Borrokak bateratu greba orokor batekin!
Mundu mailan pandemiak 50 milioi kutsatu eta 1,2 milioi hildako utzi dituenean, Estatu espainiarra da heriotza tasa handiena duena “garatutzat” hartzen diren herrialdeetan: milioi bat kutsatu, 60 mila hildakotik gora eta hedapen datuak egunero %2 igotzen ari dira. Hego Euskal Herria da hain zuzen ere pandemiaren gune gorrietako bat. Hemen positibo tasa azaro hasieran %10a baino altuagoa da, eta heriotza intzidentzia estatu mailako bataz bestekoaren goitik dago eta ZIUak berriro apirilean zeuden kopuruetan betetzen ari dira.
Bistakoa da gobernu zentralaren zein EAEko eta Nafarroako gobernuen neurri eta politikek porrot egin dutela. Arrazoia oso konkretua da eta osasungintzako, hezkuntzako, zerbitzu sozialetako langileek, pentsionistek, etab. oso argi salatu dute zein den egin dituzten manifestazio eta grebetan: ukatzen jarraitzen dute osasun sistema publikoak blindatzeko behar dituen milaka milioi euroak, ez dute hezkuntza publikoa erreskatatzen eta geletako ratioak murrizten, erresidentzien eta beste hainbat zerbitzuren pribatizazioarekin negozio egiten jarraitzen dute.
Alarma egoera: eskubide demokratikoak gogor mugaturik… baina lanera joan behar da kosta ahala kosta
Sanchezen Gobernuak ez dio erresistentziarik jartzen kapitalisten ofentsibari eta Urkullu presio horren puntan kokatzen da. Eragotzi zitekeen egoera honen aurrean duten ardura ezkutatzeko, etengabeko albiste jarioa dago jendearen arduragabekeriaz hitz egiten, botiloiak, festa ilegalak, gazte zoroak… Kontua zarata ateratzea da, Covid-19aren aurrerakadaren benetako motiboak estaltzeko.
Kanpaina lotsagarri honen ondoan behin eta berriz errepikatzen digute denok batera egon behar dugula. Baina langileok biktimak jartzen ditugun bitartean, kapitalistak poltsikoak betetzen ari dira. Martxotik 23 plutokrata handienek %16 handitu dituzte euren aberastasunak. Zerrenda honen buru diren Amancio Ortega, Juan Roig, Ana Patricia Botín edo Florentino Pérezek txaloka hartzen dituzte Gobernuaren hitzak batasun nazionalera dei egiten duenean eta euren agenda inposatzen dute: uda aurretik deskonfinamendua azkartu irabazi ekonomikoak babesteko, 100.000 milioi oparitu euren enpresei, Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak aukeran euro bat bera ere ez jartzeko….
Sanchez eta Urkulluk enpresarien argumentu berberak errepikatzen dituzte, ekonomia geratzea sekulako hondamendia izango litzakeela esanez. Baina, egia al da? Ezin al daiteke gelditu oinarrizkoa ez den jardun ekonomikoa horrek kaleratzeak, soldata murrizketak eta langileen eskubideen aurkako erasoak ekarri gabe? Noski posible dela. 2018an enpresariek inoizko irabazi handienak izan zituzten: 500.000 milioi euro. 2019an 450.000 milioi. 40.000 milioik ihes egiten dute urtero zergak ordaintzetik. Baliabide horiek krisi ekonomiko eta sanitarioari gehiengoaren mesedetan aurre egitea baimenduko lukete: funtsezkoa ez den jarduera oro gelditu soldataren 100% jasotzen dela bermatuz -ez diru publikoarekin finantzatuz, patronalen irabaziekin baizik-, benetan galarazi kaleratzeak eta neurri gehigarriak aplikatu lerro horietan. Hori bai litzatekeela ezkutu sozial bat!
Enpresariek enpresak ixtearekin mehatxatzen dutela? Orduan, PSOE-UP Gobernuak horiek nazionalizatu beharko lituzke indemnizaziorik gabe eta langileen kontrolpean jarri, behar sozialak asetzeko ekoizpena bultzatuz. Ez al litzake egoera aldatuko enpresariei oparitu zaizkien 100.000 milioiak osasungintzan eta hezkuntzan inbertituko balira? Edo langabeentzat 1.200 euroko diru sarrera bermatuz saihesten diren zergen diruarekin?
