Igaro den irailaren 8an, frantziar sindikatuen arabera, 2,7 milioi lagun atera ziren kalera frantzia osoko 220 herri eta hirietan Sarkozyren gobernuak aurrera atera nahi duen pentsioen kontraerreformari aurka egiteko. Besteak beste, hartu nahi den neurrietako bat jubilazio adina atzeratzea da. Azken hiru hilabeteetako hirugarren borroka eguna da, iragan den ekainaren 24an kalera milioi eta erdi lagun baino gehiago atera zituen mobilizazio erraldoi bat egin zen. Azken hamarkadako partizipazio handietan izan da François Chérèque Frantziako bigarren sindikatu zentraleko idazkari nagusiaren arabera. Greba sei sindikatu nagusik deitu zuten eta ezkerreko alderdiek babestu.

 


Hiri handietako manifestazioak jendetsuak izan dira: Parisen 270.000 lagun, Marsellan 200.000, Lille 35.000, Flandersen 25.000, Bordellen 110.000, Lyonen 35.000, Tolosam 110.000. Grebaren jarraipena garrantzitsua izan zen, gobernuak berak ‘esanguratsua’ izan zela onartu behar izan du. Hezkuntzako arloan, FSU arloko sindikatu nagusiaren arabera, lehen hezkuntzan lanuztea %60 izan zen eta bigarren hezkuntzan %55, guztira 500.000 irakaslek baino gehiagok egin zuten lanuztea. Trenbideen sektorean lanuztea %50ekoa baino gehiago izan zen, posta zerbitzuan %40 baino gehiago, France Telecomen %40. Kontuan izan behar da gobernuak ezarritako gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak izan zirela. Garraioa erabat geldituta geratu zen, Parisko eskualdean hegaldien %25 bertan bera utzi zen. Sektore pribatuan jarraipena ere garrantzitsua izan zen, bereziki bankan eta industrian, batez ere, Renault, Peugeot-Citrone, Alcatel, Airbus eta Total bezalako enpresa handietan antzeman zen. Inkesten arabera,  herritarren %73k greba babesten zuen eta %80ak uste du  pentsioen erreforma ez dela bidezkoa.

Sarkozyren gobernuaren krisia 

Sarkozy lehendakaritzara iritsi zenean 2007an, “Europako lider handienetako” bat izango zela zirudien, baina hiru urte beranduago, erakutsi du buztinezko hankak dituen lider bat dela eta bere ospea gainbeheran doala, ez kanpoan bakarrik, baita bere herrialdean bertan ere. Gaur herritarren %30ak bakarrik babesten du bere kudeaketa. Gainera, azken hilabeteetan, ustelkeri kasu ugari gertatu dira, bai bere alderdian, UMP, bai bere kabinetean: Eric Woerth lan-sailburua, pentsioen kontraerreformaren arduraduna eta Liliane Bettencourt, urte askoan zergak sahistu dituen L’Orealeko nagusia, eskandaluan bete-betean sartua dago. Horrezaz gain, Bettencourten zerga aholkularia Woerth bera zen. Era berea, UMP alderdiak lehendakaritzarako 2007 hauteskunde kanpainan, Sarkozy garaile irtendakoetan, Bettencourtek berak emandako opari handi ilegalak jaso zituela frogatu da. Beste eskandalu bat Christian Blanc Parisko Estatu Idazkariak eragin du, dimititu egin behar izan du diru publikotik 12.000 euro puru habanoak erosteko gastatu duela jakin ostean. Halako gauzak argitara ateratzeak eta era berean gobernuak langile klaseari “gerrikoa estutu dezan” eskatzeak langile klasearengan amorrua eta haserrea eragin ditu.

Etorkinak kaleratzea, arreta desbideratzeko modua

Azken egunetan, Sarkozy albiste izan da etorkinen aurkako politikagatik eta ijitu errumaniarrak bidaltzeagatik. Aitzakia segurtasun ezaren aurkako gerra izan da eta ezbehar isolatu hartu erabili ditu: Loire bailarako komisaldegian gertatutako bi turisten aurkako erasoa eta lapurreta baten ondoren emigrante afrikar baten hilketa Grenobleko kasinoan. Egiazki, bere kabineteak bizi duen krisitik, hau da, korrupziotik, eskandaluetatik, erreformatik… arreta desbideratzeko saiakera bat da. Irailaren 4an Parisen 100.000 lagundik gora manifestatu ziren neurri arrazista honen aurka eta inkesten arabera,  herritarren %70 neurri honen aurka dago.

Beste greba bat irailaren 23an

Gobernuak pentsioen legea ez duela kenduko esan arren, atzera egin du alderdi txikiago batzuetan. Sindikatuek mobilizazio berriak iragarri dituzte: datorren irailaren 15ean herri mailako manifestazioak egongo dira Frantzian, LAB sindikatuak irailaren 18erako manifestazioa deitu du Baionan eta irailaren 23an beste greba orokor bat deitu dute. Sarkozyren gobernuaren erasoak ez dira pentsioen kontraerreformarekin amaituko, 45.000 milioi murritu nahi du gastu publikotik. Datozen garaietan, ez dituzte pentsioak bakarrik erasotuko, hezkuntzak, osasungintzak eta langile klaseak ere erasoak jasango dituzte. Honek esan nahi du aurrez aurreko liskarra egongo dela Sarkozyren eta frantziar langile klasearen artea eta Frantzian klase arteko borroka areagotu egingo dela.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.