Martxoaren 7ko arrakastaren ostean, greba mugagabea aldarri, Macron bota arte!
Macronen Gobernuaren eta erretreten erreformaren aurkako borroka gogortu eta erradikalizatu egin da, eta langileen matxinada orokorra bihurtu da.
Martxoaren 7ko greba orokorra sekulakoa izan da, benetan gogoangarria. Frantziako Estatua ia guztiz blokeatuta geratu da, eta milioika lagunek estatu osoko kaleak hartu dituzte 500 manifestazio jendetsutan. Burgesiaren propaganda-hedabideek ere ezin izan dute mobilizazioaren aurrerapauso hori ezkutatu, aho beteka onartu behar izan baitute mugimendua inoiz baino indartsuago dagoela.
Grebak oso-osorik geldiarazi ditu zentral nuklear eta elektrikoak, findegiak, portuak, trenbideak, Parisko metroa eta beste garraiobide asko, zabor-bilketa, komunikabideak, institutuak eta unibertsitateak, baita monumentu nazionalak ere, hala nola Eiffel dorrea edo Versaillesko jauregia; orain arte eragin txikiagoa izan duen sektoreetan (funtzionarioak edo sektore pribatua, kasu), jarraipena ugari-ugaria izan da; metalgintzako industria nabarmendu da bereziki, besteak beste Airbus edo Renault enpresa erabakigarriak barne hartzen dituena.
Gazteak lehen lerroan kokatu dira borroka honetan: ehunka institutu eta dozenaka unibertsitate blokeatu dituzte, eta aurre egiten ari zaizkio poliziaren errepresio basatiari, blokeo eta okupazio horiek eragozten saiatzean eragindako jazarpenari. Badakite gazteria iraultzaren sugarra dela, eta horregatik kriminalizatzen dute eta gogor erasotzen diote.
Masen greba-altxamendu ikaragarri honek ageri-agerian uzten du nahiko indarra dagoela Macron bota eta haren politikak behin betiko garaitzeko, eta, gainera, kinkan jartzen ditu Frantziako kapitalismoaren zutabeak. Mugimendua aurrera doa, hedatu eta indartu egiten ari da, eta, hartara, gero eta ikara handiagoa eragiten ari zaie Gobernuari eta klase menderatzaileari.
Greba mugagabe luzagarria
Langileen amorru biziak gainezka egin die sindikatuetako buruei. Ildo horretan, oinarrietatik, oinarri-batzordeek eta sindikatuetako ekintzaileek (batez ere CGTn), edota Frantzia Intsumisoak, borroka askoz haratago eramateko beharra proposatu dute, eta horretarako greba mugagabeak bultzatzen ari dira, zeinetan egunero bozkatuko baita aurrera jarraitu edo ez. Helburua: ekonomia erabat geldiaraztea eta blokeatzea, gizartean benetan nork agintzen duen erakusteko; eta, halaber, agerian uztea Gobernua eta patronala bakarrik daudela eta borrokan antolatutako langile-klasearen aurrean ezdeusak direla.
CFDT bera ere, sindikaturik eskuindarrenetako bat izanik, estrategia horretan sartu beharrean egon da; izan ere, askatasuna eman die bere federazioei greba mugagabe luzagarriari buruz erabaki dezaten; hori bai, hilaren 7ko arrakasta ikusita, zehaztu du ez dutela herrialdea blokeatu nahi. Mugimenduaren oinarriaren indarrak sindikatuen batasuna inposatu du, baina borrokari eutsiz, epelkeriarik gabe, goranzko estrategia bat planteatuz, eta galaraziz edo zailduz CFDT sindikatuaren burokraziak albora egitea eta mugimendua geldiarazten ahalegintzea.
