Borrokarako ezkerra altxatu behar dugu
Erreakzioak hordagoa bota dio demokrazia burgesaren erakunde garrantzitsuena diren Gorte Nagusiei. Dagoeneko ez da Kataluniako Parlamentua bakarrik, orain, espainiar Estatuko parlamentua umiliatzeko txanda iritsi zaie. Faxistaz betetako auzitegi batek bere burua betikotzen du, eta Exekutiboa nahiz Legegilea emendatzen du, argi uzteko hautatua izan ez arren nork erabakitzen duen oinarrizko gaietan, hots, Estatu aparatuak.
Krisi politikoa polarizazio sozial eta politiko bortitz baten isla da. Eta magistraturaren, poliziaren eta armadaren organo gorenetan nagusi den giroaren beste abisu bat ere bada. Hauxe da Espainiako erregimen burgesa, 78ko erregimena, historian zehar langile klasearen eta zapalduen aurkako borroka gogorren baitan zaildua, eta eskubide demokratikoak errotik mozteko zalantzarik izan ez duena.
Auzitegi kapitalistek bizitza politikoan etengabe esku hartzea ez da espainiar Estatuak bakarrik duen bereizgarria. Joera globala da, hain zuzen, burgesiak bere boterea bermatzeko eta haserre sozialari aurre egiteko metodo autoritarioak gero eta gehiago erabiltzen dituela azpimarratzen du. Parlamentarismo demokratikoaren krisia erregimen kapitalistaren krisi ekonomiko, sozial eta politikoarekin batera doa.
Hauts haien lohiak
Eskuinaren eta eskuin muturraren grina batetik eta PSOEren erantzun ahul eta lotsagarria bestetik. Kongresuko presidenteak eta Senatuko presidenteak, Pedro Sanchezek berak eta beste buruzagi sozialista batzuek azpimarratu dute “Auzitegi Konstituzionalaren erabakia oso larria” izan arren eta ados ez egon arren, epaia beteko dutela. Gauza bera planteatu dute UP, EH Bildu edo ERCko buruzagiek, Konstituzionalari desobeditzea baztertuta.
Egun batzuk aurretik, Felipe Sizilia PSOEko diputatuak Auzitegi Konstituzionaleko epaile kontserbadoreei eta PPri O-23ko kolpistak bezala jokatzea leporatu bazien ere, betiko lez, hitzak hitz. Magistratu faxista apur batzuen eraso antidemokratiko baten aurrean gaude, baina, antza denez, haien erabakiei men egin behar zaie eta bete egin behar dira.
Egoera hau ez da zerutik erori. PSOEk berak, orain demokraziaren aurkako kolpea deitoratu arren, duela aste batzuk ez zuen zalantzarik izan eskuinarekin eta eskuin muturrarekin batera lerrokatzeko eta Irene Montero Berdintasun ministroaren aurka egiteko, honek aparatu judizialaren zati handi bat matxistatzat jo zuenean.
Orain, aurrekaririk gabeko jardunaz hitz egiten dute, “Auzitegi Konstituzionalak bere historian hartutako erabakirik larrienaz”. Baina alde batera uzten dituzte Konstituzionalak eta Botere Judizialak egindako beste hamaika jarduera larri eta oso berri batzuk. Ez da lehen aldia! 78ko erregimenak jarduera autoritario eta antidemokratikoen historia luzea du, hori baita bere hezur muina.
Hemen ongi ezagutzen dugu hori. Besteak beste, Egin eta Egunkaria itxi zirenean, ilegalizazio urteetan, Altsasukoa bezalako muntaia judizialetan, torturaren instituzionalizazioan… hori guztia PSOEren babesarekin eta Grande Marlaskaren paper esanguratsuarekin. Kataluniako Parlamentuan ere, Auzitegi Konstituzionalak esplizituki debekatu zuen hiru alditan behintzat eztabaida parlamentarioa, hau da, demokratikoki aukeratutako diputatuek bozkatu edo iritzia ematea. Kasu horietan eta beste batzuetan, esaterako 2017ko irailean Kataluniako Parlamentak urriaren 1eko erreferenduma egitea onartu zuenean, PSOEk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen sutsuki milioika katalanen eskubide politiko eta demokratikoak zapaltzeko. Orain, botere horiek euren Gobernua kolpatzen dute inolako kontenplaziorik gabe.
Zer balio du eta zerk ez eskuin muturrari eta Estatuari aurre egiteko?
Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen ezkerraren gehiengoak, bai UPk, bai EH Bilduk edo ERCk, men egin diote PSOEren “erabateko errespetu instituzionaleko” estrategiari, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari men eginez, eta erantzuna Legebiltzarreko maniobra hutsetara edota maniobra juridikoetara mugatuz. Kataluniako krisi iraultzailean eskubide demokratikoak eta giza eskubideak bost axola zaizkiola erakutsi zuen UPk Europar Batasunera jotzeko egin duen ahaleginak porrot egin du dagoeneko.
