Greba Orokorretik hamaika egun besterik ez ziren igaro, Urkullu korrika atera zenean EAEko hauteskundeak apirilaren 5era aurreratzera. Indartsu agertzeko asmotan egin zituen diskurtso guztiak, “legegintzaldia ahituko zuela” esanez edo urtarrilaren 30ean bertan greba orokorra “erabateko porrota” izan zela adieraziz, justu kontrakoan bihurtu dira: erabat agerian utzi dute euskal burgesiak duen urduritasuna eta langile klasearen mobilizazioak indartzeari dion beldur izugarria.
U30aren erabateko arrakasta
Urtarrilaren 30eko greba orokorrak ezbairik gabeko arrakasta izan zuen. Nahiz eta klase agintariak boikot informatibo eta amorruzko gezur eta manipulazio kanpaina egin -Euskal Herrian nahiz Estatu mailan-, errealitateak ez du zalantzarik uzten: goizeko manifestazioetan 145.000 pertsonek bete zituzten kaleak, gehiengo sindikalak deituriko beste grebetako kopuruak ia bikoiztera iritsiz: 73.000 2009an eta 85.000 2013an. Pentsionistek, gazteek eta langileek indarrak batu zituzten eta argi utzi zuten langile klaseak daukan indar ikaragarria eta ofentsibari ekiteko duen gaitasuna prekarietatearen, murrizketen eta errepresioaren aurrean.
1.500 enpresa baino gehiago batu ziren grebara. Industria handiko langileek praktikan Gipuzkoa guztia geratu zuten, Nafarroako ipar ekialdea eta Bizkaia eta Arabako eskualde zabalak. Pasaiako eta Santurtziko portuak jarduera minimoan aritu ziren, eta garraioa, zerbitzuetako hainbat sektore -publikoan nahiz administrazioak pribatizatutakoetan- partzialki funtzionatu zuten, erabat gehiegizkoa ziren gutxieneko zerbitzuen inposaketaren bidez. Adibide bat jartzearren, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren jarraipena %48an zenbatu zuen, eta esan zuen akats informatibo baten erruz ikastetxeen %48a bakarrik zenbatu zuela.
Argi dago gehiengo sindikalak deituriko azken greba orokorretik igaro diren 6 urte eta erdiak ez direla alferrik izan. Azken urteetan Euskal Herrian gorakada nabarmena izan da borroka, greba eta lan gatazketan, prekarietatearen eta patronalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren erasoen aurka. Hori funtsezkoa izan da gehiengo sindikalaren zuzendaritzek EAJren aurrean konfrontazio irekiko jarrera hartzeko orduan -bereziki ELAren kasua-, greba orokor honetan begi bistan geratu dena eta inflexio puntu bat markatzen duena.
Greba orokorrarekin borrokak elkartzearen ideiak grina berezia eragin du. Abendutik 170 greba komite sortu dira lau herrialdeetako hiri, auzo eta herrietan. Bizkaiko metaleko langileak, pentsionisten mugimenduak, emakumeenak eta klima aldaketaren aurkako gazteriaren mugimenduak -estatu mailan erreferenteak izan direlarik- eman dioten bulkadak garrantzia bizia izan du.
Kaleko mobilizazioak EAJren benetako aurpegia agerian uzten du
Alde guztietatik urtarrilaren 30aren eragina isilarazten saiatu badira ere, hauteskunde aurrerapen hau izatez kalean dugun indarraren aitortza bikaina da. EAJk gehiengoa egonkortu nahi du parlamentuan PSErekin batera, berandu izan baino lehen; hau da, mobilizazioak bere agintea arriskuan jarri baino lehen.
Otsailaren 10ean bertan, ordea, Urkulluk Jaurlaritzaren desegitea iragartzen zuen bitartean, milaka gazte eta langile Zaldibarrera begira geunden samin eta haserrez beterik, euskal eskuinaren ereduak eragiten duen desastrea modurik gordinenean ikusten: aurten Euskal Herrian 13 langile erail dituen lan prekaritatea; irabazi ekonomikoak pilatzeko eskrupulurik gabe gure ingurumena eta osasuna suntsitzea; zerbitzu pribatizatuen ustelkeria politikoa eta hori modu lotsagarrienean estaltzen saiatzea… Eusko Jaurlaritzaren demagogiak ez du amaierarik. Ez da “euskal oasia” existitzen, kapitalismoak Euskal Herrian uzten duen amesgaiztoa baizik.