Greba mugagabe luzagarriak ugaritzen ari dira. Halaxe gertatu da findegietan, CGT sindikatuak bultzatuta, martxoaren 6tik aurrera blokeatuta baitaude; hala bada, herrialde osoko erregai-hornidura eta, beraz, ekonomia osoaren jarduera arriskuan jarriko dute. CGTko bost federazio handik iragarri dute greba mugagabeak hasiko dituztela martxoaren 7tik aurrera: sektore kimikoa (findegiak ez ezik, plastikoak, industria farmazeutikoa, eta beste batzuk ere bai); meatzeak eta energiaren sektorea; trenbideak; portuak; eta zeramika eta beiraren federazioa. Eta berdin zabor-bilketako langileak eta banatzaile plataformetakoak (Just Eat, Globo, etab.).
Parisko garraioari edo SNFC enpresari (Frantziako trenbideen konpainia) dagokienez, Intersindikalak greba mugagabera deitu behar izan du martxoaren 7tik aurrerako. Eta gauza bera gertatzen ari da hezkuntzan ere, eskualde jakin batzuetan, hala nola Tolosan edo Parisen, modu bateratuan planteatu baita greba mugagabea. Olatu horrek ez du etenik, eta datozen egunetan sektore gehiago batuko zaizkio.
Sektore pribatuan ere izua zabaltzen ari da. CGTko Metalurgiako Langileen Federazioak, besteak beste Airbus edo Renault funtsezko industria pribatuei eragiten dienak, komunikatu bat atera behar izan du martxoaren 7tik aurrera greba mugimendua indartu eta erradikalizatzeko, “1936an , 1968an eta, modu apalagoan, 1995ean egin zen bezala”. Aurrera egiteko borondatea argia da.
Greba mugagabea modu militantean antolatzea
Halako giroa izanik, eztabaida sortu da enpresen balizko okupazioari buruz. Martxoaren 7tik aurrera, langileak batzar orokorretan biltzen ari dira euren lantokietan, egunez egun grebari eustea erabakitzeko eta bozkatzeko. Estrategia horrek, gainera, aurrerapauso garrantzitsua dakar antolakuntzan; izan ere, langileak berak antolatzen dira borrokan jarraitzeko egunerokoan, eta, hartara, oztopatu egiten dituzte burokrazia sindikalak borroka desaktibatzeko darabiltzan amarruak.
Greba mugagabe luzagarrien arrakasta bermatze aldera, funtsezkoa da borroka-batzordeak osatzea lantegi guztietan, institutu eta fakultateetan, eta gune horiek guztien okupazio aktiboa sustatzea, eremu haietan lanuzte mugagabeak antolatzen jarraitzearren. Pikete iraunkorrak ezarri behar dira, greba-eskubidea egikaritzea bermatzeko, ugazaben mehatxuen aurrean eta poliziaren errepresioaren aurka. Erresistentzia kutxa sendoak sortu behar dira grebalarientzat diru gehiago biltzearren (CGTk 600.000 eurotik gora lortu ditu dagoeneko, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, 250.000 euro baino gehiago). Antolaketa zabaldu beharra dago auzoetan, batzar iraunkorren bitartez; haiek bultzatuta, manifestazioak eta mobilizazioak sustatuko dira greba egun bakoitzean, hain zuzen langile klasearen indar itzela erakusteko.
Melenchon eta Frantzia Intsumisoa, kaleetan borroka egitearen alde
Beste alderdi nagusia da borroka sindikala erabat politikoa dela, hain zuzen ere, eskuinaren eta kapital handiak ezartzen dituen kontrarreformen aurkakoa. Horregatik, aurrerapauso bat da Melenchonek eta Frantzia Intsumisoak adierazi izana ez dela borrokatu behar erreforma bertan behera uztearen alde soilik, baizik eta erretiratzeko adina 60 urtera murriztearen alde, 40 urtez kotizatuta (ez 43 urtez, orain arte bezala). Eta hori lortzeko, funtsezkoa da kaleak okupatzea, Macron eta haren Gobernua belaunikarazi arte.
Parlamentuz kanpo borroka da faktorea erabakigarria indar korrelazio sozial hain mesedegarria ezartzeko. Frantzia Intsumisoak boikot nabarmena egin dio Parlamentuaren jardunari, erretiro adina 64 urtera arte luzatzekoa den 7. artikulu ospetsua eztabaidatzea eta bozkatzea eragotzi baitu. Jokabide hori zuzena da: ezin da onartu Gobernuak Parlamentuaren ustezko legitimitatean oinarritzea herritar gehienak aurka dituen erreforma bat bozkatzeko: Estatu frantseseko biztanleen %72 eta soldatapekoen %90 baino gehiago kontra daude.