PSOE-UP Gobernua enpresarien aurrean makurtzen den bitartean, 2021ko maiatzera arteko alarma egoera onartu du Autonomi Erkidegoen esku utziz dena. EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak hori patronalaren ofentsibaren buruan kokatzeko baliatu du, are gehiago mugatuz eskubide demokratikoak: sei pertsonatik gorako bilerak debekatuz, etxeratze agindua inposatuz, modu arbitrarioan mugatuz manifestazio eskubidea eta Mozal legea indartuz.
Eusko Jaurlaritzak eta patronalak prestaturiko industria krisia
Aurtengo udaberritik, Euskal Herrian eta Estatu mailan, krisi ekonomikoaren ondorioak benetan suntsigarriak izaten ari dira langile klasearentzat. Enpresa itxierak, deslokalizazioak, plantilla murrizketak, kaleratzeak… zuzenean bidaltzen dituzte dozenaka milaka langile hilero langabeziaren errenkadara, eta lanpostua mantentzen dutenek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eta etengabeko mehatxua jasaten dute.
EAEn pandemia hasi zenetik gutxienez 34.000 enplegu suntsitu dira eta urtea amaitu aurretik kopurua bikoiztu egingo dela aurreikusten da. Ekainerako 21.600 ebentual kaleratu zituzten. Nafarroan, aurreko urteko urriarekin alderatuz, langabezia %22,1 igo da, eta pentsatzekoa da datu hauek okerrera egingo dutela.
Metaleko patronalak mehatxua bota zuen: kaleratzeak egongo dira hirutik enpresa batean gutxienez. Eta EHko enpresa handiak ez dira motz geratu enplegu suntsiketan. Siemens Gamesak Agoizko lantegia itxi du (258 langile), Trenasak Castejongo fabrika ixtearekin mehatxu egiten du (110 langile), ITP aereok langileen %15 kaleratzea iragarri du, Aernnovak %20, Alestisek 585 kaleratze Estatu guztian, Tubacexek langileen %20 kaleratzea eta Iberdrolak %15 iragarri dute, Gestamp multinazionalak GTS eta Matriceria Deusto itxi nahi ditu Zamudion (230 langile kalera), Sidenor… zerrendak jarraitu egiten du eta lanpostuen suntsiketaren eraginak biderkatu egiten dira enpresa hornitzaileetan, azpikontratetan eta beste sektoreetan.
Urteetan irabazi milioidunak izan ondoren, enpresari horiek kaleratu, lantegiak itxi eta enplegua suntsitu dezakete lasai asko, eskualde eta probintzia osoen etorkizuna hipotekatuz. Eta hori egiteko lan erreformen laguntza paregabea dute eta baita joan den hamarkadan lanpostuak etengabe prekarizatzeko erabili dituzten mekanismoena; Aldi Baterako Lan Enpresak, azpikontratazio kateak, “externalizazioa”…. estrategikoak izan dira langile belaunaldi berriaren eskubideak suntsitzeko.
Hala ere, industria birmoldaketa eta enplegu suntsiketa ez dira pandemiarekin etorri diren nobedadeak. Azken hamarkadan euskal industriak 60 mila langile galdu ditu eta BPGan duen pisuaren ia %5a. Aurtengo urtarrilean industria ekoizpen indizea aurrekoarekin alderatuz %2,5 erori zen. Aterraldirik gabeko euri fina izan da, eta ekonomia kapitalistaren krisiak ekaitza lehertu du. Krisi hori ordea, jada iragarrita eta prestatuta zegoen martxoko konfinamenduaren aurretik.
Laugarren industria iraultzaren eufemismoa aipatzen badute ere, patronalaren eta (EAEren kasuan) Eusko Jaurlaritzaren artean planifikatu eta antolatutako industria birmoldaketa baten aurrean gaude. Langabezia, pobrezia eta prekaritatea zabaltzearen kontura aurrera eramateko prest dauden talka plana da. Eusko Jaurlaritzak milioika euro oparitu dizkie enpresa horiei diru laguntzetan. Gestamp bezalako multinazionalek ekainean 8 milioi jaso zituen -iraganean milioi askoz gehiagoren opari zerrenda izanda-. Orain lantegiak itxi, ekoizpena deslokalizatu eta langileak kaleratzen ari dira, administrazioaren oniritziarekin.