EAJ bide guztietatik saiatu da iritzi publikoaren aurrean aukera aurrerakoiago gisa agertzen, Voxen aurka hitz batzuk esanaz edota feminismoaren, ekologiaren edo pentsiodunen defendatzaile dela adieraziz. Euren propagandaren eta hipokrisiaren faltsukeriak ez du amaierarik. De Miguelen kasuaren epaia eta Darponen dimisioa behartu zuen osasun arloko oposizioen iruzurra, jeltzaleen eta enpresarien artean eraikitako ustelkeria egitura oso baten erakusgarri baino ez dira. Mozal legea aplikatzen lehen postuan daude, erakunde feministen aurkako isunek edota greba orokorreko errepresioak erakusten duten moduan. Urkulluk sexuz bereizten dituzten Opus Deiko ikastetxeetara egindako bisiten atzean, hierarkia katolikoari aurten emandako 608,7 milioi euroak daude, bere eskola pribatu-itunduak finantzatzeko. Zubietako erraustegia irekitzea edo AHTaren lanak ekimen ekologiko gisa saltzea, jeltzaleen "politika berdeen" eta maila guztietan paparrean daramaten hipokrisiaren eredu dira.
Elkarrekin Podemos, EAJ eta PSOE-UP Gobernua
Abenduan, Elkarrekin Podemoseko zuzendaritzak EAJrekin aurrekontuak adostu zituen, partida sozialetarako kopuru guztiaren %1,7ko huskeria negoziatzearen truke. Eskuineko aurrekontuak ziren, baina ezkerraren sinadurarekin: orain arte Eusko Jaurlaritzatik aplikatu diren pribatizazio eta murrizketa politika berberak mantentzen zituzten, adibidez, DSBEarekin. Benetako oparia zen euskal eskuinarentzat, egonkortasun politikoa bermatzeko eta ezkerretik bermatutako ustezko progresismo batekin aurpegia garbitzeko erabil zezan.
Hortik aurrera, Elkarrekin Podemosen zuzendaritza U30eko greba orokorraren aurka agertu zen, CCOO eta UGTko zuzendaritzek egin duten bezala, koalizio gobernu berriari “konfiantza tartea” eman behar zitzaiola planteatuz. Hori akats izugarria da eta ezkerraren indarrak zatitu eta ahuldu besterik ez du egiten.
Greba hau ezkerreko gobernu baten aurkakoa zela eta praktikan eskuinari egiten ziola mesede planteatzen zuen argumentua guztiz faltsua da. Greba hau oso egokia zen, EAJ euskal eskuinaren aurkakoa, bere pribatizazio eta murrizketa politiken aurkakoa. Rajoy eta Zapateroren gobernuen eraso eta kontra-erreformak desegitea planteatzen zuen eta kalean urteetan zehar defendatu ditugun aldarrikapenak jarri ditu mahai gainean.
Ezin dugu ahaztu mobilizazio prozesu hori izan dela Madrilgo Gobernutik eskuina botatzea posible egin duena. PSOE-UP koalizio gobernua ez zen kapitalisten apustua. 2011n hasitako mobilizazio handien prozesuak eragin du taula politikoa iraultzea eta izaera horretako Gobernu bat eratzea. Baldintza horietan burgesia klase arteko borrokaren garapenak inposatu dion egoera kudeatzen ari da. Eta ez du aho batez egiten.
Vox eta PPk klase agintariaren eta estatu aparatuko sektore zabal baten alde egin eta argi utzi dute ez dutela su-etenik emango. Bere jomugan langile klaseak, emakumeen mugimenduak eta gazteriak konkistatutako eskubide demokratiko eta sozialak daude.
EAJk, aldiz, PSOE-UP koalizioa esku zabalik hartu zuen, lehenik eta behin Madrilgo Parlamentuaren egonkortasuna bermatzeko. Trukean hainbat kontu exijitu ditu, besteak beste, bere aurrekontuei babesa ematea eta BBVAk eta Bankiak bat egitea erakundea Neguriko kapitalisten kontrolpean jartzeko.
PSOE-UP Gobernuaren lehen neurriak –pentsioak %0,9 igotzea, funtzionarioei soldata %2 igotzea eta gutxieneko soldata 950 eurora igotzea– oso urrun daude Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek sinatutako akordioan jasotako helburu apaletatik ere. Gobernuak uste badu bidea dela erreakzioa ez probokatzea agindutako programari uko eginez edo "pixkanaka" joatea bake soziala bermatuz, klase arteko borrokak zaplazteko ederra emango die. Egoera nabarmen aldatzeko benetako neurriak hartzeak ezinbestean austeritatearekin haustea eta kapitalisten eta haien nazioarteko erakundeen aurka irmotasunez aurre egitea eskatzen du.
Apirilak 5: euskal patronalaren alderdia kanpora botatzeko, ezkerreko oposizio irmoa behar dugu, parlamentuan zein kaleetan!
