Euskal Herrian etenik gabe eztanda egiten ari dira langile borroka gogorrak, mobilizazio handiak eta grebak azken hilabeteetan. Batez ere industrian, patronalaren ofentsibak lanpostu suntsiketa ikaragarria hartu du helburutzat. ERTEak ERE  bihurtzen dira eta kaleratze kolektiboak izurrite gisa zabaltzen dira, bai enpresa nagusietan bai hornitzaileetan ere. Patronalek “terrorezko” giroa sortu nahi dute banan banako erasoaldi bateratuan, baita oraindik kaleratze asmoen berri ez duten enpresetan ere, langileek mehatxua sentitu eta burua makur dezaten, funtsezko eskubideak erasotuz, azpikontratazioa, prekaritatea edota langabezia zabalduz, batez ere gazteetara.


Era berean ordea, langile klaseak argi utzi du gerra honetan ez duela borrokatu gabe amore emango. Oinarritik hasita, langile asko esperientzia eta ikasgai handiak eta garrantzitsuak ateratzen ari dira. Horren erakusle argienak izan dira, aurtengo urtarrilaren 30ean Gasteizen 50 enpresa batzorderen babesarekin egin zen manifestazio jendetsua edota Tubacexeko greba mugagabea eskaintzen ari den eskola: martxoaren 5ean Aiaraldea guztira zabaldutako geldialdia, martxoaren 13an Barakaldoko PCBrekin batera egindako manifestazioa, edota martxoaren 22an Laudion egin zen manifestazioa 17 enpresa batzorderen babesa bilduz eta eskualdea mobilizatuz.

Funtsezkoa da langile borrokak bateratzea, ahalik eta maila zabalenean eta irmotasun handienarekin. Ez gara nekatuko hori azpimarratzen, jokoan dagoena oso garrantzitsua baita. Hori da patronalen mehatxuari aurre egiteko eta langile klaseak duen indar geldiezina mahai gainean jartzeko bide bakarra. Ikusitakoak ikusita, nork jar dezake zalantzan greba orokorren dinamika jarraitu bat berehala martxan jartzeko beharra? Zein da, EHko sindikatuek oraindik deialdirik egin ez izanaren aitzakia?

EAJ-PSEren Jaurlaritza patronalaren zerbitzura

Urkullu buru duen patronalaren Jaurlaritzak argi dauka: diru publikotik beste 430 milioi euro oparituko dizkie lanpostuak suntsitzen buru belarri dabiltzan enpresari handiei, gero murrizketa eta pribatizazio gehiagorekin ordaindu ditzagun. Aldi berean Ertzainak bidaltzen ditu Tubacexekoa bezalako langile borrokak modu bortitzenean jazartzera, zuzenean borrekin eta gomazko pilotekin kargatuz. Hori da sistema kapitalistan egon daiteken polizia eredu bakarra: patronalaren interesak defendatzeko indar armatuak dira. Ez dago bestelako polizia eredu propio posiblerik, EH Bilduko buruzagiek hori esan arren.

Jakina da kapitalista handiei diru publikotik eman zaizkien milaka milioi euroak -Europako funtsekin, Gobernu zentral eta autonomikoen “erreskate” paketeekin, ERTEetan, zerga pribilegioetan…- ondorio zuzenak ekarriko dituela. Baina ez da lanpostu duinak mantentzeko izango.

Zorpetze publiko ikaragarri hau murrizketa eta pribatizazio gehiagorekin, eta besteak beste, pentsio erreformarekin ordainarazteko asmoa du IBEX 35ak eta bere zerbitzura dauden instituzioek. Prestatzen ari den erasoaldi berriak sektore publikoko eta pribatizaturiko zerbitzuetako langileentzat lanpostua galtzea zein prekaritatea eta lan karga handitzea ekarriko du. Era berean, denontzat funtsezkoak diren zerbitzuak eta eskubideak deuseztatzeak (osasungintza, hezkuntza, zaintza lanak, pentsioak, langabezia sorospena…) eta horiek negozio bihurtzeak ondorio lazgarriak ekarri ditu eta egoera okerrera eraman nahi dute. Estatu espainiarrean 100 mila inguru hildako utzi dituen pandemiak modurik krudelenean erakutsi harrapakeria kapitalistak dituen ondorioak.

