Ezkerreko alternatiba iraultzaile baten alde borrokatu behar dugu!

Krisi ekonomikoak langile klasea geroz eta gogorrago kolpatzen duen bitartean, Espainiako gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak murrizketa gehiago egiteko asmoa dute. Erasoen agendaren lehen lerroan kokatzeko asmoz, EAJ indartsu dagoela erakusten saiatu da PSErekin duen gehiengo absolutuan oinarrituz eta Elkarrekin Podemosek kolaboraziorako duen jarrera goraipatuz.


Hala ere, indar instituzionala harropuztu arren, horrek zuzenean talka egiten du langile borroken eta mobilizazio sozialaren gorakadarekin, datozen hilabeteetan greba orokorra egitera bultzatzen ari dena. Ez da ahaztu behar, 2020ko greba orokorraren ondoren, Urkullu bost egunen buruan atera zela hauteskundeak aurreratzera, “udaberri gorri” baten beldurrez.

Klase agintariak erabateko desastrera darama ekonomia kapitalista. Irabazi kapitalistak salbatzeko sartutako likidezia txorrotek -zor publiko izugarriarekin espekulatzea indartuz- inflazioaren gorakada itzela eragin dute. Ondorioak etxean dauzkagu dagoeneko. KPIa %3,3 igo da abuztuan. Prezioen gorakadak, elektrizitatean, erregaietan, alokairuan, premiazko elikagaietan…, zuzenean eta egunero jaten ditu langile klasearen bizi baldintzak. Enpresarien mozkinak, aldiz, ikaragarri igo dira. Lehen sei hilekoan 40.405 milioi eurotan igo da (ia %230 gehiago) enpresa kotizatuen esplotazio gordina iazko aldi bearekin alderatuz.

Bien bitartean, EAEn suntsitutako enpleguaren %38 ez da berreskuratu (16.500 lanpostu) eta hitzarmenen soldatak gutxien igo diren erkidegoa da (%0,77 eta Nafarroan %1,46)

PSOE-UPren gobernua: langileak baztertuz eta Ibex35arekin kolaboratuz

Pandemia hasi zenetik ministroek aho betez zioten “oraingoan ezberdina izango dela eta inor ez dela atzean geratuko” eta “ezkutu soziala” altxatuko zutela. Baina hizkera “sozial” horren atzetik, Gobernuak hartu dituen neurrien helburua enpresa handien irabaziak babestea izan da, diru publikotik 160.000 milioi euro eskura emanez.

Ibex35a eta CEOE oso gustura daude PSOEren “batasun nazionaleko” politikarekin eta CCOO eta UGTko buruzagiek mantentzen duten bake sozialarekin. Patronalak “irailean eta urrian laguntza mordoa” izan dadila eskatzen du (Europako funtsen 140.000 milioiak). Pablo Iglesias erretiratu denetik, UPrekiko zuten deskonfiantza uxatu egin da. Udan egin zen gobernu birmoldaketak bidea zabaldu die Sanchez eta Nadia Calviñori, finantza kapitalaren ordezkari zuzena, eta Yolanda Díaz daukate ezkerretik txaloak jotzen.

EAJk, noski, bide horretan presionatu du eta PSOEren aliatu nagusi gisa kokatu da. Bere ahaleginak eskaini ditu Gobernuarentzat eta Estatu guztiko burgesiarentzat funtsezkoa den eginkizun batean: Kataluniako errepublikaren aldeko borroka lurperatzea. Horregatik promozionatzen dute hainbeste Urkulluk eta Aitor Estebanek “elkarrizketa mahaiaren” panazea. Indultuen ostean ikasturtearekin hasten den Espainiako gobernuaren eta ERC-Juntsen Generalitatearen arteko “elkarrizketa fartsa” horretan, Pedro Sanchezek argi utzi du ez dela eztabaidatuko autodeterminazio eskubidea.

