Euskal Herri osoan zehar Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra. Honen ondorioz bertako herritarrok espezialitateen anbulatorio publikoa eta Asuncion Klinika pribatua izan ditugu. Egoera honen ondorioz Tolosaldeako herritarrok dugun osasun zerbitzua eskasagoa izateaz gain, azken urteetan gero eta gehiago joan da okertzen. 1990 eta1995 urteen artean anbulatorio publikoko zerbitzuak desegiten hasi ziren osasunaren pribatizazioa bultzatzeko helburuarekin. 

Urte haietako Asuncion Klinikako gerenteak bere kargua utzi zuen Osakidetzari diru asko zor ziola eta. Horren ondoren, Tolosaldeako herritar guztiei kalitatezko osasun zerbitzu bat emango ziela adierazi zuen enpresa berri bat sartu zen Asuncion Klinikan. Garai hartako Osakidetzako arduradunek, noski, gezur horri babesa emanez, ez zuten asmorik izan klinika hori publiko egiteko. Gogoratzekoa da gainera, 1991tik 1995era, Ardanzaren Gobernuan Rafael Bengoa (gaur egungo Osasun eta Kontsumo sailburua) izan zela Osasun sailburuorde Iñaki Azkunarekin batera.

Tolosaldeako eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren pribatizazioa bultzatzen ari den Bengoa bera hartu zuten komunikabide ofizialek bere garaian Osakidetzaren “aitatzat”. Medikuntza eta Kirurgia Orokorrean lizentziaduna, Europar Batasuneko osasun gaietan eta osasun kudeaketan trebatua eta Munduko Osasun Erakundean aritua omen den honek 1990ean Estatu espainiarreko osasun sistema berritzeko lanean hartu zuen parte. Berak egindako Osasuna Zainduz txostenaren ildoa jarraituz egin zen euskal osasun sistemaren berregituraketa. Horrela, 1993an onartu zen erreformak, sistema publikoaren “lehiakortasuna eta kalitatea” hobetzeko balioko zuela defendatu zuen Bengoak.  

Baina kalitatearen aitzakian, pribatizazioa bultzatuz eta Asuncion Klinikako negozio pribatuari mesede eginez, anbulatorio publikoko espezialitateak kentzeko joera nabaria da. Dagoeneko, Urologiako espezialitatea lekuz aldatu dute, oftalmologiako eta digestiboko espezialista bana kendu dituzte eta errehabilitazioko zerbitzua kolokan dago. Osasun berrantolaketa honen arduradunek diotenez espezialitateetako anbulatorioak zerbitzua eskaintzeari utziko dio, espezialitateen zerbitzua eta zerbitzu ospitalarioa Asuncion Klinikak bere gain hartuko lituzkeelarik. 2007an EAJ-PNV, EA eta EBren Eusko Jaurlaritzak bultzatutako plana da honen jatorria. Horrela, Asuncion Klinikak zerbitzu hauek hartuko ditu espezialitateen anbulatoriotik: kardiologia, dermatologia, digestiboa, endokrinologia, neumologia, neurologia, ginekologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologoa, traumatologia eta errehabilitazioa. Helburu nagusitzat irabazi maximoa duen osasun pribatuak ordea, ez ditu Tolosaldeako herritarren beharrak aseko, eta beste behin, gutxien dutenek sufrituko dituzte ondorio larrienak.

 

Osasun publikoaren aldeko plataforma

Tolosako espezialitateetako anbulatorioaren itxieraren aurka eta Tolosaldea eta Andoain eskualdeari dagozkien zerbitzu ospitalarioak Asuncion Klinika pribatuaren eskuetan jartzeari aurre egiteko, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataforma sortu zen martxoan. Erakunde eta eragile hauek ari dira bertan parte hartzen: Amarotz auzo elkartea, Aralar, Arpegi, Berdinbide, Bildu, Bilgune Feminista, Bonberenea, CCOO, EHNE, ELA, Euskal Herria Sozialista, Ezker Abertzalea, Gazte Independentistak, Herria Abian, IU-Ezker Batua, LAB, Osasun Publikoko langileak, Tolosako denbora-bankua, UGT eta Zahartzaro Duinaren aldeko plataforma.

