Maiatzaren 28ko hauteskundeek EAJ EAEko udal eta aldundietatik kanporatzeko eta Nafarroan eskuin espainolistari bidea ixteko beharra markatzen dute. Baina esperientziak erakusten duen bezala, hauteskundeetan arerioak azpiratzeko ezinbestekoa da kaleetan mobilizaziorik kementsuena altxatzea eta alternatiba argi bat planteatzea langile klasearen eta gazteriaren alde. Helburua argia da: patronalaren aldeko pribatizazio eta murrizketa politikekin amaitzea, langile klasea modu masiboan pobretzen ari baitira.
EAJ, euskal patronalaren alderdia
EAJ da EAEn enpresari eta bankari handien pribilegioen berme nagusia. Aipamen serio oro saihestuz eskubide demokratiko nazionalen eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren inguruan, euren “autogobernuaren” diskurtsoak patronalarentzat eta aberatsenentzat paradisua ezartzean gauzatzen dira. Era berean, eskumen autonomikoak erabiltzen dituzte osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialen pribatizazioan lehen postuan kokatzeko, lan horretan PPk gobernatzen dituen Madril edo Andaluzia erkidegoen aurretik ere kokatuaz kasu askotan.
EAJtik Donostiako alkate den Eneko Goyak duela hilabete batzuk etxebizitzaren espekulazioaren erdigunetik adierazi zuen, “norberaren auzoan zahartu nahi izatea ‘eskisito’ samarra dela”. Aldi berean, EAJk koalizio-gobernuak aurkeztutako Etxebizitzaren Legearen aurka bozkatu zuen (lege hori aski epela eta espekulazioa saritzen jarraituko duena izan arren), eta Auzitegi Konstituzionalera joko zuela adierazi zuen, Ayusok bezala! Horrela lortu du, 78ko erregimenaren egonkortasuna sutsuki babesterekin batera, udal-hauteskundeetan PPren boto tradizionalaren zati handia bereganatzea (Arabako kasua da nabarmenena). Zentzu honetan, bere politika ez da UPNk Nafarroan egin duenaren oso ezberdina.
Langile klasearen oinarrizko eskubideak etengabe erasotzeko politika horiek mobilizazio eta greba ugari eragin dituzte osasunean eta hezkuntzan, Etxez-etxeko laguntza zerbitzuan, egoitzetan, garbiketan, hala nola, pribatizatutako eta prekarizatutako zerbitzu askotan. Ertzaintzak gogor erasotu ditu guztiak, begien bistan utziz EAJ patronalaren alderdia dela. Izan ere, hainbesteraino da horrela, ezen Ertzaintzako zuzendari ohia den Gervasio Gabirondo Zarauzko udal-zerrendetan sartzea erabaki dutela.
Euskal eskuinak instituzioen, poliziaren edo epaitegien zoko-moko guztietan ehundu dituen garroak dira zergatik euren ustelkeria kasuak ezkutuan mantentzen diren azaltzen duen funtsezko arrazoietako bat. Izan ere, De Miguel kasua - epaitegiek “Siziliako praktika bereizgarri” gisa deskribatu zutena- icebergaren punta baino ez da.
Zerk balio du eta zerk ez EAJ garaitzeko
Hala eta guztiz ere, badirudi EAJ osasuntsu dagoela. Zergatik? Funtsezko arrazoia da – eta argi esan beharrean gara– EAJk ez duela oposizio serio eta kontsekuenterik izan ezkerretik.
Izan ere, Legebiltzarreko arku osoaren babesa izan du, PSErena konpartsa gisa eta PPrena, eskua luzatuta beti ere enpresarien aldeko paradisu fiskala mantentzeko lanean.
Baina beren burua eraldatzaile aldarrikatzen duten ezkerreko indarrak izan dira, Elkarrekin Podemos eta batez ere EH Bildu, hemen zeregin erabakigarria izan dutenak. Eskuinaren aurrekontu antisozialak onartu dira, Hezkuntza Ituna bezalako akordio benetan negargarrian elkarlanean aritu dira, eta kosta ahala kosta bake soziala bermatu da. Kolaborazio horrek eman dio aukera EAJri bere burua indar “aurrerakoi” gisa aurkezteko, eskuin espainolistaren aurrean, eta egonkortasunaren bermearen propaganda hauspotu du.
