Hego Euskal Herriko urtarrilaren 30eko greba orokorra ezbairik gabeko arrakasta izan da. Nahiz eta klase agintariak boikot informatibo eta amorruzko gezur eta manipulazio kanpaina egin -Euskal Herrian nahiz Estatu mailan-, errealitateak ez du zalantzarik uzten: goizeko manifestazioetan 145 mila pertsonek bete zituzten kaleak, gehiengo sindikalak deituriko beste grebetako kopuruak ia bikoiztera iritsiz: 73 mila 2009an eta 85 mila 2013an. Pentsionistak, gazteak eta langileak indarrak batu zituzten agerian utziz langile klasearen indar ikaragarria eta ofentsibari ekiteko duen gaitasuna prekarietatearen, murrizketen eta errepresioaren aurrean.
1.500 enpresa baino gehiago batu ziren grebara. Industria handiko langileak praktikan Gipuzkoa guztia geratu zuten, Nafarroako ipar ekialdea eta Bizkaia eta Arabako eskualde zabalak. Pasaiako eta Santurtziko portuak jarduera minimoan aritu ziren, eta garraioa, zerbitzuetako hainbat sektore -publikoan nahiz administrazioak pribatizatutakoetan- partzialki funtzionatu zuten, erabat gehiegizkoa ziren gutxieneko zerbitzuen inposaketaren bidez. Adibide bat jartzearren, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren jarraipena %48an zenbatu zuen, esanaz akats informatibo baten erruz ikastetxeen %48a bakarrik zenbatu zuela.
EAJk grebari zilegitasuna kentzeko erabili dituen komunikabideetako langileek ere geldialdia babestu zuten. EITBk albistegiak eta grabaturiko programak bakarrik emititu zituen, telebistan nahiz irratian, eta Deia (alderdi jeltzaleak kontrolaturiko egunkaria) ez zen atera. Egun horretan ez ziren argitaratu ezta Gara eta Berria ere.
Argi dago gehiengo sindikalak deituriko azken greba orokorretik igaro diren 6 urte eta erdiak ez direla alferrik izan. Azken urteetan Euskal Herrian gorakada nabarmena eman da borroka, greba eta lan gatazketan, prekarietatearen eta patronalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren erasoen aurka. Hori funtsezkoa izan da gehiengo sindikalaren zuzendaritzek EAJren aurrean konfrontazio irekiko jarrera hartzeko orduan -bereziki ELAren kasua-, greba orokor honetan begi bistan geratu dena eta inflexio puntu bat markatzen duena.
Greba orokorrarekin borrokak elkartzearen ideiak grina berezia eragin du. Abendutik 170 greba komite sortu dira lau herrialdeetako hiri, auzo eta herrietan. Bizkaiko metalak, pentsionisten mugimenduak, emakumeenak edota klima aldaketaren aurkako gazteriaren mugimenduak -estatu mailan erreferenteak izan direlarik- eman dioten bulkada eta horien parte hartzea komiteetan garrantzitsua izan da.
Gazteriak protagonismo berezia izan du mobilizatu diren sektoreen artean. Ez da kasualitatea hezkuntzan ikasleek eman zien jarraipen zabala, prekaritateari eta enpresarien mehatxuei aurre eginez grebara batu ziren gazteak, eta mobilizazioetan izan zuten presentzia. Ikasle Sindikatuak, Ernaiek, Eraginek, etab. egin duten lanak ikasleen eta langile gazteen parte hartze zabala bultzatu dute. Adibidez, ikasle mailan Ikasle Sindikatuaren esku-orrien banaketak, ikastetxeetako asanbladak, kartelak, etab. oihartzun zabala izan dute greba bultzatzeko orduan.
PSOE-Podemosen koalizio Gobernuaren aurkako greba? Manipulaziorik ez!
Grebaren aurka gehien erabili den argumentu bat ezkerreko gobernu baten aurkako greba zela izan da, praktikan eskuinari egiten ziola mesede. Baina hori guztiz faltsua da. Greba hau oso zuzenean zen EAJ euskal eskuinaren aurkakoa, bere pribatizazio eta murrizketa politiken aurrean. Rajoy eta Zapateroren gobernuen eraso eta kontra-erreformak desegitea planteatu du zuen eta kalean urteetan zehar defendatu ditugun aldarrikapenak jarri ditu mahai gainean.
