Beharrezkoa da Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantes-ek LOMCEren aurka azaroaren 20rako deitutako Ikasle Greba Orokorra babestea!

 

PPk onartu nahi duen LOMCEk estatu mailan hamarkadetan izan den mobilizazio handiena eragin du ikasleen, hezkuntza komunitatearen eta orokorrean gizartearen aldetik. Lege horrek zuzenean erasotzen ditu nazio zapalduetako hizkuntzak (euskara, katalana eta galegoa) eta frankismo garaiko eskolara itzuli nahi du, hezkuntza balio atzerakoietan adoktrinatzeko elizaren pulpitu zen egoerara, langileen seme-alabei goi mailako hezkuntzarako eskubidea ukatua zitzaien garaira.

Aukera egon den tokietan LOMCEren aurkako protesta kalera atera da, joan den urriaren 12ko Bilboko manifestaziotik, Ikasle Sindikatuak deituriko urriaren 22, 23 eta 24eko ikasle grebara arte. Azken deialdi honek Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen manifestazio masiboak bildu zituen. Mobilizazio arrakastatsu hauen ondoren azaroaren 20ko ikasle greba orokorra etorri da.

Hezkuntza sare publikoa edo pribatua?

Eusko Jaurlaritza legea ez dela hemen aplikatuko esanez ari da. Orain dela gutxi ELA sindikatuak ohartarazi zuen bezala “Eusko Jaurlaritzako eta EAJko zuzendaritzako bozeramaileek sinestarazi nahi dute lege organikoa eragin gabe utziko dutela eta EAEn hori aplikatzea saihestuko dutela Hezkuntza Lege baten bidez, kurrikulum bat eginez edo dekretu bidez eta beldur da (ELA sindikatua) Eusko Jaurlaritzaren deklarazioak eta iniziatibak, LOMCEri aurre egiten zaion itxura eman nahi arren, errealitatean ez ote diren ezkutatzen ari halako tamainako erasoen aurrean duten instrumentu eta bide eraginkorren falta”. Modu honetan Eusko Jaurlaritzari ohartarazten zioten konfrontazio demokratikoaren alde egiten bazuen ELAren babesa edukiko zuela, baina hezkuntza komunitateari eta euskal gizarteari gezurra esaten saiatzen baziren, aurrez aurre edukiko dituela. Errealitateak behin eta berriz erakutsi duen bezala, euskal patronalaren interesak ordezkatzen dituen EAJri fronte komun bat eskatzea LOMCEren aurka borrokatzeko akats larria da ordea.

Hezkuntza publikoari eginiko murrizketa etengabeek irakasleen kaleratzeak geroz eta gehiago izatea edota irakasleen bajak ez betetzea, material falta, EHUko tasen etengabeko igoera eta unibertsitate beken murrizketa eragiten dute besteak beste. Kristina Uriarte EAJko hezkuntza kontseilaria EAEn eredu alemaniarra imitatzen duen puntako Lanbide Hezkuntza bat dagoela esanez ari da. Tradizionalki EAJri hezkuntza sistema bere enpresen industria eskakizunetara egokitzea interesatu zaio eta enpresarien irizpidea ezarri ditu hezkuntza irizpideen gainetik ikasleak esku lan merke eta esaneko gisa heziz, tokiaren arabera eskaintza ezberdin batekin gainera. Hau boom ekonomiko garaian hezkuntzaren ikur bezala saldu zuten, baina orain Hego Euskal Herriko industria erritmo izugarrian suntsitzen ari denean, Alemanian bezala, gazteak soldata barregarriekin eta lan eskubiderik gabe erabiltzen dira, hezkuntza publikoko aurrekontuak murrizten diren bitartean eta negozio bihurtzen dute langabezian geratu diren langileek kualifikazio bila jo beharra duten hezkuntza.

