Datorren astebururako antolatu diren jardunaldi antikapitalistak direla eta, gaurko Tolosaldeako Hitzan elkarrizketa egin diete Euskal Herria Sozialistako eta Autoeskola Antikapitalistako kideei. Hona elkarrizketa:
«Jardunaldietarako, banatzen gaituenean baino batzen gaituenean egin dugu indar»
Anark Herria, EHK, Ekimen Komunista, EK-PCPE eta GKK-rekin batera, Tolosaldeko bi talde aritu dira Bilboko jardunaldi antikapitalistak antolatzen. Ekimenaren berri Ibon Artola (1980, Anoeta) Euskal Herria Sozialistako kideak, eta Aritz Lopez (1987, Tolosa) Autoeskola Antikapitalistako kideak eman dute.
Zergatik ikusi duzue maiatzak 1 indartzearen beharra?
Langile mugimenduarentzat oso garrantzitsua izan den borroka egun hau, festa egun bat nola bilakatu den ikusi dugulako. Ez dugu ulertzen nola zortzi orduko lanaldia eskatzeagatik, Amerikar Estatu Batuetan exekutatu zituzten langileak omentzeko egun bat, nola bilakatu den festa egun batean. Beharrezkoa da, batez ere gaur egun, kapitalak langile klasearen aurka daraman ofentsiba honetan, egun honek bere izaera berreskuratzea.
Zein da jardunaldien helburua?
Alde batetik, maiatzak 1 bezalako egun esanguratsu batean, eragile iraultzaile ezberdinen artean kapitalismoaren aurkako indarrak batzea; bestetik, ideia ezberdinetako antolakunde iraultzaileen artean mota ezberdinetako harremanak ematea; eta azkenik, sindikatuek egindako deialdiak errespetatuz, egun hau indartzea, aurreko asteburuan, apirilaren 28 eta 29an, hitzaldiak antolatuz eta guretzat erreferentea den LAB sindikatuaren mobilizazioetan parte hartzea gonbidatuz.
PCPE, Anark Herria, Euskal Herria Sozialista, Autoeskola Antikapitalista… zuei ere ez al zaizue deigarria egiten kartelean batera ikustea?
Deigarria baino, beharrezkoa ikusten dugu. Bakoitzaren ideiak errespetatuz, ezinbestekoa ikusten dugulako elkarrekin kapitalismoaren aurka lanean eta borrokan aritzea. Hala ere, onartu behar da ez dela oso ohikoa sigla guzti hauek batera ikustea, baina horregatik da ere lehenengo jardunaldia, eta ikusi beharko dugu zein den jendearen erantzuna.
Hitzaldiak izango dira jardunaldien bizkarrezurra. Ze irizpide jarraitu dituzue hauek antolatzeko garaian?
Hasieratik argi geneukan gakoa zabaltasun ideologiko hori errespetatzea izango zela: banatzen gaituenean baino batzen gaituenean egin dugu indar. Ondoren, gaur egungo arazoetan murgildu gara, alde batetik, larunbatean Euskal Herria izango dugu hizpide, eta bestetik, igandean, Europako Langile Mugimendua. Bi polo nagusi horietan oinarrituta bost hitzaldi antolatu ditugu.
Horrez gain, ez genuke aipatu gabe utzi nahi jardunaldiei hasiera Periko Solabarriak emango diela, langile mugimenduko euskal militante historikoak. Amaiera berriz, igandean 19:30ean, mobilizazio batekin egingo dugu, eta jardunaldiei eman diegun bezainbesteko garrantzia eman nahi diogu hitzordu honi.
Zazpi talde aritu zarete lanean. Aurrera begira, zein asmo dituzue?
Historia guzti hau hiru talderen artean abiatu genuen, eta pixkanaka eta zorionez, mugimendu gehiago elkartu zaizkigu. Orain dugun talde motor hau osatzea, denbora eta esfortzu handia izan da. Hala eta guztiz ere, talde gehiagorekin egon gara, eta oro har, begi onez ikusi dute ideia. Denbora kontuak direla medio, urrats gehiago emateko aukerarik ez dugu izan, baina hurrengo urtera begira, filosofia honekin bat egiten duten talde gehiago biltzea da helburua.
Zein da batzen zaituzten filosofia?
Jardunaldiek, eta azken finean taldeen arteko elkarlanak, bi mugarri dituzte: Klase sozialen desagertzea, eta Euskal Herriak nazio zapaldu bezala duen autodeterminazio eskubidea onartzea.
Mugarri hauekin bat egiten duten Tolosaldeko eta Leitzaldeko herritarrek, jardunaldietara joateko aukerarik ba al dute?
Noski baietz. Hasieratik izan dugu jardunaldiei izaera irekia emateko helburua. Beraz, bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu guztiak. Lo egiteko aukera ere egongo da, hori bai, zakua eta esterila eman beharko dira. Otorduez gain, ez da ezer ordaindu beharko. Hitzordua Tolosako Trianguloan jarri dugu etzi, hilaren 28an, 09:00etan.