EH Bilduk euskal hezkuntza lege berriari emandako babesa da horren adibiderik onena, hau da, behar ez dugun politika erakusten duena. Lege horren iragarkia jeltzaleek hauteskunde-kanpainako izar gisa erabili dute. Legea, ordea, euskal eskola publikoaren aurkako eraso bortitza da, eta hezkuntza pribatua sare publikoaren maila berean parekatzea eta finantzatzea du ardatz, jauzi erabakigarria euskal eskola publikoaren pribatizazio eta suntsiketan.
Tamalez, kanpaina honetan kolaborazio ildo berari eutsi zaio. Arnaldo Otegik, ezkerreko alternatiba kontsekuente bat altxatu eta defendatu beharrean, EAJrekin edo PSOErekin itunak egiteko prest dagoela azpimarratu du. Zertan lagunduko dio horrek langile klaseari? Eskuina logika kapitalista zalantzan jartzen duten politikak egiteko konbentzituko dela uste al da? Ez al da alderantziz izan urte hauetan guztietan?
2011n EH Bildu udal hauteskundeetan estreinatu zenean, Gipuzkoa osoan arrasatu zuen, diputazioa, Donostiako udala eta ia lurralde osoa gobernatuz. Horri esker, Zubietako erraustegia geldiarazi ahal izan zen. Baina krisia langile-klasea gogor kolpatzen ari zen testuinguru batean, enplegu-erregulazioko espedienteekin, enpresa-itxierekin, etxegabetzeekin eta abarrekin, ez zen funtsezko desberdintasuna markatuko zuen politika kontsekuente bat bultzatu: ez zen higiezinen espekulazioa geldiarazi, bereziki odoltsua Donostian; ez ziren oinarrizko zerbitzuen pribatizazioei eta murrizketei buelta eman, eta ez zitzaien Tolosaldean bezala ospitale publiko baten aldeko funtsezko borrokei erantzun. Bitartean, ahaleginak egin ziren EAJren aurreko gobernuek utzitako banku-zorrak onbideratzeko. Estatu mailan “aldaketaren udalek” egin zuten kudeaketaren antzekoa izan zen, eta ia guztiek porrot egin zuten gero PPren edo PSOEren itzulera asfaltatuz.
2015ean Araban, EH Bilduk Urtaran (EAJ) inbestitzeko botoak eskaini zituen, Maroto (PP) alkatetzatik botatzeko, nahiz eta jeltzaleek baino boto eta zinegotzi gehiago izan. Jarraian, EAJk inbestidura-akordio guztiak urratu zituen, PSOEk UPrekin egin duen bezala, eta Errekaleor auzoa erasotzera jo zuen, Iberdrolako lagunak altzoan zituela.
Eta antzeko zerbait ikusi dugu Nafarroan, orain Foru Gobernua ere jokoan dagoenean. Duela zortzi urte UPNren amesgaiztoarekin amaitu ondoren, Geroa Baik (EAJren hauteskunde marka), Podemosen zein EH Bilduren babesarekin, ezkerreko politikak geldiarazteko erabili zuen bere kokalekua Foru Gobernuaren buruan. Gaur egun, sektore publikoko langileak kalera ateratzen dira eskola eta osasun publikoaren utzikeria eta suntsipena salatzeko, itxaron-zerrendak, behin-behinekotasun eta lan-prekarietate izugarria eta beste hainbat arazo borrokatzeko.
Zer programa behar dugu hauteskundeak irabazteko?
Ezkerrak langileen familiek dituzten arazo larriei irtenbidea emango dien programa bat defendatu behar du, baina hori logika kapitalista hausten duten politiken bidez bakarrik da posible, urte hauetan egiaztatu den bezala.
Politika horiek Estatuko botereei parez pare aurre eginaz baino ezin dira ezarri -epailetza, polizia, instituzio burgesen aurka- eta bide bakarra kaleetan borrokatzea da, gizarte eta auzo mugimenduen, klaseko sindikalismo borrokalariaren, langile klasearen eta gazteriaren ekintzan oinarrituz.
