Euskal Herrian alternatiba iraultzaile eta komunista bat altxa behar dugu!
Azken asteotan, EH Bilduko eta Sortuko zuzendaritzaren aldetik erasoaldi burokratikoa ikusi dugu, Gazte Koordinadora Sozialistaren eta Mugimendu Sozialistaren aurrerapenaren aurka. Ezker Iraultzailetik publikoki adierazi nahi dugu metodo justifikaezin horiek gaitzesten ditugula, ezkerraren adierazpen askatasunaren aurka egiten baitute, eta euskal eskuinari eta indar errepresiboei mesede egiten baitie, gazteria iraultzailea kriminalizatzeko kanpainan.
GKSko kideek hainbat alditan salatu dutenez, Ezker Abertzaleko zuzendaritza gezur eta jazarpen kanpaina bat egiten ari da "Mugimendu Sozialista espazio publikoetatik kanporatzeko", Gaztetxeetatik eta okupatutako espazioetatik kanpo utziz, hainbat herritako txosnetatik (Gasteiz, Lazkao, Hernani, Lesaka), beren finantzaketa mugatzeko asmoz.
Euskal gazteriaren sektore zabalen artean dagoen haserrea estaltzen saiatzeko metodo eta ekintzak dira. Azken urteotan GKSren geroz eta hedapen eta eragin handiagoak agerian uzten du Euskal Herrian ideia komunistak irabazten ari diren espazioa eta autoritatea, baita Sorturen eta EH Bilduren bide erreformista eta instituzionalarekiko kritika sakona ere. Kritika horrek bat egiten du Ezker Abertzaleko, EH Bilduko eta Sortuko milaka militanteren artean dagoen ezinegonarekin, Sorturen azken Kongresuan egiaztatu zen bezala.
Ezker Iraultzailetik erabat arbuiatzen ditugu zentsura inposatu nahi duten eraso horiek, hain zuzen, krisi kapitalistaren eta gerra inperialistaren egungo testuinguruan, zernolako ezker independentista mota behar dugun eta zein programa politiko defendatu behar dugun oinarritzeko eztabaida erabakigarrian: kaleko borroka bultzatzen duen ezker antikapitalista behar dugu, edota ezker “posibilista, pragmatiko eta kontserbadorea”, Sorturen zuzendaritzak bere azken Kongresuan adierazi zuen bezala?
EAJ eta Eusko Jaurlaritza GKS eta Mugimendu Sozialistaren aurka
Estatu aparatuaren edo EAJren eta bere komunikabideen jarrera oso argia izaten ari da. GKSko militantziaren aurkako errepresioa areagotu dute, gaztetxeak eta haiek okupatutako espazioak polizialki desalojatuz. EAJk zuzentzen duen prentsa burgesak ez du aukerarik galdu kolektibo horren aurka era guztietako gezur eta kalumniak botatzeko, eskuin espainolistaren titularretara joz, “ETAren txakurkume berriak “direla salatuz.
Andoni Ortuzarrek, EAJko EBBko presidenteak, GKSren aurkako erasora jo du, PPren eta Voxen estiloko diskurtsoarekin. “Populismo merkea”, “aretoko iraultzaileak” izatea, Euskadi gorria nahi izatea, “Sobietar Batasunean porrot egin zuen eredua” berreskuratu nahi izatea, eta, funtsean, “askatasunarekin” amaitu nahi izatea egotzi zizkien, Isabel Diaz Ayusoren diskurtsoa partekatuz.
Era berean, faltsuki leporatu diete Putinen alde egitea, uko egin diotelako inperialismo estatubatuarraren, NATOren eta Zelenskiren gobernu ultra erreakzionarioaren mendeko segidismoaren jarrerari, eta "batasun nazionaleko" politika salatu dutelako, ia ezker parlamentario osoa mendean hartu duena, UPtik hasi eta ERC eta EH Bildura arte.
Kanpaina horrekin bat egin dute EH Bilduko eta Sortuko zuzendaritzak azken asteotan, eta udal batzuetan duten botere instituzionala erabili dute GKS txosnetatik eta beste gune publiko batzuetatik kanpo uzteko.
Zein politika ari da defendatzen EH Bildu eta Sortu?
