Aski da! Erasorik ez eskubide demokratikoen aurka!
Duela hiru urte Kataluniak altxamendu historiko bat bizi zuen. Bi milioi gazte, langile eta herritar baino gehiagok Kataluniako errepublikaren alde bozkatzeko eskubidea gauzatu genuen, Estatuko polizia-indarren errepresio basatiari aurre eginez. Ordutik, errepublikaren aldeko mugimendua, historia hurbileko masa mobilizazio garrantzitsuenen protagonista izan da, benetan leherkari indartsua 78ko erregimenaren aurka. Borroka eredugarri honek justiziaren eta Estatuaren aparatuaren izaera frankista biluzik utzi du. Halaber, independentismoaren barruan ere klase eta ideologia ildoan bereizketa sakona eragin du.
Urriaren 1eko erreferendumaren hirugarren urteurrenean eskubide demokratikoen aurkako eraso berriek markatzen dute testuingurua. Auzitegi Nazionalak, Quim Torra Generalitateko presidentea inhabilitatzeko erabakia hartu du preso politikoen askatasuna exijitzeko pankarta bat eskegitzea egotziz. Oso bestelakoa da, ordea, auzitegi berberak Bankiako zuzendariak errugabetzeko emandako epaia. Kasu horretan, iruzurrak milaka pertsona hondoratu zituen, 25.000 milioi euroko erreskate publikoa eragin zuen, eta ustel koadrila baten poltsikoak ongi betetzeko balio izan zuen. Gertaera honek, agerian uzten du sistema kapitalistaren eta indar erreakzionario eta protofaxistek menderatutako Estatuaren eskrupulurik gabeko izaera.
Inork aukeratu ez dituen epaile frankista hauek Kataluniako herriaren eskubideak zapaldu dituzte berriro, eta demokratikoki aukeratutako Kataluniako Parlamentuaren erabakiak baliogabetzeko ahalmena eman diote beren buruari. Kolpe judizial horri gehitzen zaio, Estatuko Fiskaltza Nagusiak hala eskatuta, aparatu judizialak preso politiko independentistei hirugarren gradua kentzeko eta irekita dauden dozenaka auzi judiziali eusteko hartu duen erabakia. Auzi horiek une honetan 2.500 pertsona baino gehiagori eragiten diete, egin den "delitu" bakarra errepresioaren aurkako protestetan parte hartzea eta mobilizatzea izan denean.
Eztanda sozial berri bat ekiditeko maniobrak
Beste behin ere, 78ko erregimenak lege antidemokratikoak erabiltzen ditu "hemen nork agintzen duen" argi uzteko, eta horretarako baliatzen dituzte elementu frankistez josita eta eskuin zein muturreko eskuinarekin milaka lotura dituzten estatu-aparatua eta botere judiziala. Kaleko norgehiagoka eta hauteskundeak bata bestearen atzetik galdu ostean, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea kentzen saiatzen dira, kartzelarekin, atxiloketekin, erbestearekin eta inhabilitazioekin.
Baina eraso antidemokratiko berri hauek martxan dagoen altxamenduaren harresiaren kontra joko dute. Azken hamarkadan nazio askapenerako mugimenduak izan duen hazkunde azkarrak bi pizkailu izan ditu: batetik, errepresioa eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa, eta, bestetik, krisi ekonomikoa eta murrizketa sozialen, kaleratzeen eta pribatizazioen politika kapitalistak.
Faktore horiek eragin zuten 2017ko urriaren 1 eta 3ko leherketa, Katalunian krisi iraultzailea eraginez. Era berean, iazko urrian eta azaroan Auzitegi Gorenaren epai basatiaren aurka egindako altxamendua piztu zuten eta egungo gizartearen haserrea areagotzen jarraitzen dute.
