Euskal Herriko nazio mailako Jardunaldi Antikapitalistak errealitate bat dira jadanik, apirilak 28 eta 29an burutuko dira Bilbon (Bilboko Ekoetxean, alde zaharrean).

Irudipen amankomun batetik abiatuta pertsona eta talde ezberdinak ondorio berdin batetara iritsi ginen: Maiatzak 1a, langile borrokaren erreferentziazko errebindikazio egun bat izatetik ospakizun egun batean bihurtzen ari zelakoa. Sistema kapitalistak eta bere bultzatzaileek murgilduta gauzkaten krisi eta oldarraldi orokorrak beste erantzun bat merezi zuela pentsatzen genuen eta horretan saiatu gara, ideologia ezberdinetako talde eta norbanakoak bilduz planteamendu argi, bateratzaile eta erradikal bat proposatuz, Nazioarteko Langileen Eguna borrokaren perspektiban kokatze aldera.

Sozialistak, komunistak, anarkistak, abertzale aurrerakoiak eta antikapitalistak -herri borrokalaria eta langilea finean- batzea zen helburua, eta horretarako jardunaldiak ezaugarrituko zituen manifestu bateratzaile bat adostu da. Bi printzipio nagusi nabarmendu behar dira: batetik kapitalismoaren, eta beraz, klaseen eta klaseetan antolatutako jendartearen desagerpena. Bestetik, Euskal Herriak nazio zapaldu eta berezitu bezala autodeterminaziorako duen eskubidea.

Behin bateratasuna erdietsita, errezelo eta diferentziak zabaltzearen gainetik, herritarrei eguneroko borroketarako tresnak eskaintzearen beharra irakurketa konpartitu bat izan da, eta jardunaldien izaera bateratzaile nahiz praktikoa azpimarratzeko, hasiera eta aurkezpena Periko Solabarriak emango dio, guztien errespetua aski irabazi duen figura bateratzailea izanik. Asmo teoriko-praktiko horiei jarraiki hitzaldiak 3 multzotan banatu dira: Lehen taldean egoeraren azterketa ezberdinak eta aldaketaren subjektuak landuko dira; bigarrengoan, eguneroko jardunerako proposamen zehatzak jorratuko lirateke, langabetuengan zentratuz; hirugarrengoan nazioarteko errealitatea ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko litzateke.

Eta hitzaldiak eta eztabaidak beharrezkoak izanagatik, berez ezer aldatzen ez dutenez, jardunaldiei amaiera mobilizazio batekin emango diegu, finantza eta industria kapitalaren arduradunak ozen salatuz.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu, jardunaldiak ez direla esklusiboki talde deitzaileenak -hauek, denboraren aurka eta modu mugatuan aritu dira indarrak biltzeko saiakeran-; beraz, deialdia zabalik geratzen da jardunaldien filosofiarekin bat egiten duen eta norabide horretan ekarpena egiteko prest dagoen edozein talde eta norbanakorentzat.

Azkenik, Maiatzaren Lehenean Euskal Herriaren luze zabalean burutzen diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, bakoitzak egokiena ikusten duen deialdian jardunaldietan hartutako indarrarekin eguna bera hauspotuz, aurtengoan bai, Maiatzaren Lehena errebindikazio eta borroka egun bat bilakatuz.

GORA MAIATZAREN LEHENA!!

GORA EUSKAL HERRIKO LANGILERIA!!

Anarkherria

Autoeskola Antikapitalista

EHK

Ekimen Komunista

EK-PCPE

Euskal Herria Sozialista aldizkaria

GKK-CJC

Jardunaldi Antikapitalistak (Manifestua)

Maiatzaren lehena data esanguratsua da langile mugimenduaren historian. 1886an Estatu Batuetako lantegietan milaka langilek 8 orduko lan jardunaldiaren alde greba abiatu zuten. Hurrengo egunetan, Chicagoko hirian, langileen aldarrikapenak odolez isildu arazi nahi izan zituen poliziak, eta geroztik, egun hori nazioarteko langilegoaren erreferentzia bihurtu da.

