Gero eta sumin handiagoa dago Frantziako Estatuko kaleetan. Azken bi hilabeteetako mobilizazio masiboek eta greba orokorrek argi utzi dute herritarren eta langileen gehiengo handi batek gogor arbuiatzen duela Macron presidenteak proposatutako erretreten erreforma. Baina kaleko presio izugarriak erregimen politiko osoa eraman du krisi existentzial batera, 68ko maiatzeko matxinadaren kutsua hartzen ari den altxamendu bihurtua. Langile klasearen indarra hain da handia, non boterearen auzia, gizartean benetan agintzen duenarena, gordintasun osoz jarri baita mahai gainean. Ausardiarako momentua da: erretreten erreforma garaitzeaz gain, Macron boteretik kendu eta sozialismoaren alde borroka emateko unea da, langile demokrazia konkistatzeko.
Egoera amesgaizto bihurtu da klase agintariarentzat. Macronen diputatu batzuk eta eskuineko beste talde batzuetakoek ere, hurrengo hauteskundeetan eserlekuak galtzeko beldurrez, erreformaren aurka agertu behar izan zuten, eta Gobernua bultzatu zuten Asanblea Nazionala saihestu eta erreforma dekretuz onartzeko bide bonapartista hartzera. Erabaki horrekin, Macron eta bere taldeak, Errepublika Martxan, garden-garden agertu dute zer diren: eskuin moderatua deituriko honek, langileen gehiengoaren iritzia mespretxatuz, argi utzi du lekaioak baino ez direla euren ugazaben aginduetara, hots, kapital finantzarioaren oligarkak. Baina “soluzio” horrek erreboltaren suari egur gehiago bota dio.
Macronek doi-doi gainditu du parlamentuko zentsura-mozioa, baina kalean azpiratua izaten ari da
Martxoaren 20ko arratsaldean, astelehena, Frantziako Asanblea Nazionalean bi zentsura-mozio bozkatu ziren Élisabeth Borne lehen ministroaren gobernuaren aurka. Bat Rassemblement National alderdi faxistak aurkeztu zuen eta bere botoak baino ez zituen lortu. Bigarrena, talde zentrista txiki batek aurkeztu zuen eta Frantzia Intsumisoaren laguntzarekin, garaipenetik 9 botora geratu zen.
Zentsura-mozioa da Frantziako Estatuko konstituzioak gobernuaren dekretu bat atzera botatzeko aurreikusten duen mekanismo bakarra. Dekretua bertan behera geratzea ezinbestean Gobernua erortzearekin lotuta zegoenez, Macron ziur zegoen erretreten erreforma aurrera ateratzea lortuko zuela. Hala izan da, baina garaipen instituzionalak ez du mobilizazioen garapena gelditu. Macronek nahiz Frantziako Estatuko uste bazuten burgesiak zentsura-mozioan lortutako garaipenak langileen altxamenduaren baretzea eragingo zuela, kolpe ederra hartu dute.
Frantziar Estatuko langile klaseak sobera esperientzia bizi izan ditu azken urteotan Estatu kapitalistaren eta bere instituzioen benetako izaera ulertzera eramaten dutenak. 2008ko krisiaren ondorioz sortutako mobilizazio handiek eta grebek, Gobernu sozialistak sustatutako lan-erreformaren aurkako 2016ko ikasleen borrokek edo bi urte geroago Txaleko Horien altxamenduak ez zituzten helburuak lortu, baina masa zabalak hezteko balio izan zuten.
Gazteen enplegua prekarizatzeko oinarriak ezarri zituen 2016ko lan erreforma dekretu bidez onartu zuen Gobernuak, orain Macronen erretreten erreforma bezala. Sindikatu nagusiek, CGTk, CFDTk eta FOk, aste batzuetan mobilizazioak mantendu zituzten arren, berehala planteatu zuten, erreformaren dekretua onartuta zegoenez, borroka eremu judizialean eman behar zela. Astiro-astiro arindu zuten presioa, harik eta atekabea mugimenduan hedatu zen arte.
