Euskal Herria Sozialista, Ikasle Abertzaleak, Gazte independentistak eta Ikasle Batasunak Donostiako Ibaetako unibertsitatean deitutako batzar orokorraren eskuorria.

BATZAR OROKORRA: Maiatzaren 3an 15:30tan FIHEZI 1.7 gelan

KALITATEZKO HEZKUNTZA PUBLIKO ETA EUSKALDUN BATEN ALDE

Hezkuntzaren eta zerbitzu publikoen murrizketarik ez!

Borrokak jarraitu beharra dauka erasoak geratu arte


M-29ko greba orokorraren ondoren, argitara eraman ziren Rajoyen gobernuaren aurrekontuak: 27.000 milioi euroko murrizketa. Egun batzuk beranduago, kapitalista europarren presiopean, Rajoyek beste murrizketa bat aurkezten du, 10.000 milioi eurokoa, 7.000 osasungintzan eta 3.000 hezkuntzan. Gastu publikoaren murrizketa basati hori guztia zor publikoaren interesak ordaintzera joango da, hau da, zuzenean banka handiaren eskuetara. Honi gehitu behar zaio, praktikoki ez dela ukitu ere egiten Errege Etxera edota Eliza Katolikora bideratzen den aurrekontu publikoa.

Gure hezkuntza publikoa okertu nahi dute

Murrizketa hauek guztiak, lan erreformei gehituta, golpe gogorra izango dira langile klasearen eta beren seme-alaben aurka. Hezkuntzan milioika eurotako murrizketa burutzeak hezkuntza publikoaren degradatzera eramango du, ikasgeletan masifikazio izugarri batetatik hasiz. Hezkuntza ez unibertsitarioan jada ikasle kopurua gelako %20 haztea aurreikusten da. Egun hauetan onarturiko neurrien artean 10 egunetik beherako irakasleen bajak ez betetzea eta gainera irakasleei eskola-orduak gehitzea daude; honek tutoretzetarako, errefortzuetarako eta klaseak prestatzeko ordu gutxiago edukitzea suposatuko duelarik. Aldi berean, milaka bitarteko irakasleen kaleratzea edo ez kontratatzea ekarriko du; Hego Euskal Herrian murrizketa horiek 4000 lanpostu deuseztatuko dituztela kalkulatzen da. 3000 milioi eurotako murrizketak oraindik zehazteke badaude ere, batxilergorako eta Lanbide Heziketarako tasa bat ezartzea aurreikusten da, 80. hamarkadan zegoen bezala. Erasoaldi honek eskola-porrotaren gorakadara eta langileen, langabetuen eta bitarteko ekonomiko gutxien dituztenen  seme-alaben hezkuntza eskubidean atzera pauso ikaragarri batetara eramango du.

Bigarren hezkuntzak bezala, unibertsitate publikoak ere murrizketa hisotrikoak jasango ditu. Unibertsitate tasen handitzeak, (jada altuak izanik %15-25 arteko igoera, 540 eurora arte), milaka ikaslek karrera bat ezin egitea ekarriko du. Bestalde, lehenengo deialdia gainditu ezean, ondorengo matrikulen prezioa izugarri igoko da, bigarrenean ikasketa kostuaren %30-40 ordaindu beharko delarik, hirugarrenean %65-75 eta laugarrenean berriz %90-100a, hau da, bataz beste 6.000 euro urteko. Familia asko dauden langabezi eta prekarietatezko egoeran, bitarteko gutxi dituzten gazteak unibertsitatetik kanporatuko ditu eta karrera ordaintzeko lan egitea ezinezko bihurtuko du, are elitizazio handiagoa ekarriz. Helburua argi adierazten dute, ikasleak finantza dezala bere ikasketen kostu guztia, hau da, unibertsitate publikoarekin amaitzea.

