Kapital europarrak inposatzen dituen murrizketen aurka langileen borroka bateratua indartzeko: beharrezkoa da ELA eta LABek errektifikatu eta greba orokorra deitzea Euskal Herrian

Europako Batasunak, EBZk, NDFk eta PPren gobernuak hartutako neurri guztiak hondamendira eramaten ari dira gizartea. Langabeziak 220.000 pertsona harrapatu ditu Euskal Herrian, Europako Batasuneko bataz bestekoa baino 4,4 puntu gehiago. Datu oso adierazgarri bezala, Bizkaian 95.100 langabetu eta %17,44ko tasa kezkagarria ditugu. Pobreziaren gorakada garrantzitsua gehitu behar zaio honi, dagoeneko 900.000 pertsonetara heltzen baita Euskal Herrian Elkartzen-en datuen arabera. Estatu espainiarrean 6 milioi pertsonari eragiten die langabeziak, lau langiletik bati; biztanleriaren %27a (13 milioi) pobrezian bizi da, eta 2 milioi ume baino gehiago pobrezian edo pobrezia larrian dauden etxeetan bizi dira. Gainera, egunero, 500 familia beren etxebizitzetatik botatzen dituzte bankuek.  

EBri dagokionez, egoera ez da askoz hobea. Azkeneko urtean bi milioi europar baino gehiagok beren lanpostua galdu dute. EBko langabezia bere errekor historikoan dago: dagoeneko 26 milioi langabetu daude. Eta EBk 2010 urtea “pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako borrokaren urte europarra” bezala aldarrikatu arren, gaitz hau 100 milioi pertsonako datu ikaragarrira gerturatzen ari da gero eta gehiago. 

Orain, PP eta EB “erreskate” bat negoziatzen ari dira banku europarrek beren interes lapurrak puntualki jaso ditzaten, eta azkenean onartzen badute, eraso gehiago eta gogorragoak etorriko dira. PP, EAJ eta burgesia europarrak errezeta bakar bat dute: aberatsen irabaziak modu lotsagarrian handitu eta langile familiak gehiago pobretu hauen eskubideak hezurretaraino murriztuz. 

                                           

Mobilizazio historikoa Europan

Testu hau idazten den unean, Europako langile klasearen mobilizazio handia dago deituta azaroaren 14an, greba orokorrak Estatu espainiarrean, Portugalen, Belgikan, Grezian, Txipren eta Maltan, lau orduko lanuzte orokorra Italian, eta mobilizazioak Irlandan, Alemanian, Austrian, Errumanian eta estatu frantziarrean. Historian lehendabiziko aldiz, kapital europarrak agindutako murrizketa sozial eta herstura politikoen aurka borroka egun bateratua antolatu da, eta milioika gazte eta langilek hartuko dute parte. Aurrera pauso garrantzitsua dela uste dugu eta mahai gainean jartzen du beharrezkoa dela langile klasea eta zapalduak muga nazionalen gainetik elkartzea, internazionalki antolatuta dagoen sistema kapitalistari aurre egiteko modu bakarra baita.

Horregatik, borroka europarraren deialdi honen aurrean, kontuan hartuz gainera greba orokorren deialdiei esker Portugalgo, Galizako, Kataluniako eta Estatu espainiarreko langileak kalera masiboki aterako direla, zer jarrera hartu behar dugu Euskal Herriko langileok? Zer irabazten eta zer galtzen dugu Euskal Herriko langileok greba orokor honetan parte hartuta?

Burgesia, ezberdintasun nazionalen gainetik, modu bateratuan ekiten ari da langile klasearen aurka. Euskal burgesiak ez du dudarik egin gobernu espainiarrarekin eta EBrekin, burgesia espainiarrarekin eta europarrarekin aliatzeko. Burgesia elkartuta badago langile mugimenduaren aurkako ekintzan, langileok ere beharrezkoa dugu gure indarrak elkartzea. Langileen zatiketatik onura ateratzen duten bakarrak bankariak eta enpresariak dira, bai euskal herritarrak, bai espainiarrak, frantziarrak edo europarrak.

Azaroaren 14a aukera bikaina da Euskal Herriko langile klaseak kolpe bat emateko gure etsaiei aldi berean, modu bateratuan, Portugalgo, Galizako, Kataluniako, Estatu espainiarreko, Greziako, Belgikako eta beste hainbat herrialdetako langileekin. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela ELA eta LABeko zuzendaritzek errektifikatu eta greba orokorra deitzea azaroaren 14an. Mobilizazio hau babesteak ez du esan nahi UGT eta CCOOeko agintarien politika sindikala defendatzea. Beste askoren artean ERCk (Esquerra Republicana de Catalunya), AGEk (Alternativa Galega de Esquerda), CIGk (Confederación Intersindical Galega) edo SATek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) egin duten bezala, azaroaren 14ko greba bultzatzeak burgesiaren erasoen aurkako langile klasearen mobilizazioa babestea esan nahi du, ez besterik.

Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek, kasu honetan ELA eta LABek, bere aldarrikapenak alde batera utzi edo gainerako sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da eta beharrezkoa gainera. Burgesia europarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsiboa. Taktika honek, aldarrikapen konkretuen defentsan hitzartutako ekintzen bidez, etsai komunaren aurka borrokatzeko balio du, sindikatu bakoitzak independentzia osoa mantenduz. Eta bide hau frogatzen ari da, praktikan, hainbat gatazkatan (fabrikak, Nafarroako hezkuntza publikoa…) ELA, LAB, CCOO eta UGT beren indarrak elkartzen dituztenean erasoei aurre egiteko. 

Mobilizazioen egutegi eraginkorra eta programa sozialista

Euskal Herria Sozialistatik langileen borroka bateratua defendatzen dugun moduan, uste dugu premiazkoa dela sindikatuek denboran luzatuko den mobilizazioen egutegi eraginkorra antolatzea. Beharrezkoa da irailaren 26ko eta azaroaren 14ko grebek jarraipena izatea: PPren gobernuak ez badu atzera egiten eta ez baditu bere herstura planak, murrizketak eta kontrarreformak erretiratzen, beharrezkoa da greba orokor berri bat antolatzea, baina kasu honetan 48 ordukoa, errebolta sozialaren baldintzak jar ditzan garaipena lortu arte.  

Eta aldi berean, garbi utzi behar da badagoela kapitalismoaren alternatiba: sistema finantzario osoaren eta enpresa handien nazionalizazioa, langileen kontrolpe demokratikoan. Horrela, posible litzateke gizartearen gehiengoaren zerbitzura martxan jartzea inbertsioen eta ekoizpenaren plan bat. Gastu sozialak masiboki handitu, langabeziarekin bukatu eta etxe-kanporatzeekin bukatu ahalko litzateke. Horrela, gehiengoaren zerbitzurako benetako demokrazia lortuko genuke, eta ez gaur egun bankariak nagusi diren fartsa demokratikoa. Baliabide ekonomikoak, teknologia eta zientzia biztanleriaren gehiengoaren alde egotea bermatu behar da eta ez gutxiengo txiki parasito baten irabazi maximoaren menpe.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.