Pasatu berri den ikasturte honetan hezkuntza komunitatean mobilizazio indartsu eta historikoak egon dira Alderdi Popularraren murrizketen eta hezkuntzako kontraerreforma frankistaren aurka. Milioika ikasle, irakasle eta gurasok aurre egin diegu ildo zatitzaile eta klasistak errekuperatzeari, errebalida frankistei, estatu osoan 60.000 irakasle kaleratzeari, Eliza Katolikoari pribilegioak itzultzeari eta, funtsean, elitizaziori eta langile familietako gazteak hezkuntza sistematik bidaltzeari.

Mobilizazio hauen indar eta intentsitatearen ondorioz, Hezkuntza Ministerioak bere planak atzeratu behar izan ditu, nahiz eta harrokeria guztiarekin esana zuen LOMCEa 2012ko abenduan onartuko zela diputatuen kongresuan. Zalantzarik gabe, estatu mailan Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek  urrian deitu zuen hiru eguneko ikasle greba kolpe gogorra izan zen eskuinak zituen planentzat eta lehen atzeratzea ekarri zuen.

 

LOMCEa atzeratzea borrokari esker lortu da

Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek otsailerako deitu zuen bigarren borroka asteak erakutsi zuen hori zela PPren kontraerreforma ikasturte honetan onartzea eragotziko zuen bidea. Azkenik, pasa den maiatzaren 9an greba historikoa egin zen estatu osoan. Egun hartan, ikasle, irakasle eta gurasoek erakutsi zuten batetik, PPren gobernua bakarrik eta isolatuta dagoela eta, bestetik, Marea Berdeak duen indar ikaragarria.

Maiatzaren 9ko mobilizazioak erabateko arrakasta izan zuen estatu mailan. Batetik, historian aurreneko aldia zen ikasleen, irakasleen eta gurasoen greba bateratua egiten zela hezkuntzako arlo guztietan; haur hezkuntzan hasi eta unibertsitateraino. Baina, grebak izandako jarraipen masiboagatik eta manifestazio jendetsuengatik ere izan zen historikoa: hezkuntzako “marea” guztiek antolatutako jendetsuena izan zen. Mugimenduaren erakustaldi sendoa izan zen eta ezezko borobila eman zitzaion hezkuntza publikoa suntsitzeari.

Esan dugun bezala, maiatzaren 9ko grebak arrakasta izan zuen, Euskal Herrian izan ezik. Galizia, Catalunya eta estatu osoko ikasle eta langileak PPren kontraerreforma frankistaren aurkako mobilizazio garrantzitsu honetara deituta bazeuden ere, ELA, LAB eta Ikasle Abertzaleak-ek mobilizazioa ez babestea erabaki zuten. Zintzoki uste dugu akats larria izan zela. Erreforma honekin asko dago jokoan, hezkuntza publikoa eta gure hizkuntza suntsitu nahi dituzte, eta mobilizazio hau aukera bikaina zen gure indarra galiziar, kataluniar eta espainiar ikasle eta langileekin elkartzeko. Gure aliatua ez da EAJ, zeinak curriculum bikaina duen hezkuntza publikoa inork baino gehiago pribatizatzen. Orain, demagogia egiten du Wert legearen "aurka" egiten, baina benetan zerbait zoragarria ikusten du. Borrokan honetan ere, gure aliatuak hezkuntza publikoaren suntsiketa hau jasaten dutenak dira: estatu osoko langileen, zapalduen eta behartsuen seme-alabak, gainontzeko langile klasearekin batera.

Maiatzaren 9ko greba kolpe gogorra izan zen PPren gobernuarentzat, nahiz eta minimizatzen saiatu ziren. Alderdi Popularrak badaki bakarrik gelditu dela LOMCEren defentsan. Garrantzitsuena PPk iritzi publikoan bataila politikoa galdu izana da. Mobilizazioaren lorpen garrantzitsuena milioika pertsonak Wert legearen benetako helburuak ezagutzea izan da. Kontraerreforma honek 50. hamarkadako eskola frankistara itzuli nahi du, errebalidak errekuperatu eta ildo zatitzaile eta klasistak inposatu zailtasunak dituzten gazteak lehenbailen hezkuntzatik bidaltzeko. Elizaren pribilegioak eta hezkuntzaren gaineko kontrola ere handitu egiten du kontraerreformak erlijio ikasgaia berriro ezarriz. Bestalde, lege honek bigarren mailan uzten ditu euskara, katalana eta galiziera. 60.000 irakasle kaleratzea ontzat hartu du legeak, baita hezkuntza publikoko 5.000 milioi euroko murrizketa ere. Ondorioz, kalitatezkoa, doakoa, laikoa eta demokratikoa den hezkuntza izateko dugun eskubidea ukatzen digu. Lege honek gizartean duen arbuioa orain handiagoa da iaz zuena baino.