Arnaldo Otegik argi eta garbi aitortu du norabide erreformista, “erradikaltasun arduratsu eta zuhurraz” hitz eginez. Baina arduratsua eta zuhurra norekin? Azken hilabeteetan adostutako politikei erreparatzen badiegu, erantzuna oso argia da: Pedro Sanchezen Gobernuarekin, EAJrekin eta patronalarekin.
Hala gertatu da Euskal Herrian. EH Bilduren zuzendaritzak EAJ-PSE Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak bermatu ditu, eta “Hezkuntza Akordioa” deritzona sutsuki babestu du — itunpeko hezkuntza pribatuko patronalentzako benetako oparia, poltsikoak baliabide publikoekin beteko baitituzte, segregazio klasista are gehiago sakonduz. Era berean, EH Bilduk Ertzaintzaren 40. urteurrenean parte hartu du eta presoen ongietorriei publikoki uko egin die, “erantzukizun instituzionala” erakutsiz.
Eta gauza bera esan dezakegu Madrilen egindako politikari buruz; izan ere, praktikan, diskurtsoan ñabardura batzuk egin arren, Ukrainako gerraren harira, “batasun nazionalaren” politika otanistarekin bat egin baitute, Diputatuen Kongresuan Zelenski erreakzionarioari egindako lotsaren txaloan parte hartuz.
Azken hilabeteotan, EH Bildu funtsezkoa izan da Pedro Sanchezen “krisiaren aurkako dekretua” salbatzeko, eta Gobernuaren politika kapitalistei babesa eman die. Dekretuak Ibex35en eskuetara joango diren 16.000 milioi euro ezarri ditu, zuzeneko laguntzen, zergen murrizketen eta kreditu hobaridunen artean. Eta hori Pegasus auziko espioitza eskandaluaren erdian onartu zuen, Estatu espainolak eta 78ko erregimenak duten inpunitatea berriro azaleratu duen auzia.
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak honela justifikatu zuen bere babesa: “Guk herritarren onurarako neurriak onartzen ditugu. Eta zuk espiatzen gaituzu. Guk Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako langileen bizitza hobetzeko proposamenak egiten ditugu, eta zuk espiatzen gaituzu. Guk gehiengo plurinazional eta aurrerakoia sostengatzen dugu, ultraeskuineko gobernua eragozten duena, eta zuk espiatzen gaituzu. Guk eskuinak eskubideak eta askatasunak murrizteko bere agenda autoritarioa aplikatzea saihesten dugu, eta zuk, espiatu egiten gaituzu.”
Baina hori egia al da? “Langileen bizitza hobetzeko neurriak” onartzen ari al dira? Ultraeskuinak aurrera egitea eragozten duen “gobernu plurinazional eta aurrerakoi” baten aurrean al gaude? Eskuinak eskubideak eta askatasunak murrizteko agenda autoritarioa aplikatzea saihesten ari al da? Zoritxarrez, ez. Aitzitik, langile klasearen bizi baldintzek okerrera egiten dute etengabe, inflazioa gure soldatak hondoratzen ari da, desberdintasun sozialak inoiz baino larriagoak izatera bidean daude, eta zerbitzu publikoak, osasuna eta hezkuntza publikoak suntsituta daude. Eta eskuina, azken hauteskundeetan ikusi den bezala, eta orain Andaluzian, aurrera doa modu arriskutsuan.
Gobernu hau “plurinazionala eta aurrerakoia” dela esatea, Estatu Batuetako inperialismoarekin eta NATOrekin erabat lerrokatuta dagoenean, PPren lan erreforma bere horretan utzi duenean eta Mozal Legea indargabetzeari uko egin dionean, frankistaz jositako Estatuaren aparatuarekin erabat konprometituta dagoenean eta Kataluniaren eta Euskal Herriaren eskubide demokratiko nazionalak zapaltzen jarraitzen duenean… errealitatea estaltzea eta gazteriaren eta langile klasearen begietara hautsa botatzea da. Horregatik jotzen da neurri burokratikoetara eztabaida politikoa itotzeko!
Ezker iraultzailea eraikitzeko eginkizuna
GKS eta Mugimendu Sozialista kritika politiko bat egiten ari dira, eta guztiz bat gatoz, hain zuzen, norabide erreformistak, desmobilizazioa, atsekabea eta erreakzioaren gorakada sustatzea besterik ez baitu lortzen.