Zazpi urte geroago, sindikatu horiek, agintari berberekin, ezin dute gobernuaren dekretuaren aurrean etsipena predikatu: mugimenduaren presio jasanezinak greba mugagabeen hedapena onartzera behartzen ditu, eta gogoz kontra deitzen ari dira erreforma erretiratu arte borrokari eustera eta herrialdea geldiaraztera. Dekretu bidez onartu izanak eta zentsura-mozioek porrot egin izanak, CGTren arabera, “ez du ezer aldatzen”. Horixe da egoeraren dialektika: klase borroka sindikatu handietan ere iragazten da, eta iraultzaileek zeresan handia duten eremu bihurtzen da. Gertaera horiek mespretxatzeak, haien aurrean jarrera sektarioa hartuz, marjinalitate antzuenera baino ez darama.
1968ko maiatzean bezala, Frantziako Estatuko sindikatuetako buruzagiak kaleetan bizi den haizeteak behartuta ari dira, eta konturatu dira une honetan ekintza legal eta instituzionalekin maniobratzen saiatuz gero, mugimenduaren handitasunak gainezka egingo lukeela ezinbestean, dagoeneko haien parte-hartzearekin edo gabe indartsu aurrera egiten ari baitira bat-bateko manifestazioak eta grebak. Langile eta gazteen altxamendua gero eta zabalagoa, irmoagoa eta kontzienteagoa da.
Frantziako langile klaseak eta gazteek ikasi dute maskara parlamentario, demokratiko eta errepublikarraren atzean kapital finantzarioaren diktadura lotsagabea ezkutatzen dela. Baina ikasi dute, baita ere, beren indar propioekin, beren ekintza zuzenarekin, ekoizpena, garraioak eta herrialdeko bizitza produktibo osoa blokeatuz, bakarrik jarriko direla garaipenaren bidean. Bultzada horrek behartu ditu buruzagi sindikal erreformistenak nahi baino askoz urrunago eta inoiz imajinatuko ez zuten puntura iristera.
Datorren ostegunean Frantziako Estatuan bederatzigarren greba orokorra egingo da, baina aurreko egun hauetan greba mugagabeak ez dira eten, aitzitik, gogortu egin dira. Findegietako grebak eta Parisko hiri-garbiketako grebek erakusten dute Macron azpiratzeko bidea zein den eta grebak bertan behera uzteko presio guztiei arrakastaz aurre egiten ari dira. Zalantzarik gabe, ostegun honetan egun historikoa izango da, eta Frantziar Estatuko langile klaseak Estatu kapitalistaren botereari desafio egingo dio argi eta garbi. Hona hemen ikasgai ahaztezin bat eszeptiko eta berritsu guztientzat -horietako askok marxistatzat dute euren burua- greba orokorraren indarra eta masen kontzientzia sozialista igotzeko duen eginkizun nagusia zalantzan jartzen dutenen aurrean.
Garaipena lortzeko programa eta estrategia iraultzailea
Kaleak baretzeko ezintasunaren aurrean, Macronek eta bere Gobernuak errepresio polizialik basatiena erabili dute. Aukera benetan arriskutsua, izan ere, orain arte jokatzen ari den eginkizun bakarra herritarren borrokarako borondatea eta haserrea hauspotzea baita.
Erretreten erreformaren aurkako borroka puntu erabakigarri batera iritsi da. Lehen Mundu Gerraren ondoren, 1936an edo 1968an, Frantziako Estatuko langile klaseak burututako eztanda iraultzaile handiak langile mugimenduko zuzendaritza erreformisten bidez hitzartutako kontzesio eta akordioekin neutralizatu ahal izan ziren, hain zuzen, buruzagi horiek ez zutelako zalantzarik izan iraultza traizionatu eta saboteatzeko. Baina egungo egoera konplexuagoa da: ez dago masen artean autoritaterik duen alderdi estalinistarik, PCF ez da izan zenaren itzala eta “errepublika berrosatzeko” egiten ari den dei patetikoak ez doaz inora. PSF suntsituta dago. Aldiz, Frantziako eta Europako kapitalismoaren krisi sakonak langile klaseari kontzesioak egiteko erresistentzia handia iragartzen du. Agertokian sartu berri den bankuen porrota, murrizketa eta austeritate politiken uholde berri bat prestatzen ari da, elite kapitalistaren irabazien erreskate berri bat ordaintzeko.
