Autodeterminazioaren eta sozialismoaren alde borrokatu behar dugu orain!
Pasa den azaroa abendua artean, EH Bilduk akordioak erdietsi zituen alde batetik, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzarekin EAEko aurrekontuak babesteko abstentzioaren bidez, eta bestetik, Madrilgo PSOE-UPren Gobernuarekin, Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituela bermatzeko. Aurretik, Nafarroako Gobernuaren kontuak onartzea erabaki zuen.
Otegi bera atera zen EAJrekin hitzartutako akordioa defendatzera, esanez ez direla gure aurrekontuak, baina orain hobeak direla herritarrentzat. Aste batzuk lehenago, Estatuko Aurrekontu Orokorren babesaren inguruan, akordioak "ezkutu soziala iraunkortzen" zuela esan zuten. Nahiz eta parlamentuko ezkerrak propaganda kanpaina handia egin duen, bai UPren aldetik, eta orain baita EH Bilduren aldetik ere, egia esan aurrekontu horiek ez dira krisiari “irtenbide soziala” emango dioten inolako paradigma aldaketa.
Ustezko ezkutu sozial horrek ez ditu amaitu gosearen ilarak, eta ez du eragotzi egunero etxegabetzeak egiten jarraitzea. Ez du geldiarazi argiaren eta gasaren igoera ikaragarria, energia monopolio handien mesedetan. Ez du eragotzi desberdintasun sozial lazgarria esponentzialki haztea. Ez da atzera bueltatu murrizketen eta pribatizazioen ondorioz osasun eta hezkuntza publikoek jasaten duten triskantza. Ez ditu geldiarazi kaleratzeak, EEEak eta prekaritatea hedatzea, eta ez ditu ezabatu lan kontrarreformak. Eta ez du eragotzi pentsioen kontrarreforma berri bat onartzea, erretiro aurreratuak gogortzeko eta erretiro adina 67 urtetan mantentzeko.
EH Bilduko zuzendaritza geroz eta nabarmenago biratzen ari da parlamentarismoa eta ekintza instituzionala ardatz dituen politika “errealista” eta “arduratsurantz”. Akats larria da promesa hutsalekin eta ogi apurrekin konformatuz, funtsezko auzietan patronalaren eta bankuen interesak bermatzen dituen politika honetan murgiltzea. Unidas Podemosen esperientzia negargarriak abisu serioa beharko luke Ezker Abertzaleko buruzagientzat. Zuzendu eta norabidea aldatu behar da.
EH Bilduk EAJren eta PSOEren bake sozialerako estrategia azpimarratu du
Gehiengo osoa izan arren, EAJk interes handia zuen EH Bilduk aurrekontuei babes politikoa emateko keinuan. EH Bilduk, azaroaren 20ko manifestazioan Bilbon 60.000 pertsona baino gehiago bildu zituenean, agerian geratu zen berriz ere, zernolako potentziala dagoen ezkerreko alternatiba kontsekuente bat altxatzeko EAJren eta patronalaren politiken aurrean. Hala ere, EH Bilduren abstentzio horrek langileria eta gazteria abertzalea desarmatzen ditu.
Aurrekontuen adostasun honek helburu argia du: Euskal Herrian kosta ahala kosta bake soziala ezartzea. EAJrentzat hori erabakigarria zen, hain zuzen ere, langile borroka eta greba gogorren testuinguruari aurre egin beharrean egon baita. Enpresarien ofentsibaren aurka Tubacex eta hainbat enpresa batzorde batera borrokatzen aritu izan dira, eta LABek nahiz ELAk greba orokorra deitzeko aukera plazaratu zuten. Orain, EH Bilduk hain zuzen ere abenduaren 1ean, EHko karta sozialaren mobilizazio egunean, aurrekontuen akordioa publiko egin ondoren eta ELAk eta LABek hori kritikatu arren, greba orokorra data zehatzik gabe atzeratu da.
EAJrekin hitzartu denak bere osotasunean mantentzen ditu murrizketa eta pribatizazio politikak, patronalaren interesak erabat bermatuz. Batzuk promesa hutsak baino ez dira, hala nola Eusko Jaurlaritzaren “konpromisoa”, “EAEko batez besteko errentarekiko proportzionala izango den gutxieneko soldata sustatzeko hitzarmen kolektiboetan”, edo “alokairu pribatuaren prezioak arautzeko sistema bat, Estatu mailako etorkizuneko araudiak ahalbidetzen duenean”. Araudi hori ez da indarrean jarriko hurrengo legealdira arte. Neurri konkretu bakarra da “alokairuaren prezioei eusteko balizko neurri fiskalei buruzko txosten bat egitea”. Txosten hau egiteak hobetuko al ditu aurrekontuak jendearentzat?
