Inkesta gehienak bat datoz: ziurrenik, 2022ko apirileko Estatu frantzirreko hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, Emmanuel Macron liberala eta eskuin-muturreko hautagai bat igaroko dira, ziurrenik Marine Le Pen.
2002ko hauteskunde presidentzialetan, Jacques Chirac eskuin tradizionaleko hautagaia eta Jean-Marie Le Pen ultraeskuindarra (Marinen aita) iritsi ziren bigarren itzuliko norgehiagokara. Baina oraingoan faktore berriak daude eta arreta guztia merezi dute.
2002an, hauteskundeak Lionel Jospin buru zuen Alderdi Sozialistaren (PS) agintaldiaren ondoren egin ziren. Gobernu horrek enpresa publikoen pribatizazio masiboak egin zituen eta atsekabe handia sortu zuen, ezkerra botoetan nabarmen ahulduz. Baina, 2022an, hauteskundeak Macronen bost urteko eskuineko presidentetzaren ondoren izango dira. Urte hauetan, murrizketa gogorren ondorioz mobilizazio handiak eman dira, “txaleko horien” matxinada barne. Nola liteke ezkerra haserre hori bideratzeko gai ez izatea eta porrot ikaragarria jasateko aukeraren aurrean egotea?
Éric Zemmourren gorakadak arriskua azpimarratzen du
Bestalde, nabarmentzekoa da beste hautagai ultraeskuindar batek, Eric Zemmourrek, Le Pen gainditu eta bigarren itzulira pasatzeko aukera duela. Zatiketa horrek ez du eskuin muturra elektoralki ahuldu, aitzitik, indartu egin du. Zemmour eta Le Pen hautesle berberen baitan lehaitzen hasi direnetik, biek batzen duten boto asmoa ia 5 puntu igo da.
Zemmour telebistako kazetariak, Frantziako “subiranotasun nazionala” aldarrikatzean kokatu du diskurtsoa. Bere programa muturreko nazionalismo ekonomiko batera mugatzen da, batez ere, etorkinak eta errefuxiatuak bortizki erasotzean. Konspirazio teoriak haizatzen ditu, etorkinak armada bat direla esanez, ezkutuko esku batek zuzentzen dituena eta gerra zibila hasteko eta zibilizazio frantsesa suntsitzeko helburua duena.
Guda mezu arrazista horrekin batera, emakumeen eta LGTB kolektiboaren aurkako gorrotoa ere hauspotzen ari da, ideologia erreakzionarioaren asmakizun oldarkorrenak zabalduz, hala nola, feministek “gizonak zikiratu” nahi dituztela edota homosexualek haurrak bortxatzeko adoptatu nahi dituztela esanaz.
Horrelako mezuekin Zemmourrek %18ko boto asmoa eskuratu izanak argi erakusten du frantziar Estatuko krisi sozialaren sakontasuna. Herrialdeko bizitza politikoan garrantzia handia izan duen landako eta hiriko burgesia txikia gogor kolpatuak izaten ari dira. Marxek ederki deskribatu zuen klase sozial hori bereizten duen zekenkeria eta ikuspegi motza, izan ere, martirizaturik bizi baita langile klasearen eta iraultzaren beldurraren eta krisi ekonoikoarekin iraganean zuen bizi maila galtzeko arriskuaren artean.
Joan den mendeko 30eko hamarkadan, krisiak kolpatutako erdi mailako geruzak faxismo frantsesaren eta nazien arteko lankidetzaren oinarri sozial bihurtu ziren. 1968an, maiatzeko langileen eta gazteen altxamendu handiak izututa, horietako asko jabetzaren eta ordenaren alde mobilizatu ziren, De Gaulle jeneralaren programa bonapartista babestuz.
2008ko krisiak berriro kolpatu du Estatu frantseseko burgesia txikia ekonomikoki. Gizartean gora egiteko ikuspegia desegin dio eta “nazio harrotasuna” jota utzi du. Jabe txiki hauek nazioarteko finantza ordenaren eta etorkinen eta errefuxiatuen aurka zuzentzen dute euren amorrua, finantza publikoetarako “zama” direla esanaz. Horregatik begiratzen diete Zemmourrek bezala eliteen aurka gogor hitz egiten dietenei eta ustezko iragan distiratsua berreskuratzea zin egiten dietenei. Trumpismo frantsesa, sustrai sozial sendoekin, indartsu sartzen ari da eszenatokian.