Kataluniako burgesiaren eskakizunei erantzunez, ERC eta JxCateko buruzagiak ahal duten guztia egiten ari dira mobilizazioa geldiarazteko eta egoerak eskatzen duen mailako erantzunik ez emateko. Burgesia katalanak ere izua dio masen mugimenduak gainezka egin eta, lehen gertatu zen bezala, egoeraren kontrola galtzeari. Hori saihesteko, hainbat argudio faltsu erabiltzen dituzte, hala nola "indar falta" -behin eta berriz mobilizazio erraldoiek gezurtatzen dutena- eta herritarren sektore zabalen kezka logikoa pandemiaren hedapenaren aurrean.
Gauza bera esan daiteke PSOE-UP Gobernuaren maniobrei buruz. Errepresioarekin erabat hautsi eta Kataluniako herriaren autodeterminaziorako eskubide legitimoa onartu beharrean, ezker erreformista edukirik gabeko "elkarrizketa-mahaien" bidez eta indultuak martxan jartzea bezalako filigrana juridikoen bidez saiatzen da ERCko buruzagiak pozik uzten, sutea ez pizteko. Bien bitartean, epaile frankisten presioei men egin eta preso politikoei hirugarren gradua kendu diete. Aldi berean, PSOE Ciudadanosengana zuzendu da aliatu berrien bila, gauzak okertuko balira ere.
Ez dago errepresioarekin amaitzeko benetako borondaterik Urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik zigortutako preso politikoei indultua emateko izapideak irekiko dituztela iragartzean. Amnistia dekretatu beharrean eta bertan preso politiko, erbesteratu eta auzipetu guztiak sartu, indultuaren figura juridikoa erabiltzeak agerian uzten du zein den benetako asmoa. Mugimenduaren presio handiaren aurrean, PSOEk badaki azenarioren bat eskaini behar duela tentsioa jaitsi eta denbora irabazteko. Baina, bestalde, Torraren inhabilitazioaren epaiak frogatzen dutenez, makila da benetan agintean dagoena.
ERCko eta JxCateko buruzagiak ere disimuluz indultuak erabiltzen ari dira mobilizazioari uko egin izana justifikatzeko. Baina ezin daiteke indultuek aurrera egingo dutenik ziurtatu, eskuin politikoaren eta judizialaren erasoaldiaren aurrean. Funtsean, masen mobilizazioarekin amaitu nahi duten eskuinari eta sozialdemokrazia katalanistari argudioak emateko helburua dute, espainiar eta katalan burgesiarentzat oso arriskutsua den krisi sakon bat enegarren aldiz ixten saiatzeko amu gisa baliatuz.
Bere burua Katalunia normaltasunera itzultzearen sustatzaile gisa aurkeztu nahi badu ere, Pedro Sanchezek buru belarri jarraitzen du “rojigualda” soinean eta "batasun nazionalaren" diskurtsoa errepikatuz. Ezbairik gabe, monarkiaren zuriketaren txapeldun gisa agertzen jarraitzen du, eta publikoki aitortzen du behin eta berriz Moncloan duen misioa 78ko instituzioak babestea dela. Zoritxarrez, UPko buruzagien jarrera, guzti honen aurrean, zeharka jartzea edo etsipen keinuak egitera mugatzen da. Pablo Iglesiasek etengabe hitz egin du azken asteetan helmuga errepublikar bat ezartzeaz. Baina Katalunian errepublikaren aldeko borroka indartsu lehertu denean, korrika joan da 78ko Konstituzioaren onurak gogoratzera, eta uko egin dio mugimenduan esku hartzeari, klase-eduki sozialista bat emateko.
Alternatiba iraultzaile bat altxa errepublika sozialista lortzeko
ERCko eta JxCateko buruzagiek Torraren gaitasun gabetzearen eta Gobernuaren promesen aurrean izandako erreakzioa oso esanguratsua izan da. Euren alternatiba amnistia dela dioten arren, begi-bistakoa da U-1eko mandatuari uko egitea erabaki dutela, ez indultu promesa baten truke, baizik eta zigorrak malgutzeko aukera baten truke.
