Abenduaren 20ean Ikasle Abertzaleakek antolatutako Bolognaren aurkako mobilizazioa izan zen. Pauso garrantzitsua izan zen Bolognaren aurkako borrokan. Greziako borrokaren esperientzia azaldu nahi dugu borroka honen aportazio bezala.

Bologna jada gure ikasgeletaraino sartu da: derrigorrezko klaseak, 8 ordutako “lan egunak” hitzaren zentzu osoan, … Iraultza pedagogiko bati buruz ari zaizkigu hizketan. Karrerak gradu eta gradu-ondokotan banatzea ez da ikasketen beste antolamendu mota bat baino (hori bai, gradu ondokoak masterren prezioan joango dira eta gradua ikasita soilik gelditzen dena, gradua amaitzen duen une beretik, bigarren mailako unibertsitari izango da lan merkatuan), kreditu sistema berriekin Europan zehar erraztasun gehiagorekin mugituko gara (Europako Ekialdeko ikasle unibertsitarioak herrialde aurreratuagoetara lanera joanez gero, hauei euren herrialdeko lan legediaren arabera ordaintzea egongo da, Britainia Handian langile Poloniako soldatarekin), errentagarritasun ekonomikoak baldintzatuko du karreren existentzia…

Ez da harritzekoa ordea prozesu honek ikasleoi halako “onurak” ekartzea Bologna prozesuaren beraren gurasoak nortzuk diren ikusita: World Trade Organization (Munduko Merkataritza Elkartea) eta Europar Batasuna (europar inperialismoaren negozio biltzarra). Mundua ez dabil ondo. Diru iturri murritzenagatik sarraski etnikoak bultzatzen dira bost kontinenteetan, etsipenaren aurrean gerra inperialistak bultzatzen dira Ekialdean, Latinoamerika eskutik ihes egiten ari zaio inperialismo estatubatuarrari… Merkatu berrien bilaketarekin bat dator langile klasearen borrokekin lortu ziren konkista sozialen pribatizazioa (pentsioak, osasungintza…) eta nola ez, hezkuntza. Bolognarekin, unibertsitateak diru iturri bilakatzeaz gain kanpusak kapitalista handien ekoizpen beharren arabera antolatu nahi dituzte bi irizpide nagusi jarraituz: arlo teknikoak sustatzea (hainbat karrera ezabatuz) eta unibertsitari hain kalifikatuak ez “ekoiztea” soldatak murrizteko (gradu eta gradu ondoen sarrerarekin). Gradu ondoko ikasketak elite batzuen pribilejio bilakatuko dira (are gehiago) eta ikasketak egiteko lan egiten dutenek agur esan diezaietela euren ametsei; egunean 8 ordu pasako dituzte unibertsitatearekin erlazionaturiko ekintzetan. Lan munduan ardi zintzo izan gaitezen, hezi egin nahi gaituzte 8 orduetako disziplinan ikasketetatik abiatuta.

Grezia da une hauetan prozesuaren aurkako borroken lantza-punta. Mobilizazioak benetan sakondu dira eta asko dugu ikasteko euren esperientziatik. 30.000 pertsonako manifestazioak, departamentu akademikoen %75a okupaturik, irakasleak 2 hilabetetan zehar greban…Greziako estatu aparatua neurri errepresibo kriminalak erabiltzera beharturik ikusi da, baina ez dituzte ikasleak kikildu. Hala dio ΣΤΗΝ ΥΠΕΡΑΣΠΙΣΗ ΤΟΥ ΜΑΡΞΙΣΜΟΥ aldizkariko erredaktoreak: “Gazteria erradikalizazio egoera etengabean dago.(…)Unibertsitariok fronte batu bat osatu dugu unibertsitateko irakasleekin aplikazio honen aurkako borrokan jarraitzeko.(…) Ezinbestekoa da langile mugimenduarekin bat egitea.”

Atenasko esperientziatik asko ikas dezakegu. Ikasle greziarrek Bolognaren aurkako izpiritua gizarteko kapa ezberdinetara zabaltzen jakin dute. Unibertsitateak gelditzeko nahitaezko izan dute irakasleekin batasuna sortzea. Prozesu kapitalista honen aurka ahal bezain beste indar biltzea izan behar du ikasleon helburua; zenbat eta gizarte sektore gehiago bildu mugimenduak, orduan eta indartsuagoak izango gara. Kapitalismoaren eraso honek erantzun proletario bat behar du. Azken finean gizartearen klase baxueneko kide garenok pairatuko dugu Bologna modurik gordinenean. Langileriaren babes sendoa gurekin izanda, ez da gure borroka gelditzeko gai izango den kontrairaultzarik sortuko. Beharrezkoa da beraz Bolognaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotzea zeren kapitalismoa suntsitzen ez badugu Bologna hau ez da etorriko den Bologna bakarra izango.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.