Hori da bidea! Iraultza sozialistaren alde borrokatzea!

Urtarrilaren 29 honetan milaka gaztek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten, 5.000 baino gehiago Bilbon eta 2.500 baino gehiago Iruñean, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta burgesiaren eta kapitalismoaren diktaduraren aurka eta iraultza sozialistaren alde. Mobilizazioa borrokaldi handiko giroan igaro zen, kontsigna antikapitalistekin eta erakunde komunistari egindako deiekin. Indar erakustaldi handia izan zen.

Zalantzarik gabe, GKSko lankideen ekimen hau aurrerapauso handia da gazteria eta langileria pairatzen ari garen errealitate gogorra salatzeko, eta horren arduradunak, patronala, kapitalistak eta zeinu desberdineko gobernuak, haien zerbitzura daudela adierazteko. Hala salatu du GKSk manifestazioaren amaieran: "Kapital ekonomiko eta politikoak gure eskubideen aurka egiten duen erasoari aurre egin behar diogu, eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat posible da, eta horren alde borrokatu behar dugu". Erabat ados gaude! Jakina posible dela!

Bestalde, jarrera internazionalista defendatzea funtsezkoa dela azpimarratu zen, izan ere, "Gizarte kapitalistak munduko lurralde askotan era askotako arazoak eta miseriak sortzen ditu, eta lurralde horietan guztietan sozialismoaren aldeko mugimenduak sortu behar ditugu, eremu txiki batetik bakarrik ezin baitzaio aurre egin gizarte globalizatu bati".

Manifestazioan, ezker erreformista parlamentarioaren jarrera kritikatu dute, eta baita horrek bankarien eta multinazionalen diktadurari aurre egiteko alternatiba bat altxatzeko agertzen duen ezintasuna ere; "ez dute errealitate horri aurre egiteko gaitasunik", adierazi dute amaieran irakurritako manifestuan. Izan ere, duela gutxi Yolanda Diazen lan erreformarekin -langileoi aurpegian iseka egitea eta patronalarentzat opari itzela- edo EH Bilduk Estatuko Aurrekontu Orokorrei edo EAJ-PSEren Aurrekontuei emandako babesarekin ikusi dugunak berrarmatze politiko eta antolaketaren beharra azpimarratzen du.

Manifestazioaren deialdia bera ikaragarria izan da, GKS izugarri hedatu baita. Euskal Herriko hiri eta herri ugaritan milaka kartel, pankarta eta esku orri zabaldu dituzte modu militantean, eta gazteei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete. Euskal Herrian mugimendu komunista iraultzaile bat garatzeko, funtsezkoa da lan serio bat egitea, balio duten metodoekin eta kaleetako antolaketarekin. Horixe da iraultzaileok gehien bereizten gaituen puntuetako bat, indar guztiak arlo instituzionalean jartzen dituztenengandik.

Bilboko eta Iruñeko mobilizazioek markatzen dute bidea. Sistemaren deskonposizioak, pobretzeak, murrizketa sozialek, Estatuaren errepresio basatiak inoiz baino beharrezkoagoa egiten dute iraultza sozialistaren tresna eraikitzeko lana, Alderdia. Manifestazioetan izan ginen Ezker Iraultzaileko kideok eta gure indar guztiekin lagundu nahi dugu helburu horretan, eta benetan komunismoaren aldeko borrokatu nahi duten iraultzaile guztiekin elkarlanean aurrera egin.

SOZIALISMOA EDO BASAKERIA!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.