Pasa den urtea greba orokorrarekin hasi genuen Hego Euskal Herrian. Langile mugimendua ilusioz eta konfiantzaz bete zuen mobilizazioa izan zen. Arrakasta itzela eman genion eta aurrerapauso benetan garrantzitsua izan zen, azken hamarkadan kendutako eskubideak berreskuratzeko borroka bateratzea planteatzen baitzuen.
Ilusioa eztabaidarekin elkartu zen: “Gerba ondoren zer?” Gure planteamendua oso konkretua izan zen: ezin dugu atzerapausorik eman, bide honetatik jarraitu behar dugu, greba komiteak zabalduz eta indartuz, greba orokor gehiago eginez eta horri eutsi behar diogu gure aldarrikapenak lortu arte.
Greba orokorra altxa zuten borrokek, funtsean, aurrera jarraitzen dute, osasun krisiaren oztopoen gainetik, ez baitago beste alternatibarik. Pentsionistak, hezkuntzako eta Osakidetzako langileak, zerbitzuen sektore pribatizatuak (jantoki, erresidentzia, etxez etxeko laguntza…), administrazioan prekarietatean dauden 50 mila langileak… eta baita itxierak eta kaleratzeak egiten ari diren enpresetako langileak ere. Baina borroka guzti horiek banan bana zatiturik planteatu dira.
Sobera baldintza eta arrazoi daude greba orokorraren bideari berriro eusti eta borrokak bateratzeko. Haserrea langile klasearen zainetan bor-bor egiten ari da. Patronalek eta Madrilgo, Iruñeako eta Gasteizko Gobernuek esaten digute Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak eta eraso guztiak onartu behar ditugula lanpostuak mantentzeko. Baina argi dago, benetan mantendu nahi dutena enpresari irabazi ekonomiko izugarriak direla, enplegua suntsituz, zor publikoa handituz eta murrizketa gehiago eginez.
PSOE-UP Gobernuaren lehen urtea
Urte bat igaro da PSOE-UP koalizioa Madrilgo Gobernuan jarri zenetik. Argi geratu zen, IBEX 35ak eragotzi nahi zuen Gobernua zela eta jatorrian, azken urteetan Estatu espainiarrean eman diren mobilizazioetatik, eta langile klaseak eskuin espainolistaren aurrean jarritako erresistentziatik etorri zen.
Pandemiaren hedapenak segituan jarri zion mahai gainean Gobernu horri politika kapitalistarekin amaitzeko beharra eta baita aukera itzela ere. Lehen urratsak osasun pribatua nazionalizatzea izan behar zuen, eta zalantzarik gabe, babes zabala jasoz egin zezakeen. Baina bestelako norabidea hartu dute. Osasun sistema publikoaren kolapso izugarriak pribatuaren negozioa are gehiago indartu du pandemian. Hamar urtetan etengabeko murrizketak eta pribatizazioak egin izanaren ondorio zuzena izan da, heriotza andana eragin duena.
Osasun krisia hondamen ekonomiko eta sozialarekin elkartu da. Behar gorrian dauden herritarren janari eskaria %40 igo da apiriletik. 11.000 etxe kaleratze egon dira 2020ko lehen seihilekoan PAHren arabera, nahiz eta teorian galarazita zeuden. Etxebizitzarekin hartutako erabaki politikoek ez dute krisiak gehien kolpatu dituen familientzat inolako konponbiderik eskaintzen. Etxe kaleratzeen dekretuak espekulatzaile handiak eta funts putreak sarituko ditu, kaleratzeak 5 hilabetez atzeratzeagatik.
Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu ostean, Pablo Iglesiasek esan zuen “aro berria hasi zela, atzean utziz behin betiko austeritate neoliberalaren eta publikoaren murrizketen garaia”. Baina egia esan, zehatzak izanda, hainbeste aipatzen duten “gastu soziala” bankari eta enpresari handien irabaziak babestera bideratuko da.
Gobernu zentralak 218.400 milioi euro mobilizatu ditu Covid 19aren krisia dela eta. Horietatik 160.000 milioi, banku eta enpresa handientzat izan dira; 100.000 milioi ICO kredituetan eta 40.000 milioi enpresa inbertsioentzat. ERTEen luzapenak 17.000 milioi kostatu dira zuzenean altxor publikotik eta 9.000 milioi enpresariei Gizarte Segurantza eta zergak barkatzetik. Aurrekontuetan berriz, adibidez, osasungintza eta hezkuntza publikora 4.088 eta 2.242 milioi bideratu diren bitartean, zorraren ordainketara 31.675 milioi bideratu dira eta gastu militarra orotara %10,3 igo da, 21.633 milioi euro.