Melenchonen estrategiari esker mugimendua erradikalizatzen eta politizatzen ari da; gainera, ikasleen artean eta langile gazte prekarioen artean zabaltzen ari da, grebalarientzako erresistentzia kutxa bat antolatzen dihardu, eta mobilizazioak eta mitinak antolatzen ari da Estatu frantses osoan zehar, martxoaren 7tik aurrera herrialdea benetan blokeatuko dela bermatzeko. Estrategia horrek etsaitasun sutsua sortu du klase menderatzailearen artean. Horren haritik dator komunikabide burges guztien kanpaina histerikoa, arduragabekeriaz jokatu eta erakundeak arriskuan jartzea leporatzen diona.
Aldi berean, prentsak etengabe gorazarre egin die Le Peni eta eskuin-muturrari: nabarmendu dute eredugarri jokatu dutela eta erreformaren kontra oposizio arduratsua egin duela, zalapartarik gabe eta, jakina, Parlamentuko eztabaida blokeatu gabe.
Programa komunista duen alternatiba iraultzaile baten alde!
Melenchonen eta Frantzia Intsumisoaren aurkako eraso kanpaina hau NUPES koalizioko aliatuen zati batean oinarritzen ari da, bai hilzorian dagoen Alderdi Sozialistan, nola ekologistetan edo Alderdi Komunistan; halaber, CFDTren eta CGTren burokrazia ere berdin jokatzen ari da, Parlamentua jarduna blokeatzeko estrategiaren aurkako kanpainarekin bat egin baitute.
Mugimenduak hartu duen neurri handiaren isla da hori; gero eta erradikalizazio handiagoaren isla, eta krisi iraultzaile bati burokrata burgestu horiek guztiek dioten izua erakusten du.
Melenchonek eta Frantzia Intsumisoak, mugimendu sozialeko eta ezker borrokalariarekin batera, estrategia horretan sakondu behar dute; horretarako, mugimendua hedatu behar dute, hura politikoki armatu, eta aurre egin behar diete langile klasearen altxamendua indargabetzen saiatzeko eta parlamentarismo burgesaren eta negoziazioaren ur lasaietara bideratzeko aktiboki jardunean ari diren guztiei.
Zalantzarik gabe, izugarri ugaritu dira milaka aktibista sindikal eta gazteren artean Melenchon eta intsumisoak begi onez ikusten dituztenak. Hori oinarri hartuta, borroka egin beharra dago sindikatuen eta mugimendu sozialen baitan, greba mugagabe militantea eta okupazioak ezartzeko, bi helburu hauekin: erretreten erreforma bertan behera uztea eta Macron kanporatzea. Posible da! Bai horixe!
Eta hori lortzeko, alternatiba politiko iraultzaile bat eraiki behar da, kapitalismoa bera jo puntuan jarriko duena. Alegia, alternatiba horrek planteatu behar du kapitalisten pribilegioak eta jabetza ezabatzea, banka eta monopolio handiak nazionalizatzea eta haien baliabide eskergak gizartearen gehiengoaren mesedetan erabiltzea. Horrela bakarrik da posible kontrarreforma horiei eta langile klasearen eta gazteriaren miseria gero eta handiagoari aurre egitea.
Europako milioika langile ari dira miresmenez borroka hau jarraitzen; izan ere, guztiak jasaten ari gara kontrarreforma berberak, inflazio bera, miseria bera, eta kapitalistak hainbeste aberasten ari diren gerra inperialista bera. Gaur, Ingalaterrako eta Estatu frantseseko langileak altxatzen ari dira, baina bihar kontinenteko gainerako langileak batuko zaizkie.
1936an bezala, eta 68ko Maiatzean bezala, iraultza sozialista da eta izango da irtenbide bakarra.