Azken greba honek eragindako presioagatik PPk maiatzaren 10erako iragarrita zegoen LOMCEa onartzeko eguna atzeratu egin behar izan zuela. Egia da azkenean hurrengo astean onartu zela, baina honek PPren izaera diktatoriala, autoritarioa eta antidemokratikoa besterik ez du islatzen, gutxiengo baten pribilegioentzat gobernatzen duen gobernua da, eta entzungor egiten dio estatuko ehunka hirietan ikasturte honetan egin den aldarri sozialari.

Lege proiektua tramite parlamentarioan dago orain. Gorteetan eztabaidatu ondoren, Senatura pasatuko da ondoren Gorteetara itzul dadin onartua izateko. Uztaila eztabaidarako egokitzen ez bada, LOMCEa udazkenean onartuko litzateke. Hala ere, garrantzitsua da mugimenduaren konkistak azpimarratzea; izan ere, Gobernuaren asmoa 2012ko abenduan onartzea izan arren, etengabeko mobilizazio eta gizartearen oposizioaren ondorioz, prozesua nahi baino gehiago luzatu behar izan dute. Behintzat, lege hau ezingo dute 2014/2015 ikasturtean ezarri. Urte oso bat atzeratzea lortu da.

Maiatzaren 9ko mobilizazioari jarraipena emateko, Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek eta Eskola Publikoaren Aldeko Estatu mailako Plataformak manifestaziora deitu zuten ekainaren 27an estatu guztian.

Ikasle Sindikatua Sindicato de Estudiantesen proposamena

Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek hezkuntzako arlo guztietako erakundeei egindako proposamena hauxe da: lege hau onartu izanari berehala erantzun behar zaio modu sendo batean. Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesen ustez, irakasleen sindikatuek ikasleekin batera jarri behar dute mobilizazioaren buruan. Kurtsoa amaitu aurretik, beste golpe gogor bat eman beharra dago: “Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, zeinetan parte hartzen baitute Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek eta CEAPAk, ekainaren 27rako estatuko hiri nagusienetan deitu duten manifestazioa oso pauso garrantzitsua da datorren ikasturterako ezpata zorrotz uzteko. Hain zuzen ere, datorren ikasturtea mobilizazio sendoekin hastea proposatzen dugu, eta horregatik, Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesek urrian 72 orduko greba izango duen borroka astea iragarri du. Uste dugu gurasoak eta irakasleak gurekin egon behar dutela beste behin gobernuari erakusteko LOMCEaren aurkako borroka ez dela bukatu, areagotzen ari dela baizik”.

Ezin dugu onartu enpresari, bankari eta espekulatzaileen aldeko gobernuak hezkuntza publikoa suntsitzeko politika hau. Horregatik, Euskal Herria Sozialistatik uste dugu beharrezkoa dela Ikasle Sindikatua – Sindicato de Estudiantesen deialdia babestea. Erakunde honek dioen bezala “Hezkuntza ministerioari eta PPren gobernuari bidali behar diogun mezua da hezkuntza kontraerreforma erretiratu ezean, eskola publikoari lapurtutako 5.000 milioi euro itzuli ezean eta Wert dimisioa aurkeztera behartu ezean, hezkuntza komunitatea osatzen dugunok ez dugu zalantzarik izango gure protesta gogortzeko lehen eskola egunetik”.

Murrizketa planak eta eskola publikoaren eraisketa atzera botatzeko bide bakarra borroka da. Urte hauetako protesta masiboa eta bizitzen ari garen altxamendu soziala da eskuinaren erasoekin amaitzeko modu bakarra. Esan nahi digute ez dagoela kapitalismoaren alternatibarik, baina ez gaude baieztapen honekin ados. Noski, bada alternatibarik. Zer zentzu du langabezia masiboak eta pobreziak, teknologiaren garapen maila gizateriaren historian izan duen mailarik gorenena badu? Arazoa hauxe da: gutxiengo bat da gizartearen baliabide finantzario eta ekonomikoen jabe eta helburu bakarrerako erabiltzen du, hau da, irabaziak lortzeko eta aberastasuna eta boterea pilatzeko. Bideragarri dira guztiontzat hezkuntza, osasun eta lan duinak; baina honetarako baldintza da aberastasuna sortzeko diren baliabide handiak langileen eskuetan eta gehiengoaren zerbitzura egotea.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.