Auzitegi Gorenak aho batez Bateragune auziko (2012) epaiketak errepikatzea erabaki du. Epai horiengatik, Arnaldo Otegik eta Ezker Abertzaleko lau kidek osorik bete zituzten sei urte eta sei urte eta erdi arteko kartzela zigorrak, eta beste hainbeste urteko inhabilitazio politikoa ezarri zitzaien. Astakeria honek gordin gordinik biluzten du beste behin 78ko erregimenaren eta Estatu aparatuaren izaera frankista, eta zerrendara gehitzen da Catalunyako herriaren aurkako prozesu judizialekin, militarren deklarazio kolpistekin eta monarkiaren ustelkeriarekin batera.

2018an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak adierazi zuen “Bateragune” prozesu judiziala ez zela inpartziala izan eta bidezko epaiketarako eskubidea urratu zela. Hori dela eta, Auzitegi Gorenak aurtengo uztailean epaia ezeztatu behar izan zuen. Ez zuen agertu asmorik inolaz ere zigorrak osorik bete zituzten bost auziperatuak konpentsatzeko. Alderantziz. Togadun frankista hauek paparra ateratzen dute Europako auzitegien aurrean eta epaiketak errepikatzea erabaki dute.

Estatu aparatu frankistak eskuina eta oligarkia hauspotzen ditu

Bistan dago erabaki judizial honek izaera eta helburu politikoak dituela. Ez da kasualitatea aurrekontuen inguruko PSOE-UP Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren baitan ematea eta eskuin espainolistak zebilkien amorruzko kanpaina hauspotu du. Argi eta garbi, klase dominatzailearen sektore honek -diktaduraren oinordekoa- mahi gainean ukabilkada bat eman du ezkerraren oinarri sozialaren aurka; saiakera desesperatu bat da, manipulazio mediatiko “antiterroristak” eta lerro nazionaletako zatiketek hainbeste balio zieten garaietara itzultzeko; eta ohar bat, argi uzteko ez dutela euren pribilegioetan apur bat ere atzera egingo eta instituzioetan dituzten indar eta posizio guztiak erabiliko dituztela horiek defendatzeko.

Eskuin espainolista astirik galdu gabe atera da “Gobernu filoetarra” salatzera. Bestalde, PSOEko buruzagiak, Estatu aparatutik faxistak kentzea aipatu edo helburu bezala jartzetik urrun, berriro ere horien magalean jezarri dira, euren burua justifikatuz eskuinaren aurrean. Horrela, Jose Luis Abalos ministroak zioen Bateragune auzia errepikatzea dela argien frogatzen duena ez dagoela Bilduren zuriketarik Gobernuak egin duen akordioan. Pablo Iglesias berriz, 2011an epaiaren aurka bazen ere - “eskandalagarria da 10 urtera kondenatzea bakearen bi artisau”- oraingoan isilik geratu da, erregimenaren arauak onartzen dituen “Estatu-gizon” gisa.

ETAren amaiera eta eskuinaren amorrua

Eskuin espainolistak eta 78ko erregimenaren Auzitegiek ez dute inoiz zer ospaturik izan ETAren amaieragatik. Alderantziz. Halako inpotentzia eman die hainbeste urtetan errepresioa justifikatzeko abagune hoberena desagertu izanak, ezen hamarkada baten ondoren mamu bera jarraituz dabiltzala. ETAk 2010eko irailaren 5ean su etena iragarri zuenetik Estatu aparatuaren erantzuna errepresioa biderkatzea izan da.

Bateragune auzia adibide argia da zentzu honetan. Ez dago parekorik nazioartean, non Estatu batek bake prozesu bat negoziatu ordez, hain zuzen ere erakunde armatu baten jarduera alde bakarretik amaitzea planteatzen ari diren politikariak atxilotzen dituen.

2009ko urrian, Baltasar Garzón epailearen aginduz, Ezker Abertzaleko 10 kide atxilotu zituzten Donostiako LABeko egoitzan bilera batean zeudela. Bileraren helburua borroka armatuari amaiera ematea zen eta “bide soilik politiko eta baketsuak erabiltzearen” alde egitea. Estatu aparatuak eta noski Garzon epaileak ondo asko zekien hori. Auziperatuek hori azpimarratu zuten epaiketetan eta ETAren jardun armatua publikoki arbuiatu zuten.

Hortik aurrera, armagabetzea eta  2018an ETA behin betiko desegin zen arte, Ezker Abertzaleak bide honetan eginiko pausu bakoitza Estatuak atxiloketa, epaiketa eta kartzelarekin erantzun du, gazteen, Herrirako ekintzaileen, abokatuen, presoen nahiz senideen … aurka. Altsasuko gazteek jasandako muntaiak erakusten du existitu ez arren, erreakzioak behin eta berriz jarraituko duela ETAri hel egiten.

Erregimenaren ahulezia biluzik

78ko erregimenaren jokabide errepresiboa bere ahuleziaren erakuslea da. Bere instituzioen sinesgarritasuna modu zabalean jarri da ezbaian kaleetan egin diren mobilizazio masiboetan. Aurkitu dezakeen irtenbide bakarra errepresio eta manipulazio zitalena da. Baina helburua lortu beharrean, borrokarako gogoa handitu besterik ez du egiten.

Abenduaren 3an “Burgosko prozesuaren” 50. urteurrena bete da, Francoren erregimenaren aurkako lehen garaipen garrantzitsua. Garai hartan erregimena ustelkerian hondoratua zegoen Matesa kasuarekin. Juan Carlos erregea Francoren ondorengo hautatzea aurpegia garbitzeko saiakera zen.

Masa borroka izugarriak Prozesuko heriotza-kondenak atzera botatzea lortu zuen kalean erakutsi zuen indar ikaragarriarekin. Manifestazio masiboak, lantegien geldialdiak, itxialdiak, ikasle grebak etab. egin ziren bai Euskal Herrian – greba orokorra deitzeraino- eta baita Estatu mailan eta nazioartean ere. Lurralde guztietatik inguraturik, erregimenak abenduaren 14ean salbuespen Estatua dekretatu behar izan zuen Estatu espainiar guztian. Baina errepresioak, fusilamenduek, ezkerreko militanteen erailketek, torturek eta atxilotze masiboek ez zuten mugimendua gelditu, aitzitik,  masen irmotasuna indartu zuten garaipenak lortzeraino.

Gaur egun, ETA ez egotea berri oso ona da langile klasearen borroka iraultzailea garatzeko. 78ko erregimenaren instituzioak krisi orokor batean daude eta sinesgarritasuna galdu besterik ez dute egiten ETAren mamua astintzen saiatzen diren bakoitzean. Sozialdemokrazia erabat makurturik dago instituzio horien aurrean, izan ere, egitura guztiaren buru den IBEX 35aren aginteari men egiten baitio. Estatu aparatutik frankistak paretik kentzeko irtenbide bakarra masen borrokan oinarritzea izango da, oligarkiaren interesak zuzenean borrokatuz programa iraultzaile batekin.