Urtarrilak 29 18:00etan Bilbon Jesusen Bihotza, Iruñean Sarasate pasealekua
Sistema kapitalistak basakeriara kondenatzen gaitu. Zerbitzu publikoen deuseztatzea, prekaritatea eta langabezia, murrizketa politikak, eskubide demokratikoen aurkako erasoaldia eta indarkeria matxista, gerra inperialistak eta ingurumenaren suntsipen basatia finantza kapital handiak gauzatzen duen diktaduraren ondorio zuzenak dira.
Gazte Koordinadora Sozialistak deitutako mobilizazioak, sistema eta burgesiaren diktadura seinalatuz eta sozialismoa aldarrikatuz, aurrerapauso bat dira muturreko eskuinaren gorakadaren eta ezker erreformistaren porrotaren egungo testuinguru politikoan, non hain premiazkoa den langile klasea eta gazteria ideologikoki berrarmatzea.
Ezker Iraultzailea – Euskal Herria Sozialistako kideak mobilizazio hauetan parte hartzen dugu, eta burkidetzaz lagundu nahi dugu GKS buru duen mugimendu hori indartzen. Iraultzaileok indarrak batu behar ditugu une erabakigarri honetan!
GKSren idatziak guztiz bat gatozen ideiak ditu. Beharrezkoa da “klase independentziazko” programa eta politika altxatzea. Hain zuzen, “bankari eta enpresari handiek erabaki ekonomiko nagusiak hartzen dituzte eta miseria ekonomikoa sortzen dute, eta alderdi politiko parlamentario burgesek miseria hori kudeatu baino ez dute egiten.” Era berean, bat gatoz Estatuaren gero eta joera autoritarioagoak salatzean, ez bakarrik hemen, baita mundu osoan ere. Gure eskubide demokratikoak gero eta gehiago zapaltzen ari dira Covid 19aren aitzakian.
Berebiziko garrantzia duen borroka honetan, idatzian adierazten den bezala, aurrean dugun funtsezko zeregina tresna bat eraikitzea da aurre egin ahal izateko sistemari eta ezker erreformistatik politika kapitalistak estaltzen eta kosta ahala kosta bake soziala bermatzen saiatzen diren horiei. Azken batean, Marx, Engels, Lenin eta Trotsky, boltxebismo iraultzailearen eta Rosa Luxemburgoren ideiak eta estrategia altxatuko dituen Alderdi Komunista gorpùztea.
Erreformismoaren eta politika instituzionalaren porrota
Eta zeregin horretan ezinbestekoa da klase arteko borrokak ematen dituen ikasgaiak ulertzea. Unidas Podemosen (UP) esperientziak agerian utzi du zein ondorio dituen logika kapitalista onartzearen politika instituzional hutsa planteatzeak. Ez dute egindako promesik bete, eta horren eredu argiak eta behin betikoak dira: lan erreforma EZ indargabetzea patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuen burokraziarekin lankidetzan, nahiz, NATOren eta inperialismo estatubatuarraren gerra estrategia babestea.
Hego Euskal Herrian, EAJk, euskal patronalaren ordezkari politiko zuzenek, murrizketa eta pribatizazio politikekin jarraitzearekin batera, langileen eta gazteen borroken aurkako errepresio polizial eta judiziala antolatzen dute. Ildo horretan, EH Bilduren zuzendaritzak, EAJren eta PSOE-UP Gobernu zentralaren politiken aurka kaleetan oposizio sendoa altxatu beharrean, Unidos Podemosen gero eta antzekoagoa den norabide politikoa hartzen ari da.
Horren eredu izan dira, azken aldian Estatuko Legebiltzarrean aurrekontu orokorrei emandako babesa, EAJren eta PSEren patronalaren aldeko aurrekontuekin abstenitzeko egindako akordioa, edo Sorturen azken kongresuko ponentziak dioena, alegia, instituzioetan politika “posibilista, pragmatikoa eta are kontserbadorea” garatu behar dela eta botere guneetan sartu behar dela, hala nola, enpresa elkarteetan.
Zein da erakunde iraultzaileen eginkizuna?
Alternatiba komunista eta iraultzailearen eraikuntzan erronka nagusia, GKStik planteatzen den bezala, “proletalgora”, “masengana” iristea da. Hau funtsezkoa da. Ez da egia ideia komunistekiko interesik ez dagoenik, edo klase kontzientzia existitzen ez denik edo garatzen ari ez denik, ezker erreformistako buruzagiek etengabe dioten moduan. Arazoa, hain zuzen ere, erakunde horietako buruzagiek jokatzen duten papera da, nahiz eta hala ere, gaur egun langile klasearen gehiengoaren eta masen gaineko kontrol ideologikoa mantentzen duten.
Esperientziak erakusten du ez dela nahikoa iraultza aldarrikatzearekin, beharrezkoa da masak konbentzitzea eta irabaztea, Leninek argi azaltzen duen bezala "‘Ezkerkeriaren’ haur gaixotasuna komunismoan” idazlanean, taktika eta estrategia iraultzaileko maisulana.
Dugun egiteko nagusia masa horietara iristea eta entzumena irabaztea da, gure klasearekin eskuz esku parte hartzea eguneroko borroketan, duen indarrean konfiantza ematea kaleko ekintzaren eta mobilizazioaren bidez, eta politika marxista kontsekuente batekin, parlamentuko ezkerreko agintari horiei mozorroa kentzea, euren erradikaltasuna solasaldietara eta parlamentuko diskurtsoetara mugatzen baita. Hori da estrategia komunistaren funtsa, langile klasearen eta zapaldu guztien kontzientzia eta antolakuntza altxatzeko.
Iraultzaileen arteko eztabaida burkidearen ordua da, kapitala borrokatzeko indarrak batzekoa, eta iraultza sozialistaren tresna eraikitzeko lan bateratua egitekoa.