Krisi kapitalistaren aurka eta autodeterminazio eskubidearen eta sozialismoaren alde!

 

Datorren urriaren 21ean, EHBilduk emaitza historikoak lortuko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 2009az geroztik greba orokorretan kaleak bete, eskubide demokratikoen aldeko mobilizazioetan parte hartu eta krisi kapitalistaren ondorio larriak sufritzen dituzten ehunka mila langile, gazte, langabetu eta pentsionistek Euskal Herriko panorama politikoa irauliko dute.  

Hauteskunde hauek garrantzia historiko handia dute. Urteetan zehar Estatuak eta eskuin espainiarrak (EAJren eta euskal burgesiaren laguntzarekin) kolpatu eta erreprimitu duten ezker abertzaleak aukera izango du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza luzea izateko. Hau kolpe gogorra da lege antidemokratikoak erabiliz errepresioan parte hartu duten haientzat. Kolpea da burgesia espainiarraren ordezkari zuzena den PPrentzat; kolpea da politika erreakzionarioa defendatzen aritu diren PSOE-PSEko agintarientzat; eta noski, kolpea da bertako patronalaren eta euskal kapitalaren instrumentua den EAJrentzat.

Garrantzia historiko handia dute hauteskunde hauek une hauetan herritarren gehiengoa, langileak, gazteak, emakumeak eta etorkinak, frankismoaren aurkako borrokan irabazitako eskubideak galtzen ari baitira. Ezkerreko gehiengo sozial horren zati handi batek, EHBilduri emango diogu botoa eskubide demokratikoak eta sozialak edozein erasotatik babestuko dituenaren konfiantzarekin; zapalduen benetako ordezkaria izango den esperantzarekin.  

Programa iraultzailearen garrantzia

Ekonomia merkatuen zerbitzura ezin dela egon, eta aberastasuna eta lana banatzea beharrezkoa dela planteatzen du EHBilduk. Azpiegitura handiek dakarten xahuketa ere salatzen du, eta baliabide horiek behar gehienak dituztenak laguntzeko eta lanpostuak sortuko lituzkeen ehun produktiboa indartzeko erabiltzea defendatzen du. Era berean, burgesia espainiarrak zapaltzen dituen eskubide demokratikoen aurrean, EHBilduk subiranotasun nazionala defendatzen du.

EHBilduren programan azaltzen diren aldarrikapenak aurrerapauso ukaezina dira. Horregatik, indar atzerakoiek, hauek espainiarrak edo euskal herritarrak izan, ez dute inondik inora nahi EHBilduk gobernatzea; eta hori saihesteko lanean dabiltza. Edozein kasutan, gertatzen dena gertatzen dela ere, perspektiba ikaragarri positiboa irekitzen da: aldaketa sozialaren alde egiteko prest dagoen jendetza handia bil dezake EHBilduk.

Kapitalismoaren krisiak erakutsi du bere gordintasun osoan demokrazia deitutako hori kapital finantzarioaren diktadura besterik ez dela. Independentzia nazionala deitutakoa, gaur egun, fikzioa da bankaren eta multinazionalen mundu mailako gobernupean. Kapitalistak dira milaka milioi emakume eta gizonen eta herri osoen etorkizuna erabakitzen dutenak inpunitate osoz. Autodeterminazioa eta benetako subiranotasuna, herrien berdintasuna eta askatasuna, zapalkuntza eza eta klaseko esplotazio eza, ez dira posible kapitalismoaren existentziarekin.  

EHBilduren zutabe nagusia den ezker abertzalearen militantziaren eta beren biziaren onena eman dutenen garaipena izango dira urriak 21eko hauteskunde emaitzak. Baina bidea ez dago arriskuetatik salbu. Borroka honetan aliatu seguruak ditugu: mundu osoko zapalduak, Raxoiren politika atzerakoien aurka poliziaren errepresioari eta borroken kriminalizazioari aurre eginez Estatu espainiarrean mobilizatzen dauden langile eta gazteengandik hasita. Beraiek, Greziako, Portugalgo, Irlandako, mundu arabiarreko eta Amerika Latinako zapalduekin batera, gure babes onena dira askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokan. Eta zapalduen aurrean, beste barrikadan, burgesia aurkitzen da, komeni zaion bandera erabiltzen duena baina klaseko interesengatik beti elkartuta egongo dena. Horregatik, EAJk eta Confebaskek ez dute jokatzen herriaren, langileen, langabetuen eta gazteen alde. Ez dugu beraiekin elkartu behar, esperientzia historikoak erakusten duen bezala, beti kokatu baitira Estatuaren eta burgesia espainiarraren eta frantziarraren ondoan une erabakigarrienetan.     

Askapen sozialaren aldeko eta zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka, elkarri erabat lotuta daude. Askatasuna, gure herriaren identitatearen errespetua eta benetako demokrazia nahi baditugu, helburu horiek lortzea oztopatzen diguten eta zapaltzen gaituztenen boterea desjabetu behar da; kapitalista euskal herritarrak, espainiarrak, frantziarrak edo beste nonbaitekoa izan. Beharrezkoa da udaletxeetako, diputazioetako eta Eusko Legebiltzarreko posizioetatik gehiengoaren mobilizazioa, antolakuntza eta kontzientzia bultzatzea, gure indarrak elkartzea Euskal Herria sozialista baten aldeko borrokan, Europako eta munduko Federazio Sozialistaren markoan.  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.