Horrela, beraz, EAJ eta hezkuntzan bere kide tradizionala izan den Eusko Alkartasuna, hezkuntza beste inon baino gehiago pribatizatzeagatik nabarmendu dira. Modu honetan, esate baterako Inaxio Oliverik, 1978tik Ikastolen Federazioko lehendakaria zenak (garai hartan EAJn), hezkuntza sailburua ere izan zenak 1991an (ordurako EAn) eta egun Mondragon Unibertsitate pribatuko erretore denak, beti eskatu izan du unibertsitatea bere emaitzen arabera finantzatu behar dela eta ez bere titularitatearen arabera. Politika berdina jarraitu zuten Anjeles Iztuetak eta Tontxu Camposek, EAko hurrengo hezkuntza sailburuek, sare publikoa okertzen zen bitartean diru publikoarekin ikastetxe eta unibertsitate pribatuetako patronalak geroz eta gehiago finantzatuz.

Pisu handiena duen patronalak, Kristau Eskolak, 150 ikastetxe baino gehiago hartzen ditu, eta LOMCEren aurka hezkuntza sistema propio bat eskatzen zuen Manifestua sinatu ondoren, bere langileei estu mailako hitzarmena aplikatu zien, 600 euro inguruko soldata murrizketak eta lan baldintzen okertzea ekarri dituena. Horrek sektoreko langileak grebara joatea ekarri du, kalean manifestazioetan "errezo gutxiago, negoziazio gehiago!" oihukatuz. Bertako presidentea den Mikel Ormazabalek, Eusko Jaurlaritzari urteko 12 milioi euro estrako finantzazioa edo bere langileen soldaten murrizketa eskatu dizkio. Horrela defendatzen dute beren "hezkuntza sistema propioa"! Azken batean hau beren "negozio propioa da", beren "hezkuntza enpresa propioetan", non adierazpen askatasunik ezin den aurkitu.

Beharrezkoa da ezkerreko fronte bat osatzea murrizketekin eta UPN, EAJ eta PPren kontraerreformekin amaitzeko

Ikasleen borrokek Jose Ignacio Wert gobernuko eta, ziurrenik, historiako okerren baloraturiko ministro bilakatu dute. Gainera "tokia eskatu du Europarako zerrendan, hezkuntzatik ateratzeko". Eramuseko beken murrizketa aurkeztu zuen egun berean atzera bota behar izana eta LOMCEren aplikazioa atzeratu behar izana, hain zuzen ere aurreko ikasturteko eta aurtengo mobilizazioei esker lortu dira.  PPren gobernua gobernu erabat ahula eta isolatua da, eta ez du Wert kentzen badakielako bere amaieraren hasiera izan daitekeela eta ministroak bata bestearen atzetik erortzen hasiko liratekeela. Behin pitzadura eginik beste guztia erortzearen arriskua dago. Gauza bera gertatzen da Urkulluren gobernuarekin. Gobernu ahula da, PSEn oinarritu beharra du eta borroka bateratua Euskal Herrira zabaltzea eragotzi nahi duen harresiarena egiten saiatzen da. Horregatik jartzen du hitzez baina ez ekintzez ezbaian murrizketen politika arlo sozialean eta konkretuki hezkuntza arloan. Gogora dezagun, Urkulluren gobernuak hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak eginez hasi zuela legegintzaldia, farmazietako birrordainketa ere ez zuela aplikatuko esan zuela, etab., baina hor dago.

Hezkuntza komunitate guztiaren (guraso, irakasle eta ikasle) borroka bateratu eta eraginkor batek eta, are gehiago, sindikatuen Greba Orokor Bateratu baten deiak, borroka egutegi serio batekin, PPren, EAJren eta UPNren gobernuak behera botatzeko eskatuz eta horiekin batera lan erreforma, pentsioen erreforma, osasungintzaren pribatizazio planak, LOMCE eta murrizketa guztiak ezerezteko aldarrikapenarekin, babes eta indar ikaragarria hartuko luke. Mobilizazioetan oihukatzen den bezala: "JO TA KE, IRABAZI ARTE!" "LOR DAITEKE".

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.