Langile borroka indartu behar dugu euskal eskuinaren politiken aurka

Ez Covid 19a, ezta azken asteetako agerraldi berriak ere, ez dira izan arazo Urkulluk EAEko hauteskundeekin aurrera jarraitzeko. Beren politiken aurkako oposizioa geroz eta handiagoa dela eta mobilizazio soziala gainean dutela jakinik, EAJk hauteskunde hauek  inposatu ditu, bestela udazkenean zailduko zitzaion egoera saihesteko. Baina nahiz eta kanpaina mediatikoak EAJ garaile handi bezala saldu nahi izan duen, hauteskundeen emaitzek euskal eskuina asebete ezin dezaken errealitatea azaleratu dute: urtarrilaren 30eko greba orokorraren eta Euskal Herriko kaleetan indarra hartzen ari den mobilizazioaren eragin nabarmena. Hori izan da EH Bilduren babesa indartu duena eta euskal langile klase eta gazteriaren ezkerreranzko biraketa azaltzen duena.

Ezker parlamentariaren bozka bateratuak (EH Bildu, E-Podemos, eta bertan PSE ere sartuz) 442.316 batzen ditu, eta berriro ere euskal eta espainiar eskuina gainditzen ditu 26.687 bozketan. Baina garrantzitsuena hemen EH Bilduren gorakada izan da, bozka kopuruan igotzen den indar bakarra baita, 23.516 boto irabaziz aurreko hauteskundeekin alderatuz eta 2020an 248.688 eta 22 eserleku eskuratuz, 2016an baino 4 gehiago.

Hauteskunde hauetako emaitzak %47,14ko abstentzio historikoarekin eman dira. 800.000 pertsona baino gehiagok ez dute botorik eman, guztira 1,7 milioi hautesle daudenean! Abstentzioa nabarmenki handiagoa izan da auzo eta herri langileetan, batez beste %10 gehiago bizitoki aberatsetan baino. Horrek agerian uzten du sektore zabalak ezkerrera mobilizatzeko dagoen tartea eta EAJ garaitzeko dauden aukera argiak.

Aipatzekoa da, halaber, gero eta jende gehiago dela politika instituzional burgesaren aurrean gogaiturik dagoena, eta horri are haserre handiagoa gehitu zaiola, hauteskundeak egitera behartu dutenean euskal geografia osoan zehar pandemiaren berragerpen serioen erdian. EAJk murrizketa basatien eta osasun eta zerbitzu publikoen pribatizazioen agenda aurrera eraman duen bitartean, langileok jarri ditugu hildakoak eta ondorioak jasaten jarraitzen dugu.

Elkarrekin Podemosek zigor gogorra jasa du eskuinera biratzeagatik, aktiboki greba orokorraren aurka egiteagatik eta parlamentuan EAJ babesteagatik. 2016ean 157.334 bozka eta 11 parlamentari izatetik,  2020an 71.759 bozka eta 6 eserleku izatera pasa dira. Alderdi moreak pikutara bidali du kapital politiko ikaragarria, orain dela lau urte hauteskunde orokorretan 333.370 boto eskuratuz EAJ garaitzera eraman zuenetik. Gobernuan PSOErekin duen koalizioak, orain arte galdu duten espazioa berreskuratzen laguntzetik urrun, milaka langileren eta batez ere gazteen aurrean berretsi dute geroz eta zailagoa dela sozialdemokrazia tradizionaletik  zerk ezberdintzen dituen bereiztea.

Bestalde, eskuin espainolistak lehendik zekarren hondoratzea sakondu du, garrantzirik gabeko indar bihurtzeko bidean. PP eta Cs koalizioak 68.949 boto eta lau eserleku galdu ditu 2016ko datuekin alderatuta, eta 60.299 botorekin eta 5 eserlekurekin geratu da. EAEn Alderdi Popularraren historiako emaitzarik txarrenak dira.

Azkenean Voxek Arabatik atera duen parlamentariak, 5.000 bozka eskasekin, ezin du estali eskuina eta ultra eskuina hondoratu egiten direla. Abascalen alderdiak benetan isolaturik dagoela erakutsi du: 17.517 boto lortu ditu EAE guztian.

Polarizazio soziala ezkerrera eta eskuinera inoiz baino gehiago islatu da hauteskunde hauetan EAJren eta EH Bilduren artean, bai botoetan (%38,76 eta %27,58, hurrenez hurren), bai kanpainan zehar. Komunikabide kapitalistek kontu handiz ezkutatu dute EAJk hiru eserleku igo dituen arren 2016eko hauteskundeen aldean 48.739 boto galdu dituela (2020an 349.429 boto eta 31 diputatu lortu dituzte). Gainera, kontuan hartu behar da EAJk tradizioz PPrengana joan diren hautesleen botoak jaso dituela, azken batean, Urkulluren alderdia ikusi dutelako EH Bildu geldiarazteko eta patronalaren politikak ziurtatzeko aukera baliagarrien gisa.

