Kapitalismoa inoiz baino krisi gogorragoan murgildurik dago. Uda honetako suteek eta muturreko lehorteek areago azaleratu dute ingurumenaren suntsiketa. Horrekin batera, latz jasaten ari gara gerra inperialistaren basakeria eta suntsipena eta milioika langile familia miserian eta prekarietatean hondoratzen ari den inflazioa. Erauntsi honek langile klasea bete betean jotzen duen bitartean, monopolio kapitalista handiak etekin ekonomiko izugarriak lortzen ari dira espekulazioari, inflazioari eta gerra inperialistari esker.

Borroka gero eta erradikalizatuagoei aurre egin beharko dietela ikusita, gobernu kapitalistak, zigilu ezberdinetakoak izan arren, gero eta gehiago jotzen ari dira neurri autoritarioetara. Erresuma Batuan garatzen ari den greba oldeak, edota uda honetan Sri Lankan ikusi dugunaren moduko herri altxamenduak, matxinadak eta iraultzak herrialdez herrialde hedatu daitezke. Burgesia norgehiagoka erabakigarrietarako prestatzen ari da. Eskubide demokratiko ukaezinak ezabatzen ditu eta errepresio polizial eta militar zuzenera jotzen du, beharrezkoa denean muturreko eskuinaren eta faxismoaren demagogian oinarrituz.

Testuinguru honetan, ezker erreformistaren erabateko porrota ikusten ari gara, bai sozialdemokrazia tradizionalarena, bai 2008ko krisiaren ondorioz sortu edo indartu ziren ezkerreko alderdi berriena, hala nola Unidas Podemos, Syriza edo Die Linke.

Kapitalistekin elkar ulertzeko eta mekanismo parlamentarioen bidez aberastasunaren banaketa bidezkoagoa negoziatzeko ideiak porrot egin du erabat. Praktikan, alderdi horietako buruzagiek amore eman eta finantza-kapitalak agindutako politika guztiak aplikatzen amaitu dute. Hori justifikatzeko ezin dela gehiago egin diote, langile klasea desmobilizatzen eta ideologikoki desarmatzen duten bitartean.

Herri akordioak EAJ eta patronalarekin?

Zoritxarrez, EH Bilduko buruzagiek bide bera hartu dute. Ikasturtea “herri akordio” baten beharra aldarrikatuz hasi dute, “Estatu itunak erdiesteko” beharra adieraziz, alderdi, enpresari eta sindikatu guztiak barne bilduko dituena. “Ongizate itun bat, zerbitzu publikoen degradazioari eta desberdintasun sozialen gorakadari” erantzutea bilatzen duena.

Hala ere, asmo onez betetako diskurtso horiek guztiek talka egiten dute EH Bildu garatzen ari den eguneroko politikarekin, funtsezko gaietan Pedro Sanchezen Gobernuaren politika kapitalistak babestuz eta aurrekontu antisozialak adostuz Nafarroan zein EAEn EAJrekin eta PSOErekin. Neurri eta aurrekontu horiek ez dute zerbitzu publikoen degradazioa eta pribatizazioa geldiarazi. Alderantziz. Hori erakusten du Osakidetzaren egoerak. Bestalde, EH Bilduk EAJrekin sinatutako Hezkuntza Akordioa justu kontrako norabidean doa, pribatizazio gehiago eta jauzi berri bat euskal eskola publikoaren okertzean.

Proposamenak neurri aurrerakoiak planteatzen dituen arren, hala nola 1.400 euroko gutxieneko soldata, doako garraioa, erreforma fiskal bat «gehien duenari gehiago ordainaraziko diona eta enpresen onurak larrituko dituena», edo zerga bereziak enpresa energetikoei eta bankuei, ez da sinesgarria hori EAJren, patronalaren alderdiaren, eskutik egin behar dela planteatzen denean. Edo bidea euskal enpresa eredu berri bat sortzea dela adierazten denean, euskal enpresak atzerriko kapitalari saldu ez dakizkion eta etekinen banaketa horietan gera dadin, dibidenduak banatu gabe. Euskal kapital handiari bere irabaziei uko egiteko eskatzen diote, kapitalista izateari uzteko.