Horregatik da hain indartsua sektore hauen borroka, hezkuntzan, haur eskoletan, Osakidetzan, erresidentzietan eta gainontzeko zaintza lanetan egin diren grebak, interinoen borrokak eta abar. Indar horrek bultzatu du apirilaren 22an sektore publikoan ESK, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta STEILAS sindikatuek egin duten greba deialdia. Baina greba sektore publikoko langileei soilik deitzeak, muga nabarmena du. Hasteko, pribatizatu diren zerbitzuak hain handiak izanik, langile horiek ere grebara deitu behar dira euren lanpostuak bermatzea eta hobetzea defendatuz, lan egiten duten zentroak publifikatu daitezen exigitzeko.

PP, Cs, Vox, EAJ eta PSOEko agintariak prest daude langile klasearen aurkako gerrarako. Baina, mobilizazio sozialaren eta langile borroken alboan kokatu den EH Bilduk ezin dio eskua berriro luzatu EAJren eskuinari eta politika kapitalistak abalatu, Europako funtsak Madrilen elkarrekin defendatzeko eskatu dion bezala. Ezkerreko sindikalismoak eta alderdiek, logika kapitalistaren menpekotasunarekin hautsi eta zuzenean konfrontatu behar dute eskuinak ordezkatzen dituen interesak, kaleko borrokan oinarrituz eta alternatiba antikapitalista kontsekuenteki defendatuz.

Ez da Covidaren eskutik etorri den “krisi koiunturala”

Zuzendaritza sindikaletatik, izan CCOO eta UGT, LAB edota ELA, lan gatazka garrantzitsuenetan behin eta berriz errepikatu da krisia “koiunturala” dela. Argudio bezala erabili da, urteetan mozkin handiak irabazi dituzten enpresariei esateko eta diru laguntzak lepo eman dizkieten Gobernuak presionatzeko, ez dela egiturazko kaleratzerik egin behar; prest daudela aldi batez eskubide partzial batzuei uko egiteko edota lanpostu batzuk bidean uzteko langileei irtenbide ona ematen bazaie, baina elkarrizketa behar dela, enpresek ere beren aldea jar dezaten.

Hori akats larria da, esperientziak erakusten baitigu ahultasuna erakusteak eraso gehiago ekartzen dituela. Baina hasteko galdetu behar da: krisia hilabete batzuetako arazoa al da? Gauzak bere onera etorriko al dira birusak eragindako “koiuntura” amaitzean?

Erantzuna ezezkoa dela jada argi ikus daiteke mundu mailako kapitalaren erakundeen aurreikuspen gero eta ezkorragoetan. Krisiaren izaera eta sakontasuna ezkutatu nahian propaganda itzela egin badute ere, errealitateak azterketa marxista berretsi du berriro ere eta kapitalistek, gogoz kontra, egoeraren larritasuna aho txikiz aipatu behar dute, baita euskal burgesiak berak ere. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile den Bingen Zupiriak honakoa esan zuen martxoan egindako elkarrizketa batean: “Nahiz eta nazioarteko lehen informeek zioten krisi ekonomikoa udara artekoa izango zela eta suziria bezala igoko zela ‘V’ forman, gertaerek erakutsi dute ‘V’ hori ez dela existitu eta ateratzea kostako den haran batean gaudela, ondorio ekonomiko eta sozialekin”.