Indar handiarekin sortu den eta indar handiarekin jarraitzen duen plataforma da. Hasiera egoeraren hitzaldi-aurkezpen batekin eman zen eta Tolosako Kultur etxeko aretoa txiki geratu zen. Hurrengo asterako jarri zen plataforma martxan jartzeko lehen bilera eta ordutik astero-astero bildu gara gure ekintzak aurrera eramateko. Plataformaren lehenengo helburuak osasun publikoaren alde propaganda egitea eta sinadurak biltzea izan ziren. Herrietan hitzaldi informatiboak antolatzen ari gara, milaka eskuorri banatu ditugu eta antolatu ditugun sinadura bilketa kanpainetan 14.000 baino gehiago lortu ditugu dagoeneko. Datu oso esanguratsua da jakinik Tolosaldean eta Andoain eskualdean 65.000 pertsona inguru bizi garela. 

Hitzaldi informatiboen eta banatzen ari ginen eskuorrien bitartez, manifestazio baten deialdia egin genuen maiatzaren 14rako. Tolosako Triangulo plazatik atera zen manifestazio hau jendetsua izan zen, indar handikoa. Manifestazio hark erakutsi zuen Tolosaldeako langileak, gazteak, langabetuak, merkatari txikiak eta pentsionistak prest daudela osasun publikoaren alde mobilizatzeko. Eta hain zuzen ere, hau da modu bakarra pribatizazioei aurreko egiteko eta beharrezkoa dugun ospitale publikoa lortzeko. Manifestazioa ez zen lanaren bukaera izan, borrokaren hasiera bakarrik baizik.

Asuncion Klinika handitzeko lanei ez!

 

Maiatzaren 26ean TOPA plataformatik idatzi bat aurkeztu genuen Tolosako udalean, Asuncion Klinika handitzeko obren baimena bertan behera uzteko eskatuz EAJ-PNVko Jokin Bildarratz alkateari. Osasuna erabat pribatizatzeko planean klinika pribatuaren azpiegiturak handitu nahi dituzte eta obrak udaren amaieran hasiko lirateke. Gaur egun dagoen eraikinaren ondoan, hiru solairuko eraikin bat egin nahi dute. Horrela klinika pribatua 3.000 metro karratutan handituko litzateke. 

Baina Jokin Bildarratzek eta EAJ-PNVko eta PPko kideez osatutako udaleko osasun batzordeak ez zioten kasurik egin gure eskaerari. EAJ-PNVk udal hauteskundeak galdu ondoren eta BILDU alkatetzarekin geratzeko arriskua ikusten zuela, klinikaren handitze lanetako tramiteak bizkortu egin zituzten. Horregatik, beste behin, herri mobilizazio berri bat antolatu genuen ekainaren 6rako Tolosako udaletxe aurrean. Mobilizazio honek ere, denbora gutxian konbokatu behar izan genuen arren, parte hartze handia izan zuen.   

Borroka da osasun publikoa defendatzeko bide bakarra

 

Pribatizazioaren ondorioz, osasun zerbitzuak okertzen eta langileen prekarietatea handitzen ari dira. Pribatizazio hau bultzatzen ari den osasun sailburuaren atzean, osasunarekin negozioa egin nahi duten enpresa pribatuak daude, helburu bezala osasun publikoa desegitea dutenak. Eusko Jaurlaritzari edo Tolosako EAJ-PNVren udalari osasun publikoaren alde egin dizkiegun eskaera ofizialen erantzunek erakusten digute bete betean babestu nahi dituztela kapitalisten interesak. 

Pribatizazioak atzera botatzeko eta herritar guztientzat kalitatezko osasun publiko bat bermatzeko borroka da bide bakarra. Lehen ere, osasun publikoa ez zen zerutik eroritako zerbait izan, langile klasearen borrokei esker lortutako konkista historiko bat baizik. Berdin gaur ere. TOPA plataformak borrokan jarraituko du bere aldarrikapenak defenditzeko: eskualdeko ospitale publikoa eta espezialitate guztiak dituen anbulatorio publikoa. Herri, auzo, fabrika eta ikastetxeetara eramango ditugu gure aldarrikapenak, gure plataforma indartzen eta zabaltzen jarraituko dugu, Euskal Herrian osasun publikoaren alde dauden borrokekin harremanetan jarri eta koordinatuko gara eta mobilizazioak antolatuko ditugu gure aldarrikapen guztiak lortu arte.