Sozialdemokraziaren eta erreformismo berriaren hondoratzea
Gauza asko aldatu dira 30eko hamarkadatik hona, baina Leon Trotskyren ¿Nora doa Frantzia? liburuko hitzek indarrean jarraitzen dute: “Etsita dagoen burgesia txikiak, faxismoan, batez ere kapital handiaren aurkako borroka indarra ikusten dute, eta uste dute, mihiarekin bakarrik lan egiten duten langile alderdiek ez bezala, faxismoak ukabilak erabiliko dituela 'justizia' gehiago ezartzeko […]. Faltsua da, eta hiru bider faltsua, esatea gaur egun burgesia txikia 'muturreko neurrien' beldur delako ez dela langileen alderdietara zuzentzen. Aitzitik, burgesia txikiko beheko geruzak, haren masa zabalek, langile alderdietan makina parlamentarioak baino ez dituzte ikusten, ez dute sinesten indarrik dutenik, ez dute uste borrokatzeko gai direnik, ez dute uste oraingo honetan borroka amaieraraino eramateko prest daudenik.”
Eta historia berriro errepikatzen da. Ezkerrak gainbehera kapitalistaren aurrean alternatiba iraultzaile baten alde borrokatzeari uko egiten dion heinean, eskuin muturraren besoetara jaurtitzen ditu sektore ertainak, eta baita langile klaseko etsitako geruza atzeratu batzuk ere.
Sozialdemokrazia urte askotan egon da agintean Frantziako Estatuan. 1981ean, Frantziako Alderdi Komunistarekin aliaturik, Miterrandek hauteskundeak irabazi zituen, langile klasearen mesedetarako nazionalizazio eta erreforma garrantzitsuak biltzen zituen programa batekin. Baina Gobernu hori ez zen gai izan burgesiaren presioei aurre egiteko, eta uko egin zion ezein neurri antikapitalista garrantzitsu hartzeari, hasitako erreforma guztietan atzera eginez. Orduz geroztik, Alderdi Sozialistako exekutiboek eskuinekoen politika bertsuak egin dituzte.
Fronte Nazionalari bidea ireki ziona Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Komunistaren arteko koalizioaren porrota izan zen. Jean-Marie Le Pen buru zuela, 1986an parlamentuan sartzea lortu zuen. Eta, laster berriz ere parlamentutik kanpo geratu zen arren, botoen ehuneko haundi bat eta udaletan presentzia nabarmena mantendu zituen.
2000. urte hasierako langile mobilizazio haundiek eta kanpaina antifaxistek Fronte Nazionalaren babesa ahuldu zuten. Baina 2008ko krisiaren ondorioek aukera handiak eskaini zizkioten berriro. Langabeziaren hazkundeak eta kapitalista frantsesek industria sektore garrantzitsuak deslokalizatu eta suntsitu izanak, aukera eman zion FNri programa chauvinista astinduz ezkerreko eremu tradizionaletan aurrera egiteko.
2011n, Marine Le Penek hartu zuen FNren buruzagitza bere aitaren ordez, eta alderdia ezaugarri faxista eta arrazista nabarmenetatik aldentzen saiatu zen. Izena aldatu zion, Rassementonent National ezarriz, eta itxura modernoagoa eman zion. Egia esan, arrakasta izan zuen krisian zegoen eskuin tradizionalaren hutsunea lortzeko helburuan. 2017an, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian Macronen aurka lehiatzea lortu zuen. Baina itxura moderatuagoa emateko estrategiak tartea utzi du muturrekoagoa den eskuin aldean eta Zemmourrek hori aprobetxatu du pandemia garaian eta polarizazio sozial gogorra dagoen testuinguruan.
Ezkerreko koalizioaren eta ondorengo gobernu sozialisten porrotek ezker erreformista tradizionalaren hauteskunde emaitzak birrindu ditu. PSko Anne Hidalgo hautagaiak, Parisko egungo alkatea, %5eko boto asmoa du, eta PCko hautagaiak %2koa justu-justu.
2008ko krisiaren ondorioz, Frantziako Estatuan, hainbat herrialdetan bezala, sozialdemokraziaren ezkerraldean alternatiba bat sortu zen, Frantzia Intsumisoa, Jean-Luc Mélenchon buru duena. Baina Mélenchonek, programa sozialista bat proposatu beharrean, “subiranotasun nazionalaren” erretorika aldarrikatzen hasi da, eta inmigrazioari eraso dio, bertako langileen eskubide sozialak defendatzearen izenean. Diskurtso horrek, eskuin muturra ahuldu beharrean, indartu egiten du.
Melenchonek ezkerreko hautagaien artean egoera onena duen arren, inkestek botoen %10 baino ez diote ematen. Gainerako ezkerraren eta ekologisten botoak bateratzea lortuko balu ere, inkesten arabera %30era doi iritsiko litzateke.
1930eko hamarkadak esperientzia irmoa eskaintzen du. Sistema kapitalistaren muina jo puntuan ezarri eta eraldaketa iraultzailea proposatzen duen programa batekin soilik eraiki ahal izango da ezker sinesgarri bat, eskuin muturrari aurre egiteko gai izango dena.