Jeltzaleen sozio den PSE ere ez dago ezer ospatzeko moduan. Eserleku bat gehiago atera dute duela lau urte baino 4.551 boto gutxiagorekin (121.869 boto eta 10 eserleku 2020an). Aurrera egin ezinik jarraitzeaz gain, ez dute lortu Gobernu zentralaren kudeaketaren etekinik eta euskal eskuinaren ezkutari otzanak bihurtu dira, murrizketen eta austeritatearen agenda bermatuz. Porrot nabarmena, bai PSErentzat, eta baita PSOErentzat ere.

Norbaitek pentsatzen badu gehiengo absolutuz gobernatuko duen EAJ eta PSEren koalizioak egonkortasuna eta bake soziala bermatuko duela, erabat oker dago. Polarizazio soziala sakondu egingo da, eta litekeena da klase borroka erradikalizatu egingo dela etortzeko dagoen garaian, egungo hondoratze ekonomikoaren testuinguruan.

Kaleko borrokak EH Bildu indartu eta ezkerrera bultzatzen du

EH Bilduk gehiengoan erakarri du azken urteetan Euskal Herriko kaleak bete dituzten gazte eta langile klasearen botoa. Borroka sindikalaren gorakadak, mobilizazio sozial historikoak eta horien indarrarekin egin zen urtarrilaren 30eko greba orokorrak, Ezker Abertzalearen eta EAJ eskuinaren arteko polarizazioa areagotu dute.

Urkulluk, patronalaren ofentsibaren eta errepresioaren buruan kokatuz, argi eta garbi  erakutsi du langileen eta gazteriaren aurka duen gorroto izugarria. Horren aurrean, EH Bildu mobilizazioaren aldean kokatu da, eta mobilizazioak, gainera, inoiz baino zuzenago seinalatu du EAJ, ustelkeriaren, murrizketen eta pribatizazioaren alderdi gisa; AHTarekin eta erraustegiarekin enpresarien negoziorako ingurumena suntsitzen duen alderdi gisa; Ertzaintzaren errepresioaren, Mozal legearen eta 78ko erregimenaren alderdi gisa.

EH Bildu, U30eko greba orokorra babestu zuen ezker parlamentarioko alderdi bakarra izan zen, eta beren programan mugimendu sozialen aldarrikapenak ezarri ditu. Egia da, Ezker Abertzaleko zuzendaritza oraindik urrun dagoela ondorioztatzetik autodeterminazioa lortzeko ere EAJren aurka egin beharra dagoela eta ez balizko aliatutzat hartu; azken batean, sozialismoaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka bat eta berbera dela. Baina, bistan dago langile klasearen eta gazteriaren presioa gogor eragiten ari dela EH Bildurengan, Ikasle Sindikatuarekin sinatu duen akordioak edota PSOE agerian utziz lan erreforma indargabetzeko hartu duen iniziatibak erakusten duten bezala. Sektore zabalen artean, ekintza horiek sozialdemokraziaren eta Podemosen ezkerrera dagoen alternatiba sinesgarriago eta borrokalariagoan bihurtu dute.

Elkarrekin Podemosen deskalabrua: Koalizio Gobernuan duten paperaren kritika

2016ko hauteskunde orokorretan Podemos lehen indarra izan zen EAEn, EAJren aurretik. Ezkerrerako biraketaren eta sortu zuten espektatiba handien adierazle bihurtu ziren, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak defendatzen zituztenean eta 78ko erregimenarekin amaitzea planteatzen zutenean. Baina urte hauetan jasan duten eraldaketak eta gobernu-alderdi bihurtzean izan duen bilakaerak marra gorriak gainditzea ekarri dute.

Pragmatismo sozialdemokrataren asimilazioak Podemos jaio zeneko nortasuna ezabatu dute, haserre soziala bildu zuenetik eta sistema kapitalistarekin hausteko zegoen esperantza serio baten ondoren. Catalunyako herriaren borrokari bizkarra eman diote, erabakitzeko eskubidea defendatzeari uko eginez. EAJren murrizketa aurrekontuak babestu izanak eta urtarrilaren 30eko greba orokorraren aurka eskirol moduan aritu izanak atsekabe handia eragin du Euskal Herrian. Euren oinarri sozialaren aurka jartzean, pentsionisten mugimendua zatitzen saiatuz eta erabateko arrakasta izan zen greba orokorra mespretxatuz, Estatu espainiarreko parlamentuan EAJren babesa eskuratzeko helburuarekin, UPren zuzendaritzaren gainbeheraren adierazle oso esanguratsuak dira.

