Egoera egunetik egunera okerragoa da milaka eta milaka pertsonentzat: langabetuak, gazteak, pentsionistak, etorkinak, menpekotasuna duten pertsonak, emakumeak, ikasleak, langileak, autonomo txikiak, etab.  BEZa eta garraioa igotzea, langabezia laguntzetan izandako murrizketak, lan erreformak, erretiro adina igotzea, soldatak %20 edo 30 jaistea kaleratze mehatxuarekin; aberatsak amnistia fiskalarekin saritu eta enpresariei kotizazio soziala jaisten dieten bitartean, langile familiei zerga zuzen eta zeharkakoak igotzen dizkieten zerga sisteman atzeranzko joera; sektore publikoan, hezkuntzan eta osasunean pribatizazio eta murrizketak, eskubide demokratikoetan etengabe murrizketa eta urraketak, eta bitartean milioiak lapurtu dituzten lapur lepo-zuriek, bankariek, erabateko inpunitatea dute.

Irailaren 26ko Greba Orokorra

Burgesia krisiaren aitzakia erabiltzen ari da metodikoki langile mugimenduak hamarkadetan zehar borrokaren bidez lortu dituen konkistak suntsitzeko. Erakunde sindikalekin, negoziazio kolektiboarekin eta langileen eskubideekin amaitu nahi dute. Horregatik beharrezkoa izan da irailaren 26ko Greba Orokorra. Azken urteetako esperientziak erakutsi du borroka dela erasoak geldiarazteko modu bakarra. Hala ere, borrokak ahalik eta hedadura gehien izan dezan, beharrezkoa da batasun handiagoa izatea.

Burgesia langile klasearen aurka elkarturik badago, langileok ere gure indarrak elkartu behar ditugu. Sindikatuen ekintza batasuna beharrezkoa da; langileen zatiketek bankariei eta enpresari handiei egiten diete mesede. Martxoaren 29ko greba da jarraitu beharreko bidea. Greba honek erabateko arrakasta izan zuen, azken urteetako handiena izan zen. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egun berean deitu izana izan zen gakoa. Hori dela eta, uste dugu UGT eta CCOO sindikatuetako zuzendaritzek akats larria egin dutela, ez baitute irailaren 26ko greba babestu Hego Euskal Herrian, ezta estatura zabaldu ere.

Modu berean, euskal gehiengo sindikalak ez dio beldurra izan behar ekintza batasunari, honen alde egin behar du borroka, eta ez bultzatu sektarismoa edo langile klasearen zatiketa sor dezakeen inolako jarrerarik. Ekintza batasunak ez du esan nahi indar sindikal batek egokiagoak ikusten dituen bere posizioak defendatzeari utzi behar dionik. Guztiz kontrakoa. Batasuna etsai komunaren aurkako borrokan eta erabateko askatasuna propagandan, proposamenetan eta alternatibetan.

Eta ekintza sindikalaren batasunaren beharrarekin batera, uste dugu greba orokor honek borroka eta mobilizazio berrien plan bati lotuta joan behar duela, gero eta sektore sozial gehiagorengana heltzeko eta benetako errebolta sozial baten baldintzak sortzeko. Baina plan hau ahal den demokratikoena izateko beharrezkoa da gazteen eta langileen antolakuntza maila handitzea. Sindikatuek jendea greba eta manifestazio handietan parte hartzera deitzearekin batera, funtsezkoa da herrietan eta hirietako auzoetan, fabriketan, enpresetan, ospitaleetan, ikastetxeetan, etab., batzar publikoak bultzatzea gertatzen ari dena eta nola borrokatu eztabaidatzeko. Langabetuek, etxe-kaleratzeen arriskuan dauden pertsonek, langile prekarioek, etab., beren adierazpenak egiteko toki bat izango duten langile klasearen batzarrak behar dira, kaleko erantzun bakoitza hobeto antolatzeko, erabakitako mobilizazioak eta ekintzak bultzatzeko prest dauden langile guztiekin Komiteak sortuz.     