Bestalde, aurrekontu partiden neurriak ez dira langileen eta gazteen mesederako izango. Europako funtsen diru zaparradatik I+G+Ba % 12 handitzeak, mesede enpresa handiei egingo die, horiek poltsikoratuko baitute mozkinaren muina. Osakidetzarentzat 30 milioi gehiago hitzartzeak, ez du zehazten esku pribatuetan edo publikoetan amaituko dutenik, izan ere, erkidegoan osasun pribatuaren itunek eta hornidura zerbitzuek gastuaren %33 hartzen baitute (itunek %6,5). Azkenik, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako 4 milioiak, argiaren edo gasaren igoera esponentzialak jango dituzte, eta 2022an etxerik gabeko pertsonak artatzeko 4 milioiak, 13.000 milioiko aurrekontuaren %0,03 dira.
Eta gauza bera esan dezakegu PSOE-UP Gobernuari Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko ateratako kontzesioen inguruan: pertsona zaurgarrien etxegabetzeak etetea, dagoeneko ez zen betetzen eta etorkizuneko Etxebizitza Legearen ondotik zehaztuko da; 25 milioi, amiantoaren biktimentzat, eta ETB Nafarroan emititzea. Zer da, zehazki, iraunkor bihurtu dena? Ezer ere ez.
Politika “posibilista, pragmatikoa eta, areago, kontserbadorea”?
Hartutako bidea arlo ideologikoan islatu da Sorturen hirugarren Kongresuan. Herrigaia ponentzia ofizialak “askapen nazionaleko prozesuan jauzi bat emateko beharra” azpimarratzen du. “Sistema kapitalistak historikoki eta iraunkorki krisi ekonomikoak eragiten dituela” baieztatzen du eta helburu estrategikoa inolako esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Errepublika eraikitzea dela adierazten du.
Hala ere, dokumentuak aurrera egin ahala, helburu estrategikoak, kapitalismoaren aurkako borroka eta Euskal Herri sozialistaren aldekoa alboratu egiten dira etorkizun mugagabe baterako: “askapen prozesua bi erraileko prozesu gisa irudika daiteke. Errailetako batek berehalako bataila politikoarekin du zerikusia; bataila mediatiko, elektoral eta instituzionalarekin; hein handi batean, hemen eta orain posible den horri lotu/mugatu beharra duen eta, zentzu horretan, posibilista, pragmatikoa eta, areago, kontserbadorea den batailarekin.”
Bataila horrek “esparru estrategiko guztietan sartzea eskatzen du, batez ere botereguneetan: bizilagun elkarteak, guraso elkarteak, merkataritza-ganberak, kirol-taldeetako zuzendaritzak, sindikatuak, enpresari elkarteak, administrazio publikoa, gorputz polizialak, unibertsitateetako kontseilu errektoreak...”
Baina kapitalisten eta instituzio burgesen txaloak eta ulermena bilatzen duen ildo “kontserbadore” horrek ez gaitu hurbiltzen esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Errepublikaren aldeko borrokara. Urrundu egiten gaitu. Hori gordin erakutsi du ezker erreformistaren alderdi berrien esperientziak, Unidas Podemos, Syriza, Corbyn Britainia Handian, Sanders AEBn, etab. Kaleko borrokari bizkarra eman die eta jardun parlamentario eta instituzionalean bakarrik zentratu dira. Bankuen eta monopolio handien aurka neurri antikapitalistak aplikatzeari eta aldarrikapen andana gauzatzeari uko egin izanak krisi sakonean murgildu ditu eta eskuin muturraren demagogia sozial populistari bidea zabaldu die.
Egia da dokumentuak adierazten duela borroka instituzionalak zein masa-borrokak garrantzia bera dutela. Baina auzia konkretua da. Instituzioetako akordioek eta politikek lehentasuna izan behar al dute mobilizazio eta borroka estrategiaren gainetik? edota aitzitik estrategia horren mende eta haren zerbitzura egon behar dute? EH Bilduk eta Sortuk aurrekontuekin hartutako jarrerak agerian utzi du lehen aukeraren hautua. Alderantziz balitz, EH Bilduk eta Sortuk lehentasuna emango zioten greba orokorra antolatzeari EAJren eta bere eskuineko politika erreakzionarioen aurka.
Dokumentuak behin eta berriz aipatzen du indarrak metatu eta artikulatu behar direla. Baina nola eraldatzen da indar korrelazioa? Itunak eginez “botereguneekin eta enpresa elkarteekin”? Politika “posibilista” eta “kontserbadorea” hartuz? Edo murrizketen, pribatizazioen, kaleratzeen, EEEn eta lan prekaritatearen aurkako borroka irmoa antolatuz? Krisi eta gainbehera kapitalistako garai honetan, klase borroka gero eta gogorragoa egiten den unean, soilik programa iraultzaile batekin kaleetan borrokatzeak garaitu dezake gizateriaren patuan agintzen duten plutokrata apurren diktadura.
Kataluniako esperientzia eta independentziaren aldeko borroka
2017ko urriaren 1etik Katalunian ireki zen krisi iraultzailea 78ko erregimenak izan duen desafiorik handiena izan da. Horregatik egin zion aurka klase agintariak, ez bakarrik Espainiakoak, baita Kataluniakoak, Euskal Herrikoak zein Europar Batasunekoak ere. Masen ekintza iraultzailea sumatu zuten bezain laster elkarturik jardun zuten hura zapaltzeko, beti egin izan ohi duen moduan.