JxCateko buruzagiek aho txikiz kritikatu dute ERC Espainiako Gobernura gerturatzea. Baina haiek ere erakutsi dute ez dutela Kataluniako Errepublika aurrera eramateko asmorik, aplikatzen dituzten murrizketa-politikek eta Kataluniako Gobernutik iazko urrian zuzendutako errepresioak frogatzen dutenez. Torrak berak, inhabilitazioari erantzuteko hitzaldian, ERCko buruzagiak planteatzen ari diren ideia berberak azpimarratu zituen, hala nola, une honetan ez dagoela indar nahikorik errepublika aurrera eramateko.
ERCko eta JxCateko buruzagien helburua koalizio gobernuaren funtzionamendua adostea da, 2021eko urtarrileko edo otsaileko hauteskundeak egin arte. Bien bitartean, hitzaldi eta ekintza "sinbolikoetan" salatu dituzte inhabilitazioa eta eskubide demokratikoen aurkako gainerako erasoak. Beldur dira gaur egungo testuinguruan, errepublikari uko egin izanak eta murrizketa-politikek gero eta haserre handiagoa pizten duten honetan, mobilizazioek gainezka egin eta haien aurka ere zuzenduko ote diren.
Eskuin katalanistaren espazioaren inplosioak, bere garaian Convergència i Unió izan zenaren zatiketa ugarirekin, edo ERCko boto-emaileek eta oinarriek erakusten duten aldarte gero eta kritikoagoak, nazio askapenerako mugimenduaren barruan barne bereizketarako joera hori berresten dute.Mmilioika gaztek eta langilek hauteskunde orokorretan eta udal hauteskundeetan Esquerrari eman zioten botoa, errepublika eta ezkerreko politikak aurrera eramateko izan zen; ez horri uko egiteko eta JxCaten murrizketa eta politika pribatizatzaile berberak aplikatzeko, une honetan egiten ari diren bezala
Egoera honetan errepublika sozialistaren alde modu kontsekuentean borrokatuko duen ezker antikapitalista altxatzeko erronka eta aukera historikoa dago. Baina esan behar da CUPeko buruzagiak ez direla aukera hori aprobetxatzen ari, eta ez direla batere bereizten ari. ERCk eta JxCatek erantzun bat adosteko bileretan ez dituztela sartzen salatzera mugatzen dira.
Gaur, inoiz baino gehiago, kaleko mobilizazioa berreskuratzeko unea da, ez geldiaraztekoa. Baina, gainera, mobilizazio hori gainditzeko programa eta ekintza-plan batez hornitu behar da, azken hiru urteetako borrokaren esperientzia guztiaren ondorioak ateraz.
2017ko urriaren 1ean, Kataluniako herriak eskubide demokratikoen aldeko mobilizaziorik handiena egin zuen diktadura amaitu zenetik. PPren Gobernuak 15.000 polizia eta guardia zibil baino gehiago bidali zituen bozkalekuetan beldurra eta jazarpena zabaltzera, eta 1.000 zauritu baino gehiago utzi zituen arren, milioika gazte, langile eta maila ertaineko sektore zabalen ekintza zuzenak Rajoyren eta Felipe VI.aren plan errepresiboak garaitu zituen.
Bi egun geroago, 2017ko urriaren 3an, errepresioa zela eta milioien haserrea, hauteskunde-zentroetako erresistentzia heroikoak zabaldu zuen gogoarekin batera, Kataluniako historia hurbileko greba orokor masibo eta borrokalarienean lehertu zen. Hiru milioi baino gehiagok kaleak hartu genituen ehunka manifestaziotan. Une horretan, borrokarekin bat egin zuten ordura arte errepublika katalanaren aldeko borroka babesten ez zuten gazte eta langile sektore zabalak. Sektore horiek, ez bazuten hasiera batean aktiboki "Procésean" parte hartu, zuzendaritzan zeuden alderdi agintari burges eta txiki-burgesetan konfiantzarik ez zutelako zen, euren Gobernuetatik murrizketak eta mespretxua besterik ez baitzuten jaso.
