuaren irekitze berriaren inguruan inolako aipamenik ez.

“Familiak, enpresak eta gazteak krisitik babesteko” zuzendutako 70 milioien artean, Podemoseko buruek aurrera pauso handi bezala nabarmendu dute Diru-sarreren Berme Errentan (RGI) % 4ko igoera. Hilero 667 eurotatik 694 eurotara igoko da. Funtsezko aldarrikapena guztiz alde batera uztea da hori. 2012ko erreforman DBE gutxieneko soldatatik banandu zen eta errenta %35eko murriztu zen. Ez da neurri hori atzera bueltatzen.

E-Podemosek uko egiten dio haurren eskolak publikoak eta doakoak izateari, matrikula %10a beheratzearekin konformatuz, eta ez du sexuaren arabera banantzen duten OPUSeko eskolen diru-laguntzen ezabapena exigitu. 436.000 eroko partidan, zorizko jokoarekiko mendetasunaren prebentzio-programatarako eta tratamenduetara zati bat bideratuko da, baina ez dago neurri bat bera ere langile auzoetan ugaritzen ari diren apustu etxe guztiekin amaitzeko.

Beste gauza batzuetarako ordea badaude neurri zehatzak: 1988ko lege bat aldatuko da Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sailburu, goi-karguek eta aholkulariek hirurtekoak antzinatasunaren arabera kobratu ahal izateko, bere soldatak oraindik gehiago lodituz.

Hori da aurrekontuetan behin eta berriz errepikatzen dena: ez dago inolako neurririk arazoen jatorria aldatzeko, baina bai propaganda asko eta enpresarientzako diru publiko mordoa arazo horiek “arintzen saiatzeko”. Euskal burgesiaren ordezkari politikoen eskutik, EAJren eskutik, ezin zen besterik espero.

EAJren historial “aurrerakoia”

Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek Gobernua osatzeko akordioa iragarri ostean iritsi da ituna. EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek besoak zabalik jaso zuen akordioa, Madrilgo gobernuaren gobernagarritasuna bermatzeko eta 78ko erregimenarekin duen "erantzukizuna" erakutsiz. Horren truke, Euskadiko aurrekontuak babestea eskatu du. EAJ-PSE koalizio gobernua ahula da, eta Ahal Duguren babesa erabakigarria izan da kontuak aurrera atera ahal izateko, EAJri bere mozorro kutunarekin janzteko aukera emanez - "eskuin aurrerakoia" -.

Baina propaganda horren atzean, praktikan behin eta berriz egiten dutena oso bestelakoa da. Urrutira joan gabe, bere bazkidea izan den PPrekin sinatu zuten 2018rako aurrekontuen akordioan langile klaseari murrizketak egiteaz gain, enpresa handiei mesede garrantzitsuak egin zitzaizkien; besteak beste, zerga-erreforma bat egin zen, konpainia handientzat sozietateen gaineko zerga %24ra jaistea suposatu zuena. Baina enpresarientzat sortutako paradisu fiskalaz ez da hitz egin negoziazio hauetan. Aldiz, akordio berriak 10 milioi euro jarri nahi ditu mahai gainean enpresen partaidetzak erosteko. Horrek erakutsi du iruzur handia dela, enpresen itxierak eragin baitira diru publikoaren kontura gainera hainbat kasutan, hala nola, Fagor, Muebles Xey, CEL paper-fabrika… edota La Navalen kasua ere badago.

Berriki De Miguel kasuaren epaia atera da (Podemoseko buruek bazekiten epai hori ateratzekoa zela), behingoz ikusgarritasun mediatiko apur bat gehiago emanaz EAJren “euskal ustelkeriaren” ereduari. Hala ere, ez da kasu bakarra,  ezta gutxiagorik ere. Alderdi Jeltzalea 100 milioi eurotik gorako ustelkeria kasuetan inplikatuta dago; hezkuntza eta osasun publikoetan murrizketak aplikatzearen erantzuleak dira; prostituzioaren legeztatzea argi eta garbi defendatzen dutenak dira; PSOEren lan kontrarreforma babestu zutenak dira, eta PPren kontrarreforma aplikatu zutenak, Rajoyren Gobernua sostengatu zutenak. EAJ da itunpeko irakasleen borroka kriminalizatu duena, "Hezkuntzarako eskubidea urratzen" zutela esanez, eta gizarte eta lan borroka ugari gogor erreprimitu dituena. Sektoreko greba garaian metalaren patronalaren defentsan atera zen Urkullu, zein klase interes defendatzen dituen argi utziz. Ez dira gure aliatuak, eta horregatik erantzun diote urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiari, hori egiteko arrazoirik ez dagoela esanez.

Podemos, "Elite katalanak" eta euskal elitea

Badirudi E-Podemoseko zuzendaritzarentzat hori guztia ez dela nahikoa arrazoi Alderdi Jeltzalearekin akordio batera iristeko aukerari ateak ixteko. Lander Martinez bozeramailea pozik agertu zen alderdi moreak akordio hori lortzeko agertu zuen "erantzukizunagatik", egungo "ziurgabetasun" testuinguruak planteatzen dituen erronken aurrean; izan ere, testuinguru horretan, alderdiek eta erakundeek "konfiantza eta elkar ulertzea" transmititzeko ahalegina egin behar dute.

