Behin baino gehiagotan esan dugunez, sistema kapitalista oztopo da euskararen garapenerako eta Euskal Herria euskalduntzeko. Logika kapitalistak duen helburu bakarra enpresari eta bankariak ahalik eta irabazi gehien irabaztea da. Horregatik, kapitalismoaren goraldian inbertsioak egiten dituzte (ez noski gizartearen beharrak asetzeko, irabaziak lortzeko baizik) industrian, teknologian, kulturan, hizkuntza gutxituak laguntzeko proiektuetan… Kapitalismoa gaur bezala gainbeheran dagoen garaietan ordea, irabazia mantendu edota lortzen jarraitzeko murrizketa planak eramaten dituzte aurrera, klase zapalduaren aurkako planak hain zuzen ere.
Euskararen aurkako murrizketak
Langile mugimenduak urteetako borrokaren bidez lortutako eskubide guztiak egun batetik bestera kentzen dituzten bezala, euskararen aldeko borrokaren bidez lortutako laguntza guztiak ere egun batetik bestera kendu nahi dituzte. Abenduan aurkeztutako 2012 urterako aurrekontuetan ikus zitekeen euskara ere guraizekada latzak jasaten ari dela. PSE-EE Euskal Autonomia Erkidegoko gobernura iritsi zenetik euskarari bideratutako diru laguntzak gutxitu egin badira, are gehiago murriztu dira orain: azken urteetan %4,3 jaitsi da euskara sustatzeko laguntza eta %6,3 euskaltegiei emandako laguntza.
2012 urterako Eusko Jaurlaritzak egindako aurrekontuen arabera, 49 milioi euro gutxiago emango zaizkio euskalgintzari, 2011an baino %7 gutxiago: Euskaltzaindiak % 27 gutxiago jasoko du, Labayru Institutuak %12 gutxiago, Bertsolaritzaren Lagunek %20 gutxiago, euskarazko irakurketa eta ikus-entzunezko produktuek ere 2011n jasotakoa baino %71,4 gutxiago jasoko dute. Euskararen egoera eta garapena ikertzeko emandako laguntzak %62 murriztu dira, lan zentroetan euskara sustatzeko diru laguntzak %22,2 gutxitu dira, teknologian eta informazioan euskara garatzeko laguntza ere %30,8 murriztu da.
Era berean, desagertu egin dira euskara babesteko hainbat diru laguntza, esate baterako, euskarazko komunikabideen kontsumoa sustatzeko 90.000 euroko laguntza eta Zinema Euskaraz programaren bidez euskarazko laburmetrai, luzemetrai eta dokumentalak egiteko 900.000 euroko laguntza. Euskarazko hedabideei zuzendutako 2012rako partidak aurrekoak baino 538.199 euro gutxiago du.
HABE-k ere, aurreko urteetako bidea jarraituz, murrizketak sufrituko ditu; izan ere, bere gastuak betetzeko 30.525.000 euro jasoko ditu, 2011n baino 200.000 euro gutxiago eta inbertsiorako %30 gutxiago. Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko 2011n eman zuen 1.500.000 euroko laguntza ere kendu du Eusko Jaurlaritzak.
Ikusten denez, izugarriak dira euskarari egindako murrizketak eta zuzenean langileriari eragiten dio. Euskalgintzari emandako diru laguntzak gutxitu direnez, horretan diharduten erakundeetan ere murrizketak egin behar izango dituzte eta, besteak beste, euskalgintzako langileak kaleratuko dituzte. Bestalde, langabeziaren aitzakian bere kualifikazioa igotzeko euskara ikasteko aukera aprobetxatu nahi izan duen langileari ere euskara ikasteko aukera ukatu diote.
Orain arteko datuak Eusko Jaurlaritzarenak izan dira, baina Nafar Gobernuarenak ere ez dira atzean geratzen. Lehendik pasa den abenduan 25 urte bete zituen “Vascuencearen lege” atzerakoi eta antidemokratikoak kalte larriak egiten badizkio, murrizketa berriekin areagotu egin dira kalteak. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaoren esanetan "[Nafarroan] euskarari eskaintzen zaizkion baliabideak hutsaren hurrengoak dira eta horien bitartez euskararen aldeko mugimenduaren itotze ekonomikoa bilatzen dute, horrela desagerraraziko dutelakoan". 2012rako aurrekontuei dagokienez, lehendik urria bazen, orain %29 murriztu du gobernuak euskaltegiei emandako diru laguntza. Hizkuntzaren aldeko kanpainek %21,4-ko murrizketa jasan dute eta euskarazko hedabideei zuzendutako partida desagertu da.