 

Urriaren 21eko hauteskundeak

 

2009ko maiatzaren 21etik aurtengo martxoaren 29 bitartean Euskal Herrikko kaleetan izan diren greba orokorrek eragin erabat baikorra izan dute. Esaterako, eusko legebiltzarra, ezker abertzalea legez kanporatu zutenetik, eskuinaren menpe egon da, bai PP eta bai EAJaren menpe, eta PSE hauen agindupean egon da. Erresistentzia bakarra, langileen eskubideak defendatzeko modua, kaleko presioa izan da. Patxi Lopezek, PPrekin legislatura ituna hitzartuta, gastu sozialetan murrizketak egin baditu ere (oinarrizko errenta jaitsi, euskararen aurkako erasoak, murrizketak osasunean eta hezkuntzan…) neurtu egin behar izan ditu, eta kasu batzuetan eraso bortitz batzuk saihestu behar izan ditu. Argi dago PPk murrizketa sakonago eta azkarrago batzuk eskatzen zizkiola, baina mobilizazio sozialek maiatzean ituna haustera behartu eta azkenik, PSEren gobernuak hauteskundeak aurreratu behar izan ditu urriaren 2era, nahiz eta zin egin legislatura amaitu arte iraungo zuela, 2013ko martxora arte.

Urriaren 21eko EAEko hauteskundeen deialdiak langile klaseari eta gazteriari aukera ematen diete esparru honetan ere adierazteko. Galdeketek ezkerreko gehiengoa egongo dela eta EHBilduk EAJ garai dezakeela aurreikusten dute. Era berean, murrizketen arduradunek (hau da, PP eta PSEk) zigor botoa jasoko dutela aurreikusten da. Hauteskunde hauek aukera emango dute murrizketei eta kontraerreformei aurre egiteko, eta langileen eta kaltetuenen aldeko programa aurrera eramateko.

Hauteskundeak irabazi edo ez, gauza bat ziurra da: ezker abertzalea zutabe nagusi den EHBildu koalizioak emaitza historikoak lortuko ditu. Ilegalizazioen ondoren, ezker abertzaleko ordezkariak eusko legebiltzarrera itzuliko dira, eta hau tresna zoragarria izan liteke langileen aldeko borroka eta programa sozialista defendatzeko. Hala ere, gaur egungo gertakariek agerian utzi duten bezala, ezin da aldi berean zapalduen eta zapaltzaileen alde gobernatu. Herritarren gehiengoaren aldeko neurriak hartzeko euskal burgesiarekin eta honen ordezkariekin eskutik helduta joan gaitezkeela uste duten horiek bere ingurura begiratu besterik ez dute: burgesiak, euskal herritarra, espainiarra, frantziarra, amerikarra edo greziarra izan, bere klaseko interesi begiratzen die, eta are gehiago krisi garaietan.

EAJren diskurtso soberanistak ezin du ezkutatu langile klasea zapaltzetik irabaziak lortzen dituen eskuineko indarra dela. Ezker abertzaleko zuzendaritzak ezin dio aukera honi muzin egin: edo langileekin edo euskal burgesiarekin. Ezin dira estali bi buru txapela batekin. Erakunde burgesetan parte hartzea garrantzitsua da sozialismoaren ideiak zabaltzeko, langileria antolatzeko eta bere kontzientzia indartzeko bozgorailu izan baitaitezke, baina garbi utzi behar da erabat bateraezina dela EAJk eta EAk ordezkatzen duten euskal burgesiarekin itunak sinatzea. Alderdi hauekin itun politikoak sinatzeak, praktikan, Euskal Herrian kapitalismoari ezkerreko babesa ematea litzateke, eta ikusten ari garenez, kapitalismoak bere legeak, arauak eta interesak ditu, langile klasearen kontrakoak.

Programa benetan sozialistaren alde!

