2012-2013 ikasturtearen hasierarekin batera, martxan jarri dira uda aurretik Raxoiren gobernuak inposatu zituen hezkuntzako kontrarreforma eta murrizketak: ikasgela bakoitzeko ikasleen kopurua handitzen da eta honen ondorioz masifikazio handiagoa izango da, zailtasunak dituzten ikasleen arreta jaitsiko da, eskola porrota handituko da eta irakasle asko kaleratu dituzte; Lanbide Heziketako zikloen eskaintza ikaragarri murriztu da; errebalida bat ezarri da, hau da selektibitate bat, lehen hezkuntzako 6. mailan, DBHko 4. mailan eta batxilergoko 2. mailan, azken honek batxilergoko titulurik gabe utziko ditu azterketa hau gainditzen ez dutenak, nahiz eta batxilergoko bi urteak gaindituak izan; BEZaren igoera basatia %4tik %21era eskola materialetan mota guztietako bekak murrizten diren bitartean eta beste hainbat.
Bigarren hezkuntzak bezala, unibertsitate publikoak ere murrizketa historikoak izan ditu. Tasa unibertsitarioen igoera %60ra iritsiko da kasu batzuetan. Langabezian eta lan prekarietatearekin dauden familien kalterako, neurri honek unibertsitatetik botako ditu baliabide gutxien dituzten sektoreak, eta gutxiengo batentzako luxu bihurtuko dira. EAEri dagokionez, campus batean baino gehiagotan eskaintzen diren graduak ezabatuko dira, eta hauek bakar batean kontzentratu, errektoreen ustez ez baitira errentagarriak dagoen matrikulazio kopuru txikiagatik. Horrela, Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako batzuk, Kimika eta Erizaintza bezalako karrerak edo Hezkuntza eta Zuzenbidearekin erlazionatuko graduak, ikasle gehien matrikulatzen diren fakultateetan bakarrik eskainiko dira. Karrerak campus batean kontzentratzearen ondorioz, Euskal Herriko beste lekuetako ikasleek etengabe bidaiatzen edo ostatu bat ordaintzen ibili beharko dute. Neurri honek gainera etorkizuneko eraso berriak ezkutatzen ditu: horien artean errentagarriak ez diren unibertsitateak ezabatzea.
Eraso hauei guztiei irakasleen etengabeko kaleratzeak eta eskola azpiegiturak okertzea eragiten duten hezkuntza aurrekontuen murrizketak gehitzen zaizkie. Eta, nola ez, euskararen murrizketak. Erabaki hauek guztiak norabide berean doaz: hezkuntza publikotik bota, bai bigarren hezkuntzatik eta bai unibertsitatetik, langile familien seme-alabak eta hezkuntza publikoaren sistema deuseztatu. Ikastolek ere ondorio larriak izango dituzte murrizketa hauengatik, ikastetxe erlijioso kontzertatu handiek baliabide asko jasotzen jarraituko duten bitartean, Raxoik 5.000 milioi ordainduko baitizkio Eliza Katolikoari urtero bezala inolako murrizketarik gabe.
PPren proiektua gazteei gordetzen dien etorkizunari lotuta dago: eskulan merkea izango badira, eta lan prekarioak eta miseriazko soldatak izango badituzte, hobe kalitatezko hezkuntza sistema publikoa ez finantzatzea. Frankismoko urteetan bezala, asistentziazko eta kalitate txarreko hezkuntza eskaini nahi zaie ikasleen gehiengoari, dirua dutenek baliabide guztiekin hornituta dauden ikastetxe onetan ikasteko aukera izango luketen bitartean.
Irakaskuntza publikoaren aldeko borroka
Gaur egungo krisian, hezkuntza publikoaren aurka PPren gobernuak aurrera eramandako erasoak kapitalisten estrategia orokor baten zati dira. Helburua langileek lortutako eskubide sozial historikoak suntsitzea da. Klase dominatzaileak ez du nahi zerbitzu publikoak finantzatzea eta diru hori guztia esku pribatuetara desbideratzea bilatzen du. Eraso bakoitzarekin diru asko jokatzen ari dira, eta estatu batean hauetakoren bat inposatzeko gai badira, adibide bezala hartzen dute besteetara ere zabaltzeko.