Baina hain ondo ulertzea langile klasearen eta gazteriaren aurkako halako erasoaldi bat zuzendu dutenekin, ez da ospatzeko zerbait. Hori da mugimenduaren aldarrikapenak alde batera utzi eta kalean borrokatzearen ordez, joko parlamentarioan buru belarri sartu eta bulegoko akordioak lortzeko bideak eramaten duen tokia. Ez da ahaztu behar Ahal Duguk hauteskunde orokorrak irabazi zituela Euskadin 2016an, botoen% 29 eskuratuz, alderdiak autodeterminazio-eskubidea defendatzen zuenean eta 78ko Erregimenaren eta EAJk hain fidelki ordezkatzen duen kastaren aurkako mobilizazio sozialaren alde egiten zuenean.

Podemosek erabakitzeko eskubidearen defentsa alde batera utzi du. Bizkarra eman dio Kataluniako herriaren altxamendu eredugarriari. Bere jarrera justifikatzeko esan dutena mugimendu hori "eliteek" kontrolatzen dutela izan da, egoera horrek "jendearen benetako arazoez hitz egitea eragozten" duela, etab. Baina, gero, lotsa gutxirekin euskal elitearekin aurrekontuak onartu dituzte!

EAJ ez da gure aliatua

EH-Bilduk, berriz, akordioa kritikatu du, baina argitu du ez dela EAJrekin negoziatzearen aurka daudelako, akordioa txarra delako baizik. Ezker abertzaleko buruzagiak urrundu egin dira EAJrekin izandako negoziazioetatik, izan ere, Euskal Herrian jeltzaleen politiken aurka kaleetan dauden mobilizazioen presioa sentitzen baitute, presio horrek urtarrilean greba orokorra deitzea eragin duelarik. Baina kritika hori ez da nahikoa ikasgai guztiak ateratzen ez badira: EAJrekin edozein arlotan itunak egitea kapitalistei bakarrik mesede egiten dien akatsa da. Beharrezkoa da horiei aurre egitea, ez adierazpenekin, baizik eta mobilizazioan eta borrokan oinarrituta.

2018an EAJk Euskal Estatus Berrirako akordioa sinatu zuen EH-Bildurekin, euskal eskuinak Mariano Rajoyri sostengua eman zion egun berean, 155eko Gobernuaren aurrekontuak babestuz. Euskal Estatutu berrirako hitzaurre horrek Espainiako Konstituzioaren esparruan autodeterminazio eskubidea sartzeko helburua jasotzen zuen testuan.

Noski, horrek porrot egin du. Hala ere, EH Bilduko buruzagiek "Euskal ezkerraren eta eskuinaren arteko akordio historikoaz" hitz egiten zuten, eta "nazio politikak egiteko" eta “akordio zabaletara heltzeko” unea zela esanez hainbat adierazpen egin zituzten. Aurrekontuak negoziatu zituzten EAJrekin, eta hobekuntza sozialak eskatu zizkioten, oinarri sozialaren aurrean horiek justifikatu ahal izateko. Azkenean ez zuten aurrekontua babestu, EAJk uko egin ziolako hobekuntza horiek eskaintzeari. Orain, EAJk Estatutuko akordioari egindako traizioa salatu dute. Baina hasieratik zegoen argi baino argiago, EAJren eskutik bide hori ez zela ezertara iritsiko. Euskal eskuinaren estrategia zen denbora irabaztea eta ezkerra bere politika kapitalistetan inplikatzea hitz hutsen truke. Hori izan da eta da oraindik ere bere estrategia.

Langile klasearekin edo kapitalistekin

Euskal Herrian politika kapitalistekin amaitzeko, ezinbestekoa da euskal eskuina boteretik botatzea. Ezkerretik oposizio frontala eginez soilik lor daiteke hori, mobilizazio sozialean oinarrituz eta sistema kapitalistaren aurrean alternatiba kontsekuentea defendatuz. Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren akordio eta negoziazio guztiek laguntza paregabea eskaintzen diote EAJri. Eskaintzen dioten irudiak ez du zerikusirik errealitatean egiten dituen politikekin, ezta haien aurka mobilizatzen den kaletako mugimenduarekin ere.

Edo langile familientzat gobernatzen da Confebask, Ibex35 eta EBri aurre eginez, edo kapitalisten zerbitzura gobernatzen da. Datorren urtarrilaren 30ean ehunka mila langilek lantokiak hustuko ditugu eta greba orokorra egingo dugu. Premiazkoa da Podemosek EAJrekin haustea eta EH Bilduk argi eta garbi planteatzea EAJ ez dela inolako aliatua, ezta nazio askapenerako borrokan ere. Greba orokorra aurrerapauso handia izango da gure aldarrikapen sozial eta demokratikoen aldeko borrokan, hala nola 1.200 euroko gutxieneko soldatan eta pentsioa, 35 orduko asteko lanaldia, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko egitea edo autodeterminaziorako eskubidea eskuratzea. Beharrezkoa da greba orokorra bultzatzea gure indar guztiekin. EAJ-PSEren apurrak onartzeak, gure aldarrikapenak lortzera hurbildu beharrean, kolpatzen gaituzten politikei eusten laguntzen die.

Aritmetika parlamentarioak ez du gure klasearen benetako indarra islatzen, eta greba orokorrak gizartea martxan jartzen duen klasearen erakusgarri eredugarriak dira. Urriaren 30eko greba orokorra oso urrats garrantzitsua izango da, baina dagoeneko mobilizazio plan bat antolatu behar dugu, gure aldarrikapen guztiak gauzatu arte iraungo duena, EAJ-PSEren Gobernua bota eta Estatu-espainiarreko gainerako langileentzat erreferente bihurtuz. Pentsiodunek esaten duten bezala: batek ala besteak gobernatu, eskubideak defendatu egiten dira!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.