HEZKUNTZA PUBLIKO ETA EUSKALDUNAREN ALDE
WERT DIMISIOA!
Ikasle guztiak borrokara otsailaren 5, 6 eta 7an
2013ko otsailean, jada hemendik bi hilabetetara bakarrik, PPren gobernuak eta bertako hezkuntza ministroa den Wertek, hezkuntza sistemaren kontrarreforma frankista onartu nahi dute: LOMCE. Hori inposatzea lortzen badute, atzerapausorik handiena izango da hezkuntza publikoarentzat eta beraz, langileentzat eta gizarteko sektore kaltetuenentzat. DBHko lehen urteetatik ikasleak etengabe banatzea ekarriko du, oztopoak jarriz, bata bestearen atzetik, kualifikazio handiagoa duten kurtsoetara pasatzea eragozteko, goi mailako Lanbide Hezkuntzara, Batxilerrera edo Unibertsitatera. Hiru errebalida ekarriko ditu: bata DBH 4ean, bestea 2. batxilerrean eta ondoren unibertsitatera sartzeko. Ikasleen eta irakasleen eskubide demokratikoen murrizketa historiko bat izango da ikastetxe barnean. Jada planteatu da gure greba eskubidea kentzeko mehatxua eta administrazioak hautaturiko zuzendari “diktadorearen” irudi berria inposatuko du.
Baina horri guztiari, orain dela aste bat, are neurri gehiago gehitu zitzaizkion: erlijio katolikoaren ikasgaia itzultzea, ebaluagarria izango delarik eta espediente akademikoan balioko duelarik. Begi bistakoa da PPk duen nostalgia. Eskola pulpitu gisa erabili nahi du horren bidez gazteria doktrinatzeko, eta eliza katolikoari diktaduran zehar hezkuntza barnean eduki zuen boterea itzultzeko. Honela beraz, kontrarreformarekin erraztu egiten dute baliabide publikoak enpresa pribatuekin edota eliza katolikoarekin egindako hezkuntza kontzertu berrietara desbideratzea, gure ikastetxe publikoak edota ikastola asko muturreko egoera batean dauden bitartean eta unibertsitateko tasak izugarri handitzen direnean.
Euskara, katalana eta galegoa jo puntuan
Baina hori guztia nahikoa ez eta orain eraso jo puntuan jarri nahi dituzte frankismoak jada zapaldu, jipoitu eta erreprimitu zituen hizkuntzak, egoera larri batean utzi zituenak. LOMCEaren helburu da euskara, galegoa eta katalana laugarren hizkuntza gisa jartzea lehen eta bigarren hezkuntzan. Lege berriak hizkuntzak hiru kategoriatan bereizten ditu: enborrekoak (gaztelera eta lehen atzerriko hizkuntza), espezifikoak (bigarren atzerriko hizkuntza) eta espezialitatea (euskara, galegoa, katalana). Lehenek ordutegiaren %50 hartu beharko dute gutxienez, bigarrenek %50a gehienez eta hirugarrenek ez dute denbora minimo bat zehazturik. PPren gobernua izango da enborreko hauen edukiak eta gutxieneko ordutegia erabakiko dituena, baita espezifikoen gehienezko ordutegia ere.
Gurasoek euren seme alabek zein hizkuntzetan ikasi nahi duten hautatzeko aukera edukiko dutela aterki bezala erabiliz, legeak derrigortu egingo du gaztelerazko plaza pribatu bat ordaindu diezaieten ez badago plazarik publikoan edo kontzertatu “zentzudun” batean, pribatizazioa are gehiago erraztuz. Hori ikasleen banaketa linguistikoa bultzatzea da, eta horren aurka gaude erabat. Hain zuzen ere, neurri honek batez ere Kataluniari eragiten dio, murgiltze linguistikoko eredu bakarra baitu, eta, bitarteko gutxi eduki arren, arrakasta izan baita, historikoki jazarria izan den hizkuntza bat babesten duen heinean, katalana kasu; lerro linguistikoetan zatiketa eragozten du eta ongi frogatu da katalan guztiek erabat ongi hitz egiten eta idazten dutela gazteleraz. Eredu hori frankismoaren aurkako borrokaren bidez eraiki ahal izan zen, milaka eta milaka langile emigranteren eta katalanen babesarekin, katalana hezkuntza publikoko hizkuntza gidari gisa defendatu baitzuten.
Euskal Herrian aldiz (eta baita Galizian ere) jada ezagutzen dugu nora daraman lerro linguistikoetan zatitzen duen ereduak. Besteak beste, euskarak Euskal Herri barnean hizkuntza minorizatu gisa bazterturik egoten jarraitzen duela, eskuin españolistak esaten duena esan arren. Neurri berri honekin euskarak, azken urteetako aurrerapausoen ondoren, berriz atzera egiteko arriskua eman daiteke. Aurrerakada horiek ordea mobilizazioari eta borrokari esker eman dira, nahiz eta laguntzak, finantzazioa eta PNV, EA, PSE-PSN eta UPNren benetako laguntza falta izan diren. Horrenbestez, kalean borrokatuz eta mobilizatuz bakarrik lortuko dugu gure eskubide sozial eta demokratikoak mantentzea.
Denok batera borrokatuz kontrarreforma frankista azpiratzeko
Aukera handia dugu kontrarreforma hau gelditzeko. Horretarako ikasle guztiak, langileen seme alabak, nazionalitate guztietakoak, elkartu egin behar dugu gure indarra erakusteko. Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistatik babestu egiten dugu hezkuntza publikoa defendatuz Ikasle Sindikatuak Euskal Herrian eta Sindicato de Estudiantesek Estatu guztian zehar deitu duen borroka aste berria, LOMCEa berehala atzera botatzea eta Wertek dimititzea eskatzen duena. Aste honen barnean 72 ordutako ikasle greba orokorra sartzen da datorren otsailaren 5, 6 eta 7an, manifestazioekin, asanbladekin eta piketeekin. Uste dugu Ikasle Abertzaleakek borroka honetara batu beharko lukeela, beren mobilizazio gaitasun guztia aportatuz, milaka ikasle euskaldun kalera ateratzeko. Asko dago jokoan eta ezin diegu utzi iraganean lortzea hainbeste sakrifizio kostatu ziren eskubideak kentzen.