Burgesia europarraren erasoaldi hau erantzun sendoak jasotzen ari da. 70. hamarkadatik ikusten ez ziren greba orokor eta manifestazio jendetsuekin kontinente osoan zehar. Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren kasuan ere, beharrezkoa da mobilizazioak bateratzea, hauei jarraipena ematea eta hauen sendotasun maila handitzea. Modu honetan soilik izango da posible PPren gobernua atzera botatzea.
Zentzu honetan, euskal gehiengo sindikalak deitutako irailaren 26ko greba orokorra hezkuntza publikoaren aldeko mugimendu indartsu baten hasiera bihurtu behar da. Goian aipatutako eraso guztiek, hezkuntza publikoa jasaten ari den beste askok barne, erantzun eraginkorraren beharra dute.
Pasa den kurtsoko Nafarroako adibidea garrantzitsua da. Greba orokorrak izan ziren hezkuntzan komunitate hau osatzen duten sektore guztien parte hartzearekin. Manifestazio masiboak, ikastetxeen okupazioak, batzar parte hartzaileak, batasun sindikala borrokan (ELA, LAB, CCOO eta UGT), sindikatu guztien parte hartzea maiatzaren 22ko hezkuntzako estatu mailako greba orokorrean… Hau izan zen Barcinaren gobernua gaur egun duen krisira bultzatu zuena.
Adibide hau eredutzat hartuz, askoz gehiago lortu behar dugu ikasturte honetan. Beharrezkoa da aurrerapausoa izango diren borrokak babestea eta hauetan parte hartzea, burgesiaren erasoak saihesteko helburuan. Horregatik, Ikasle Abertzaleakek urriaren 11rako estatuko beste hainbat ikasle erakunderekin batera egindako greba deialdia hasiera ezin hobea izan da. Honekin batera, Sindicato de Estudiantes ikasle erakundeak 72 orduko greba orokorra deitu zuen kurtso hasieran urriaren 16, 17 eta 18rako Estatu espainiarrean eta Hego Euskal Herrian. Pasa den maiatzaren 10ean Ikasle Abertzaleakek eta beste erakunde unibertsitario batzuk deitutako lanuztea Sindicato de Estudiantesek estatu mailan deitutako borroka jardunaldiarekin egokitu zen. Kasu honetan ere oso positiboa litzateke udazkeneko borroketan elkartuta joatea, milaka gazte galiziar, kataluniar eta espainiarrekin batera. Aurrerapauso garrantzitsua litzateke lehenengo hiruhilekoan hamarkadetan ikusi ez den ikasle errebolta emateko baldintzak sortuz.
Gazteriaren errebolta sozialak, krisia gazteak ikaragarri kolpatzen ari den une honetan langabezia eta pobrezia historikoekin, biztanleriaren gehiengoaren babesa izango luke, gobernu espainiarra ahulduz eta honen erasoak saihestuz eta geratuz. Euskal gazteriak, bere indarrarekin, esperientziarekin eta borrokarako gaitasunarekin mota honetako errebolta bultzatu behar du euskararen defentsa bezalako aldarrikapen demokratiko propioak defendatuz.
Urriaren 21ean borrokak hautestontzietan jarraitzen du
Urriaren 21eko hauteskundeetan eragina izango dute iraileko eta urriko ikasle mugimenduaren borrokek. Hauteskunde hauek ondoez sozialaren testuinguruan emango dira eta krisia ahulenei ordainarazi dietenak zigortuak izango dira, PP eta PSOE-PSE. Borroka soziala zenbat eta handiagoa izan, garaipenerako aukera gehiago izango du ezker abertzaleak Euskal Herria Bilduren aldeko botoaren bitartez eta aukera gutxiago euskal eskuinak, EAJk. Langileek ez dute ahaztuko hain erraz euskal burgesiak EAJren bitartez hezkuntzan egindakoa, etengabeko laguntza publikoak eman baitizkiete ikastetxe pribatuei eta Euskal Herriko toki askotan euskara bigarren mailako hizkuntza bezala utzi baitu. Burgesia euskal herritarraren eta espainiarraren erasoei instituzioetan ere aurre egiteko, beharrezkoa da ezker abertzalea ikasle mugimenduan oinarritzea eta doako eta kalitatezko eskola publiko euskalduna defendatzea.