Jarraian, Naiara Roldán de Aránguizek Galtzaundi aldizkarirako Aste Iraultzaileaz egindako erreportajea dakargu.

 

Maiatzaren etorrerarekin batera, bueltan da Euskal Herria Sozialistak (EHS) azken hiru urtetan Tolosako Engels ateneoan antolatutako Aste Iraultzailea. Oraingoan, bost hitzaldiz osatutako egitaraua aurkeztu du Tolosako taldeak; maiatzaren 21ean hasi eta 26a bitartean egingo dira.

EHSren ustetan, aurtengo Aste Iraultzaileak izaera berezia izango du “bizitzen ari garen momentu historikoagatik”: sistema kapitalistaren krisialdia, enpresa handien eta kapital finantzarioaren alde gobernuek hartutako erabakiak, enpresa itxierak, herritarrei zuzendutako zerbitzuen murrizketak… Egoera honen aurrean, EHSk dioenez, “klase arteko borroka Europan eta mundu osoan barrena dabil”.

Honako testuingurua kontutan harturik, EHSk bost hitzaldiz osatutako egitaraua aurkeztu du: Greziako gertakizunak langileen ikuspegitik aztertuta; EHSk argitaratu berri duen dokumentu programatikoaren aurkezpena; Irlandako historia eta James Connoly marxista irlandarraren ideiak; oraina ulertzeko iragana ezagutzea beharrezkoa denez, Tolosaldeako langile klasearen historia eta, azkenik, langile klasearen aldeko udaletxe politika, alkate marxista baten ahotsean.

Hitzaldien zergatia eta helburua

EHSko kide den Ibon Artolak Aste Iraultzailearen zergatien berri eman dio Galtzaundiri: “kapitalismoaren aurkako borrokan oinarrizkoa da marxismoaren ideiak zabaltzea eta hori izango da Aste Iraultzailearen helburu nagusia. Erasoen aurka borroka egitearekin batera, kapitalismoaren alternatiba beharrezkoa dela uste dugu, eta horregatik, hitzaldietako bat EHStik argitaratu berri dugun dokumentu programatikoaren aurkezpena izango da”. Krisialdi egoera honetan, herritarrek Aste Iraultzailean proposaturiko hitzaldiak era berezian espero eta eskertzen dituztela uste du Ibon Artolak: “garbi dago Aste Iraultzaileak izaera berezia izango duela bizitzen ari garen momentu historikoagatik. Gero eta langile eta gazte gehiagok, kapitalismoak irtenbiderik ez duela ikusten du. Beharrezkoa da gizarte berri bat. Ez dakigu aurrekoetan baino jende gutxiago edo gehiago etorriko den; faktore asko kontutan hartu behar baitira. Baina, badakigu kapitalismoarekin bukatzeko nahia eta marxismoarekiko interesa handitzen ari dela”.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.