Klase arteko borrokaren talkak geroz eta gogorragoak dira Euskal Herrian. Guda honen erdian, langile klasea esperientzia benetan baliagarriak ateratzen ari da, eta patronalaren erasoen aurrean indarrak batzeko egindako urratsak garrantzia berezia dute: urtarrilaren 30ean Gasteizen 50 enpresa komiteren babesarekin egin zen manifestazioa bezalako iniziatibak aurrera egiten ari dira, gure klasearen indarra elkartuz.


Maiatzaren 28an Bilboko kaleak bete ziren gatazkan dauden lantegietako 2000tik gora langilerekin, ITP, Petronor, Tubacex, H&M eta beste hainbat enpresa komitek deituta. Inor ez dago soberan! oihukatzen zen enpresak izendatuz, txalo eta kontsigna artean giro borrokalarian. Egun gutxiren buruan, 4 orduko lanuztea egin zen Aiaraldean eta asteburuan EAEko sektore publikoko manifestazio bateratuak egin ziren.

Borrokan ari diren langileak elkartzean arnastu den giroa eta indar sentsazioak argi erakusten du zergatik dion burgesiak hainbesteko beldurra gure klasearen potentzialari. Histeriarekin eta xantaiarekin erantzun dute Tubacexeko enpresariek, “greba mugagabeak atzera bueltarik gabeko ondorioak ekarriko dituela” esanez. Langileek 100 eguneko greba egin ostean aurrera jarraitzean zerbait izan bada garrantzitsua borroka zabaltzea eta babes masiboa eskuratzea izan da. Era berean, borroka horrek sakonean inspiratzen ditu milaka langile eta gazte, Euskal Herrian eta baita Estatu mailan ere.

Bistan da, zuzendaritza sindikalek praktikatu duten enpresaz enpresako borrokak ez direla nahikoa gainean dugun ofentsibari aurre egiteko. ELA eta LABek horrekin hautsi eta erreakzionatu egin behar dute. Langileen presioa behetik indarra hartzen eta bidea egiten ari da. Ezinbestekoa da norabide horretan aurrera egitea, borrokan dauden langile guztiak eta erasoak jasaten ari diren beste hainbeste elkartzeko, pentsionistekin, gazteriarekin, sektore publiko osoarekin, mugimendu feministarekin…

Greba orokorra behar dugu eta baita jarraipena emango dion borroka plan bateratu bat ere,  mobilizazio eta greba gehiagoko egutegi tinko bat eginaz. Hori da dugun arma hoberena klase bezala kapitalisten diktadurak inposatu nahi dizkigun eraso guztiei aurre egin eta garaitzeko.

EAJ patronalaren ofentsibaren buruan

Langile klasearen aurkako erasoaldi hau ezinezkoa litzateke PSOE-UPren Gobernuaren kolaboraziorik gabe. Babes ikaragarria eman die enpresari eta bankari handiei milioiak oparituz laguntza fiskaletan, funts galduetan, ERTEetan, etab. Langileei berriz, hori dela “ezkutu soziala” esan zaigu, eta enplegua defendatzeko modu bakarra enpresari ikaragarri aberats horiei irabazi ekonomiko geroz eta handiagoak ematea dela. Horrela denak pozik? Langile familiak alboraturik eta desmobilizaturik uzten diren bitartean, IBEXak gehiago nahi du, kaleratze merkeagoak, lan eta pentsio erreforma gogorragoak, murrizketa eta pribatizazio gehiago, argindarraren faktura ikaragarri garestitu.

EAJ izan da, eskuinetik PSOE-UPren gobernuari patronalaren interesak gehien gogorarazi dizkiona. PP babesteaz utzi eta Pedro Sanchezen alboan jartzetik gehien interesatu zaiona mobilizazioa geldiaraztea izan da: Catalunya autonomismora bideratzea, 78ko erregimenaren egonkortasuna bermatzea, eta enpresarientzat kosturik ez duen “kontratu soziala”. Bien bitartean, EAEko eta Nafarroako Jaurlaritzetan PSOErekin batera, politika kapitalisten lehen postuan kokatzen da:  enpresariei zergak kenduz, diru publikoa oparituz, zerbitzu publikoak murriztu eta pribatizatuz eta errepresio poliziala ezarriz langile borroken aurka.

Sabin Etxean oso kontziente dira bere agintearentzat langile borrokek suposatzen duten arriskuaz. Ez alferrik, maiatzaren 28an Bilbon hainbat enpresa komitek egindako manifestazioan, langileek euren kabuz egindako kartel mordoa zeramatzaten PNVren aurka.