Comuns eta Podemoseko buruzagiak Katalunian eta UP Estatu mailan, masa mugimendu bikain hori deskalifikatu beharrean — "elite katalanen mugimendu erreakzionarioa" zela errepikatuz —, haren buruan jarri izan balira, posible izango litzateke Kataluniako langile guztiak batzea eta Estatuko gainerako langileen babesa irabaztea Kataluniako errepublika sozialista batentzat. Zalantzarik gabe, hori izango zen monarkiaren eta 78ko erregimen kapitalistaren aurkako mugimendu handi baten hasiera Estatu mailan ere. Hor du Pablo Iglesiasek aipatzen duen zerumuga errepublikarra zehazteko modua. Errepublika ez da inoiz parlamentuko eserlekuetan konkistatuko. Historiako ikasgaiek, 1931ko apirilaren 14ko aldarrikapenak zein Katalunian 2017ko urriaren 1eko aldarrikapenak, auzia modu konkretuan planteatu dute.
Espainiako eta Kataluniako burgesiak oso ondo ulertu zuen ezkerreko agintari erreformistek (estatukoak eta Kataluniakoak) onartzeari uko egiten diotena. Urriaren 1eko eta 3ko indarraren eta determinazioaren eredua mehatxua zen haien interesentzat, eta ez bakarrik Katalunian, baita Estatuko gainerako lekuetan ere. Madrilen eta beste hiri batzuetan errepresioaren aurkako mobilizazioak izan ziren. Masen ekintza zuzenaren ondorioz lortutako Kataluniako errepublika, ez litzateke geldituko eskuinak edo sozialdemokrazia katalanistak ezarritako mugetan. Langileek eta herriak berehala egingo lukete errepublika hori eurena, beren aldarrikapenei eta beharrei erantzuteko legeak eskatuz, logika kapitalista hautsiz eta errepublika sozialista bihurtzeko borrokatuz. Eta borroka hori Estatuko eta Europako langile klasera eta gazteriara zabalduko litzateke.
Eszenatoki horren beldurrak bultzatu ditu Kataluniako masa-mugimenduaren aurkako neurri errepresiboak, kalumniak eta erasoak. Urriaren 1etik hiru urtera une erabakigarri bati aurre egin behar diogu. Ezker borrokalariak, CUPek, CDRek, ANCko eta Omniumeko oinarri militanteek, errepublikaren aldeko borroka babesten duten sindikatuek eta austeritatearen aurka hainbeste borrokatu duten mugimendu sozialek… Espainiako eta Kataluniako burgesiaren inposaketei aurre egiteko erantzukizuna daukagu. Kaleetan mobilizazioa berreskuratu behar dugu, Kataluniako langileen eta Estatuko gainerako langileen babes masiboa irabaz dezakeen errepublika bakarraren alde borrokatzeko: Errepublika sozialista.
Murrizketekin, kaleratzeekin, etxegabetzeekin eta pobreziarekin amaituko duen Kataluniako errepublika sozialista baten alde ekin behar dugu, gure osasuna eta hezkuntza publikorako erreskate plan bat bermatuko duena, matxismoa, arrazakeria eta edozein zapalkuntza motarekin amaituko duena. Horrek, herritarren gehiengoaren babes sutsua irabaziko luke. Eta helburu hori lortzeko, mugimenduaren zuzendaritzatik kendu behar ditugu sistemaren inposizioak onartzen dituzten eskuineko agintariak eta sozialdemokrazia katalanista.
Hori da, urriaren 1etik hiru urtera, Esquerra Revolucionàriatik defendatzen jarraitzen dugun programa.