2021eko martxoan Nazioarteko Diru Funtsak enegarren aldiz aurreikuspen ezkorragoak argitaratu ditu, aurten Estatu espainiarreko BPGa %5,9 haziko dela esanez eta 2022an %4,2, kontuan hartuz 2020an %11,1 erori zela. Ez da inolako sekretua ordea, aise okerrera egin dezaketen aurreikuspen horietan, langile klasearen aurkako erasoaldi ikaragarriarekin kontatzen dutela eta esate baterako, langabeziak 2026ra arte hazten jarraituko duela diotela. Zein da oinarrian dagoen arazoa?
Zehatzak izateko, 2008koa ez zen “finantza-krisia” izan eta oraingoa ez da Covidaren krisia. Ekonomia kapitalistaren mundu mailako gain ekoizpen krisi baten aurrean gaude funtsean, 2008tik konponbiderik izan ez duena, eta hamarkada honetan larriagotu egin dena. Bai, ekoizpen gaitasun handiegia dago kapitalistentzat. Ezin dute merkantzien salmentan irabaziak handitzen jarraitu, urteetan pobretu dituzten langile masek ezin dutelako hainbeste produktu erosi eta, ondorioz, lantegiak ixten eta ekoizpen baliabideak deuseztatzen dituzte, krisia beheranzko sorgin-gurpil bat bihurtuz.

Kredituan eta espekulazioan oinarritzea izan da kapitalista handientzat, momentuz, irabazi ekonomikoak pilatzen jarraitzeko bidea. 2008tik egin ziren “erreskate planek” bankuei zorpetze publikoarekin espekulazio operazio erraldoiak egitea ahalbidetu zien, aurrekaririk gabeko ikaragarrizko fikziozko kapital burbuila sortuz.
2019an, birusa egon gabe, munduko ekonomiaren krisirako elementu guztiak mahai gainean zeuden. Esate baterako, zor publikoa eta pribatua 253,6 bilioi dolarretako errekorra izatera iritsi zen, mundu mailako BPGaren %322a! 2020an, nazioarteko merkatu guda latzean zebiltzan potentzia inperialista guztiek, krisi honi iraganeko irtenbide katastrofiko berbera ematea erabaki zuten, zorpetze publiko handiagoarekin. Ez da funtsezko arazoa konponduko, baina latz ordainarazi nahi digute.

Alternatiba iraultzailea da bide bakarra

Krisi ekonomikoa benetakoa eta sakona da. Horregatik, borroka sindikala ezin da eskaintza-eskariaren logika kapitalistara baldintzatu. EH Bilduk edota Podemosek ezin dute parlamentuetako kudeaketa hutsarekin langile masen arazoak konpondu daitezkeela planteatu, hori ezinezkoa baita. Langile gatazketan zein parlamentuetan, lanpostuak eta eskubideak kontsekuenteki defendatzeko modu bakarra, mobilizazio bateratuan oinarrituz alternatiba iraultzailearen alde egitea da: banku eta enpresa handiak burgesiaren eskuetatik desjabetzea eta horiek langile kontrolpe demokratikoan ezarriz, ekonomia giza beharren arabera planifikatzea.

Kapital handiaren interesekin zuzenean konfrontatuko duen ezker borrokalaria behar dugu: autoritarismoari eta erreakzioari kaleetan aurre egingo diona, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituena pribatizazioarekin amaituz, langabeziari aurre egiteko hilean 1.200 euroko sorospena bermatuko duena aberatsei ezarritako zergekin finantzatuta, eta etxebizitza publiko duina izateko eskubidea defendatuko duena, etxegabetzeak debekatuz eta bankuen eta funts putreen eskuetan dauden milioika etxebizitzak desjabetuz. Kapitalistek ezin badituzte lanpostuak mantendu, lantegien nazionalizazioaren alde borrokatu behar da kalte ordainik gabe, langile kontrolpean ezartzeko.
Antolatu zaitez Ezker Iraultzailean altenatiba hori eraikitzeko! 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.