(Tolosaldeako Hitzan Santiago Jimenezi egindako elkarrizketa)
Euskal Herria Sozialista aldizkariak eta Engels Ateneoak antolatu duen Aste Iraultzailea ekimenaren barruan, gaur, Santiago Jimenezen (Villaverde del Rio, Espainia, 1965) hitzaldia entzun ahal izango da. Jimenez Sevillako probintzian dagoen Villaverde del Rio udalerriko alkatea da. 7.500 biztanle inguru dituen udalerri horretan politika marxista lantzen ari dira eta horren berri emango du hitzaldian. Tolosako Engels Ateneoan (Errementari kalea, 8 ) izango da solasaldia, 19:30ean.
Hausteskundeetara aurkezterakoan, ideologia marxista iraultzailea zenutela azaldu zenuten.
Guk ez genuen ezkutatu udal hauteskundeetara aurkeztu ginenean gure programaren ideologia marxista iraultzailea. Izquierda Unidan eta Alderdi Komunistan programa hori sartzen da eta guk praktikarekin defendatzen dugu. Gure egunerako lan moduak oso hurbilekoak dira, eta herritarrek eta langileek erraz ulertzen dituztenak. 15M mugimendua, esaterako, beste politika mota bat ari da aldarrikatzen; gure ustez, gu egiten ari garen politika mota gertuago dago herritarrek eskatzen dutenetik, orokorrean egiten den politika ofiziala baino.
Zer lanketa egiten duzue?
Puntu garrantzitsua da zeini begira egiten dugu lan. Gure lana, batez ere, langileei eta gazteei begirakoa da, hau da, egun gizarteko bi sektore babesgabeenak eta zapalduenak. Beraz, sektore horietakoak izaten diren guneetan egiten dugu lana: lantegietan, nekazaritzan, eraikuntza, eskoletan, auzoetan, kalean,… Eta horretarako gure metodoa batzarrak egitea da. Arazoa dagoen eremukoekin egiten ditugu batzarrak: lantegiak, auzoak,… Guretzat garrantzitsuena da herritarrak konturatzea beraien arazoen konponbidean zuzenean parte hartu dezaketela, eta askotan erabakiorrak direla irtenbideak lortzeko. Pertsonek antolatuta askoz indar gehiago dute alderdi, sindikatu edo udal batek baino. Benetako parte hartzea izatea nahi dugu herritarrei eragiten dien arazoei irtenbidea bilatzeko eta horren alde borrokatzeko.
Eta batzarretan erabakitakoa gero osoko bilkuretan onartzen da, ezta?
Hori da. Ez da kontua erabakiak bulegoetan hartzen dituen udal bat izatea, herritarrengandik aparte. Justu kontrakoa da: lehenengo benetako parte hartze baterako baliabideak jartzen ditugu, eta gero, udalean, erabaki denari forma legala ematen zaio.
Herritarrek parte hartzen dute?
Batzarren bidezko parte hartzeak ere bere arauak ditu. Zergatik dugu jendea etorriko denaren ziurtasuna? Arazo bat dutelako. Hau da, urtero uholdeak izaten dituen auzo batean gai horri buruz batzar bat egiten baduzu, ziur etorriko dela jendea; edo lana banatzeko batzar bat egiten baduzu, ziur langabezian dagoena etorriko dela. Kritikatu izan dute esanez jendea bere interesen arabera mugitzen dela. Baina nola behar du ba bestela? Eta ez al da legitimoa jendea bere baldintzak hobetzeko mobilizatzea? Azkenean herritarrek pairatzen dituzten arazo zehatzei irtenbidea bilatzea da, eta hori modu parte hartzaile, garden eta demokratikoan egitea.
Lan egiteko modu horrek eragindako lorpenen adibide bat eman dezakezu?
Metodologia parte hartzaile hori ere borrokatzeko modua da. Daukaguna kendu nahi digute eta oraindik lortzeko asko dugu. Niretzat politikak borrokatzailea izan behar du. Metodologia hau martxan jartzen ari gara eta ikusten dugu aukera bakarra dela eskubideak mantendu ahal izateko. Orain jasaten ari garen murrizketak hona iritsi dira ere. Zerbitzu bat dugu haur ezinduak artatzeko, hamar udalerriren artean. Diputaziotik eta Andaluziako Juntatik etorri ziren murrizketak, eta horren aurrean udalerri guztietako gurasoak bildu genituen eta ikusi zuten beraiek zirela protagonistak eta egoera horri erantzuna ematea bazutela. Hiru egunetara murrizketak bertan behera utzi zituzten.