Hain zuzen ere, mobilizazio horiek izan dira Madrileko gobernutik eskuina botatzea baimendu dutenak. Esperientzia horren ikasgaiak oso argi daude. Eskuina isolatu eta gelditzeko modu bakarra gure aldarrikapenak gauzatzea eta kaleko borrokarekin jarraitzea da, Ibex 35ak, patronalek eta Europako klase agintariak jada iragarri dituen mehatxuen aurrean. Horregatik, CCOO eta UGTko buruzagi sindikalek eta Elkarrekin Podemosek greba horren aurrean agertu duten oposizioa, beren oinarri sozialetik bananduz, ikaragarrizko akatsa da eta ezkerraren indarra zatitzen eta ahultzen du eskuinaren oldarraldiaren aurrean.
EAJ euskal patronalaren alderdia da. Badugu indarra horiek kanporatzeko!
EAJk eta patronalak agertu duten urduritasuna izan da mobilizazioaren arrakastaren probarik hoberena. Urkullu lehendakariak aurreko egunetan sindikatuen aurka egin zuen eta Elkarrekin Podemosek aurrekontuak babestu izana erabili zuen esateko greba hau Euskadiko parlamentuko gutxiengo batek bakarrik bultzatu zuela. Urduritasun hori desesperazio bihurtu zen urtarrilaren 30ean. Gainezka zeuden kaleen irudiak guztiz irrigarri utzi zituzten lehendakariaren hitzak greba “erabateko porrota” izan zela esan zuenean.
EAJko buruzagiak oso kontziente dira Euskal Herriko kaleetako mobilizazioen gorakadak suposatzen duen arriskuaz, euren politika kapitalisten aurka egiten baitute eta errotik hausten baitute “euskal oasiarekin” saldu nahi izan duten irudi faltsua. Alde guztietatik saiatu dira Gobernuan mantentzen eta bozkak loditzen, ezkerra erakarriz “elkarlanera” eta instituzioetan negoziatzera, bake sozialaren berme gisa agertuz beren burua.
Greba honek errotik hausten du estrategia hori. Kaleko borrokak berak eta polarizazio sozialak geroz eta ageriago uzten du EAJ euskal patronalaren alderdia dela eta eskatzen duena lan erreforma mantentzea, birmoldaketa industrial berriak eta pribatizazio eta murrizketa gehiago direla. Ezker abertzaleak eta EH Bilduk aukera dute Gobernutik behin betiko botatzeko, ezkerretik aurrez aurreko oposizioa eginez eta mobilizazioan oinarrituz, frogatu den bezala.
Borrokarekin jarraitu garaipenera arte
Greba orokor hori aurrera pauso handia izan da, baina gure aldarrikapenak lortzeko ezinbestekoa da horri jarraipena ematea. Horrela adierazi zuten pentsionistek, ikasle eta gateek beren komunikatuetan. ELA eta LABeko idazkari orokorrek bi hilabeteko tartea eman zioten Urkullu eta Chiviteren administrazioei aldarrikapenak betetzeko, eta patroalak markaturiko bide berdinean jarraitzen bazuten ohartarazi zuten “udaberri gorria” izango zutela erantzun gisa.
Hori Ezker Iraultzailetik defendatu dugun funtsezko auzia izan da. Sortu diren 170 greba komiteak martxan jarraitu behar dute eta are gehiago zabaldu, mugimendua batzeko eta indartzeko tresna gisa eta demokratikoki erabakitzeko gorantz joango den borroka plan bat, greba orokor gehiago deituaz. Greba honen arrakastak, mehatxuak eta manipulazioa garaituz, erakusten du langile klasearen eta gazteriaren sekktore zabaletan kontzientziak eman duen aurrerapauso handia. Ez da Euskal Herrian bakarrik, Estatu mailarako termometro gisa ere balio du, non pentsionisten mugimenduak, feministak eta klima aldaketaren aurkakoak masiboak izan diren eta indar berbera erakusten duten. Hori da gizartearen eraldaketa sozialistaren bidea!