Honi, alde batetik euskarazko asignaturen eskaintzaren beherakada etengabea eta bestetik kanpus bat baino gehiagotan ematen diren graduen ezabatzea gehitzen zaio, horiek bakar batean kontzentratuz, zeren, murrizketen arabera, ez dira errentagarriak matrikulazio baxuagatik. Horrek esan nahi du, ingeniaritzak, ekonomiako eta enpresaritzako karrera batzuk, kimika, erizaintza edota hezkuntzarekin eta zuzenbidearekin erlazionaturiko graduak ikasle gehien matrikulatzen diren fakultateetan kontzentratuko direla. Baina kanpus bakarrean karrerak kontzentratzeak Euskal Herriko beste herrialdeetako ikasleak etengabe bidaiatzen edota etxebizitza bat ordaintzen egon beharko dutela esan nahi du, hori momentu hauetan gehiengoaren aukeretatik urrun dagoelarik, batez ere bekak murrizten jarraitzen duten bitartean. Neurri honek etorkizuneko eraso gehiago ezkutatzen ditu, ikasle gutxi edukitzeagatik oso errentagarritzat hartzen ez diren titulazioak edota unibertsitateak kentzearen parekoak.

Neurri guzti hauekin batera, errektoreek unibertsitateko langileen aurkako erasoak planteatzen dituzte. Konkretuki, EHUn sindikatuak batu egin dira 60 urteko jubilazioen osagarrien kentzearen aurka, Erretorearen arabera, 3 milioi euro aurreztuko zituen neurria. Baina sindikatuen arabera benetako diru xahutzea dena 650 kargu akademiko –departamentu buru, gerente, gerente-orde, zuzendari…- mantentzea da urteko 10 milioi euro baino gehiago suposatzen duelarik, honi EHUko hogeina aholkularien (konfiantzazko postuak) “soldatek” suposatzen dutena gehituz, urteko 70.000 euro kobratuz; edota eskura dizuten kotxe ofizial guztiak 120.000 euro kostatzen direla.

Kontraerreformen eta murrizketen pakete guzti honekin batera, Rajoyren gobernua erasoak areagotzen ari da dauzkagun eskubide demokratiko apurren aurka, greba orokorreko errepresio basatiarekin ikusi genuen bezala edo gobernu espainolak agindutakoa betetzen ez duten autonomi erkidegoetan esku hartzeko mehatxuekin bezala. Eskuin espainiarraren zentralismo erreakzionario eta zapaltzailea areagotu egingo da krisi garai honetan.

Borrokak eta antolakuntzak gelditu ditzakete eraso hauek

Aurreko guztiagatik, eta Euskal Herri guztia gelditu zuen M-29ko greba orokor historikoaren ondoren, beharrezkoa da aurrera jarraitzea gorantz joango den borroka plan batekin, langileak eta gazteak elkarturik indar geldiezina dugula agertuz. Honekin batera, ikasleok beharrezkoa dugu antolatuago egotea inposatzen ari zaizkigun plan gogorrei hobeto erantzuteko. Horregatik, Donostiko kanpusesko ikasle guztiei dei egiten diegu parte hartzera maiatzaren 3ko batzarrean, 15:30tan FIHEZIko fakultatean 1.7 gelan. Batzar honekin lehenik maila orokorrean eta hezkuntzan gertatzen ari denaz hitz egin nahi dugu, neurri guzti hauek eragiten digutenaz, eta krisi kapitalistaren aurrean alternatiba iraultzaile baten beharraz. Era berean, maiatzaren 7tik 11rako astean mobilizazio egun baten inguruan eztabaidatzea eta bozkatzea proposatuko dugu. Proposamen hori langileen sindikatuekin batera egin nahi dugu, uste baitugu momentu honetan batera borrokatu behar dugula iraganean langile klaseari hainbeste borroka eta sakrifizio kostatu zization eta orain likidatu egin nahi duten hezkuntza defendatzeko.

Euskal Herria Sozialista, Gazte independentistak, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Batasuna

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.