Gaur goizean Donostian 3+2 dekretuaren aurka mobilizatu garenak milaka izan gara. Ikasle Abertzaleakek eta Euskal Herria Sozialistak antolatutako mobilizazioaren amaieran irakurri den komunikatua duzue hemen.

Berdez Euskal Herria Sozialistako hizlariek esandakoa.

Beltzez Ikasle Abertzaleak-eko hizlariek esandakoa.

------------------

PPren gobernuak dekretu bidez onartu berri du 3+2a. Eraso honen helburua graduak 3 urtera murriztea da, titulu hau erabat debaluatuz eta ikasleak master bat (urte 1etik 2ra igaroko dena) egitera behartuz ikasketa unibertsitarioak osatzeko. Baina urte bateko masterra egiteak duen 4.000 edo 7.000 euroko gaur egungo prezioekin, gutxiengo pribilegiatu batek bakarrik izango du ordaintzeko aukera. Bi urteko masterren ordainketari egin beharko genioke aurre, graduaren aurreko hiru urteetakoaz gain. Unibertsitate titulua 20.000 eurotara iritsi liteke. Gainera, dekretu honek ikasle berriei eta dagoeneko unibertsitatean matrikulatuta dauden guztiei eragingo die.

Espainiar Gobernuak orain inposatu nahi digun EU2015 erreforma ez da inprobisazio bat, ez da zerbait isolatua; Europako eliteek 2020.urterako programatutako helburuak betetzeko bigarren pausua da Bologna planaren ondoren. Erreforma honek hezkuntzaren merkantilizazioa, pribatizazioa eta elitizazioa ekarriko ditu. Sistema kapitalistaren logika hezkuntzan txertatuko dute, unibertsitateko sarrera mugatuko dute, ikerkuntza irakaskuntzaren gainetik egonen da, eta ikasleok prekarietatera kondenatuak aurkituko ditugu geure buruak.

Guzti honen aurrean ezin gara isilik geratu, noski; gaur ozen oihukatu dugu Ibaetako ikasleok EU2015 eta 3+2aren kontra gaudela eta ez ditugula onartuko.

Euskal Herria Sozialistakoon ustez, PPren gobernuak ez badu berehala atzera egiten, beharrezkoa da mobilizazio berriak eta indartsuagoak antolatzea. Jokatzen ari garena asko da. Ez gara geratuko eraso guztiak atzera bota arte. Hezkuntza publiko eta euskalduna defendatu eta eraiki behar dugu Euskal Herri osoan.

Ikasle Abertzaleon ustez, ezin gara erantzun planora mugatu; beste hezkuntza eredu bat, herritik eta herriarentzat izanen dena, posible dela ikusarazi behar dugu. Horretarako, erreformei planto eta eraikuntzara salto egin behar dugu. Martxoan izanen duzue Ikasle Abertzaleon berri.

3+2 EZ!!

EU2015 EZ!!!