Esperientziak erakusten digu gehiengoaren bizi baldintzak errotik eraldatzeko ezinbestekoa dela udal-kudeaketaren esparruan enpresa handien interes erraldoiei aurre egitea. Honako ardatzak hartu behar ditugu oinarri:
● Pribatizatutako zerbitzu guztiak publifikatzea (garbiketa, ura, lorategiak, garraioa, etxez etxeko arreta-zerbitzua eta mendekotasuna, gizarte-zerbitzuak...), langile guztiak sektore publikoan xurgatuz eta euren soldatak eta lan-baldintzak duinduz, kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko.
● Etxebizitzen udal-parkeak eratzea, alokairuan maizterren diru-sarreren %10 gainditzen ez duen prezioetan. Herritarren premiek eskatzen dituzten eraikuntza berriez gain, parke horretan sartu behar dira, kalte ordainik gabeko desjabetzeen bidez, funts putreei gaizki saldutako etxebizitza publikoak eta bankuen, higiezinen enpresen eta jabe errentadun handien esku dauden etxeak. Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa!
● Osasunaren, adinekoen egoitzen eta hezkuntzaren kudeaketa %100 publikoa, baldintza duinetan eta langileen eta baliabide materialen kontratazioak nabarmen handituz, benetako doakotasuna bermatzeko. Egungo ikastetxe pribatuetako baliabideak eta langileak sare publikoan sartzea. Zerbitzu psikologiko publikoak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzeko inbertsioa.
● Garraio publiko ekologiko, eraginkor, kalitatezko eta doakoaren sarea, auzotarren premien zerbitzura dagoena, Uber edo Cabify bezalako operadoreekin amaituz.
● Gizarte, kirol eta kultura ekintzako neurrietan inbertitzeko plan ausarta, langile auzo eta hirien degradazioari aurre egiteko. Udalek bizitza komunitarioa eta aisialdi osasuntsua garatzeko espazioak eskaini behar dituzte, merkatu interesen mende egon gabe. Zinema, antzoki, museo, kontzertu eta bestelako kultur jardueren doakotasuna. Apustu etxeak ixtea.
● Klima aldaketaren eta degradazio ekologikoaren aurka. Kutsaduraren aurkako neurri eraginkorrak. Uraren eta ingurune naturalaren mantentzearen kudeaketa pribatuarekin amaitzea, eta hori berehala esku publikoetara pasatzea. Enpresa energetikoen nazionalizazioa.
● Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktimei arreta emateko kalitatezko gizarte zerbitzu publikoak. Sexu hezkuntzako derrigorrezko irakasgaia ezarri.
● Arrazakeriarik eta xenofobiarik ez. Atzerritarren legea indargabetzea. CIEen itxiera. Erregularizazioa orain.
● Behera monarkia eta 78ko erregimena. Autodeterminazio eskubidearen alde!
● Udal-gobernuen kudeaketa demokratikoa eta parte-hartzailea, erabaki garrantzitsuak auzotarrek eztabaidatu eta onar ditzaten, kargu publikoak kentzeko eta haien ordezkoak aukeratzeko gaitasuna izango dutenak.
Programa hau behar dugu gure auzoak duintzeko eta hobetzeko eta bizimodu duinerako baldintza materialak sortzeko. Langileria akiturik dago promesa hutsalen, itxaropen traizionatuen, abandonu eta umiliazioen aurrean.
Ezker Iraultzaileak modu aktiboan parte hartuko du hauteskunde kanpaina honetan, programa hori defendatuz eta EH Bilduren hautagaitzak kritikoki babestuz. Izan ere, proposamen horiek defendatzetik urrun egon arren, langile klaseko sektore aurreratuenak eta euskal gazteek eskuina geldiarazteko eta PSOEren enpresen aldeko politikak geldiarazteko aukerarik onena bezala ikusten baititu.
Baina bozkatzea ez da nahikoa. M28aren ondoren, borrokak aurrera jarraituko du, eta klaseko politika sozialista defendatuz eman behar da, bake sozialarekin hautsiko duena eta gure hiriak aberaskumeen trasteleku partikular bihurtzen dituzten apur horiei aurre egiteko.