Berdina esan daiteke Felipe Gonzalezek GALen krimenetan izandako erantzukizuna ikertzeko komisio parlamentarioa ez babesteko agertu zuten jarrera lotsagarriaz. Ondorengo errektifikazioa ez zen askoz hobea izan. Ikaragarrizko samina eragin zuen honek Euskal Herrian eta agerian utzi zuen Podemosen eskuinerako biraketa, bere gobernu-kidea eta Estatu terrorismoan izandako inplikazioa babestera iristeko prest zegoela ikustean.

Elkarrekin Podemosen emaitzak, Galizan izan duten erorketarekin batera, abisu serioa dira eta argi adierazten dute zein den PSOErekin Gobernuan hartu duten papera. Milioika langile eta gaztek argi dute eskuina mehatxu handia dela. Baina emaitzek erakusten dute horrek ez duela esan nahi ontzat ematen dutenik IBEX 35ari eta bankuei 100 mila milioi euro ematea, ERTEekin patronalari diru laguntza ikaragarria ematea, Estatu aparatuari eta errepresio indarrei kontzesioak egitea, etengabe hazten ari den pobreziaren aurrean ezer balio ez duten ogi apurrak eskaintzea eta sistema kapitalistaren eta 78ko erregimenaren joko arauak ororen gainetik defendatzea.

Sozialdemokraziaren ukapenak justifikatzea, eta klase kolaborazioaren eta “batasun nazionalaren” politikari UPk ematen dion babesak, bete betean talka egiten du urte hauetako esperientziarekin, desarmatze ideologikoa bultzatzen dute eta eskuinaren diskurtsoa indartzen dute.

Pablo Iglesias berak zioen EAEko eta Galizako hauteskundeetan jasandako ezbairik gabeko porrotak beharrezko egiten zuela autokritika. Baina, egia esan, bera da hori egiteko prest dagoen azkena. Hauteskunde kanpainan zabaldu nahi izan zuen mezuak, “nahiago genuke Espainian EAJren moduko eskuina eduki”, dena esaten du. Horregatik, EAEn hiru aldeko Gobernua osatzeko egin zuten proposamenak (euren, PSEren eta EH Bilduren artean), Iglesiasen ahotan ez zuen inolako sinesgarritasunik, momentu gakoetan euskal eskuina babesten egon baitira, PSOEk egin duen bezalaxe.

Programa iraultzaile baten alde

Hauteskundeetan EH Bilduk izan duen gorakada eta aurrera begira irekitzen den aukera ikaragarriak, ezker parlamentario orok duen bidegurutzearen baitan baldintzaturik dago. Edo gaitz txikiena onartzen da edo langile klasearen eta gazteriaren eskubideak rimotasunez defendatzen dira, patronalari eta bankari aurre eginaz, kalean dugun indarrean oinarrituz.

Langile klaseak argi eman dio botoa sozialdemokraziaren ezkerrera kokatzen den eta euskal eskuina iraganean baino askoz gehiago desafiatzen duen diskurtsoari. EH Bilduk bide hau sakontzen badu, bere posizio instituzional guztietan, gobernatzen duen udaletxeetan eta batez ere, mobilizazio soziala eta langile klasearen antolakuntza bultzatzen badute, EAJak ateratzen dizkion 100 mila botoak erraz gainditu daitezke. Baina hemen kontua ez da instituzioetako abilezia. Euskal eskuina sozialki makurraraztea da, eta horretarako EAJri eskua luzatzeari utzi behar zaio eta itunetara iristeko aukera ororekin guztiz hautsi behar da. Kasurik hoberenean ere, jeltzaleek beti traizionatuko baitute itun oro.

Urkulluk eta Ortuzarrek, luzaturik jarraitzen duen esku hori hartzearekin kontatzen dute, kaleetan egoera benetan ilun jartzen bazaie eta euren agintea arriskuan ikusten badute. Horregatik, beharrezkoa da aurrez aurreko oposizioa egitea EAJren aurka eta greba orokorrak ireki zuen bidea sakontzea, programa sozialista, iraultzaile eta internazionalista altxatuz.

Elkarrekin Podemosek hartu duen bideak ez darama inora. Argi erakutsi du non amaitzen den: 78ko erregimenaren aldean. Lan prekaritatearekin, murrizketekin eta errepresioarekin amaitzeko bide bakarra, kaleko borrokaren bidez da, langile klasea antolatuz fabriketan, ikastetxeetan, auzoetan. Horrela lortu ditugu gure eskubide guztiak.

Ezinbestekoa da antolakuntza iraultzaile bat eraikitzea, erabakitzeko eskubidea klaseko politika baten aldeko borrokarekin lotuko duena. Iraultza sozialistaren programa eraman behar da borroka sindikalera, ikasle borrokara, feministara, ekologistara eta antiarrazistara. Sozialismo iraultzailearen eta internazionalismoaren banderaren pean mundu oso bat dugu irabazteko. Hori da, Ezker Iraultzailetik defendatzen dugun bandera.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.