Esperientziak langile klaseari erakusten dio eskubideak defendatzeko modu bakarra ekintza zuzenaren bidez dela, kaleetako borrokaren eta mobilizazioaren bidez, greba gogor eta borrokalarien bidez. Hala ere, EH Bilduren zuzendaritza, UPren eredu okerrari gero eta gehiago jarraituz, indar horri bizkarra ematen ari zaio, bere jarduera politiko guztia aritmetika parlamentario hutsean eta patronalari, EAJri edo PSOEri soilik mesede egiten dieten akordio ezgauzetan zentratuz. Ez da egia aurrera goazela, alderantziz!
Estrategia horren aurrean, GKSk eta Mugimendu Sozialistak kaleak berreskuratzearen aldeko apustua egin dute, langileen gatazketan parte hartuz, ikasle grebak bultzatuz eta “burgesiaren diktaduraren” eta bizitzaren garestitasunaren aurkako hainbat mobilizazio deituz.
Mobilizazio horiek milaka gazte bildu dituzten arren, EH Bilduko eta Sortuko zuzendaritzek mesfidantzaz eta errezeloz begiratu die, desafio bat direlako egiten ari diren klase arteko kolaborazio politikarentzat eta bake soziala bermatzetik igarotzen den estrategiarentzat. Horregatik bertan behera utzi da greba orokorrari buruzko edozein aipamen une honetan.
GKSk planteatzen duen bezala, desberdintasun handiak eta eztabaida politiko gogorrak izan daitezke, baina badira gainditu ezin diren marra gorriak: “militanteen segurtasuna, espazio publikoak erabiltzeko eskubidea eta finantzaziorako eskubidea”. Ezker Iraultzailetik ondo dakigu, halako erasoak ere jasan ditugulako.
Horrelako ekintzek helburu bakarra dute: eztabaida politikoa saihestea eta edozein disidentziarekin amaitzea. EH Bilduko edo Sortuko zuzendaritzak konbentziturik eta ziur baldin badaude beren jarrera politikoaren egokitasunaz, defenda dezatela demokratikoki, baina ez beren noraezarekin ados ez gaudenak isilarazi edo mugimendutik bota nahian.
Guretzat, komunista iraultzaile garen aldetik, funtsezkoa da langile klasearen gehiengoa pazientziaz irabaztea, egun sozialdemokrazia tradizionalaren, ezker erreformista berriaren eta sindikatuetako buruzagien eraginpean dagoela ulertuz. Horregatik, Leninen politika praktikara eraman nahi badugu, Ezker Abertzaleko, EH Bilduko eta Sortuko oinarri militantera jo behar dugu, baita masa sindikatuetara ere, ELA eta LAB sindikatuetara, non, gainera, ezinegon handia dagoen. Akatsa litzateke erakunde horietan zintzoki parte hartzen duten milaka sindikalista eta ekintzailetatik aldentzea, kritikoak badira eta alternatiba iraultzaile bat bilatzen ari badira.
Murrizketak, inflazioa eta lan eskubideen aurkako ofentsiba patronala Euskal Herriko langile borroken gorakada izugarria bultzatzen ari dira. Arabako eta Bizkaiko metaleko grebek, Osakidetzakoek, egoitzek, garbiketek eta enpresetako gatazka ugariek agerian utzi dute langile klasearen indar izugarria. Hara jo behar dugu, borrokak bateratzeko beharra planteatuz, ELA eta LABeko zuzendaritzei, baita EH Bilduri eta Sorturi ere, Euskal Herrian greba orokorra deitu eta antolatzeko beharra exijituz. Horrela bakarrik hedatu ahal izango ditugu gure ideia komunistak eta praktika iraultzaileak langileen osotasun erabakigarrian.
Leninek Ezkerkeria, komunismoaren haur gaixotasuna liburu eredugarrian azaldu zuen bezala, bide hau ez da burokrazia sozialdemokrata eta sindikalaren zailtasun, zangotraba eta maniobretatik libre egongo. Baina hori da gizartearen eraldaketa sozialista aurrera eramateko behar dugun tresna -alderdi komunista iraultzailea- eraikitzeko bide bakarra.
Ezker Iraultzailean argi daukagu. Gure indar guztiekin alternatiba komunista eraikitzen laguntzen jarraituko dugu, eta horrek GKS eta Mugimendu Sozialistarekin batera lankidetza burkidea eskatuko du.