Jeltzaleen lehentasuna ezkerra mendean hartzea eta otzantzea da. Horregatik sartzen dira Elkarrekin Podemosekin negoziatzera pandemiaren aurkako legea eta EH Bilduri Estatutu berriaren eta Autogobernurako Ponentziaren paper zikina astintzen dio, ea amua irensten duen. Hori bai, esanaz “Estatutu berria ez dagoela izozkailuan, baina ez dela lasterketa”. Langile borrokaren gorakada handi honetan, EH Bildu bere atzetik jartzen badu eta bide batez, konpetentzien transferentzia gehiago lortzen baditu, horiek kontrolatzeko eta pribatizatzeko, karanbola ederra litzake eskuindarrentzat.

Erreforma edo iraultzaren bidegurutzea

Nazioartean eta Estatu mailan “ezker berriak” jasandako porrotek ikasgai handiak eskaintzen ditu. Tarteko bideak ez dira inolako alternatiba “errealista”: politika edo kapitalisten alde egiten da edo langileen alde. Edo arazoa borrokatzen duzu edo arazoaren parte bilakatzen zara.

Madrilen ezkerraren ukoek eta desmobilizazioak bidea ireki diote eskuin faxistenari. Esperientziak argi erakusten digu ezin dela 78ko erregimenarekin amaitu, erabakitzeko eskubidea eskuratu edota langile klasearen eskubideak defendatu instituzioetan akordioak lortuz eta are gutxiago euskal eskuinaren eskutik.

Bide bakarra geroz eta indartsuagoa den langile borrokan oinarritzea da, mobilizazioa indartzeko eta zabaltzeko urratsak ematea. EH Bilduk hori egiten badu, noski, aurkari asko irabaziko ditu patronalaren eta eskuinaren artean. Ongi etorriak, aurkakotasun horiek. Arriskutsuena sektore horien laudorioak eta lankidetza eskaintzak izaten dira.

Bidegurutze honen aurrean dago Ezker Abertzalea. EH Bilduk maiatzean II. Kongresuko prozesua amaitu ondoren Arnaldo Otegik elkarrizketa batean zioen ezker independentistak beti eskaini diola EAJri gutxienekoen akordioa. Bestalde, PSOE-UPren Gobernuaren aurrekontuak babestu izanaren akatsa dago, eskuin espainolistaren mehatxua argudiatuz.

 Ezker parlamentariotik eta sindikatuen zuzendaritzetatik sozialismoaren defentsa alboratzen da eta aberastasunaren banaketa bidezkoa aldarrikatzen da “alternatiba sinesgarri bezala”. Ideia sinplea dirudi, baina are sinpleagoa da horrek praktikan dituen mugak frogatzea. Aberatsei zergak igotzeko helburuak ez ditu egungo gizarteko botere erlazioak aldatzen.

Enpresen eta bankuen jabetza esku pribatuetan badago, Estatuko politikak, justizia eta polizia ere euren kontrolpean egongo dira. Botere hori erabiltzen dute beren interesen aurkako politiken mehatxua ikusten badute, boikotarekin, kapitalen ihesarekin, nazioarteko zigor ekonomikoekin, Estatu kolpeekin, etab.

Nola aurre egin horri? Enpresa handiak eta bankuak desjabetuz eta horiek langile kontrolpean ezarriz, langileak erreprimitzeko estatu-erakunde eta lege guztiak deuseztatuz eta langile organo demokratikoekin ordezkatuz. Hori da alternatiba erreal bakarra, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea.

Borroka hau ez da urruneko zerbait, hemen eta orain hasten da. Indarrak batu eta kaleetan borrokatu behar dugu, baina era berean, alternatiba bat ere behar dugu kaleratzerik egon ez dadin eta gainean ditugun erasoei aurre egiteko. Badakigu ezein negoziazio edo epai judizialek ezin duela ezeztatu irabazi pribatuak agintzea Tubacex, PCB-ITP eta borrokan ari diren beste hainbat enpresatako lanpostuen gainean.

Noski, ezin dugu onartu laguntza publiko milioidunak jaso eta etekin izugarriak lortu ondoren, enpresari hauek gu langabeziara eta miseriara kondenatzea. Beraz, egoera horretan dauden enpresa guztiak langileen kontrolpean nazionalizatzea aldarrikatu behar da, eta premia sozialak asebetetzeko jarri behar dira martxan, premia horiek asko baitira. Hori da behar dugun alternatiba politikoa, Ezker Abertzaleak eta klaseko sindikatuek defendatu beharko luketena! Ezker Iraultzailetik defendatzen dugun alternatiba da!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.