Kaleko borrokak eta polarizazio soziala agerian uzten ari dira EAJren benetako izaera. Gobernuan mantentzeko eta bozkak irabazteko erabili duen estrategiak, ezkerra erakundeetan kolaboratzera eta negoziatzera erakartzea eta bake sozialaren bermatzaile gisa agertzea, talka egin du masen saminarekin eta mobilizazio masiboekin. Orain, Eusko Jaurlaritzatik botatzeko aukera dugu, ezkerretik aurrez aurreko oposizio baten bidez, oposizio hori kaleko borrokan eta U30eko grebari jarraipena ematean oinarrituz. Ezin dugu euren tranpan erori eta hauteskunde kanpainarekin mobilizazioa alde batera utzi. Kaleko borrokan neurtzen da benetako indar korrelazioa, eta bide horretatik soilik alda ditzakegu gauzak.
Horretarako, beharrezkoa da argi uztea EAJ ez dela gure aliatua inongo gaitan, ezta nazio askapenaren aldeko borrokan ere, euskal estatutu berriaren eztabaida erakusten ari den bezala. Ez zaio autodeterminazio eskubidea interesatzen. Madrili presio egin nahi dio bere negozioak zabaltzeko: transferentzia gehiago pribatizazio, prekaritate eta ustelkeria gehiago eragiteko. Baina oso ondo daki hori dela oposizioa desegiteko gakoa, eta Ezker Abertzalea presionatuko du alde horretatik. Borroka sozialak estutzen dituen heinean, orduan eta gehiago erabiliko dute euren demagogia erabakitzeko eskubideaz, euskal kulturaz edo Espainiaren aurka hitz eginaz, eta eskua luzatuko diote tranpa horretan EH Bilduri. EAJk behin eta berriz erabili duen funtsezko estrategia da, eta zoritxarrez ezkerreko buruzagiek askotan onartu dutena.
Ezker Abertzalea greba orokorra bultzatzean murgildu da, eta ezkerrerako posizionamendua hartu du, patronalari aurre eginez eta mugimenduaren aldarrikapen sozialak mahai gainean jarriz. Jarrera hori azken aldiko borroken gorakadaren indarraz elikatzen da. Behetik gorako presioaren isla da, eta, aldi berean, aurrerapauso garrantzitsua. EAJk ahal duen guztia egingo du hori geldiarazteko eta bide hori zapuzteko. Horregatik da hain beharrezkoa Ezker Abertzalea eta EH Bildu euskal patronalaren alderdiarekin erabateko konfrontazioan kokatzea -parlamentuan zein kalean-. Euren demagogia guztia agerian jarri eta argi utzi behar da askapen nazionalaren aldeko borrokan ere gainditu beharreko helburua direla, aldarrikapen hori EAJk etengabe erasotzen dien eskubide sozialen aldeko borrokarekin lotzeko deia eginda. Inoiz ezingo dugu benetako askatasunik eskuratu, modu honetan ez bada. Programa honekin eta estrategia honekin langile klasearen eta gazteriaren babes izugarria lortuko litzateke, datozen hauteskundeetan Eusko Jaurlaritzatik behingoz botatzeko.
Autodeterminazio eskubidea lortzeko bide bakarra sozialismoaren aldeko borroka da. Horixe da Kataluniatik ateratzen den lezioa. Langile klasearen eta gazteriaren masa borroka izan da 78ko erregimena soken aurka jarri duena, Kataluniako errepublikaren aldarriari geroz eta argiago batuz murrizketekin, etxe kaleratzeekin, errepresioarekin, prekaritatearekin eta abarrekin amaitzea. Borroka iraultzailea da garaipena ahalbidetuko digun bakarra. Horren aurka egin du, eta aurka egingo du beti EAJk, kapitalisten interesen alde lerrokatuz. Hori da benetan defendatzen duten bandera bakarra.
Apirileko hauteskundeetan eskuinari eta bere politikei kolpea emateko aukera zabaltzen da. Baina botoa ematea ez da nahikoa. Langileen, gazteen eta kolektibo behartsuenen aldeko politikak egiteak botere ekonomiko handiei eta erreakzioari aurre egitea eskatzen du. Borrokaren fruituekin erdietsi ditzakegun lorpenak eta aurrerapausoak ere, burgesia aukera duten bezain laster kentzen saiatuko da. Horregatik da beharrezkoa langile klasearen eta gazteriaren programa iraultzaile eta independentea defendatzea, argi eta garbi planteatuko duena sozialismoaren aldeko borroka, kapitalista handien desjabetzea eta ekonomiaren oinarrizko palankak langileen kontrol demokratikoan ezartzea. Horrela bakarrik amaitu ahal izango dugu politika kapitalista guztiekin eta mundu osoan zehar hainbestek jasaten ditugun zapalkuntza mota guztiekin.