Murrizketen politikarekin amaitzeko ez da nahiko erabakitzeko marko propio bat izatea, herrialde guztietan inposatzen baita mundu mailako erlazio ekonomikoak dituen kapitalismoaren logika. Batzuek Hollandengan izan zuten konfiantza Estatu frantziarrean gastu publikoa haziz politika keynesiarra aurrera eramateko, baina ez berak, ez beste ezein erreformistak ez du lortu kapitalismoaren logikatik ateratzea eta hauteskundeetan babesa eman zienei hutsik ez egitea. Sistema kapitalistaren aurka eta benetako demokrazia: gehiengoaren demokrazia, langile demokrazia, demokrazia sozialista.

Esperientzia historikoak erakutsi du: lehenik eskubide nazionalak lortzeko burgesiaren eskutik joatea eta sozialismoaren aldeko borroka geroagorako utzi duten horiek kapitalisten nagusitasuna bermatzeko baldintzak jarri dituzte, izan nazio zapaldukoak edo zapaltzailekoak; baina eskubide demokratiko nazionalak zein langile klasearen askatasuna lortze bidean pausorik egin gabe. Ipar Irlanda, Kosovo, Kroazia eta beste hainbat herrialde honen adibide dira. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka sozialismoaren aldekoarekin lotuta bakarrik da posible garaipena lortzea.

Geure borrokak Euskal Herria Sozialista baten aldekoa izan behar du. Batzuek uste dute aski dela atzera itzultzea, ongizate gizartera, kapitalismoaren baitan, eta aberastasunaren banaketa justuago baten alde borrokatzea. Hala ere, kapitalismoa existitzen den bitartean, borrokaren bidez lortzen dugun kontzesio bakoitza behin behinekoa izango da, eta burgesiak ahal duenean erasoko du. Gaurko krisia sistema ekonomiko honen ondorioa da. Edozein naziotako gobernuk, kapitalismoaren ekoizpen modua defendatzen badu, klase agintariaren Komite Exekutiboa besterik ez da izango. Estatu burgesa poliziaren, ejertzitoaren, legeen, kartzelen, hezkuntzaren eta komunikabideen bidez aberatsenen interesak defendatzeko tresna besterik ez da.

Bigarren Mundu Gerraren eta kapitalismoa mehatxatzen zuten langile mugimenduaren borrokaren ondoren etorri zen hazkunde ekonomikoaren garaian, kapitalismoak bere aurpegi zintzoena erakutsi zuen herrialde aurreratuetan, eta lan eskubideak, osasun eta hezkuntza publikoa eta beste hainbat eskubide onartu zituen. Baina hauek ez ziren opariak izan. Kontzesio bakoitza langile klasearen borrokaren eta sakrifizioaren produktua da. Kapitalismoaren krisi berriak agerian utzi du kapitalismoaren benetako aurpegia, betidanik egon den kapitalaren diktadura orain modu publiko eta gardenean ageri da. Kapitalismoa mundu mailako sistema da eta nazio ahulei ekoizpen banaketa ezarri die, inork ezin du mundu mailako merkatutik ihes egin kapitalismoarekin amaitu gabe. Sozialismoak, beraz, internazionalista izan behar du arrakasta izateko eta gizartearen gehiengoaren interesak aseko dituen ekoizpen sozialean oinarritutako sistema berria bermatzeko.

Une erabakigarriak bizitzen ari gara. Kapitalismoaren krisiak kolokan jarri ditu askoren etorkizuna eta eskubideak. Ez da kaleko protestetan parte hartzeko garaia bakarrik, gizartea aldatuko duten mobilizazioak antolatuko dituen programaren alde borrokatzeko garaia da; programa iraultzaile eta sozialistaren alde borrokatzeko garaia da. Zapalkuntza nazionalaren eta sozialaren errudunak kapitalistak badira, orduan, beharrezkoa da beren banku eta enpresa handiak desjabetu eta langileen eta zapalduen kontrolpean jartzea, langileok esfortzu handiz sortu dugun aberastasuna parasito gutxi batzuen esku gera ez dadin eta gizartearen gehiagoaren bizitza duina bermatzeko zerbitzura jar dadin.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.