Borrokaren dinamika Frantzia Intsumisoaren eta Jean-Luc Mélenchon buruzagiaren deialdietan ere islatzen ari da. Sustrai erreformistarekin, talde hori izaten ari da borrokan dauden masen nahiak hein batean adierazten dituena. Zentsura-mozioa mobilizazioaren bidez kaleetara eramateko Mélenchonek egindako deiak, dagoeneko milioi erdi eurora hurbiltzen den erresistentzia-kutxa bat antolatzeko erabakia, bere gazte erakundeak fakultateen okupazioak bultzatzea eta parlamentariak piketeen lehen lerroan kokatzea, ez da inolako huskeria. Argi dago ekintza hauek mugimendua bultzatzen dutela eta bere indarretan fidatzen laguntzen diotela. Orain egin beharrekoa, milaka ekintzaile sindikalistek eta gazteek, eta FIko militanteek, ausardiarik handienarekin dena errotik eraldatzeko bide bat proposatzea da. Kontua ez da apurrak onartzea, ezta borroka erretreten erreformara mugatzea ere, sindikatuetako burokraziak azpimarratzen duen bezala. Frantziar Estatuko herriaren sufrimenduaren erantzulea demokrazia parlamentarioaren atzean ezkutatzen den kapital finantzarioaren diktadura da. Borroka norabide posible bakarrean aurrera eramateko unea da: Frantziako Estatuko eraldaketa sozialistara.
Lantokietako, ikastetxeetako eta langile auzoetako batzarretan oinarrituta, eta eguneroko bizitza garatzen den leku guztietako mobilizazio aktiboan oinarrituta, garaia iritsi da lantegiak, enpresak, unibertsitateak eta lizeoak okupatzeko, eta ekintza batzordeen sare bat ezartzeko, une oro demokratikoki hautatuak, eta herrialde osoan koordinatuko direnak greba orokor mugagabea zuzentzeko eta antolatzeko. Ezinbestekoa da Macron eta bere politikak eraisteaz gain, langileen benetako demokraziarako oinarriak ezartzeko.
Gehiengo langilearen eta herriaren eskubideak defendatzeko frogaturik geratu da Estatu kapitalistaren instituzioak ezin direla baliatu. Eginkizuna, orain, benetako langile demokraziaren erakundeak eratzea da, diktadura finantzarioaren bizkarrezurra hautsiko duena, eta banka eta monopolioak desjabetzeko borroka garatuko duena, guztion ongizatearen zerbitzura jartzeko. Herri langilearen gobernu bat, ekintza-batzordeetatik eratua eta bere erabaki guztien aurrean erantzungo duena, FrantziakoEstatuan eta mundu osoan bizi dugun kaosaren aurrean alternatiba bat eraikitzeko.
Erretreten kontrarreformaren aurkako borrokak berriro gogorarazten digu ez dagoela harresirik eskaera ekonomiko eta politikoen artean, lan-grebak azkar bihur daitezkeela burgesiaren ordena soken aurka jartzen duten greba politiko. Hain zuzen, gogorarazten digute marxismo iraultzailearen printzipioen gaurkotasuna, komunismoaren pentsalari handien (Rosa Luxemburgo, Lenin eta Trotsky) ideien indarra eta greba orokorrak tresna iraultzaile gisa duen balio izugarria.
Frantziako Estatuan mundu osoko langileen kausa dago gaur jokoan. Bertako langileen eta gazteen garaipen batek, bidea irekiko die Europa osoko eta kontinente guztietako jendetzari, sistema gupidagabe honekin amaitzeko.
Gora Frantziako Estatuko langile klasearekiko eta gazteriarekiko elkartasun internazionalista!
Kanpora Macron, errepresio polizialik ez, atxilotu guztiak askatu!
Greba mugagabea, lantokiak eta ikastetxeak okupatu!
Langile botere sozialista altxatu!