Era berean, Kontseiluaren arabera "urte batetik besterako kalkuluek egoeraren larria ezkutatzen dutela uste dugu. Izan ere, perspektiba handitzen dugunean konturatuko gara zein izan den partida horien bilakaera". Horrela, hauxe gehitzen du: "euskaltegien partida 2008an 510.00€koa zen; Hizkuntzaren aldeko kanpaina 2008an 110.000€koa zen eta hedabideena ordea, 2008an ere, 310.000€koa zen. Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu sektore honekin gertatzen dena eta ez bakarrik partida desagertu delako baizik eta 2011ko bigarren epealdiari dagokion exekuzioa %35ean murriztu dutelako. Euskal prentsa deseroso zaie nonbait".
Nafarroako UPN-ren gobernu atzerakoiak urteak daramatza euskarari eta euskal kulturari eraso egiten eta orain krisia aitzakiatzat hartu du euskararen aurkako bere politika atzerakoi higuingarriarekin jarraitzeko: "esaten dugunaren beste adibide bat 421 programan aurki dezakegu. Programa hizkuntzen irakaskuntzaz ari da besteak beste. Bertan, 3 diru sail aurki daitezke, honako hauek alegia: Euskara (182.968€), Ingelesa eta atzerriko hizkuntzak (901.400€) eta Gaztelania (30.570€). Oso agerikoa da gure ustez, hizkuntzen arteko desoreka eta oso nabarmen gelditzen da gobernu honen politika zein den.” (Kontseiluak esana).
Datu hauek perspektibak besterik ez dira, baina dakigunez sistemaren krisia okerrera doa, Europa atzerapenean sartzen ari da eta honek eraso are larriagoak ekarriko ditu. Azaroko estatu espainiarreko hauteskundeak igarota, Raxoik iragarri ditu murrizketa berriak eta zuzenean edo zeharka, lehenago edo beranduago euskarari eragingo die murrizketek.
Alternatiba: sozialismoaren aldeko borroka
Azken urteetan eta ondorengoetan euskarak jasan eta jasango dituen erasoen atzean ez dago agintean dauden alderdien (PSE-PP-UPN) izaera ‘españolista’ edo ‘euskalduna den ororen aurkako jarrera’ bakarrik; Euskal Autonomia Erkidegoaren gobernuan EAJ egon denean ere murrizketa eta erasoak ugariak izan baitira. Ez dezagun ahaztu euskararen aurkako eraso garbia den hizkuntza-ereduen sistema EAJ alderdiak aurrera eramandako iruzurra besterik ez dela. Funtsean sistema kapitalista da euskarak duen oztopo nagusia eta kapitalismoa defendatzen duten alderdiengan ezin da inolako konfiantzarik izan.
Argi eta garbi dago euskara jasaten ari den eraso hauen guztien atzean sistema kapitalistaren krisia bera dagoela. Horregatik, ezin dezakegu euskararen biziraupena eta garapena bermatu ustelduta dagoen sistema kapitalista honen barruan. Hori dela eta, beharrezkoa da euskararen normalizazioaren aldeko borroka sozialismoaren aldeko borrokarekin uztartzea. Kapitalismopean lorpen bat edo beste lor daiteke eta lortu izan da, baina hori kapitalismoaren goraldian eta krisia horren nabarmena izan ez denean izan da. Orain sistemaren porrot eta gainbehera garai honetan eskuratutako lorpen guztiak galtzen ari da langile klasea, baita euskaraz ikasteko, irakurtzeko, telebista eta zinea ikusteko… eskubidea ere. Horregatik beharrezkoa da ezkerreko sindikatu, eragile, alderdi eta taldeek murrizketen aurkako mobilizazio eta aldarrikapenetan euskararen normalizazioaren aldeko aldarrikapenak ere bere egitea, ez soilik Euskal Herriaren muga barruan, baita estatu frantziar eta espainiarrean ere gainerako hizkuntza gutxituen (katalana, galiziera…) aurkako erasoak ere ugariak baitira.
Aldarrikapenak, ordea, ez dute horretan geratu behar, murrizketa ororen aurkako borroka sozialismoaren aldeko borrokarekin lotu behar da. Alegia, euskararen aurkako eta bestelako murrizketen aurkako erasoak bankaren eta enpresa handien langile kontrolpeko nazionalizazioa eskatzen duen programaren parte izan behar dute. Langileek, hau da, gizartearen gehiengoak kontrolatuko duen gizarte batean soilik izango da posible euskara eta gainerako hizkuntza gutxituak garatzeko eta sustatzeko baliabide guztiak sortzea.