Zerbitzu publikoen defentsan! Prekarietaterik ez!
Hamarkadetan lehen aldiz, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek greba orokorra deitu dute sektore publiko osoan otsailaren 15erako. Ikastetxe publikoetako irakasleak, Osasunbideko langileak eta sektore publikoko langile guztiak daude grebara deituta, oso aldarrikapen argiarekin: sektore publikoko pribatizazio politikekin amaitzea eta orain arte pribatizatutakoa iraultzea, behin-behinekotasun odoltsua murriztea, eta langile-klasearen pobretzea geldiaraziko duten KPIren araberako soldata-igoerak bermatzea.
Ikasle Sindikatutik dei egiten diegu Nafarroako ikasle guztiei ikasgelak hustera eta kaleak betetzera, hezkuntza %100 publiko, euskaldun, doako, kalitatezko eta laikoaren alde, eta gure irakasleei eta haien aldarrikapenei elkartasuna adierazteko.
UPNren eskuina kanporatu zenetik 8 urtera, egun PSN buru duen Nafarroako Gobernua, (Geroa Bai eta Podemosen parte-hartzearekin) eta 2015ean Geroa Bai buru zuenak (EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren parte-hartzearekin), ez dira gai izan geldiarazteko zerbitzu publikoen suntsipen eta pribatizazio orokorra ezta lan baldintzen okertzea ere. Kapitalismoaren kudeaketa bere gain hartzen duten parlamentu politikak ez dira gai langile klasearen bizi baldintzak errotik eraldatzeko edo %100 publikoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak berreskuratzeko.
Ikasturte honetan %2,5 irakasle gutxiago daude ikasgeletan, eta oraindik ez da berreskuratu krisiaren aurreko hezkuntzako gastua eta 2008an egindako murrizketen ondorioak. Aldiz, ikastetxe erabat pribatuek (diru publikoarekin finantzatzen dira, beren diru sarreren %74raino) eta ikastetxe pribatu eta itunduek gero eta diru publiko gehiago jasotzen dute etengabe, %11 gehiago aurten. Eta gauza bera gertatzen da osasungintzan. Osasunbidearen kolapsoa eta bi hilabete baino gehiagoko itxaron zerrendak direla eta, osasun pribatura bideratzen da jendea, gainkostua baliabide publikoekin ordainduz. Ayusok Madrilen egiten duena edo orain Moreno Bonillak Andaluzian egin nahi duenaren berbera da.
Milaka ikaslek arazo berberak izaten ditugu urtero: ikasgela masifikatuak, hilabeteak irakaslerik gabe eta behar dugun arretarik gabe; hautatutako Lanbide Heziketa ezin ikasi edo horretarako milaka euro ordaindu behar izatea, eta gauza bera unibertsitatean; liburuak ordaindu behar izatea, horretarako zailtasun latzak izan arren; praktikak egiten ditugun enpresa askoren abusuak jasatea; edo osasun mentaleko profesionalak ez izatea, jasaten ari garen gaitz mentalen epidemiaren aurrean.
Bestalde, langile publikoen behin-behinekotasuna larria da: %53koa Foru Administrazioan eta %64koa osasunaren kasuan. Horri gehitu behar zaizkio Nafarroako Gobernuak inflazioaren oso azpitik adostutako soldata igoerak: %3,5ekoa 2022an, abenduan %6ko KPIarekin eta elikagaien %15,6ko igoerarekin; %2,5ekoa 2023an, gehi %1eko aldagai posible bat, eta beste %2koa 2024an, gehi % 0,5eko aldagai posible bat. Guztira, 2022tik 2024ra bitartean, %8ko igoera bermatua, 2022an metatutako KPI erreala zifra horretatik gora dagoenean!!
Errealitate horren aurrean, eta sindikatuen eta langileen eskakizun justuen aurrean (besteak beste, behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute), Foru Gobernuak dio ezin dela ezer egin gastua mugatzeko legeek hori eragozten dutelako. Hori bai, diru publikotik ehunka mila euro ematea enpresariek hezkuntzarekin, osasunarekin edo gizarte-zerbitzuekin negozioa egin dezaten, azpikontratazioa baliatuz, horretarako ez dago arazorik.
Ikasle Sindikatuak bat egiten dugu sektore publikoko greba honekin. Greba horrek bidea markatzen du osasunaren, hezkuntzaren eta zerbitzu publikoen aldeko borrokak bateratzeko, gero eta indar handiagoz hedatzen ari baitira Estatu osoan, asteburu honetan Madrilgo manifestazio erraoldoiarekin eta Santiagoko eta Burgosko manifestazio jendetsuekin ikusi dugun bezala. Errealitate horrek erakusten du indarra dagoela, indar handia, gauzak aldatzeko eta gure zerbitzu publikoen eta bizi baldintzen aurkako erasoak geldiarazteko.
Denok greba orokorrera eta manifestazioetara!!