Denboran baina, tokian tokiko, edukinez hustuta aurkezten zaigu jardunaldia. Zenbaitetan aldarrikapenak ospakizunaren mesedetan alboratuak direla ikusten dugu, eta gehiegitan, oso maiz, langileen arteko zatiketa errealitate mingarri bat bezala agertzen zaigu.

Topaketa hauen helburua egunari gorputza ematea da, Langileen Nazioarteko Eguna borrokaren perspektiban jartzea. Horretarako, gure egiten dugu burgesia egun hauetan erabiltzen ari den leloa eta “guztiok batera, orpoz-orpo aritzera” deitzen dugu. Noski, beraien hitz hauen atzean bake sozialaren aldeko aldarria antzeman dezakegu, klase borrokaren kaltetan. Gure lankidetza deia kontrako norabidean doa: langilegoak elkar hartu eta kapitalismoaren aurkako borrokan antolatzera deitzen dugu. Jakin badakigu, ezkerreko ideologia anitza eta zabala dela, sistema kapitalistak eragiten duen zapalkuntzari eman beharreko irtenbide posibleak askotarikoak direla eta maiz kontrajarriak azaltzen zaizkigula. Mundu mailako burgesiaren erasoaren tamaina kontutan izanda, zatiketa eta hika-mika onartu ezinezko luxu bihurtu zaizkigu, gainditu beharreko bizioa alegia.

Oligarkiaren erasoak sektore ugari harrapatu ditu oraingoan: gazteria miseriara kondenatu dute; emakumeek lehenagotik gogortua zuten egoera okertuta ikusi dute nabarmen, zerbitzu sozialen murrizketekin erreproduzio eta zainketa lanak eta horrek dakartzan gainontzeko ondorioak bere gain hartuz; langileen artean kasurik hoberenean prekaritatea nagusitu da eta txarrenean langabeziaren zantzuak ia etxe guztietara iritsi dira, nekazaria itota dago, langile publikoa kolokan.

Baina bilatu nahi den zabaltasunak ezin du epeltasunerako tarterik utzi eta irizpideak argiak izan behar dute. Kapitalismoa bada arazoaren muina, arazoaren erroak gaindituak izan behar dute. Bestalde, ez gara arrotzak gure herriak, Euskal Herriak, bizi duen nazio zapalkuntzarekiko, eta irtenbide justu bat aldarrikatzen dugu.

Zentzu horretan, Jardunaldi Antikapitalistak bi irizpide argiren gainean antolatu dira:

Klaseen desagerpena. Sistema kapitalistaren ezaugarri nagusia klaseen arteko zatiketa da eta klase batekoak beste klasekoa zapaltzen du. Klase bat ekoizpen bitartekoen jabe da eta bestea, ekoizpen bitarteko horiek martxan jartzen dituena. Harreman desorekatu horretatik dator klase zapalketa. Beraz, klaseen desagerpena eta ekoizpen bitartekoen sozializazioa aldarrikatzen dugu. Gainera, kapitalismoak berekin dakartzan inperialismoa eta gerra gosea salatzen ditugu.
Herrien eskubideen defentsa. Euskal Herria frantziar eta espainiar estatuek zapaldutako herria, nazioa da. Bertan bizi garen langileok bere egituraketa politikoaren inguruan iritzi ezberdinak ditugu eta errespetuaren aldeko jarrera defendatzen dugu. Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea du, bere burua bere biztanleen nahiaren arabera antolatzeko eskubidea, eta hala nahi balu, independentzia gauzatzeko eskubidea.

Aurtengo maiatzaren lehena borroka egun batean bihurtze bidean, krisi kapitalistak kaltetutako sektore guztiak Jardunaldi Antikapitalistetan parte hartzera deitzen ditugu.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.