Europako konstituzioari ezezkoa, “auzo pobreetako” gazteen leherketa soziala, 1968ko maiatzetik ikusten ez ziren mobilizazioak... Hauteskunde emaitzen azalpena ezin da izan eskuinaren sendotasuna, ezkerreko zuzendaritzaren ahultasuna baizik. Erreformismoa, beste behin, ez da gai pobreziaren handitzeari, bizi baldintzen txartzeari eta lan eskubideen galerari alternatiba bat eskaintzeko.
Gero eta sektore gehiago ezkerrera jotzen eta borroketan parte hartzen ari diren bitartean, langileen alderdietako zuzendaritzak eskuinera doaz. Segolene Royal, PSFren hautagaia, izan da horren isla nagusi. Honen hauteskunde programak ez zuen desberdintasunik Sarkozyrenakin funtsezko gaietan. Royalen politika ekonomikoa eskuinaren berdina izan da, desberdintasun bakarra berau ezartzeko modua hain oldarkorra ez izatea zen. Adibidez, langabeziarekin amaitzeko, PSFk CPE legearen antzeko modalitate bat eskaintzen zuen. PSFk inoiz egin duen hauteskunde kanpaina prokapitalistena izan da eta horrela ezinezkoa da sistema kapitalistari aurre egitea. Eta noski, Euskal Herriko gatazka nazionalarekiko ere ez dute inolako interesik. Bide honetan jarraitzen badute ez dira inoiz gai izango burgesia frantziar zapaltzaileari borroka planteatzeko eta langile klasea eta gazteriaren arazoak konpontzeko.
Hauteskunde hauen beste puntu garrantzitsua Alderdi Komunistaren (PCF) erorketa izan da. Hemen ere PSFren antzera, arrazoia alderdiaren zuzendaritzaren politikan aurkituko dugu, kapitalismoarekin amaitzeko edozein asmo utzita daukate. Sozialismoa desagertu egin da PCFren programatik eta bere alternatiba ekonomiaren doiketa teknikoak dira. Kapitalista “zintzoak” eta “gaiztoak” bereiztu, “zintzoei” baimenak eman eta “gaiztoei” isunak jarri. Hau da langabeziari, pobreziari eta aldikotasunari amaiera emateko duten alternatiba.
Zergatik jaso ditu PCFk hain emaitza txarrak? PCFk komunikabideei bota die errua. 1995etik langile klasearen mugimendua gorantz doa (bere gorakada, beherakada, garaipen, porrot...), baina PCF ez da gai izan egoera honi etekina ateratzeko eta gero eta bozka gehiago galtzen joan da. Garbi esan behar da, PCFren zailtasunak ez direla kanpoko elementuetan kokatzen, barneko arrazoi politikoak dira gakoa, bere programarekin eta klaseko edozein edukiren uztearekin lotuta daudelarik. Gainera, emaitza hauek erakusten dute, PCF ez dela errekuperatu “ezker pluraleko” gobernuetako parte hartzeetatik. Gobernu hauetan egon zirenean, hainbat alditan, alderdiko zuzendaritzak pribatizazio masiboak babestu zituen, eta honek PCFko oinarri sozialaren zati garrantzitsu bat etsita utzi zuen. Langileen sektore batek ikusi zuen, nahiz eta PCFk diskurtso ezkertiar eta errebindikatiboa izan, bere politika ez zela PSFko agintari erreformistek egiten zutenarekin desberdintzen. Horrela, 80. hamarkadan bozken %20 ateratzen bazituzten, orain %2ra ere ez dira heldu presidentzialetan eta %5era ere ez legislatiboetan. Komunikabideak ez dira PCFren emaitza txarren arrazoi, programa sozialista baten gabezia baizik.
Kapitalismoaren kontrako programa batek harrera ona izango luke. Hori erakusten dute ezkerreko beste taldeek (LCR, LO...) lortutako emaitzek, 3 milioi bozka presidentzialetan adibidez. Nahiz eta talde hauek praktikan programa erreformista bat defendatu, garrantzia eman behar zaio hauen diskurtso antikapitalistak izan duen babesari. LCRren mitinetara 2002an baino jende gehiago joan da, bikoiztu egin da asistentzia. Sozialismoaren aldeko programa eraginkor batek langileen, gazteen, etorkinen, zapalduen... atentzioa erakarriko luke eta bide horretatik soilik lortuko litzateke kapitalismoa suntsitzea. Dudarik gabe, Estatu frantziarreko eraldaketa sozial batek funtsezko eragina izango luke Euskal Herriko eta beste nazio zapalduetako askapen nazionalen aldeko borrokan ere.
