ETAren ekintzaren ondoren Euskal Herria Sozialistak honako hau defendatzen jarraitzen du: Estatu espainiarrak eta frantziarrak, burgesiaren interesak defendatuz, ez dituzte onartuko autodeterminazio eskubidea eta beste oinarrizko eskubide demokratikoak bake prozesuei edo negoziazio mahaiei esker.

Joseba Alvarezek hasieratik esan zuen bezala Euskadi Irratian “Madrilgoa bezalako atentatua ez zuen inork espero” eta “ ez ditu gauzak errazten”. Eta egia da. Gainera, gure iritzirako, PPren eta eskuin espainolistaren demagogia erreakzionarioa Estatu espainiarreko biztanlegoaren sektoreetan sartzea bultzatuko du. Hori horrela izanda garbi dago Euskal Herriaren eskubide demokratikoen borroka zailduko dela. Onuradun nagusiak PNV eta PP dira, eta nola ez, etengabe prozesua hausten saiatu den Estatuaren aparatua. PPk neurri errepresibo gogorragoak exijitzeko “aitzakia” du, Estatu aparatuak aldiz bere ekintzak aurrera eramateko “justifikazioa”.

Arnaldo Otegik, 2006ko martxoaren 22ko komunikatuan zehaztutako konpromisoak eta helburuak mantendu zitzan dei egin zion ETAri, PSOEri ere bereak betetzeko eskatzen zion bitartean. Ez dago dudarik, ezker abertzalearen oinarri sozialarentzat golpe gogorra izan dela ETAren ekintza, askoren iritzirako “zaila ulertzeko”.

Baina ez gaitzatela engainatu, PPk, PSOEk, PNVk... Euskal Herriaren egoeraren arduraduna ETA dela esaten digutenean. Euskal Herriko gatazka nazionalaren arduradunak Estatu espainiarra, Estatu frantziarra (Estatu burges kapitalistak) eta euskal burgesia dira. Euskal Herriak jasaten zuen zapalkuntzaren ondorioz jaio zen ETA, askapen nazionalaren aldeko helburuarekin. Baina beranduago azaltzen dugun moduan ETAren borroka metodoak ez direla eraginkorrak uste dugu, kontrakoak justu.

Arazoaren oinarrira itzuliz, Estatu espainiarrak beste behin erakutsi du zein den bere konpromisoa gatazkaren erresoluzioarekin. ETAk su-etena iragarri zuenetik, 2006ko martxoaren 22an, ezker abertzalearen eta eskubide demokratikoen aurkako errepresioa ez da amaitu, handitu baizik. PSOEren gobernuak ez du inoiz buruan eduki Euskal Herriaren eskubide demokratikoak onartzea, hauen helburua hasieratik “terrorismoarekin” bukatzea izan da. Su-etenaren ondoren, PSOEren gobernuak ez du ezer egin presoak Euskal Herrira gerturatzeko edo kondena beteta dutenak edo gaixo daudenak aske uzteko. Dispertsio politikak jarraitu egin du eta De Juanaren kasuan ikusi zen bezala kalera irtetzear zeuden presoei kondenak handitu zaizkie.

PSOEren zuzendaritzak eskubide demokratikoen aldeko neurriak hartu beharrean, PPren presioei men egin die. PPk bazekien prozesuak “aurrera” eginez gero PSOE  hauteskundeetarako indartu egingo zela eta horregatik hasiera hasieratik prozesua suntsitzen saiatu dira. PSOEren politika erreformista eta koldarkeria PPren mesedetarako izan dira azkenik.

 

EUSKAL HERRIAREN ETORKIZUNA

ETAren ekintzaren ondoren, prozesua bizirik mantentzea beharrezko dela esanez zegoen PNV, eztabaidaren aldeko manifestaldia antolatzeraino. Baina kapitalista zapaltzaileen defendatzaile hauen hitzetan ez dago zintzotasunik. Beti azaldu dira prozesuaren “alde”, baina ez dute dudarik izan Ertzantza polizia errepresiboari esker ezker abertzalearen ekitaldiak oztopatzeko eta ezker abertzaleko militanteak atxilotzeko. Euskal bankari eta enpresari handien defentsan, PNVek datozen hauteskundeetan lortu ahalko dituen botoei begira du estrategia politikoa, ez du prozesuarengatik ezer egin eta egingo, eta aldi berean Batasuna legez kanpo egotea PNVrentzat opari ederra da noski.

Zoritxarrez, PNVren mesedetan, ETAren ekintzak ezker abertzalearen partehartzea zailduko du udal hauteskundeetan. Beste aldetik, Segi, Haika eta Jarrairen aurkako epaiketan eragina izan dezake, erakunde terroristak diren edo ez epaituko da, eta terroristak direla errazago onartuko dute Estatu aparatuaren kontrolpeko epaileek. Hori horrela gertatuz gero, gazteriaren aurkako jazarpena gogortu egingo dute indar polizialek ondorengo hilabeteetan, batez ere ezker abertzalekoen aurka, baina ahaztu gabe eskubideen errepresioa ez dela ezker abertzalera soilik mugatzen.


ALTERNATIBA INTERNAZIONALISTA

 
Eskubide demokratikoak, presoen kaleratzea, autodeterminazio eskubidea, sozialismoa ... ezin dira defendatu  ETAren borroka metodoekin. Borroka modu hau erabat kontraeraginkorra da Estatuei aurre egiteko, burgesia sendotzen du, bere propaganda erreakzionarioa zabaltzen du eta indar errepresiboen neurriak indartzen ditu. Adibide onenetakoa izan liteke Alderdien Legean, “terrorismoaren” aitzakiarekin egindakoa, ezker abertzalearen aurka erabili dena. 

Ez gara nekatuko esanez, alternatiba iraultzailea altxatu behar dugula zapalkuntza nazionalarekin bukatzeko. Langile klasearen indarretan sinestu behar dugu soilik eta honen borroka metodoetan: masen mobilizazioan, greba orokorrean eta altxamenduan. Arazo nazionalari kapitalismoarenpean irtenbidea bilatzea ezinezkoa da. PNVrengan eta PSOEko zuzendaritzan esperantzak edukitzea akats larria da, beste behin argi geratu da. Historiak erakutsi du borroka iraultzailearekin soilik lortu dutela herrialde ezberdinek benetako subirotasuna eta langile klaseak benetako aurrerapenak, eskubideak...  ez negoziazio mahaiekin, akordioekin...

Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea politika internazionalista bat defendatuta lortu dezakegu soilik, Europa kapitalistak ez du beste biderik eskaintzen. Kapitalismoarenpean langile klaseko eta gazteriko masak ez dira askeak izango inoiz. Beharrezkoa da langileen eta gazteriaren batasunaren alde borrokatzea muga nazionalen gainetik boltxebikeek egin zuten moduan Errusia zaristan. Zapalkuntza kapitalistarekin, zapalkuntza nazional eta sozialarekin amaitzeko, beharrezkoa dugu Estatu espainiarreko eta frantziarreko langile klasearekin elkartu behar dugula ulertzea, haien eta gure zapaltzaileak berberak baitira.   

Esperientzia historiko guztiak erakusten du Euskal Herriaren eskubide demokratikoak, autodeterminazio eskubidetik hasita, Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anaiak euskal langile eta gazteekin elkartutako masa mugimenduen bidez lortuko direla, borroka iraultzailearen bitartez. Modu berean, Euskal Herriko gatazka nazionalaren historiak erakusten du sozialismoaren aldeko borrokarekin lortuko dugula herri hau askea izatea.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.