Estatu aparatuaren errepresio basatiak ezin izan zuen eragotzi erreferenduma egitea. Kataluniako klase agintariak (La Caixak, Banco Sabadell, Grifolls, etab.) kapital ihesa antolatu zuen eta kaos ekonomikoarekin mehatxu egin zuen. Eta horretarako, haiek zein Espainiako Gobernuak, EAJren eta euskal oligarkiaren erabateko laguntza izan zuten, biziki izutuak gertakari horien aurrean.
Herrigaia ponentziak dio “ezker abertzalearen sorreran nazio borroka eta klase borroka txanpon beraren bi aldeak zirela ebatzi genuen”. Beherago, ordea, honakoa dio: “Aldebakarreko bidea nazioartean aitortua eta legitimatua izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar direla: prozesua baketsua eta demokratikoa izatea, gehiengoetan oinarritua egotea, oraingo instituzioetan kokatua egotea eta akordiorako borondatea erakustea, behin eta berriz.” Ez al ziren, bada, baldintza horiek guztiak bete Katalunian? Nazioarteko aitortzarik eman al zuen horrek?
Oso sintomatikoa da klase borrokari buruzko aipamenik ez egitea, hau da, planteamendu antikapitalista eta sozialista ezinbestekotzat ezartzea autodeterminazioa eta independentzia lortzeko baldintza gisa.
Katalunian arazoa ez zen indar korrelazioa izan, hain baitzen herriaren aldekoa, ezen klase agintaria eta Estatua ezinean aritu baitziren gertaeren aurrean. Arazoa Kataluniako eskuinaren programaren mende jartzea izan zen, inoiz iritsi ez zen Kataluniako kapitalisten sektoreak erakartzea bilatuz. Horren ondorioz, uko egin zitzaion Errepublikaren aldeko borroka kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuko zuen programa politiko batean oinarritzeari.
Horrek aukera emango zuen eskuin katalanaren mesfidati ziren langile klaseko sektoreak Kataluniako Errepublikaren borrokara erakartzeko, hori identifikatuz etxegabetzeen eta austeritatearen, lan-prekarietatearen, soldata baxuen eta kaleratzeen aurkako borrokarekin; bankuak eta enpresa handiak desjabetzea aldarrikatuz baliabide itzel horiek gehiengoaren beharretara bideratzeko. Leninek adierazi zuen bezala, nazio arazoa ogi kontua da funtsean.
Programa sozialista, internazionalista eta klase independentziakoa behar dugu
Sorturen Kongresuan osoko zuzenketa bat aurkeztu zen, “Lurrari lotuz”. “Prozesu osoa esparru instituzionalaren kudeaketan kokatzearen arriskuaz” ohartarazten du, eta gaineratzen du “EAEn EAJrekin eta Nafarroan Geroa Bairekin akordio politikoak etengabe bilatzeak goitik behera baldintzatu duela EH Bilduren ildo politikoa eta Ezker Abertzalearen gaitasun eraldatzailea”. Zuzenketak zuzen dio, halaber, "78ko erregimenak irauten duen bitartean ez dela inolako demokratizazio prozesurik izango Espainiako Estatuan”. Bozkatzeko aukera zuten 7.936 pertsonetatik, ponentzia ofiziala 2.948 botorekin nagusitu zen, “Lurrari Lotuz” zuzenketak 919 boto jaso zituen, eta 297 boto txuri izan ziren.
Barne eztabaidak berak Ezker Abertzalearen oinarriaren eta, bereziki, gazteen arteko giro gero eta kritikoagoa islatzen du. Hori ikusi da Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) osaketarekin ere, programa komunista bat defendatzeko beharra argi eta garbi aldarrikatzen ari dena. Ideia antikapitalisten eta komunisten egarri honek, benetako alternatiba iraultzaile baten egarriak, zuzenean konektatzen du sistema honen pean gazteok eta langileok jasaten ari garen egoera gogorrarekin.
Arazoa ez da aurkako indar korrelazioa. Pentsiodunen, mugimendu feministaren eta gazteen mobilizazio historikoek, euskal langile klasearen azken urteko lan gatazketako borrokek eta grebek (EAJren murrizketen eta errepresioaren aurka borrokatu dutenak zuzenean) eta, bestalde, EH Bilduren hauteskundeetako emaitzek, agerian uzten dute oso potentzial handia dagoela eta kontzientziak aurrera egiten duela, nahiz eta erakunde erreformisten buruzagiek zailtasun handiak jartzen dituzten beren planteamendu “kontserbadoreekin”.
Potentzial hori antolatzeko, programa iraultzaile sozialista, klase independentziakoa eta internazionalista bat behar dugu, eta gure indarretan, gazteriaren eta langileen antolakuntzan konfiantza izanez gauzatu behar dugu, eta ez instituzioetako itunetan eta EAJ gisako patronalaren alderdiekin aliantzak egitean. Horixe da Ezker Iraultzaileko militanteen zeregina.
Egin bat gurekin! Bat egin Komunista iraultzaileekin!