Azken batean, EAJK eta kapitalista katalanek ulertzen duten bezala, Espainiako klase agintariaren zati batek ere ulertu du errepublikaren aldeko mobilizazio indartsua itzaltzea ezinbestekoa dela euren agenda aplikatzeko eta errepresioaren alde bakarrik egitea kale itsu bat dela, etengabe ezegonkortasuna eraginez.
Horretarako, ERCko eta Juntseko buruzagietan oinarritzen dira, mahai honekin ilusioak esplotatzen ari baitira, mobilizazioari eta U-1eko mandatuari bizkarra eman eta autonomismoaren bidera itzultzea dutelako helburu. Era berean, Prateko aireportuko proiektuan ikusten ari gara -EAJren AHTa gogorarazten du- Kataluniako Governak akordioak nahi dituela Gobernu zentralarekin enpresari handien poltsikoak betetzeko, nahiz eta protesta mugimenduak presionaturik disimulatu egin nahi duen.

EAEko estatus politiko berria: EAJren sagar ustela

EAErako estatus politiko berriaren eztabaida berriro itzuli da. EAJk bere ustezko nazionalismoaren  iragarki kanpaina abiatu nahi du eta bide batez EH Bilduri amu bat ezarri, horrela ezkerreko oposizioa ezeztatu eta bere armiarma sarean endredatzeko. Era berean, eskuin espainolistaren antzera jokatzen du ETAren mamua erabiliz, presoen ongi etorriekin edo EH Bilduri egotziz kale borroka sustatzen ari dela, zerikusirik gabe, gazteriaren aurka Ertzaintzak berak eragiten dituen istiluengatik.

Euskal ustelkeriaren alderdiak (Alonsotegi), ate birakariarenak (Euskaltel, Repsol, etab.) eta errepresioarenak (Tubacex, Petronor, ITP…), argi utzi du ez duela autodeterminazio eskubidea aipatzea ere nahi. Aitor Estebanen hitzetan “aitortza nazionalak euskaldun zein euskaldun-espainiar sentitzen direnak elkartzen gaitu. Gauza konkretuak proposatu behar dira” eta jeltzaleen arabera, alderdi guztiak batuko dituztenak. Euskal eskuinarentzat auzi konkretua ordea “autogobernu” gehiago lortuz, gehiago pribatizatu eta negozio gehiago egitean datza.

Horregatik, maniobra hori agerian utzi beharra dago eta klaseko mobilizazioaren bidez birrindu. Nahiz eta EAJren maniobra bistakoa den, ezker abertzaleko zenbait buruzagik argumentatu izan dute EAJri eskua zabaltzea eta bide subiranistara batzeko eskatzea, jeltzaleak agerian uzteko eta bere boto emaileak erakartzeko bidea dela. Esperientziak erakutsi du kontrakoa gertatzen dela, horrek EAJ indartzen duela ezkerreko estalkia emanez bere maniobrei.

Programa sozialista berreskuratu

Autodeterminaziorako eskubidea konkistatzeko bide bakarra 78ko erregimenaren zaindariak garaitzea da, euskal eskuina eta ordezkatzen duen patronala barne. Ezinbestekoa da eskubide nazionalen aldeko aldarria borroka antikapitalista kontsekuente bati lotzea. Horretara jotzen du kaleetako borrokak, bai Katalunian, bai Euskal Herrian.

Euskal Herriko mobilizazio soziala eta borroka sindikala gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta horrek presio egiten du EH Bildu barnean ere. Horren ondorioa da EAren barne krisia, EH Bildu barruan eskuineko oposizioa indartzearen edo, iraganean bezala, EAJren altzora bueltatzearen artean eztabaidatzen ari dena. Sortuk programa sozialista defendatuko balu, EA azkar aterako litzateke koaliziotik ihesi. Joan daitezela. Parasito sorta bat dira, eta jokatu duten paper bakarra ezkerreko programa are gehiago desegitea izan da.

Kapitalismoak ezartzen duen errealitate gordinak ezinezko egiten du langile klasearen oinarrizko beharrak defendatzea erakundeetan patronalaren eta bankuen boterea onartuz. Hori da sozialdemokraziaren krisiaren oinarria. Hori dela eta, ez da nahikoa gizarte eraldaketaz, elkartasunaz eta gehiengoekiko errespetuaz modu abstraktuan hitz egitea, askotan EH Bilduren zuzendaritzatik egiten den bezala. Zehatzak izan behar dugu. Arazoa kapitalismo basatia bada, helburua enpresa handiak eta bankuak desjabetzea eta langileen kontrol demokratikoaren pean jartzea izan behar da. Hori da ezkerrarentzat eta langileriarentzat "bideragarria" den programa bakarra, programa sozialista. Hori tinko defendatuko duen ezker iraultzaile bat eraiki behar dugu.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.