Horren aurrean, Arantxa Tapiaren (EAJ) leloak honakoak dira: alde batetik elkarrizketa eta akordio sozialera dei egitea egoera larria delako, eta bestetik langileei soldatak jaisteko eskatzea lanpostuak mantentzeko. Klase agintariaren berezko zinismoa erabiliz, euskal eskuinaren helburua langile klasea etsipenera eramatea da, erasoak onar ditzan. Bitartean patronalarekin eskuz esku lan egiten ari da itxiera horien ondorioz kaleko borroka ez dadin zabaldu eta maila handiagoan garatu. Estrategia banan bana erasotzea da, modu mailakatuan, eta horrela plantillak elkartzea eragoztea, langile klasearen osotasuna ez dadin borrokara animatu.
Borrokak elkartu behar dira greba orokor batean
Borroka sindikalak gorakada ikusgarria izan zuen iaz Euskal Herrian. 2019an grebengatik galdu ziren lanegunak lau aldiz biderkatu ziren 2018arekin alderatuta, 400.000ra iritsiz. 20 urtetako greba jarduera handiena izan zen eta 100.000 langilerentzako hitzarmenak sinatu ziren. Langile borrokaren gorakada hau, mobilizazio sozial erraldoiekin batera eman zen -pentsionistak, greba feministak, gazteriaren borroka errepresioaren aurka, Altsasuko muntaia polizialaren aurka, klima aldaketaren aurka…- Hori izan zen urtarrilaren 30eko greba orokorra bultzatu zuena, arrakasta itzela emanez greba egunari.
Osasun krisiak eta enpresarien mehatxuak joaera hori moztu zuten behin behinean. Osasuna babesteko eta era berean enplegua mantentzeko borrokatu beharrak, instituzioen axolagabekeria eta buruzagitza sindikalen perspektiba faltara elkarturik, “shock” esanguratsua izan ziren langile klasearentzat. Baina hain zuzen ere egoeraren larritasunak, Urkulluren Jaurlaritzaren pribatizazio eta murrizketa politekin batera, haserre soziala biderkatu dute eta langile klasea kaleetara bultzatu dute, zailtasunak zailtasun.
Irailean, urrian eta azaroan kalera atera dira manifestazio eta grebak eginez hezkuntza komunitatea, osasungintza, bi zerbitzuetako azpikontratak, etxez etxeko laguntza, erresidentziak, eskuhartze sozialeko bitartekoak eta noski, geratu ez den pentsionisten borroka besteak beste.
Gainera, greba eta manifestazioak egin dituzte erasopean dauden enpresa guztiak -gorago aipatu direnak-, gehi Bilboko estibaren greba esaterako. Mobilizazio guztiak egon dira poliziaren jazarpen jarraia jasaten eta COVIDaren aitzakian hartutako neurriak erabili dira horretarako.
Baina azpimarratu beharra dago itxieren eta industriako kaleratzeen aurrean, joera plantilla bakoitza banandurik mobilizatzea izan dela (Gasteizen sektore aeronautikoaren manifestazio bat salbu). Bistakoa da horrek indar ikaragarria kentzen diola langile klaseari eta gainditu beharreko mugatze artifizial bat dela, antolakuntzak inposatua. Borrokak sektore berdinetara loturik egoteaz gain -aeronautika, automozioa, etab.- oinarrian jokoan dagoena langile klasearen lanpostuak eta etorkizuna defendatzea da.
Argi dago bide bakarra langile klasearen kaleko borroka dela. Egoera larria bada, are sendoagoa izan behar du borroka horrek. Horregatik, beharrezkoa da borrokak koordinatzea eta kaleko mugimendu sozial guztiarekin bateratzea, grebak sektoreetara zabaltzetik hasiz eta greba orokorraren bideari berriro helduz.
Ezinbestekoa da lanpostu guztiak, zerbitzu publikoak eta gure eskubideak defendatzeko borroka gizartea eraldatzeko borrokarekin lotzea, argi planteatuz enpresen nazionalizazioa langile kontrolpean, eta hori mobilizazio agenda irmoenaren baitan eginez. Hemen, ELA eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalaren ardura erabakigarria da. Hori da itun eta traizioen sindikalismoaren aurrean benetako alternatiba defendatzeko modu bakarra. Eta hori da Ezker Abertzalea eta EH Bildu gidatu behar duen politika ere, sozialdemokrazia egiten ari denaren aurrean benetako alternatiba bat planteatzeko bide bakarra baita.
Benetako ezkerreko politika defendatuko duen alternatiba iraultzaile bat behar dugu krisia kapitalistek ordain dezaten eta ez langile klaseak. Alternatiba hori da hondamenditik salba gaitzakeen bakarra. Elkartu zaitez Ezker Iraultzailera horren alde borrokatzeko.