Sarkozyren erasoak
Gaur egungo Estatu Frantziarreko konstituzioa 1958an onartu zen eta presidenteari botere handiak emateko diseinatu zuen klase dominatzaileak. Horrela, presidenteak ahalmena du Batzar Nazionalari boterea mugatzeko, Auzitegi Goreneko eta Auzitegi Konstituzionaleko epaileak aukeratzeko, ejertzitoko goi agintariak hautatzeko eta parlamentuak onartutako legeak atzera botatzeko. Ahalmen hauetaz baliatu zen lehenengoa De Gaulle izan zen, bera izan zen urte haietan klase dominatzailearen hautagaia. Orain berriz burgesiaren gizona Sarkozy da, kapitalista frantziarrek behar dituzten irabaziak berreskuratzeko kontraerreformak bultzatu behar dituena, langile eta gazteen eskubideak erasotu behar dituena.
Baina De Gaullen garaiekiko desberdintasun handi bat dago. Urte haietako egoera ekonomikoak aukera ematen zuen langileei kontzesioak egiteko eta hala ere 68ko Maiatza ez zen ekidin. Baina gaur egun, ekonomia estankatuta dago eta ekonomia hazkuntzaren aurreikuspenek %2 justu bat iragartzen dute, beraz, Sarkozyk ezin izango ditu kontzesioak egin eta masen bizi kalitatea hobetu. Sarkozyren programak masen kontrako eraso ankerrak biltzen ditu: 35 ordutako lan astea desegin, seguritate sozialerako langileen kotizazioak handitu, aberatsei zergak jaitsi, etorkinen aurkako legeak gogortu, gazteriaren aurkako errepresio gehiago, CPEren antzeko lege bat ezarri, langabezi subsidioa erreformatu, unibertsitateen pribatizazioa bultzatu eta enpresariek ordu estrengatik ordaintzen dutena murriztu. Azkeneko neurriak langabezia eta lan jardunaldiak handituko ditu, enpresariari merkeago irtengo baitzaio ordu estrak ordaintzea langile berriak kontratatzea baino.
Sarkozyren politikaren beste ardatzetako bat sindikatuen boterea haustea da Margaret Thatcher imitatu nahirik. Zerbitzu minimoak inposatzea proposatu du garraio eta zerbitzu publikoen (osasuna, hezkuntza...) grebetarako. Sindikatuek hau ez badute onartzen zerbitzu guzti hauek pribatizatu egingo dituela mehatxatu du. Aldi berean, sindikatuek negoziazio kolektiboan langile guztiak ordezkatzeko duten gaitasunarekin amaitu nahi du. Sarkozyk, sindikatu bakoitzak bere afiliatuak soilik ordezkatzea nahi du, hau da, langileen %90 enpresarien “eskuetan” uztea indibidualki ordezkatu beharko bailirakete.
Oposizioa kalean
Sarkozyk hauteskunde presidentzialak irabazi zituela jakindakoan, minutu gutxitan, ehunka manifestazio ikusi ahal izan ziren Estatu guztian eta ondorengo egunetan jarraitu egin zuten mobilizazioek. Aste bakar batean mila atxilotutik gora egon ziren, asteak iraun zituen CPE legearen aurkako borroketan baino gehiago eta atxilotutako hainbat gazteri hilabete batzuetako espetxe zigorrak ezarri zitzaizkien.
Sarkozyren jarrera faxista ez da eskuin frantziarraren berezitasuna. Estatu espainiarrean antzekoa ikus daiteke PPrekin eta berdina gertatzen ari da beste Estatu europarretan. Honek erakusten du burgesia europarra prestatzen ari dela langile klaseari aurre egiteko. Eta erreformismoa langileen begietara gero eta konfiantza gehiago galtzen doan bitartean, burgesia borroka honetarako prestatzen ari da mota guztietako lege erreakzionario, errepresibo eta erregimen autoritarioekin.
Burgesia frantziarra, Sarkozyren laguntzarekin, “batasun nazionala” bultzatzen dabil. Baina ondo dakite “batasunaren” ilusioak azkar bukatuko direla. Sarkozyren programa Estatu frantziarrean klaseko borroka lehertzeko errezeta da. 1995etik gazteek eta langileek garaipen garrantzitsuak lortu dituzte borrokari esker. Datozen urteetan, Sarkozy buruan jarrita, masa borrokak ikusiko ditugu eta langile klaseak eta gazteriak beren borroka tradizioak berreskuratuko dituzte beste behin. Sarkozyk bere kanpainan lelo hau erabili zuen: “1968ko maiatzeko espiritua lurperatu”, baina eskenatokia prestatuta dago 1968ko maiatza errepikatzeko, maila altuagoan gainera.