Jakina da politika honek murrizketak ekarriko dituela. Jada, Gizarte Segurantzako Ministroak proposatu du pentsioak erasotzea, kalkulurako urte kopurua 25etik 35era igoaz. Horrek %5,5 eta %12 arteko bataz besteko murrizketa ekarriko luke. Zein ezberdintasun dago politika horien eta 2007-08ko krisian zehar ikusi genituenen artean? Batere ez.
Egia da, Gobernuak oinarritik jasotzen ari den presioa geroz eta handiagoa dela. Horregatik Podemoseko buruzagiek hitz egiten dute pentsioen erreformaren aurka eta saiatzen dira PSOEtik nolabait ezkerrera bereizten. Baina hitzak ez dira nahikoa eta ekintzak behar dira.
EH Bilduren II. Kongresua: klaseko alternatiba sozialista behar dugu
EH Bilduk II. Kongresua egingo du aurten, testuinguru markatu baten erdian. Hondamendi kapitalistak eta patronalaren ofentsibak errotik ezabatu du erdi bideko politika epelak egiteko aukera. EAJren euskal eskuinak alde batetik eta kaleko mobilizazioak bestetik, gauzak oso garbi utzi dituzte: edo burgesiarekin edo langile klasearekin. Kongresua, Gobernu alternatiba bihurtzeko anbizioaren leloarekin hasi da. Esperientziak argi erakusten digu, hori inoiz baino gehiago ezkerrarentzat sistemaren aurrean alternatiba planteatzeko gai izatean oinarritzen dela.
EH Bilduk Madrilgo PSOE-UP Gobernuarekin hartu duen jarrera, aldaketa estrategiko esanguratsua da Ezker Abertzalearentzat. Argi berdea eman zion inbestidurari bloke erreakzionarioaren mehatxuaren aurrean eta Gobernuko alderdiekin akordioa erdietsi zuen lan erreforma indargabetzeko (agerian utziz sozialdemokraziak patronalarekin duen konpromezua). Baina gauza bat da instituzioetako jarlekuak ezkerretik presio egiteko erabiltzea eta guztiz bestelakoa, Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko akatsa egitea, azken batean, IBEX 35aren eta CEOEren aldeko politikak babestea planteatzen baitzen.
EAEko azken hauteskundeek erakutsi diote EH Bilduri, babesa zabaltzeko bidea kaleko mobilizazioaren alboan kokatzea dela -greba orokorra, langile borrokak, Zaldibar, eta abar-. Era berean, erakusten dute langile klasearen abstentzio handia jasotzeko, ezkerrerago eraman beharko duela programa eta ekintzetan defendatu beharko duela, instituzioetan zein kalean.
EAJren eskutik prozesu soberanista martxan jartzeko saiakerak porrot egin dute behin eta berriz. Langile klasea izan da bide hori itxi duena EAJren politika kapitalistei eta errepresiboei aurre eginez. EAEn 20.000 pertsona baino gutxiagok ia 40.000 milioiko ondarea deklaratzen dute, aberastasun osoaren %57. EAJk ordezkatzen duen klase sozial hori, ez dago prest eskubide demokratikoen alde egiteko. Horiek erasotzea da bere premiazko lehentasuna eta 78ko erregimena da horretarako estaldurarik hoberena.
Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea lortzeko bide bakarra klaseko alternatiba antikapitalista eta iraultzaile baten planteamenduan datza; ezinbestean, burgesiari banku eta enpresa handien jabetza kentzeko programa defendatu behar da, baliabide ekonomikoak planifikatuz eta horiek masen beharrak asetzeko antolatuz.
Ez da inolako utopia, geroz eta larriagoa den beharra baizik. Greba orokorraren bidea hartzeak eta gure eskubideak defendatzeko borrokak bateratzeak oligarkia handiaren interesen aurka egitea esan nahi du. Hori soilik lortuko dugu gure borroka euren diktadura eraistera eta gizartea eraldatzera bideratzen badugu.