Ezker Abertzalea aukera historiko baten aurrean

 

EAEko azken hauteskundeak borrokaren eta polarizazio sozialaren goraldi garaian izan dira. I26ko greba orokorrean milaka eta milaka manifestari atera ziren kalera gehiengo sindikalak deituta, eta ezker abertzalearentzat kanpaina hasteko aukera ezin hobea izan zen. Uste osoa zegoen, eta galdeketek hala erakusten zuten, posible zela EAJ garaitzea. Itxaropen hau murrizketen kontrako mobilizazioek, Iosu Uribetxebarriaren, Arnaldo Otegiren eta preso politikoen kolektiboaren errepresalien aurka egindako mobilizazioek, Alderdi Popularraren irain eta gaitzespenek eta urriaren 11ko ikasle eta gazteen mobilizazioak sortu zuten. Honek guztiak testuinguru paregabea sortu zuen EHBildurentzat. Hauteskunde emaitzak jakitera ematean, EAJk 27 diputatu lortu zituen, EHBildu bigarren indar nagusia izan zen, PSE hondoratu egin zen eta PPk emaitzak kaxkarrak izan zituen.

 

Pendulu soziala ezkerrera

Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetako emaitzek ezkerra nagusi dela erakutsi dute, aspaldian lehen aldiz; ezkerrak %52 lortu zuen eskuinaren %48aren aurka (EAJ, PP eta UPDren botoak batuta); hala ere eskuinak diputatu bat gehiago lortu zuen Ezker Batua bitan zatitzearen ondorioz bi hautagaitzek ez baitzuten ordezkaritzarik lortu. Ezkerreranzko biraketa honek agerian uzten du gizarte kapitalistak bizi duen astindua. 2000 urtean burgesiak 25 urteko hazkunde etengabeaz hitz egiten zuen, eta gizarteak historiako loraldi handiena biziko zuela, pentsamendu bakarraren eta neoliberalismoaren eskutik. 2007 eta 2008ko atzeraldiaren ondoren, kapitalismoak bere benetako aurpegia erakutsi du nazioarteko harremanen eta harreman diplomatiko, militar eta gainerako ordenen oreka hautsi ondoren.

Ezkerraren erreferentea

 

EHBilduk  EAEko milaka gazte eta langileri politikoki adierazteko aukera eman zien: legebiltzarrerako 21 diputatu lortu izanak zerikusia izan zuen egindako greba orokorrekin, eta bizi baldintzen eta eskubide demokratikoen aurkako murrizketen aurka kalean emandako erantzun zabalarekin. Argi dago hauteskundeetan ikusi den ezkerraren eta eskuinaren polarizazio hau eskuinaren botoak lortu zituen EAJren eta maila historikoa lortu eta ezkerraren botoak erakarri zituen EHBilduren artean ikusi zela. Aukera zegoen EHBilduk EAJk baino boto eta aulki gehiago lortzeko, baina emaitzek beste gauza bat erakutsi zuten. Gipuzkoan beherakada eman zen, bereziki Donostian, hirugarren postuan geratu baitzen. Hain zuzen ere, EHBilduk udal hauteskundeetan baino 5.000 boto gutxiago eta Amaiurrek baino 8.000 boto gutxiago lortu zituen. Gipuzkoaren kasuan, Amaiurrek lortutako botoen %88 bakarrik lortu zuen. Akordioaren aldeko mezuek eta, batez ere, gobernua EAJrekin osatzeko aukera irekitzeak, zer esanik ez, abstentziora, boto zurira edo beste aukera minoritario batzuetara aldendu zituen ezkerreko boto asko. Koalizioan Eusko Alkartasuna egotea ere, hau da EHBilduren barruan diskurtsoa moderatzen duen Troiako zaldia, oztopo izan zen ezkerreko botoak lortzeko. Ezker abertzalearen aldeko botoak, babesak eta antolakuntzak, orain inoiz baino gehiago, burgesiarekin aurrez aurre jartzea esan nahi du, burgesia euskal herritarra, espainiarra eta europarra izan.

Gobernu ahula

Testuinguru honetan, EAJk gobernu ahula osatzea erabaki du, Gasteizko Kameran dituen 75etik 27 diputaturekin eta aurkarien artean unean uneko babesa bilatzeko aukerarekin. Bien bitartean, aurrekontuen politikari dagozkion hainbat kontutan, gai ekonomikoetan eta murrizketa sozialetan PPren eta UPDren babesa bilatuko du; aldiz, arazo nazionala astintzeko orduan EHBilduren babesa bilatuko du. Bere eskema, ziurrenik, PPk Madrilen eta CiUk Katalunian dutena izango da: murrizketa sozial ikaragarriak PSE-EE-PSOE-ren gobernuak “utzitako herentzia” aitzakiatzat hartuta, eta ondoren gobernuaren ahultasuna areagotzen denean kanpaina demagogiko bat jarri, arazo nazionala astinduz bere klase interesak babesten jarraitu eta ezker abertzalearekin konfrontaziorik ez izateko.

Hondamendi kapitalista

 

Kapitalismoaren krisiak burgesia nazional ezberdinen erasoak geratzeko masen mobilizazioak haztea eragin du. Kapital finantzarioak diktadura estua darama aurrera hainbat estatutan bere ordezkari zuzen eta zeharkakoekin: Angela Merkel eta bere kideek EBn; PP eta CEOEk estatu espainiarrean; CiU eta Foment de Treball-ek Catalunyan; EAJ eta Confebask-ek EAEn, UPNek Nafarroan… Guztiek dute helburu irabaziak berreskuratzea langile klasearen gainzapalkuntzarekin eta sektore publikoaren eta eskubide sozialen sakeoarekin.