Jakina, ezker parlamentariotik ez dira falta izan Konstituzionalaren eta kasta judizialaren aurkako adjektibo mardulak, EH Bilduko bozeramaile den Mertxe Aizpuruak “78ko erregimenaren hipoteka garbitzeko” deia egin zuen esate baterako. Baina egunaren amaieran, diskurtso sutsu askoren ondoren, indar hori guztia Konstituzionalaren erabakia saihestu ahal izateko lege ihesbideren bat bilatzera mugatzen da. Zertan bereizten da, funtsean, hori Aitor Esteban EAJko bozeramailearen adierazpenetatik, esan duenean "lasaitasuna" mantendu behar dela, "arinkeriarik eta asaldurarik gabe” eta “kaleetan mobilizazio giroa piztu beharrik gabe”? Antza denez ezin da kaleak hartzera deitu, horrek erreakzioa hauspotzen baitu... Egiten den guztia parlamentu jokoaren muga zorrotzetan egin behar da.
Pablo Iglesiasek ez du kontzienteki aipatzen duela urtebete esaten zuena “oso ezkertiarren” aurka, kritikatzen genuelako UPk Auzitegi Konstituzionalerako bi magistratu faxisten aldeko botoa eman izana, PSOEren eta PPren arteko akordio ustel baten ondoren. Estrategia "errealista" omen zen, eta hori justifikatzeko aitzakiatzat indarren korrelazioa aldatzeko beharra erabili zuen, besteak beste Botere Judizialaren baitan. Orain, Unidas Podemosek bidea ireki zion epaile horietako bat, Enrique Arnaldo, izan da Legebiltzarraren aurkako kolpe antidemokratikoaren buru. Kontzesio horiek ez dute balio indarren korrelazioa aldatzeko. Aitzitik, erreakzioa oldartzeko besterik ez dute balio, eskainitako helduleku guztiak erabiliko baitituzte beti.
EH Bilduren zuzendaritzak hartutako norabideak galbide berera darama. Parlamentarismoaren jokora jotzea 78ko erregimenaren baldintzetan, eta langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioari uko egitea erreakzioaren kolpeei aurre egiteko, desastrera baino ezin du ekarri. Kapitalismoaren krisi garaia bizi dugu, parlamentarismoaren eta demokrazia burgesaren krisi garaian. Erreakzioak mendean hartua duen Estatuak eskubide demokratikoak babestuko dituela espero izatea utopia erreakzionarioa da, eta ondorio arriskutsuak izan ditzake, egun hauetan Perun Castilloren aurkako kolpearen ondoren ikusten dugun bezala.
Ezkerreko alternatiba kontsekuente bat altxa behar dugu
Jabetza pribatu kapitalista eta bere pribilegioak ukabil bakarrarekin defendatzeko jarduten duen Estatu aparatu horri aurre egiteko bide bakarra, modurik ausartenean, sendoenean eta masiboenean mobilizatzea da. Eta hori posible da, behin eta berriz egiaztatu den bezala. Katalunian 2017an ikusi genuen, masak ekintza zuzenaren bidez behetik mobilizatu zirenean epaileen eta indar polizialen errepresioa zapuzturik geratu zen eta bi milioi pertsonak baino gehiagok bozkatu zuten erreferenduma egitea ahalbidetu zen.
EH Bilduk Madrilen eta Eukal Herrian duen klase arteko kolaborazio politika, orain Auzitegi Konstituzionalaren kolpeari men egitea ekarri duena, gero eta ezinegon handiagoa sortzen ari da Ezker Abertzalearen oinarrien artean, ikusita atzean uzten direla benetan ezkertiarrak diren politikak, mobilizazioa eta kaleetako borroka. Baina, bien bitartean, Estatu frankistaren aparatuak bere erasoaldia gogortzen ari da, Auzitegi Konstituzionalarekin edo euskal presoekin gertatu den bezala, mendekuzko eta salbuespenezko espetxe politikari eusteko eta gradu aurrerapenak ukatzeko jokabidean.
Gizateriaren historia klase arteko borrokaren historia da. Zapalduok zailtasun gogorrak, errepresioa, diktadurak, klandestinitatea eta heriotza izan ditugu aurrez aurre, baina ideia zuzenekin, sozialismoaren programarekin, mobilizazioaren bidez eta antolatuta, gai izan gara aurre egiteko kapitalisten eta euren Estatuaren botereari, baita komunikabideei ere.
Mehatxu larriak ditugu aurrean. Horregatik iraultzaileok ez dugu men egiten, ez dugu amore ematen, badakigulako horrela bakarrik garaituko dugula erreakzioa.