Horixe da, hain zuzen ere, ezker erreformista berriak aurrera eraman duen politika, UP barne, eta porrot izugarria jaso duena. Utopia erreakzionario erabatekoa da eskuina eta enpresari handiak, edo PSOE, langile klasearentzako neurri sozialak adostuz aldaketa batean parte hartzera konbentzitu nahi izatea, batez ere krisi kapitalista larri honetan.

EH Bilduren eta Sorturen zuzendaritzak “kalean eta erakundeetan Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzeko deia egiten du”. Baina nola borrokatu helburu horiek lortzeko? Langile eta gazte katalanek 2017an egin zuten bezala. Masa altxamendu horrek izutu egin zituen burgesia katalana eta espainiarra eta Estatuaren aparatua. Izaera iraultzailea hartu zuen, eta erakutsi zuen zein metodok balio duten eta zeintzuk ez. Altxamendu horrek zurbildurik utzi zuen bai EAJ bai euskal burgesia, eta Urkullu Lehendakariak esku hartu behar izan zuen, baina Espainiaren batasuna eta 78ko erregimenaren egonkortasuna bermatzeko!

EAJrekin bai, sozialismoaren alde borrokatzen dugunokin ez

EAJri eta enpresaburuei eskua luzatzen zaien bitartean, EH Bilduko eta Sortuko zuzendaritzak ez du zalantzarik izan kanpaina oldarkorra egiteko, gezurrez betea, GKS, Mugimendu Sozialista eta ordezkatzen dutenaren aurka. Eraso kanpaina hainbesteraino iritsi da, non Ezker Abertzaleko zuzendaritzak GKS erreakzionarioa dela eta EH Bilduren eta Sorturen aurkako EAJren tresna dela esan duen. Baina nork hitzartu ditu EAJrekin aurrekontuak edo hezkuntza lege berria? Eta nork azpimarratzen du etengabe beharrezkoa dela EAJrekin Estatu itun handiak egitea?

Zalantzarik gabe, EH Bilduren eta Sorturen oinarri militantearen zati handi batek txundituta entzun ditu GKSen aurkako salaketak, eta, aldi berean, ikusten du bere buruzagiek Ertzaintzaren omenezko ekitaldietan parte hartzen dutela, MU bezalako unibertsitate elitistak sustatzen dituztela, eta babes irmoa ematen diotela euskal eskola publikoaren aurkako kolpe hilgarria izango den hezkuntza lege bati.

Beharrezkoa da 180 graduko lema kolpea ematea. Programa sozialista bat altxatuko duen ezker abertzale borrokalaria behar dugu. Sektarismorik gabeko borroka egin behar da ezker abertzalearen, EH Bilduren eta Sorturen baitan, eta baita ELA eta LAB bezalako masa sindikatu borrokalarien artean ere. Horri uko egiteak Euskal Herrian masa mugimendu sozialista bat eraikitzeari uko egitea dakar.

Kapitalismoaren krisia etengabe sakontzen ari da, pobrezia, gosea eta prekarietatea nagusi diren etorkizunera kondenatuz. Langileen borrokak biderkatu egiten dira Euskal Herri osoan zehar, langile klasearen indar izugarria erakutsiz antolatu eta borrokatzen denean, Mercedesen, Arabako metalean eta Bizkaiko metalean ikusi dugun bezala. Greba orokorraren bandera altxatzeko unea da, borrokak bateratzekoa, gure soldaten hondoratzearen aurka, inflazioaren igoeraren aurka, zerbitzu publikoen defentsan, multinazional energetikoen eta bankuen langileen kontrolpeko desjabetzearen alde. Hau da behar dugun programa!

Horretarako, kapitalismoarekin amaitzea planteatzen duen alternatiba iraultzaile bat eraiki behar da, programa komunista kontsekuente bat altxatuko duena eta Euskal Herrian Errepublika Sozialista baten alde borrokatuko duena. Zeregin horretan ari gara Ezker Iraultzaileko militanteak! Batu zaitez!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.