Hego Euskal Herrian egoera ez da estatu espainiarrarekin alderatuz oso ezberdina: 636.178 pertsonak bizirauteko zailtasuna dute, pobrezia tasa eta gizarte bazterketa 2008-2011 bitartean %41 igo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Nafarroan %71 (EAPN-ren arabera). Bestalde, Elkartzen-ek dioenez, 900.000 pertsona bizi dira pobrezian Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian 104.000 langilek oso soldata baxuak dituzte eta, ondorioz, pobrezian bizitzera behartuta daude. Errealitate honek, EAPNren txosten batek baieztatzen duenez, eragin zuzena du etxe-kaleratzeekin. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian 2008 eta 2012ko lehen seihileko bitartean 10.997 pertsonak beren etxebizitza galdu dute hipotekei aurre egin ezinda. 2007az geroztik, krisia hastearekin batera, hirukoiztu egin da langabetu kopurua Hegoaldean, 220.000tik gora langabetu dago, eta hauetatik %41ek ez du inolako diru laguntzarik jasotzen.

Burgesiak gizartearen gehiengoari, hau da, langileoi lapurtzen digu bankariek eta magnate handiek osatzen duten gutxiengo parasito bati emateko; eta gure bidezko protestari, gure mobilizazioei eta grebei errepresiorako baliabideak handituz erantzuten die: 2014ra arte istiluen aurkako materialetan 3,2 milioi euro gastatzea urteko; 2013 urterako aurrekontuen arabera, %1780 haziko da gisa honetako materialetarako inbertsioa.

EAJrekin itun eta aliantzarik ez. Politika iraultzailearen alde!

 

Ez da posible EAJrekin egotea “herri” bezala hitz egiterakoan eta, aldi berean, EAJren aurka egotea kalean bere eskuineko programaren aurka. Arlo sozialean atzerakoiak direla esatea eta abertzale bezala aurrerakoiak direla esatea egiari uko egitea da. Euskal burgesiak, historikoki, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak erabili ditu bere interesak babesteko, eta horrela jarraituko du aurrerantzean inolako arazorik gabe. CiUk bezala, EAJk ere PP eta honen gobernua babestu ditu Madrilen, eta hala egiten jarraituko du, beti ere, mesede egiten badio irabazietan. Beren nazionalismoa patrika hasten den lekuan amaitzen da. Beraz, ezker abertzalearentzat aliatu baino, oztopo da Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta sozialaren aldeko borrokan. Hau da puntu zentrala. Ezker abertzaleko zuzendaritzak indar handia bildu du bai maila instituzionalean eta bai kalean masen mobilizazioei esker, eta orain aukera historiko baten aurrean dago: langileekin ala burgesiarekin, zapalduekin ala zapaltzaileekin. Alor sozialean gogor egin behar zaio EAJri, baina energia handiagoz agerian utzi behar da Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde agertzen denean honek darabilen demagogia. Ezker abertzaleak argi eta garbi esan behar du EAJk ez dituela inoiz Euskal Herriaren eskubide demokratikoak babestu; aitzitik, aukera izan duen guztietan traizionatu ditu.

Gerra zibilaz gerotik badakigu hau; orduan EAJko agintariek, Agirre Lehendakaria buru zela, Bilbo, bere industria eta guzti, faxistei eman zien eta Santoñako bake lotsagarria aurreratu zuten. 70eko hamarkadan ere, EAJk Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartzen ez zuen egitura instituzionalari baietza eman zion. Eta Urkullu euskal burgesiaren eta patronalaren ordezkari zuzena da, gobernuburu izateko duen interesa bere interesak defendatzea eta langile klasea engainatzea da. Ezker abertzaleak CiUren berdina den kantu ezti hau salatu behar du. Gogora dezagun CiU PPrekin aliatu zela murrizketa sozialen, pribatizazioen eta erreforma laboralen politika egiteko.

Euskal preso politikoen askatasuna edo Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea langile klasearen eta gazteriaren borrokaren bidez lortuko dira, politika iraultzaile eta sozialistarekin. Eta borroka hau ezin da soilik Euskal Herrira mugatu. Burgesia klase sozial bezala muga nazionalen gainetik elkartuta dago, eta mundu mailan batera aritzen da, hauxe ikus daiteke burgesiak Europan orain eta lehenago Afrika eta Amerika Latinan aurrera eraman dituen antzeko politiketan. Langile klasearen benetako internazionalismoa, Sortuk bere dokumentuetan bere egiten duena, behar objektiboa da kapitalismoa gainditzeko.

Askapen nazionalaren aldeko borroka erabat loturik dago askapen sozialaren, hau da, sozialismoaren aldeko borrokarekin. Marxismoaren, hots, sozialismo iraultzailearen ikuspuntutik, honek kapitalismoa garaitzea esan nahi du. Ezker abertzaleak inongo lotsarik gabe aldarrikatu behar du badela alternatiba langabezia masiboaren, murrizketen, zapalkuntza nazionalaren eta etorkizun faltaren aurrean: finantza sistema osoa eta enpresa handiak nazionalizatzea langileen kontrol demokratikopean gizartearen gehiengoaren zerbitzurako inbertsio eta ekoizpen plana abian jartzeko, gastu soziala handitu eta bankuekiko eta espekulatzaileekiko zor publikoaren interesak ezeztatuz; autodeterminazio eskubidea eta zapaldu guztien nazioz gaindiko batasuna defendatuz. Honela lor genezake gehiengoaren zerbitzura legokeen benetako demokrazia eta ez bankariek agintzen duten gaurko fartsa hau. Honek izan beharko luke datorren garaiko ildoa.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.